2021/03/20

SUNT HOMINES, HABEMUS MATXISMUN!

 

Gizonak bere identitate maskulinoari balioa emateko, hiru gauza sinetsarazi beharko dizkie besteei: ez dela emakumea, ez dela haurra eta ez dela homosexuala”                                                                                                                                                                                                                                                          Elisabeth Badinter

 

    Maskulinitate hegemonikoaren ideia esaldi batean laburbildu beharko banu hauxe izango zen aukeratuko nukeena. Sistema patriarkala era sinple batean ulertzeko eta gizon izateak ematen dizun botereaz jabetzeko baliogarria. Maskulinitate eredu nagusia zalantzan jarri eta gizon izatea mila modutan ulertzea beharrezko lanketa bat ikusten dut gure aldetik, emakumeei historikoki zor diegun gutxienekoa. 


 

    Tamalez, nahiz eta maskulinitate eredu berrien inguruan gehiago entzun eta erreferente berriak sortu arren, feminismoak egin duen lanketa eta teorizazio lanaren aldean oso astiro goaz. Eta horrek mugimendu feministak egiten diren eskariei aurre egiteko prestatu gabe egotea dakar. Bereziki garrantzitsua ikusten dut gizon heterosexual zurien interpelazioa, ez baitute behar bat bezala ikusten. Horrek argi erakusten du zenbat kostatzen zaigun gure boterea eta pribilegioei uko egitea, askotan biktima papera hartzeraino. Argi eta garbi hori ez da bidea. (Feminismoa eta gizonen egitekoa , ARGIA)

 

    Hala ere, askotan indarkeriaz hitz egiten denean gizon heterosexual batek emakumeengan sortzen duenaz bakarrik hitz egiten da eta garrantzitsua iruditzen zait beste errealitate batzuk ere mahai gainean jartzea: gizon homosexualen artean ematen den indarkeria adibidez. Gizon identitatea izateak ekartzen baitu indarkeriaren erabileraren asimilazioa eta legitimizazioa. Gabriel J. Martin psikologoak gizon homosexualen harremanen inguruko hainbat bideo ditu.



    Ez dira gutxi eremu hezitzailean maskulinitate berriak lantzeko beharra justifikatzeko argudioak. Hauek dira niretzat garrantzi handiena dutenak:


- Indarkeria matxistak unibertsala eta orokortua izaten jarraitzen du.

- Bizi dugun sistema patriarkalak, edozein gizon, EDOZEIN, bihurtzen du erasotzaile potentzial.

- Oraindik ere indarkeria matxistak lantzean emakumeengan jartzen da fokoa: emakumeei kontuz ibil daitezen esaten jarraitzen dugu gizonei indarkeriaren erabilera ez egiten erakutsi beharrean.

- Agerikoak dira maskulinitate berriak lantzeko banakako zein kolektiboan dauden erresistentziak: oraindik indarrean dagoen sistema patriarkal, matxista eta homofoboaren isla.

- Heterosexuala ez izateak ez zaitu indarkeriaren erabilera egitetik kanpo uzten. Gizon orok landu behar du maskulinitatea.

- Feminismoak aurrera egiten jarraitzen duen bitartean gu atzean geratzen ari gara. Elkarbizitzen jarraitu behar dugunez, gizonezkooi pilak jartzea besterik ez zaigu geratzen.


    #Igorete-ren POST-a aipatu nahiko nuke amaitzeko. Bertan erabili duen izenburuak sortu dizkidan barne deserosotasunak oraindik ere argi uzten duelako egin beharreko lanketa.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina