“Hezkidetza,
genero-sistema suntsitzen” izenburua du aste honetan ikastaroan jorratu dugun
gaiko irakurgai nagusiak eta, ezbairik gabe, sexu-genero sistema suntsitu beharreko
zerbait dela berresteko balio izan didate astean zehar irakurritako testuek eta
eginiko jarduerek.
Hasteko, sexu eta genero kontzeptuen arteko ezberdintasuna ikusi genuen: ar-gizon/eme-emakume eta maskulino/femenino. Banaketa bitar hori multzo estankotan egiten da (multzo batean
gizonak-maskulinoa, bestean emakumeak-femeninoa, bakoitzari gaitasun, rol eta
egiteko zehatzak aurreikusten zaizkielarik), dikotomikoa da (gizona zara
eta dagokizunarekin identifikatzen zara edo emakumea zara eta era berean
identifikatzen zara femeninotzat hartutakoarekin, eta heterosexualitatea da
pertsona guztiei suposatzen zaien sexu-orientazioa) eta sailkapen hierarkizatua da (gizona eta maskulinotzat
hartutakoa bestearen gainetik).
Hala, inposatu zaigun sexu-genero
sistemak zapalkuntza du oinarrian eta guztiontzat mugatzailea izateaz gain, pertsona askoren izatea bera ezkutatu eta ukatzen
du. Izan ere, errealitateak gordetzen duen aniztasuna irudikatzeko, bi
multzoren ordez abaniko zabal bat beharko litzateke.
Iturria: Maskulinitateak.
Gizonak eta Berdintasuna: erronkak eta erresistentziak ikastaroa
Errealitatea ez da bat eta bakarra, askotarikoa eta higikorra da, eta ez
da kabitzen kategoria higiezin eta itxietan: genero-identitate, genero-adierazpen, sexu biologiko
eta sexu-orientazioari dagokionez, ia infinituraino luza daiteke errealitatean
ematen den aukeren konbinaketa.
Iturria: itspronouncedmetrosexual webgunea
Aurrekoaz gain, hona asteko irakurgaietatik ateratako hainbat ideia laburbilduta:
· Generoa ulertu eta kontzeptua erabiltzeko modu asko egon dira (Joan W Scott historialariak artikulu honetan azaltzen duenez)
· Sistema bitarra eta sexuaren beraren izaera biologikoa zalantzan jarri dute hainbat teorialari kritikok (Judith Butlerrek Genero nahasmendua liburuan eta Monique Wittigek Pentsamendu heterozuzena obran, kasurako)
· Mundua guk sortzen dugu eta guk eraldatu dezakegu, eraikitakoa deseraiki egin daiteke. Genero-ikuspegia behar-beharrezkoa da egunerokotasunari beste begirada batez aurre egiteko eta “normaltasun” ustezkoa desnaturalizatzeko.
Aurreko edizioetako ikaskideek gaiaren inguruan idatzitako hainbat ekarpen irakurri ostean, Argiñe Alacano Loitiren hau aukeratuko nuke. Ipinitako hiperesteken eta txertatutako bideoen bitartez informazio zabala, mota eta iturri ezberdinetakoa emateaz gain (artikuluak, wikipedia, txosten eta gidak), izugarri gustatu zait darabilen irudi hau, genero estereotipoen dantza irudikatzen duena:
Iturria:
ArgiñeAL-k 2018ko urriaren 29an talde-bloge honetan
argitaratutako “Zer da normala?” posta
Gaia berez
zabala da eta ikuspegi ezberdinetatik landu liteke, ume eta gazteekin gai hau
lantzeko orohar komikiak/nobela grafikoak edota ikus-entzunezkoak erabiliko
nituzke, eta iruditzen zait horietako asko helduekin lan egiteko erabilgarriak
ere badirela. Oso gustuko dudan material bat dibuixant el gènere da
(hori du katalanezko izenburua, “generoa marraztuz” esan nahi du, oraingoz
gaztelaniaz eta ingelesez ere dago eskuragarri webgunean). Gerard Coll-Planas eta Maria Vidalek sortua, komiki eta bideo formatuetan eskuragarri dagoen materiala da. Bertan, irakaslea
dirudien extralurtar batek beste batzuei azaltzen die, lurra planetari begira,
giza espeziearen sexu-genero sistema bitxia: sexua, generoa, sexu-identitate
eta -orientazioa, biologizismoa, estereotipoak, ezberdintasunak eta
ezberdinkeria, sexismoa, homofobia, intersekzionalitatea... Kontzeptuak modu ulergarrian azaltzeaz gain, aipu eta adibide ugari tartekatzen ditu denbora-tarte laburrean.
Beste aukera
bat, argitaratu diren gida didaktiko ugarietako bat erabiltzea litzateke, horietako
bat da STEILASen Genero
eta aniztasun sexualerako gida, ondoko podcastean azaltzen dutena:
Amaitzeko, nire ustez hau guztia eremu hezitzaileetan (formalean, ez formalean, etxean…) lantzeko oztopo nagusia bitartasuna oso errotua dagoela da, eta ez dela horrekiko ikuspegi kritikorik sumatzen gehiengoaren artean: edo ez gara kontziente bitartasun horrek pertsona guztiengan eragiten dituen mugetaz eta pertsona jakin batzuengan eragiten duen bortizkeriaz, edo guztiz eroso sentitzen gara sexu-genero sistemak egokitu digun tokian eta rolean (cis eta ar jaioak, batez ere) eta are, “genero ideologia”delakoarekin bazterrak nahastu nahian dabiltzanak ere badira.
Eragin beharra
dagoen fronte asko ikusten ditut zabalik, aldatu beharreko gauza asko
(norberarengadik hasita, politikaraino). Oraingoz zalantzak ditut buruan erantzun
posibleak baino gehiago. Espero dut, ikastaroak aurrera egin ahala, zalantza
horiek uxatzen eta egoerari buelta emateko behar diren estrategiak eta bideak
irudikatzen joango garela.
Amaitzeko, nire ustez hau guztia eremu hezitzaileetan (formalean, ez formalean, etxean…) lantzeko oztopo nagusia bitartasuna oso errotua dagoela da, eta ez dela horrekiko ikuspegi kritikorik sumatzen gehiengoaren artean: edo ez gara kontziente bitartasun horrek pertsona guztiengan eragiten dituen mugetaz eta pertsona jakin batzuengan eragiten duen bortizkeriaz, edo guztiz eroso sentitzen gara sexu-genero sistemak egokitu digun tokian eta rolean (cis eta ar jaioak, batez ere) eta are, “genero ideologia”delakoarekin bazterrak nahastu nahian dabiltzanak ere badira.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina