2019/10/27

sexu performatiboa


Esparru guztietan sexismoa dago: etxean, familian, eskolan, egunkarietan, militantzian, bikote harremanetan. Are gehiago, hainbat jarrera normaltzat hartzen dira, baita  kasu zehatz batzuetan idealizatu ere.
Askotan aldarrikatu da betaurreko moreak jantzi behar ditugula gure inguruan gertatzen diren jardun sexistak kontura ditzagun. Eta horretarako oso beharrezkoa da irakurketa kritikoa egiteko gaitasuna.  Gaitasun horri elikatzeko uste dut oso egokiak direla kurtso honetako atal bakoitzaren sarrera teorikoak. Aste honetako auzian, sexu-genero sisteman, oso erakargarria iruditu zait Judith Butler-en sexu performatiboaren  ideia. Egile horren ustez,  sexu-orientazioa, sexu-identitatea eta genero-adierazpena eraikuntza/ekoizpen sozial, historiko eta kultural baten emaitza dira, eta, beraz, ez dago giza izaeran funtsezko edo biologikoki inskribatutako rol sexualik edo genero-rolik. Bestela esanda, gizakiari dagokionez, natura bakarra kultura da. Edo, zehatzago esanda, naturala den guztia eraikuntza kulturalaren naturalizazioa da. Horrela, generoa eta sexua jarduketak dira, diskurtso autoritarioaren modalitateak diren ekintza performatiboak.







Sexu-generoen naturalizazio prozesuan sakontzeko eta, agian ikastetxeko nerabeekin lantzeko Uxue Alberdi Estibaritz-en hausnarketak proposatuko ditut.
Egile horrek teoria feminista oinarri hartuta, hamabost bertsolari emakumezkoen bizipenak hogeita bi mekanismotan sailkatu ditu, eta diskriminazioaren argazki bat osatu du. Berak[1] dioen moduan: “Emakume bertsolariok gizonezkoek antolatu eta egitaratu duten jardun batera iritsi ginen, euren posturekin, euren gaiekin, euren txapelketa sistemarekin, euren ariketekin eta egiteko moduekin euren girora. Gu antolaketa modu horretara egokitu gara. Hortaz, badirudi, bertsolari onak ezin duela emakume egokia izan, eta emakume egokiak ezin duela bertsolari ona izan”.
Uxuek bertsolarien sexu-generoen estereotipoak azaldu ditu: “Bertsolariak adierazi behar du ziurtasuna, izan behar du lotsagabea, izan behar du umoretsua, izan behar du gai guztiei buruz dakiena, etab. Noren umorea? Ze ziurtasun klase? Ze jakintza mota?...



Azken finean, hitz horietan sumatzen diren erresistentziak dira sexu-genero estereotipoak lantzeko oztoporik esanguratsuenak, esan nahi dut, begirada feministak denok ukitzen gaituela eta guztiok daukagula birkolokatzeko beharra.



[1] Administrazioa euskaraz (2019) Uxue Alberdi Estibaritz. Bertsolaria eta idazlea.

1 iruzkin:

  1. Asko gustatu zait Judith Butlerren bideoa. Nire ustez, hain ondo deskribatzen ditu patrairkatuaren kamuflazio-mekanismoak, bere burua mimetizatzeko eta arauaren "irteera" guztiak erasotzeko eta kontrolatzeko, aurrez ezarritako dikotomiaren irteera guztiak … Nola den generoa benetan performatiboa, ez garen estatikoki gizonak eta emakumeak. Kontzeptu horrek aldagai pila bat dakartza, ez ditugunak aukeratzen, inposatu egiten dizkigutenak, eta ez gara jabetzen botere instituzionalak kontrolatzaile gisa aritzen direla, guraso poliziak, ezarritako arauetatik inor atera ez dadin zaintzeko. ...

    ErantzunEzabatu