Aste honetan, sexu-genero sistemari buruz aritu gara, inposatutako bizitzeko
bi modu. Gure eguneroko bizitzan nonahi aurki dezakegun sistema da eta
sozializazio prozesuarekin erlazio zuzena du. Hori horrela, eskola agente
sozializatzaile inportantea izanik, aste honetako irakurgaiek, aurretik jakin
arren, baieztatu didate sistema hori deseraikitzeko hezitzaileok dugun paper
garrantzitsua.
Hezkuntzan oraindik sexu-diskriminazioa mantentzen da eta ezinbestekoa da
irakasleok horren kontziente izatea. Neska eta mutilen inguruan ditugun
sinesmenak, beraien gaitasun, jarrera eta jokabideei dagokionez, aurretik ditugun
espektatiben ondorioz, betearazten direlako. Askotan neskei arduratsuak izatea
eskatzen diegu (etxeko lanak egitea, ikaskideei laguntzea…) eta gehiegikeriak
ez diegu inolaz ere onartzen. Horrek, haiengan eragin zuzena duelarik.
Askotan entzun izan dut neskak arduratsuagoak direla, baina aste honetako
lanaren ostean, neskak arduratsuagoak egiten ditugula esan beharko genukeela
uste dut. Horrez gain, normalean mutilengan arreta gehiago jartzen dugula konturatu
naiz (ni neu behintzat bai), gainera, hauek neskek baino gehiago demandatzen
dute arreta hori. Ohartu naiz, nire tutoretzan mutilek neskek baino gehiago
hitz egiten dutela hitz egiteko txanda gehiago erabiliz. Beraz, hemendik
aurrera, jarrera aldatu beharra dut.
Hori horrela, emakume eta gizonen arteko harremanak nola ulertzen eta
interpretatzen ditugun ezagutzea eta analizatzea funtsezkoa da, gure ikasleak
nondik hezitzen ditugun eta hauekiko zein jarrera ditugun jakiteko, mezu
berbala bezain garrantzitsua baita dugun jarrera.
Aurreko edizioetako postak begiratuz, Patxi Iriondoren posta nabarmendu nahiko nuke, ikasleekin bertsolaritza erabiltzearen ideia oso
interesgarria iruditu baitzait eta berak dion moduan, bertsolaritza gauzak
aldarrikatzeko modu berri bat bihurtu delako. Gainera, Maialen Lujanbio eta
Nerea Ibarzabalen bi bertso zoragarri horiek gaia lantzeko oso aproposak ditugu.
Bigarren Hezkuntzako ikasleekin gai hau lantzeko, hedabideetan estereotipo sexistak landuko
nituzke, publizitate, film eta telesail ezberdinak aztertuz.
Adibidez, X Men, Los juegos del Hambre, Harry Potter, Tres metros sobre el
cielo, 50 sombras de Grey… pelikulak; Gossip Girl, Sexo en Nueva York, La que ese avecina… telesailak; edota horrelako iragarkiak aztertuz.
Eta horien inguruan hurrengo hausnarketa eginez:
- Zer emakume-eredu uste duzu transmititzen dutela hedabideek (ezaugarri fisikoak, nortasuna, funtzioak eta abar)?
- Zer gizon-eredu uste duzu transmititzen dutela hedabideek (ezaugarri fisikoak, nortasuna, funtzioak eta abar)?
- Uste duzu eredu eskuragarriak direla? Halako pertsonak ikusten dituzu zure inguruan (familia, lagunak, eskola)? Adibide errealistak dira? Pertsonen aniztasuna adierazten dute?
Sexu-genero sistemaren gaia konplexua da eta ondorioz, gai hau eremu hezitzailean lantzeko bidean hurrengo oztopoekin
aurki gaitezke:
- Gaiaren inguruko ezjakintasuna eta kontzientzia eza.
- Pigmalion efektua, neska eta mutilen inguruan ditugun sinesmenak, beraien ahalmen, jarrera eta jokabideei dagokionez betearazten ditugulako.
- Eskolan landu arren, gizartea eta batez ere sistema eraldatu beharra, honek dakarren zailtasunarekin.
Hala ere, oztopoak oztopo, denok
elkarrekin sistema dikotomiko hori deseraiki dezakegu.
Amaitzeko, neska eta mutilen sozializazio prozesu desberdinei buruzko
adibideak ematen dituen abesti batekin uzten dizuet.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina