2020/01/19

Ikasleekin batera eragiteko estrategia




Eragin itzela izango luke sistematikoki curriculuma eta baliabide didaktiko hezkidetzaileak erabiltzeak gure ikasgeletan. Mundua ulertzeko eta irudikatzeko beste ikuspegi bat eskainiko litzateke eta, ondorioz, guztion posizioa birkokatu mundua eraldatzeko, balio berdinzaleagoetan oinarrituta.

Uste dut, gainera, ikasleekin eragin izugarria ere izango lukeela, daukaguna hezkidetzaile bihurtzeko prozesuan eurak parte-hartzera gonbidatzen baditugu. Irizpideak landu (agian hutsetik sortu, dakitenetik…), dauden gidekin kontrastatu, hutsuneak antzeman eta eraldaketarako alternatibak ikasleek proposatu. Estrategia benetako egoera-arazo bati aurre egitea da, kontestualizatua, eraginkorra eta transferigarria beste hainbeste testuinguruetara estrapolatzeko modukoa. Eta gainera, zabaltzeko/komunikatzeko xedearekin: sareetan edo presentzialean. Oinarrizko konpetentzia guztiak, zeharkakoak eta disziplinarrak, garatzeko bideetako bat.

Ikasle guztiek izan eta egin nahi dutena askatasunez egin dezatela, ez presio sozial edo ezezagutzagtik. Hori dagokigu lortzen joatea.

Hitz-hodei honetan doaz behatu beharreko irizpideak eta pertsonai femenino eta maskulinoen arteko presentzia-protagonismo-espazio-aisi-ogibide-senidetasun-ezaugarri adierazleak.





Eta aurreko edizioetako ikastarokideengandik Agurtzane Goitia Lopez-en CURRICULUMA ETA BALIABIDE DIDAKTIKOEN INGURUAN HAUSNARTZEN aukeratu dut,  baliabide xinplea bezain erabilgarria iruditu zaidan BECHDEL TESTA jasotzen baitu:

Eta baita proposamenak ere diagnosia egin ondoren, erabakiak hartzeko:


1.- Dagoena ikuspegi kritikoz aurkeztuz mantendu.

2.- Dagoena modatu/Osatu

3.- Hezkidetzailea den batekin ordezkatu

4.- Falta dena sortu.

“Egia da sormen eta euskaratze lanak nahiko denbora eta dedikazioa eskatzen duela, baina poliki poliki bakoitzak zerbait eginez sekulako bilduma osatzea lortuko genuke.”   2016an idatzi zuen post hau eta hiru urte hauetan zein bilakaera izan duen bilduma honek aitortzekoa dela esango nuke.

Amaitzeko, National Geographic-ek Washington-en jarri duen argazki erakusketa bat aprobetxatu nahi dut baliabidetzat erabil baitezakezu edozein testuinguru hezkidetzailean:  WOMEN: A CENTURY OF CHANGE.

Mundu osoko emakumeen rol berdefinitua azken 100 urteotan: egin dugun bidea gauzatzeko borroka eta erresilientzia ereduak  eta geratzen zaizkigun erronken aurrean, egin dugunaz gogoratu eta ahal dugulaz jabetzeko.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina