2019/12/16

HezkIdeTZEN LIHOA IRUTEN




Hizkera inklusiboa diot, hain zuzen ere, Euskararen erabilera inklusiboa gida hautatu dudalako (June Fernandez Casete. UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza eta Pikara Magazine. 2019) eta bertan hala esaten da: “sexismoaz gain hizkeran islatzen diren beste diskriminazio ardatzak ere hartu nahi ditugulako aintzat: heterosexismoaz, etnozentrismoaz, arrazakeriaz eta kapazitismoaz arituko gara, eta genero binarismoa apurtzeko bideak ere aztertuko ditugu”.

Gida honetatik abiatuta, eremu hezitzailean landu beharreko bi alderdi nabarmenduko nituzke:
Batetik, aipatzen den GIZONKERA BATUA, Sexismoa eta androzentrismoa ekiditeko emergentziazko beharra. Gidak horretarako hainbat neurri eta aholku eskaintzen ditu, edota beste gida batzuetan emandakoak aipatu. Hala nola, genero kutsadura sahiestea, maskulinoa orokortzaile gisa ez erabiltzea, aipamen asimetrikoak ekiditea...
Eta bestetik, GENERO POLIZIA izateari uko egitea. Inkontzienteki bada ere, egunerokoan behatzen gabiltza, pertsonek txikitatik genero rolak beteko dituztela bermatzeko. Honen kontzientzia hartu beharko dugu, lehen pausu bezala, eta ondoren, beharrezkoak diren mekanismo eta neurriak martxan jarri GENERO BINARISMOA GAINDITZEKO. Noski, euskarak, dirudienez, ez du genero markarik, baina adibidez, familia loturetan eskema binarioa oso nabarmena da (aita, ama beharrean, guraso erabiliz eta abar).
Aurreko ediziotako honako posta hautatu dut, “Zer esan, hura izan” leloa duena. Hemen Amelia Barquinek Emakunderentzat egindako gida hautatu eta autorearen bideoa txertatu dute. Gainera, oso sinbolikoa iruditu zait erabili duten irudia, STEILASen gidatik ateratakoa. Gizonezkoek hartzen duten espazioa adierazten du, eta hau hizkuntzara ere ekar dezakegu. 
Bestalde, ikastetxean lantzeko erronken artean aipatzen du, erabiltzen ditugun hitzak eta esamoldeak aztertzea eta ohiturak aldatzea. Horiei honakoak erantsiko nizkieke, besteak beste:
  • Lehenik eta behin, hizkuntzari duen garrantzia ematea. Izan ere, iruditzen zait askotan garrantzia kentzen diogula, tontakeria izango bailitzan, eta axolagabekeriaz jokatzen dugu. Neurriz gainekoa dela entzun behar izaten dut nik behintzat nire inguruan… Maria Luisa Calerok dioen moduan, “hizkutza ez da inozoa [...] gure jokabidea modu zehatz batera orientatzera eraman gaitzake”. Horri egiten dio erreferentzia ere Amelia Barquinek bideo benetan argigarri honetan “hiztunak esaten du, beno, baina ni ez naiz homofoboa, nik ez dut pentsatzen homosexualengan hau esaten dudanean… baina galdera da, baina erabilera hauek eraginik daukate kolektibo horren estigmatizazioan?” 
  • Kontziente izatea egunerokoan darabilgun hizkera eta hizkuntzaz (ez dela neutroa), begirada feminista batez
  • Inbertsio erregelaren erabilera egitea
  • Ikasleek komunikazioan duten parte-hartzean erreparatzea
  • Irakasleok geure hizkeraz hausnartu eta hizkera ez-sexista eta inklusiboa erabiltzeko aholkuak baliatu eta jarraitzea
  • Diskurtsoan pertsona guztiak ikusarazi eta protagonista bihurtzea. 
  • Irudiei beharrezko arreta eskaintzea
  • Elementu linguistikoei garrantzia bai, baina baita paralinguisitikoei ere: ahotsaren bolumena, hizketa-denbora, distantzia/kontaktu fisikoa, keinuak...

 



 





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina