Heziketaren prozesuan zehar
generoa lantzea ezinbestekoa da. Horregatik, genero-kontzientzia erraietaraino
barneratu behar. Lehen urratsa, generoa eta sexuaren arteko bereizketa ongi
ulertzea. Nahastu eta elkarrekin korapilatu diren kontzeptuak izan dira-eta. Sexua
jaiotzetik datorkigun bereizgarria da, genetiko-biologikoa. Mutil zein nesken sexu
organuen funtzioak eta ahalmenak desberdinak dira. Sexu ezaugarrien garapenaren
prozesua ere desberdina. Hainbat autorek generoa hitza, ingeleseko gender hitzatik datorrela adierazten
dute, non sexua eta generoa esanahai bakarrean bateratzen dituen. Hortik bata
eta bestea nahastu eta korapilatzearen arrazoietako bat. Hezitzaileok bata zein
bestea argi ulertu eta bereizi behar. Generoak norberaren identitatearen
eraikuntzan eragile ugari ditu; kulturala den bereizgarria denez, kulturaren
araberako genero ezaugarriak aurkitzen ditugu.
Bestalde, kultura guztietan
generizazio-prozesua jaio aurretik gertatzen da. Eta batik bat haurtzaroan
bereganatzen diren bereizgarriek osatzen dute. Jaio aurretik izena bera
generoaren arabera aukeratzen da, sailkapen dikotomikoa era inkoszientean
bultzatuz. Hautatzen diren arropak, estimulu motak, helduok haurrarekiko dugun jarrera, eta aurreikuspenak desberdinak
dira genero batekoak izan ala bestekoak. 2 urtetik aurrera, generoa era
binarioan erakusten zaie, non beraien sexu ezaugarri-fisikoen araberako
sailkapena egiten ikasiko duten, eta inplizitoki bi gorputz posible daudela barneratuko duten. Haur
bakoitzak bere burua multzo batean ala bestean kokatuko du eta dagokionaren
ereduei erreparatuko. Bere sozializazio-prozesuaren unean, bi genero-identitate
daudela ikasia izango du. Genero identitate horri dagozkion rolak,
estereotipoak eta eskainiak zaizkion ereduak imitatuko ditu. Rol horietara
egokitzen ez diren haurrak gutxietsiak ohi dira gure eskoletan. Baita haur transgeneroak
ikusezinak izango diren errealitatea sortu, gorputz mota desberdinak arazo
bihurtzen ditugu. Epaituak. Baztertuak. Haur bakoitzak eskolak, familiak eta
jendarteak eskainitako eredu dikotomikoa erabat barneratua izanik, eraikiko
ditu bere hartu-emanak. Genero jarrerak barneratuz, estereotipatuak diren
begiradez epaituz, identitate faltsuak eraikiz, gorpuzkera eta jarrera
imitatuak eta ez errotuak errepikatuz. Nerabezaroan, beraien sexualitatea eta
generoaren eraikuntzan mugak sentituko dituzte. Harresiak. Jendartearen begietan
epaituak. Askeak izateko zailtasunak. Norberak bere buruaren ezagutza askean,
hain erroturik dituzten genero-ohiturak, genero-bereizketak, estereotipoak,
rolak, hizkuntza eta joerak eta inertziak identifikatzea zaila egingo zaie. Eta
beraien nahiak, desirak, eta inposatuak izan zaizkienen artean desberdintzea
arazo.
Maria Jesus Izquierda,
soziologaren iritziz, genero eta sexuaren arteko bereizketa zaila suertatzen da,
azken batean, gorputza ere kulturalki eraikitzen da; gorputza ezaugarri
genetiko-biologikoen eta bizitzen
dugunaren batura baita. (zer jaten dugun,
egiten ditugun jarduerak, jasotzen ditugun estimuluen sekuentziak, etab.).
Eta hauek kulturaren arabera desberdinak direnez, gure gorputzaren eraikuntzan
generoa ere badago.
Ezaugarri genetiko berdinak
izanda ere, gorputzen artean aniztasuna handia dagoela azpimarratu nahi dut. Genero
identitatea; norbera zer sentitzen den. Barruak aitortzen diona. Oraindik ere lan handia dugu eskoletan. Hezkuntza sistema
jendartearen zubia da, ispilua. Gure ezkutuko curriculumean, gure jarrerak,
gure inertziak daude. Eta horiek inplizitoki eredugarriak gure ikasleentzat. Desikastearen
kontzeptua ez dugu ahaztu behar. Hain zailak egiten zaizkigun erabat erroturik
ditugun begirada dikotomikoak eraldatzen hasi behar gara. Haur hezkuntza,
eskola-komunitatearen lehen sozializaziorako unea da. Gizarteratzeko eskaintzen
zaizkien lehen ereduak eta baloreak erroturik geldituko dira umeen hartu-emanen
baliabideetan. Horregatik, jendartea anitza eskaintzea gure lana. Familia mota
desberdinak daudela ikustaraziz, gustuak, gogoak, indarrak, ahuleziak, … haur
guztien ezaugarri bereizgarriak direla sentiaraziz. Kritikoak izaten erakustea
oso garrantzitsua deritzot. Erabat dikotomizatua dagoen gizartean eta kulturan
bizi behar badira, horren aurrean epaileak izaten, hausnarkorrak, kritikoak izaten
erakustea gure ardura da. Jasoko dutenaren aurrean posizio bat, argumentuz
jositako jarrera bat sentitu dezatela.
Hauek gure erronkak;
·
Ezkutuko curriculumari barne behaketa egitea
·
Eskolako curriculuma berraztertzea
·
Prestatzen ditugun ESPAZIOAK aztertu eta
berrantolatu behar ditugu.
·
Gure jarreren inguruan HAUSNARTU behar dugu.
(ikasle, guraso eta irakasleen arteko harremanak behatu, aztertu, jarrera
sexistak identifikatu, eta aldatzen saiatu)
o
Gure gorputz jarrera
o
Gure hizkuntza eta diskurtsu motak
o
Gure janzkera
·
Eskaintzen ditugun EREDUAK BERRANTOLATU behar
ditugu
·
ANIZTASUNA ulertu behar dugu
·
Sexu identitate anitzak daudela ulertu behar
dugu;
·
Familia eredu desberdinak eskaini behar ditugu;
·
Harremanak eta ERRESPETUA landu behar dira.
·
Diskriminazioak auzitan jarri, salatu
·
Jarrera baztertzaileak plazaratu, landu.
Hona hemen hainbat baliabide:
Lanbideak eta generoa,
Arrosa eta leuna, ipuina bideoan egokitua (Adela Turín-Nella Bosnia)
Haur hezkuntzan hain ohikoak ditugun ipuin klasikoek duten
sexismoa nola landu erakusten digun gida baliabide oso aberatsa dugu, (Urtxintxa eskola)
Eskoletako liburutegietarako ezinbestekoak…
Eta zu zer zara neska ala mutila dokumentala.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina