2015/10/25

HEZKIDETZARI BURUZ HAUSNARTZEN


  Laburpena eta balorazio pertsonala.

Sarrerako bideoa oso laburra eta mamitsua iruditu zaigu. Orain arte irakurri eta entzun ditugun definizioetatik, M. Jose Urruzolarena argiena iruditzen zaigu.

Hezkuntza sisteman aurretik egiteko dagoen prozesu hezkidetzailean planteatzen dituzuen bost estrategiekin ados gaude, ezinbestekoak iruditzen zaizkigu, eta agian, bosgarrena, umorea, da aste honetan faltan izan duguna. Ez da erreza behaketa, besteen ekarpen, esku hartze hezkidetzaile eta iritzi artikuluetan umore klabeak aurkitzea.



Gainera, ikastaroa on line izatearen desabantaila “txiki-handia” da ez dagoela emozioen neurgailurik, hitzen eta irudien sensorerik ez dagoelako.

 Gure kasuan, aste honetan, nahiko arrapaladan ibiltzeaz gain, emozionalki aizkorakada bat izan dugu, gure laguna eta lankidea Lola Goirizelaia Ruiz de Azua hil delako. Beraz, imagina dezakezue zelan gauden, lur jota.


Behaketa bat burutu dugu modu gidatuan, baina beste hainbat “mikro behaketa express” egoten dira etengabe hizkuntzaren erabilpenean, adibidez.
Agian, behaketarako baldintza zehatzak emateak erraztuko zukeen lana.


II· Definizioa eta arrazoiak.

“Hezkidetza”  umeak eta gazteak, etxean zein eskolan hezteko filosofia bat dela esan dezakegu. Parekidetasuna, Elkartasuna eta Askatasuna printzipioetan oinarritzen den hezkuntza, pertsonaren garapen integrala helburua duena eta pertsonaren autonomiarako konpetentzia garatzen laguntzen duena.

Gure inguru hurbilean hezkidetza lantzeko bost arrazoi garrantzitsu honako hauek izan daitezke:

1. Bidezkoa delako. Justizian eta ekidistantzian oinarritutako irizpideak onartuagoak eta defendagarriagoak direlako. Sexismoa egitura injustoa delako. Bidezkoagoa den  jendartean hobeto sentituko gara pertsona guztiak. Eta horrela, zoriontsuago bizi diren pertsonez osatutako jendarte zoriontsuagoa lortuko genuke.

2. Aniztasuna normaltzat hartzeko. Normala dena “ezberdina” izatea dela onartzeko.

3. Pertsonen arteko harremanak askatasunean eta begirunean eraikitzeko.

4. Aurrekoaren ondorioz, bortizkeria eta indarkeria desagertarazteko egin beharreko bidea delako.

5. Gure ikasleen garapen prozesuan berdintasun aukerak eskaintzen dituen bidea jorratzeko.




III.   Heziberri 2020ko proiektuko DBH eta Batxilerrerako dekretuen zirriborroan agertzen den ondoko paragrafo hau aukeratu dugu:

Euskadin bizi diren ikasleek beren burua prestatu eta oinarrizko konpetentziez jabetu behar dute, gero eta globalizatuagoa eta interdependenteagoa den mundu honetan bizitzeko. Bistakoa da oinarrizko premia komun horiei emandako erantzun kulturalak askotarikoak izan direla eta oraindik ere hala direla. Gizakien premiak antzekoak direla jabetu behar dugu, denok parekoak garela ohartzeko. Kultura bakoitzak premia horiei emandako erantzunak ere ezagutu behar dira, etnozentrismoa saihestu eta bestelako kulturen ekarpenak balioetsi edo onetsi, kultura-artekotasunaren eta kultura inklusioaren bidez errespetua eta elkarrizketa sustatu asmoz kulturen artean. Aitortu beharrekoak dira aniztasun afektibo-sexuala eta kulturala, bai eta genero- eta kultura nortasun malguak eta askotarikoak ere, eta zalantzan jarri behar dira kultura-, genero eta sexu-nortasunagatik desberdintasuna sustatzen duten ereduak.


Paragrafoaren amaierari erreparatzen badiogu, “...eta zalantzan jarri behar dira kultura-, genero eta sexu-nortasunagatik desberdintasuna sustatzen duten ereduak” ondorio bi atera ditzakegu:
bat, zalantzan jarri behar dira, orain arte zalantzan jarri ez direlako, bi, soilik zalantzan jartzea nahiko litzateke lege zirriborro hau bultzatzen ari direnentzat.

Eta orain bai, umore apur bat  behar dugu, negarrez ez hasteko. Zorionez, gizartea legeak baino azkarragoa da, eta errealitatean hezkuntza komunitatean lan hezkidetzailea egiten ari garen aldetik eskatzen dena da curriculum diseinuan bereizkeriak ez emateko jarrerak ardatz bihurtzea, eta ildo horretatik aurreratzea.
 
IV· Aurrerapenak eta sinesmen faltsuak

Hezkidetza dela eta gure inguruan ikusten ditugun aurrerapenak:

. Neskak autonomoagoak ikusten ditugu. Askatasun maila handiagoa dute eta hori ezinbestekoa iruditzen zaigu espazioak eta potere eremuak lortu ahal izateko.

. Beraien eguneroko bizitzan estereotipoz inguratuta bizi diren pertsonek (ikasleak, irakasleak, bestelako langileak …) hezkidetza-lanari esker hausnarketa egiten hasi izana, tantaz tanta.

. Ikastetxe barruko jardunaldian emakumeen arteko hezkidetza sareak zabaltzea.


Hezkidetza dela eta desegin behar diren sinesmen faltsuak:

. Neskeek berdintasun aukerak izateko berenganatu behar duten eredua maskulinoa delako sinismen faltsua desegin behar dugu.

. Maitasun eredua desmitifikatu behar dugu, zu (neska) maitatzea ez da nahikoa zoriontsua izateko, askatasunean oinarritzen den maitasuna eraiki behar da.

. Gazteen eta ez hain gazteen aurreiritzi faltsua: “gaur egun berdintasun aukera berdinak badituztela emakumezkoek eta gizonezkoek”.  

Amelia Barquini entzun genion anekdota datorkigu burura, … arraintxo gazteen harridura: … “ura ondo dagoela? Zer ura?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina