2022/12/17

Hemen gaude eta







Tradizioan eta beldurrean hezitakoak izan gara eta agian horregatik betikoak eta ordenak ziurtasuna eman izan digu; berriarekiko, desberdinarekiko susmoen gatibu izan gara. Ezarritako arauen presioak erakutsi digu betiko horretara makurtzea bertan gozo daudenen amarrua izan dela.


Aurreko emakume askok hasitako bideek plaza, antzoki eta udaletxe zuten helmuga eta inspirazio izan dira ondorengo emakumeentzat. Espazioaren jabetze horrek asaldura eta egonezina eragin zuen hainbatengan eta halaxe gabiltza, pausu bat aurrera eta, deskuidatuz gero, bi atzera egiten. 

Horregatik, ezinbestekoa dugu aginte organoetan ordezkaritza orekatua izatea. 2022ko irailean NBE-k (Nazio Batuen Erakundeak) argitaratu zuen Hechos y cifras: Liderazgo y participación política de las mujeres lanaren arabera itzela da genero arrakala goi mailako erabaki guneetan. Beste 130 urte gehiago beharko ditugu, gutxienez, genero arrakala hori gainditzeko. 

Bitartean, kulturak eta arteak kontzientzia esna dezakete. 2001 eta 2006 urteen artean Itziar Ocariz artistaren Mear en espacios públicos y privados lanak hautsak harrotu zituen.  Obrarekin genero konbentzioak eta maskulinitatearen errepresentazioa zalantzan jarri nahi zituen; imaginario feminista eta queer-a sortu espazio publikoaren eta pribatuaren erabilera, baimenduta dagoena eta ez dagoena birpentzatuta.


Gero eta ugariagoak dira besteontzat erreferente emakumeak arte adierazpideetan, izan zinema, literatura, musika nahiz bertsogintzan. Hiru emakume izango ditugu igande honetan, abenduaren 18an, Iruñeako Nafarroa Arenan egingo den Txapelketa Nagusian. 

Asko dugu egiteko etxe, kale eta eskoletan. Ederki pasatzen dugu egiten ditugun kultura ekintza eta aldarrikapenetan, indarra eta babesa eskaintzen digu taldeak. Asmatuko ahal dugu poz eta dibertimendu hori plazara ateratzeko erreparoa dutenengana zabaltzen! 

Ederra da bestalde, adin desberdineko jendartea elkarrekin jardutea. Mutrikun 1. batxilerreko  ikasleek 20-21 ikasturtean, Amaia Zubeldia irakaslea lagun, kale izendegia aztertu eta aldaketa proposamena aurkeztu zuten udaletxeko plenoan.

Eskola egitura zurrunak badu zer aldatu, norberak bere geletan egiten duenaren hausnarketatik hasi - denboraren banaketak beste idatzi baterako emango luke-  eta guztion artean espazio komunetan eman diren dinamikak aztertu eta hankaz gora jarri. 

Gure eskolan badira 4 urte patioaren eraldaketari ekin geniola. Eraldaketa fisikoa ez da nahikoa, hain errotuta diren jarrerak aldatzen lagundu behar da nahitaez. Gainera, indar handia eta baliabideak jarri behar dira lortutakoa ez galtzeko. Egiten eta egiten ez denaren jarraipena ezinbestekoa da, gaiari duen garrantzia emango dion zuzendaritza taldeak eta Hezkidetza arduradunak lideratuta. 

Pandemia garaian espazioen berrantolaketa baliatu genuen bereizita ziren komunak aldatzeko; pentsatu genuen baino errazago onartu zuten guztiek. 

Haur eskoletako espazioez dihardu Aitor Axpek Berriako azken orrian “Espazioak sena gararazten du” artikuluan.





Amaia N-k 2021ean idatzitako Diseinu berriak aldaketarako post-a gustatu zait, erreferentziaz betea dagoelako eta eskuhartze zehatzak aipatzen dituelako.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina