2017/04/28

AZKAR ARTE!

Azken irakurgaian oso ondo azaldu duzue, ezta? 22 asteetan gauza asko gertatzen da, baina  "hasiera baino ez dira halako biziprozesuaren hausnarketa abian jartzen denean". 

Ikastaro honek asko eskaini didala zalantzarik ez dut. Berdintasun gaietan murgilduta nengoen aspaldi, teknikari bezala, baina hezkidetzaren gaineko ikuspegi sakonagoa botatzen nuen faltan eta zentzu honetan erabat asetu nau. Maila honetan ziklo bat itxi banu bezala sentitu izan dut. Berdintasunean, arlo pribatua, arlo publikoa eta hezkuntza. 

Dena den, badut arantza txiki bat, ez baitut behar bezala disfrutatu, batik bat denbora arazogatik. Maila pertsonalean garai gogor xamarra izan da, gauza asko gertatu direlako (batzuk onak, besteak ez hainbeste); proiektu profesional berri bat abian jartzea, beste bi seme-alabei gehitu zaien jaioberria, gertuko ahaide baten gaixotasun eta heriotza, etxean sute garrantzitsua, eta eguneroko bizitza!!! Horrek ez dit utzi ikastaroa behar bezala disfrutatzen, ezta hausnartzen, ezta nire ikaskideek emandako guztiaz (asko izan baita) disfrutatzen, ezta batzuetan lanak ondo borobiltzen. Ezta ere sare sozialek eskaintzen duten guztiari zukua ateratzen. Baina horrek ez dauka bueltarik eta zorionez, denbora aterako dut ikusi eta ikasitako guztia aztertzeko eta berrikusteko. Hala ere,  ikastaroaren arduradunak beti egon zarete hor, baliabideak eskaintzen, eta hori ere eskertzekoa izan da. 

Berdintasun masterra bertara joanda egin nuen horietakoa naiz, hau da, aurrez-aurre. Eta baditu horrek abantaila batzu, orain, sare sozialak egon arren, faltan bota ditudanak. Ikaskide eta irakasleak ikusi, ikaskideak entzun, haien egunerokoaz mintzatu, aurpegia jarri... 

Abesti hau uzten dizuet, Ken Zazpiren Bihotz. Izan nintzen umea hortxe dagoelako eta Hezkidetza eta aste hauetan bizi izandakoak aitzaki bikaina izan direlako harekin berriro konektatzeko. Eta orain, zuek ere, bertan zaudetelako. Milesker kuadrila!



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina