2021/01/16

ESPAZIOAK EZ DIRA NEUTROAK

Aste honetan, genero-berdintasunak espazio fisiko eta birtualetan eta denboraren antolaketan duen garrantziari buruzko hausnarketa egin dugu. Beste behin ere, egiaztatu da espazio fisikoak nahiz birtualak eta denboraren erabilera diskriminatzaileak direla eta sinbologiaz beteta daudela, rolen banaketa eta sexu-estereotipoak babesten eta bultzatzen dituztela eta emakumeak ikusezin bihurtzen dituztela. Bestalde, agerikoa da eredu horiek eskolan erreproduzitzen direla espazio guztietan (patioan, komunetan…) eta denboraren antolaketan (irakasleek mutilei eta neskei ematen dieten arreta, sexuaren arabera parte hartzeko denbora, etab.).

Alde horretatik, “Unknown” egindako ekarpena gomendatu nahi dut “eskolak ez dira mundutik apartekoak” aukeratutako titulua bat dator nik esandakoarekin.

Espazio fisikoei buruzko hausnarketaren barruan, komunen gaiak genero-ikuspegitik eman dit atentzioa, agian bitxia eta ezezaguna egin zaidalako. Horren inguruko informazioa aztertzean, jakin dut zein garrantzitsua eta polemikoa den gai hau, eta horrek are gehiago piztu du nire jakin-mina.


Komunei dagokienez, eztabaidagarriak diren hainbat gai daude: bainugelen banaketa dikotomikoa sexuaren arabera, sexismoa gizonentzako edo emakumeentzako komunak adierazten dituzten sinboloetan, bainugeletako segurtasuna, komun mistoak, komuna inklusiboak, etab. Hala ere, zutik edo eserita pixa egitea da nabarmendu nahi dudan gaia. Txikitatik irakatsi digute pixa egiten sexu-dikotomiari jarraituz: mutilek zutik eta neskek eserita. Hori ez da arrazoi naturalengatik gertatzen, baizik eta, beste behin ere, estereotipo sexualak islatzen dituen eraikuntza soziala eta kulturala da. 


2014an Herbehereetako Leiden Unibertsitateko Mediku Zentroak egindako ikerketa batek prostata-arazoak dituzten gizonei komunean esertzen laguntzen diela erakutsi zuen.

 


Europako iparraldeko toki batzuetan, Alemanian edo Eskandinavian, adibidez, gure gizartean baino hedatuago dago gizonek eserita txiza egiteko ohitura. Erabilera hori leku publikoetan zabaltzeko kanpaina batzuk ere jarri dituzte abian. 

Gai polemiko honen barruan, badira pixa nola egin erabaki ahal izatea aldarrikatzen duten emakumeak. Gaur egun, emakumeei zutik pixa egiteko aukera ematen dieten tresnak daude.

Amelia Barquinen "El váter de la escuela. una reflexión sobre género, arquitectura y educación" artikuluan oso azterketa osoa eta interesgarria egiten da eskolako komunen diseinuari eta erabilerari buruz.

Ikastetxeetako komunen inguruko oinarrizko bi gai deskribatzen ditu: 

  1. Ikastetxeetan, irakasleek zutik pixa egiten irakasten diete mutikoei, eta eserita neskei.
  2. Komunak modu dikotomikoan, mutilentzako eta neskentzako komunetan banatuta daude.

Komunak eta pixa egiteko modua genero-eraikuntzarako tresnak dira, eta ikastetxeak eredu dikotomikoa islatzen ari dira, eta Ameliak aldatzeko erresistentzien zergatia aztertzen du.

Horri dagokionez, honako hau dio bere artikuluan: "…erabiltzen ditugun komunak gure gizartean hedatu baino lehen, pixa egiteko moduak ez ziren gaur egungoak. Gaur egungo ohiturak eraikuntza sozialak dira, espazio eta tresna batzuen diseinu zehatzetara egokituak. Ez dira beti horrela izan, eta aurrerantzean ez dute zertan izan". 

Ikastetxeetan kontuan hartu beharreko beste gai bat da ikasleei sufrimendurik eragiten ez dieten eta inklusiboak diren komunak izatea. Horrek, besteak beste, mugimen-desgaitasuna duten edo esleitu zaien sexuarekin identifikatzen ez diren ikasleei eragiten die.

Ikastetxe hezitzailearen erronka da eskolako espazio fisikoek eragiten dituzten desberdinkeriez jabetzea eta horiek saihesteko baliabideak jartzea.

Eskoletako komunei dagokienez, Amelia Barquinek Gasteizko ikastetxe batean kontuan hartu diren irizpideak proposatu ditu:

  1. Haur Hezkuntzako etapan irakasleek haurrei pixa eserita egiten irakastea.
  2. Inork ez dezala bere burua emakume edo gizon gisa definitu behar komuna erabiltzerakoan.
  3. Pixa zutik egiten duten mutilentzat gailu bat egotea, eserleku-komunetan zutik ez jartzeko eta zikindu ez ditzaten.
  4. Ikasle erabiltzaileak komunaz baliatu ahal izatea pribatutasunean, ez espazio partekatu batean.Espazioa segurua izatea. Jakina denez, komunetan gertatzen dira eraso gehien ikastetxeetan: genero-indarkeria, indarkeria homofoboa… Espazioaren diseinuak ere lagundu behar du gertakari horiek gerta ez daitezen.

Arantxa Iturberen ipuina "Nik eserita egiten dut. Eta zer?” gomendatu nahi dut ikastetxeetan gai hori lantzeko.


Bukatzeko, umore pixka bat....😆


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina