2015/11/22

JAIAK ETA OSPAKIZUNAK BETAURREKO MOREEKIN IKUSIRIK

Antropologia feministak oso argi du jaiak eta ospakizunak ez direla gizartean ematen diren  eszenifikazio soilak, kultur-adierazpen sendoak baizik. Horixe islatzen da ikastetxeetan ospatzen diren jai eta ospakizunetan, aldarrikapenerako egunak (Martxoak 8, Azaroak 25, Maiatzak 17 LGTBQfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna eta Abenduak 1 HIESaren aurkako Borrokaren Nazioarteko Eguna) beste aldera utzita.
Jai eta ospakizun horiek dira gizartean ere sarritan ospatzen direnak; Abenduak 3 Euskararen Nazioarteko Eguna, Otsailak 4 Ageda Deuna Bezpera Eguna eta  oporrak baino lehen ospatzen direnak; Gabonak eta ihauteriak.
Guztietan sexu-genero sistema eta sexu-harremanetan dauden estereotipoak eta  androzentrismoa  errepikatzen dira.
Hau guztia dela eta, argi dago, eta neuk ere horrela deritzot, hezkidetza ikuspuntua txertatu behar dela edozein jai eta egun bereziren inguruan egiten ditugun adierazpenetan.
Horretarako, jarrera kritikoaz jardun behar da, kontu handiz prestatu behar da eszenifikazioa eta proposamen alternatiboak sortu behar dira. Kontuan hartu behar dira hainbat gako aztertzerakoan: musika eta dantza motak, nor den abeslaria, abestiaren esanahia, kirol mota, norentzat, parte hartzaileak, garaipenetan ospatzeko keinuak eta abestiak eta umore mota eta ze balore transmititzen duen. Beraz, jaiak eta ospakizunak eta genero ikuspegia kontzeptuek lotuta joan behar dute edozein jai edo ospakizunetan emakumeen eta gizonen arteko ezberdinkeriak kontuan hartu behar baitira.

Jai eta ospakizun dezente aztertu ditugu eta guztietan  genero estereotipoak indartzen direla argi eta garbi ikusi dugu. Adibidez, San Valentin egunean Arantza Iruretak post batean dioen bezala, maitasun erromantikoaren mitoak errepikatzen dira; Aitaren egunean  familia bat amak eta aitak osatzen dutela eta aita dela familiaren burua eta familia babesten duena.
Beste kasu batzuetan, esate baterako, Donostiako Danborradan eta Irungo Alardean telebistako saio batean Xabier Kerexeta historialariak eta Inma Landa Irungo Alarde publikoko jeneralak esaten duten bezala, aurrerapausoak eman dira baina emakumeak rol jakin batzuetara ere bideratu dira.
Jaietan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2009ko "Gipuzkoak lurralde historikoko jaiei buruzko azterketa, generoaren ikuspegitik” txostenean esaten denez, hainbat oztopo daude emakumeak festan sartzeko (ideologikoak, sozializazioari, heziketari eta emozio arloari lotutakoak, egiturazkoak) eta festen antolaketan parte hartzeko  (eginkizunen kontziliazioa, antolaketaren hierarkizazioa). 
Azterketa horrek gure inguruan begirada hezitzailearekin zer ospatu  erabakitzeko balio izan digu. Nik Lanbide Heziketako institutuan  Maiatzaren Lehena eta Martxoaren 8a egunak ospatzeko aukeratu ditut; guztiok, emakumeek eta gizonek, borrokatu zutela gaur egun ditugun lan baldintzak edukitzeko baita bi egun hauetan langileen eskubideak aldarrikatzen direla jakin dezaten. Gainera, biak lantzeak emakume langileen egoera diskriminatzailea (langabezi tasa altuagoa, soldata baxuagoak lan berdinen truke, maila altuko lanpostuetan presentzia eskasa)  ikusarazteko aukera emango luke. 

Amaitzeko, jaietan eta ospakizunetan begirada hezkidetzailetik oztopoak gainditzeko ikastetxeek aurrean badituzte hainbat erronka:
  •   Ikastetxean genero ikuspegia txertatzea jaiak eta ospakizunak aukeratzerakoan eta ospatzerakoan. Ikastetxe bakoitzak erabaki beharko du zer ospatu eta nola egokitu bere testuingurura. Horretarako, eragile guztiak sentsibilizatu eta prestatu behar dira eta jai eta ospakizunetan hainbat gauza berritu behar dira.
  •  Ospatzen ez diren eta gizartean oihartzun handia daukaten jai eta ospakizunekin hausnarketa eragin behar da sexu-genero sistema deseraikitzeko eta emakumeen partaidetza sustatzeko bai jaien antolaketan bai jaietako ospakizunetan beretan.

JAIAK ETA OSPAKIZUNAK. Ereduak zalantzan jartzen!


Jaiak eta ospakizunak; arraroa irudi arren, esan behar dut gai honetan nahiko galdurik egon naizela. Egia esan tradizioak, kulturak, ospakizunak ez ditut inoiz ikusi eta askoz gutxiago aztertu genero ikuspegiaren enfokearekin. Baina gaia sakontzen egon naizenean argi ikusi dut nire enfokea zabaldu egin behar nuela. Tradizioak  nire inguruan beti "mantendu eta transmititu"behar den gaia izan da eta inoiz ez dut zalantzan edo eztabaidan jarri. Hemendik aurrera gauzak aldatzen joango dira.

Egia esan,  azken urteotan Genero ikuspegia eta jaiak ospakizunak nahiko lotura izaten ari dira. Guztiok ikusi egin ditugu herriko jaietan egon diren kanpainak (edalontzietako mezuak, konzentrazioak, musika, kartelak, esku-orriak,...). Horrek ez du esan nahi orain eremu horietan eraso sexistak/sexualak ematen direla gehiago, arazo larriena da normaltasunez bizi ditugula. Hori dela eta ikusarazteko kanpainak azken bolada honetan ezinbestekoak bihurtu dira gure inguruan.

Horrez gain, jaiak eta ospakizunekin batera "kultura-tradizioa" dago, gizarte balore eta ideien adierazpena, hain zuzen. Kulturaren ikuspegia ondo aztertu beharko genuke. Lehen komentatu dudan bezala askok defendatzen dute tradizioa dagoen moduan, eta modernizazioa/egokitzapena egin nahi denean, horren aurka egiten dute. Badirudi, "betidanik" egindakoa izan denez, aldaketak ezin direla onartu, pentsatzen baitute aldaketekin "tradizioa" galtzen dela. Baina zer gertatzen da tradizioaren atzean sexismoa/desberdintasunak/homofobia/arrazakeria dagoenean? Ez dugu ezer esango/aldatuko/aldarrikatuko?

Ba argi dago zerbait egin behar dela, behintzat tradizioa ezin badugu aldatu, kritikatzeko aukera izan beharko genuke eta gizartearen kontzientziak eta begiak zabaldu. Hauxe da, eskolan aurkituko dugun erronka handi bat.

Horretarako hezkuntza eremuetan EGUN MOREAK ospatzeaz gain, bestelako Egun Berezietan genero ikuspegia txertatzeko beharra ikusten dut. Egun guzti horietan aukera izango dugu kutur tradizioak, mitoak eta ohiturak berrikusteko aukera. Hori da benetan jarri behar den enfokea:



Adibideak:

EUSKARA EGUNA. Hizkuntzaren inguruko erabilera sexista aztertu
AGATE DEUNA. Protituzioaren, Birjintasuna/sexu-harremanen gaien inguruan hausnarketa egin
GABONAK. Jostailu ez sexisten kanpainak egin. Olentzero eta Maridomingi pertsonaiak aztertu (Zer nolako ereduak transmititzen dituzten eta eredu berriak proposatuz).
INAUTERIAK. Mozorroak AUKERA bezala erabili eredu berriak transmititzeko. Mozorro sexistarik ez erabili (neskak eredu bat eta mutilek beste bat, adibidez)
OSPATZEKO MODUAK. Aztertu ze motatako KANTAK-MUSIKA erabiltzen ditugun eta aukeratu genero ikuspegia txertaturik dituztenak, Koreografiak/mugimenduak/keinuak sexistak edo mutil-nesken bereizketak egiten dituztenak ez erabili, Txiste/bertso errepertoriak berriztu-berregin, ...

JAI ETA OSPAKIZUNETAN EGINBEHAR UGARI




Ikastetxeetan ospatzen ohi ditugun egun berezietan, jai-egunetan… hezkidetzaren begirada jartzeko beharra dugu. 


Aitortu behar dut gai honetan irakurritako informazioan, inoiz aztertu ez ditudan ikuspuntu batzuetaz jabetu naizela. Egia da nire betaurreko moreak “de serie” jantzita ekartzen nituela, baina ikastaroa aurrera doan neurrian, konturatzen ari naiz, nire betaurrekoak ez direla kalitate onekoak eta, zuek guztion laguntzaz, beste batzuk janzten ari naizela. Mila esker beraz!



Jai eta ospakizunei buruz, argi dago gizartearen islada direla eta egunerokotasunean topa ditzakegun estereotipo guztiak ikastetxean ere erraz ikus ditzakegula. Hori bai, guztiz beharrekoa da so egitea, eta nire ustetan, hauxe da ikastetxe askotan falta dena: hausnarketarako uneak ezartzea, egiten duguna behatzea eta horretaz gogoeta sakona egitea; zeren eta gune hezitzaileak izanik, barneratutako tradizioak edo beste ospakizun batzuk zabaltzearekin gure ardura baitugu. 

Egun horietan gogoratzen edo goraipatzen diren gertaerak edota pertsonaiak ikasleekin aztertu beharko genituen; azken finean, bizi diren kulturaren zati bat dira eta askotan, goraipagarriak ez diren gauzak ospatzen ari gara: Agate Deuna egunekoa adibidez,ematen duen emakumearen eredua, jasan zituen eraso fisikoak eta prostituitu araztea, martirioa... Olentzeroren kasuan aldiz, gizon eredu heterosexuala, langilea eta azken urteotan, emakume batekin ondoan, Mari Domingi, laguntzailea.



Maistra moduan, gehien ospatu ditudanak hauexek izan dira: Agate Deuna, Ihauteriak, Martxoaren 8a, Liburuaren eguna, Azaroaren 25a, Euskararen eguna, Olentzero eta URTEBETETZEAK, (letra larriz), hauetan ere genero estereotipoak nabariak direlako. Haur Hezkuntzakoa izanik, ikasleentzako koroa, neska ala mutil batentzat izango denaren arabera, pegatina ezberdinekin apaintzea ikusi dut. Baita gurasoek ekartzen dituzten poltsak neska eta mutilentzat ezberdinak izatea. Gauza hauetaz hitz egin behar da, eta hezitzaileak bagara, klaustro moduan erabakiak hartu eta guraso bileretan azaldu. Sarritan guk baloratzen dugun baino askoz hobeto onartzen dituzte gure ikuspuntuak (azaltzen badizkiegu noski!).



Egon naizen ikastetxeetan inoiz ez dira jai egin maiatzaren 17a eta abenduaren lehena. Interesgarri deritzot sexu-generoaren inguruan errealitate ugari daudela bistaratzen hastea, baita ikasle horiekiko enpatia sortzen ere. Horretarako, sare sozialetan, internet-en orokorrean, oso bideo eta baliabide interesgarriak egoten dira, eta egun “seinalatu” horietan, beste edozein pelikula ikusi beharrean, aprobetxa daiteke ikasleengan pentsakera kritikoa, ikaskideekiko elkar ulertzea eta asertibitatea pizteko, emozioen adierazpenean hezitzeko. 


“Euskararen eguna”ren inguruan, nire ama izan zen familiarekin etorri zen horietariko bat eta, Mari Luz Estebanek azaltzen duenez, berak ere “hemengo” bihurtzeko ahalegin handiak egin ditu eta lortu egin du. Lagun horiek dakartzaten tradizioak aintzat hartuz, eta eraso egin gabe, haien seme-alabei trasmititzen dizkieten ereduak eta ohiturak ezagutzen saiatu eta landu beharko genituen (baita euskaldunak ere).

Egun honen inguruan ere, euskararen eta matxismoaren arteko harremana lan daiteke. Euskara matxista al da? 


Eta bukatzeko nire zonaldeko ikastetxe batzuetan, azaroak 25aren inguruan antolatu dituzten ekintzak:
Muskiz BHIn Berdintasunerako bufanda burutu dute ikasle, irakasle, guraso eta ikastetxeko beste langileen artean. Udalako balkoitik eskegiko dute eta geroxeago Gaztetxeen utziko dute. 

Jaiak eta ospakizunak, misil eta granadak

Jaiak eta ospakizunak, guda apal eta iraunkor batean botatzen diren granada eta misilak direla esango nuke. Patriarkatuak ikasi du modu sotil batean jokatzen, ikasi du askatasunaren eta demokraziaren izenean gure izatea eta askatasuna kateekin lotzen, irakatsi digu guda honetan bizitzen. Asimilazio lanetan asko trebatu dela esango nuke baina noiz edo noiz indar posizio hori erakutsi behar du eta horra hor misil eta granadak, jaiak eta ospakizunak. Gozamenerako, elkarrekintzarako, harremanetarako, identitate baten eta herri baten eraikuntzarako diren egun hauetan nork agintzen duen argi utzi behar du eta bonbardaketa bat ematen da gozamena eta tradizioaren izenean.

















Jaiez eta ospakizunez hitz egiten dugunean identitate eta sinbologiaz beteriko egunez ari gara, heteropatriarkatuak ezarritako sinbologiaz eta identiteez. Egun hauek gozamenarekin eta gizartean jasaten ditugun zapalkuntza ezkutu horien deskonekzioarekin lotzen ditugu. Horrek jai eta ospakizunen inguruko hausnarketa kritiko eta horien praktika kontzientea galarazten du, izan ere, asimilazio ikaragarria ematen baita eta aldi berean balore eta sinbologia horiek indarrean jartzen dira, bide emanez egunerokotasunean ematen diren zapalkuntzak modu legitimo batean gauzatuz. Adibide ezberdinetan ikusi dugun bezala indarkeria sinbolikoa gailentzen da egun hauetan eta hori da ematen diren eraso fisiko, psikologiko edota sexualaren berme.





Beraz, guda honetan misil eta granadei aurre egiteko arma horiek genero ikuspegi batetatik aztertu eta lantzea ezinbestekoa da, ospakizunen jatorria, ospakizuna beraren arrazoia eta baita horren gauzapen eta adierazpena. Sinbologia eta identitateaz ari bagara ezinbestean, sinbologia ezin da zapalkuntzan oinarritu eta identitatea ezin da botere harremanetan oinarritutako identitatea izan, egun hauek bide eman behar diete identitate anitzei, gozamena ez baita batzuen eskubidea.

Guzti honetan ikastetxeek lan handia eta erronka garrantzitsuak dituzte. Alde batetik, egun dauden jai eta ospakizunen azterketa:

•         Zer da ospatzen ari garena? Zer suposatzen du hori ospatzeak?
•         Zein da ospakizun honek atzean duen sinbologia eta edukia?
•         Norainoko asimilazioa dago?

Bestetik, ospakizun horien isla nola ematen den aztertzea ere ezinbestekoa da, ospakizun hauen gauzapen praktikoaren inguruan hausnartu eta aztertu.

•         Sexu- genero estereotipoen gauzapena ( iruditegia, letrak, jantziak etb.)
•         Espazioen erabilpena eta antolaketa
•         Parte hartzea, ematen diren botere harremanak identifikatuz.
•         Gozatzeko ekinbideen azterketa

Eta, nola ez ,beste erronka garrantzitsua litzateke horri alternatibak bilatzea.

•         Sexu-genero estereotipoetatik at dauden materialak eskeini.
•         Espazioaren berrantolaketa bat eman, horren erabilpen parekidea bermatuz.
•         Parte hartzerako aukerak eskaini, emakumeak parte hartze aktiborako subjektu bilakatuz eta horretarako beharrezko diren espazioak sortuz.
•         Gozamenaren kontzeptuari ikuspegi zabala eman, gozatzeko bide osasuntsuak eskainiz.

Hezkuntza komunitate osoak egitearen garrantzia azpimarratuko nahi dut, identitate eta sinbologia berriak sortzera bagoaz, ezinbestean, gureak sentitu behar ditugu eta horretarako bai azterketan, diseinuan zein horren gauzapenean parte hartzea ezinbestekoa da.

JAIAK ETA OSPAKIZUNAREN HAUSNARKETA





JAIAK ETA OSPAKIZUNAREN HAUSNARKETA


Jaiek eta ospakizunek kulturaren barruan oso balio handia dute, gizartearen parte bat baitira, eta haien bidez gizakiok adizketasuna, errutinaren apurketa, ondo pasatzeko gogoak eta hainbat gauza positiboekin indentifikatzen ditugu. 
Sentimenduarekin,humanitatearekin erabat lotuta dauden ekintzak dira.

Konturatu gabe, jaietan parte hartzean genero ikuspegi bat jasotzen ari gara, sexu-genero sisteman finkatutako emakumeen eta gizoneen esteriotipoena, patriarkatu sistemarena, behin eta berriro. Gizarteren arlo guztiak sexu-genero ereduarekin kutzatuta daude, molde hori erreplikatzen da kultur tradizioetan ere, egia absolutua izango balitz bezala.

Beraz, kultur tradizioren berrirakurketak behar da, ez bakarrik emakumeen irudia aldatzeko, ospakizunean interpretazio eta aukera alternatiboak eta konplexuagoak aurkitu ahal izateko eta gaur egun dugun jendartearen beharrizan eta errealitateei hobeki egokituz lortzeko

Orain arte kultur tradizioan ospatutako jaiak zalantzan jartzea, printzipioz ematen du, jaiaren krontrakoa zerbait dela, kritikatzen delako ospakizunaren antolamendu bera, narbarmentzean finkatutako dauden sexu-genero rolak egokiak ez direnak, gizartean berdintasun bat lortu nahi baldin bada, hau da “kolokan” jartzen da jaia bera.
Gia Andra Mari

Batzuei ospakizunaren birmoldatzea ez zaie batere gustatuko….(hori, hórrela izan da betiko!!!!!)…… seguraski esango dute, beraz arreta handiekin ibili behar da, argitzen, asmoa bakarra ez dela emakumeen irudia aldatzea, baizik eta gizartearen inguruan ere interpretazio eta aukera alternatiboak eta konplexuagoak aurkitu ahal izatea eta gaur egun dugun nortasunaren ideia zabalagoa eta malguagoa egitea, bakoitzaren berezitasunak errespetatzeko





Eskoleetan aprobetxatzen gabonak hurbil daudela, opariaren gaia aztertu ahal da, behaketa baten bidez:….”liburu, filma jolas eta jostailu ez sexistak aukeratzearen ezinbesteko beharra dago gure inguruan bestelako errealitatea, kultura, harremanak eta sinesmen-markoak eraiki nahi bada”



JAIXAK eta OSPAKIZUNAK


Margaret Bullenek dion bezala, "Jaietan gertatzen dena, gizartean gertatzen denaren isla da" eta, beste gauza guztiak bezala gizakiok ikasitakoa, tradizioa, errepikatu besterik ez dugu egiten. 
Nire ustez, tradizioa ez da berean gorde behar dugun zerbait, hau da; ezin da errepikapen hutsera mugatu behar den zerbait izan, bizirik dagoen zerbait, hau da, beti ere birplantetu eta hausnarketa bideak irikiak mantentzeko aldagarri bat baizik. Guk ikasi eta antolatutakoa guk alda bait dezakegu.

Bestalde, gaia laburtze aldera, garbi geratu zaidana hauxe da: gure inguruan burutzen ditugun jai eta ospakizunak ez dira oinarritzen balore hezkidetzaileetan eta, oraindik ere, balore patriarkalekiko onespen oso haundia dagoela.

Gai  honetan, garbi dago asko dagoela hausnartzeko, egiteko eta antolatzeko. Gizartea ezin dugu egun batetik bestera aldatu baina hezkuntzan egiten dugun guztia asko dugu zaintzeko eta babesteko eta hezkidetzak ekarpen oso interesgarriak txertatzeko aukera paregabea ematen digu, jaiak eta ospakizunak ezin bait dira genero-ikuspegirik kontutan hartu gabe antolatu, hala nola, San Andresak, kirol-jaialdiak, Eskola-festa,, Olentzero eguna, inhauteriak, ikasturte bukaerako jaialdia...

Ikastetxeetan lantzeko erronkak:

- Hausnarketarako bideak irekitzea hezkidetza batzordetik jai batzordera eta, honen bitartez, eskola komunitate 
  osora.

- Edozein jai eta ospakizunen antolaketan berdintasuna oinarri hartzea.

- Jaiak eta ospakizunak genero berdintasunaren ikuspegitik programatu eta antolatu eta 
  urteko planean sistematizatzea.

- Erabiltzen diren materiala guztiaren aztertzea (abesti, ipuin, iruditegi, bideo...).

- Tradiziozko jai eta ospakizun alternatiboak proposatzeko ausartak izatea.


JAI ETA OSPAKIZUNEI BURUZ HAUSNARTZEN



Jaia edo festa jendeak giro alaian parte hartzen duen gizarte ospakizun mota bat da. Oso kontzeptu zabala da: kideek edo familia batek elkarrekin egon eta dibertitzeko soilik antolaturiko bilkura bereziak eta parrandak zein erakunde ofizialek antolatu eta herritarrek ikusle gisa bakarrik parte hartzen duten ekitaldiak dira jaiak. Herri elkarteek, ikastegiek eta bestelako gizarte instituzioek ekimen bat sustatzeko, pertsonaia baten omenez eta gertaera edo beste zerbaiten gorazarrez bultzaturiko ekimenak ere, betiere herritarren parte hartzeaz, jaiak dira.
Antropologiatik bereziki aztertzen den gaia da jaia, erritu moduan. Horrela, jaia gizatalde baten ideologia soziala irudikatu eta indartzen duen ekitaldia da. Zehatzago jaia erritual iniziatikoa da iritsi berrientzat, gizabanakoa taldean eta gizartean integratzen laguntzen duena eta, aldi berean, identitate-erritua, taldearen nortasuna indartzen duena.
Kultura baten oinarrizko elementua izanik, pertsona bat jaio eta berehala hasten dira ospatzen jaiak bere inguruan. Euskal Herrian, haurren ikastegietan ere ohikoak dira jaialdiak, non gurasoek ere parte hartu ohi duten...
(wikipediatik)


Hau guztia kontuan hartzen badugu, arreta bereziz zaindu beharko genituzke, gure jai eta ospakizunetan txertatzen ditugun gaiak, mezuak, ideiak... momentu horiek duten eragin eta ondorio emozionala dela eta, pertsonengan “arrasto” izugarria uzten dutelako.
Honegatik beragatik da hain garrantzitsua, jaiak eta ospakizunak, genero ikuspegiz jorratzea, hau da, antolatzen-ospatzen ditugun jai-festa guztietan, “edozein jarduera edo eremutan emakumeen eta gizonen arteko ezberdinkeriak kontuan hartzen dituen enfokea” argi izatea eta justifikaziorik gabeko eta ezbidezkoa den emakume eta gizonen ezberdintasuna legitimatu eta iraunarazi egiten duen estruktura sozial hierarkikoari, patriarkatuari, aurre egiteko erabiltzea.
Adibide bezala, hortxe ditugu, nola gaur egun ikastetxeetan bertan ospatzen diren jaietan, zein ikastetxeen bidez edo hezkuntza mundutik bultzatutako horietan, sistema patriarkalak baimentzen-sustatzen dituen botere-harreman ez-berdintasunezkoak eta emakumeen aurkako indarkeria, nahiz emakume eta gizonen estereotipoak mantendu eta iraunarazten dituzten jaiek: Gabonetako ospakizunetan, Olentzero eta Mari Domingiren figuratik hasi eta gizon-emakumeen janzkeraraino. Ibilaldia, kilometroak, Araba euskaraz edota antzeko jaietan, ematen diren eraso-egoeretaraino.


Hortxe beraz, nahiko erronka gure hezkuntza sistemarentzat, ez bakarrik jai eta ospakizunei dagokienez, orohar, gizonak ardatz nagusitzat hartu eta sexismoa transmititzen duen egungo hezkuntza sistema errotik aldatzea izango baita erronka nagusia.

Honekin lotuta, hemen, Luixa Reizabal. EHUko psikologoa, 'Genero Berdintasunean hezteko gida'-ren egileak, Berrian eztabaidagai hartu duten atalean “Matxismoari aurre egiten hezkidetzatik” izenburupean idatzi duena, erabat interesgarria.