2015/11/22

JAI ETA OSPAKIZUNETAN EGINBEHAR UGARI




Ikastetxeetan ospatzen ohi ditugun egun berezietan, jai-egunetan… hezkidetzaren begirada jartzeko beharra dugu. 


Aitortu behar dut gai honetan irakurritako informazioan, inoiz aztertu ez ditudan ikuspuntu batzuetaz jabetu naizela. Egia da nire betaurreko moreak “de serie” jantzita ekartzen nituela, baina ikastaroa aurrera doan neurrian, konturatzen ari naiz, nire betaurrekoak ez direla kalitate onekoak eta, zuek guztion laguntzaz, beste batzuk janzten ari naizela. Mila esker beraz!



Jai eta ospakizunei buruz, argi dago gizartearen islada direla eta egunerokotasunean topa ditzakegun estereotipo guztiak ikastetxean ere erraz ikus ditzakegula. Hori bai, guztiz beharrekoa da so egitea, eta nire ustetan, hauxe da ikastetxe askotan falta dena: hausnarketarako uneak ezartzea, egiten duguna behatzea eta horretaz gogoeta sakona egitea; zeren eta gune hezitzaileak izanik, barneratutako tradizioak edo beste ospakizun batzuk zabaltzearekin gure ardura baitugu. 

Egun horietan gogoratzen edo goraipatzen diren gertaerak edota pertsonaiak ikasleekin aztertu beharko genituen; azken finean, bizi diren kulturaren zati bat dira eta askotan, goraipagarriak ez diren gauzak ospatzen ari gara: Agate Deuna egunekoa adibidez,ematen duen emakumearen eredua, jasan zituen eraso fisikoak eta prostituitu araztea, martirioa... Olentzeroren kasuan aldiz, gizon eredu heterosexuala, langilea eta azken urteotan, emakume batekin ondoan, Mari Domingi, laguntzailea.



Maistra moduan, gehien ospatu ditudanak hauexek izan dira: Agate Deuna, Ihauteriak, Martxoaren 8a, Liburuaren eguna, Azaroaren 25a, Euskararen eguna, Olentzero eta URTEBETETZEAK, (letra larriz), hauetan ere genero estereotipoak nabariak direlako. Haur Hezkuntzakoa izanik, ikasleentzako koroa, neska ala mutil batentzat izango denaren arabera, pegatina ezberdinekin apaintzea ikusi dut. Baita gurasoek ekartzen dituzten poltsak neska eta mutilentzat ezberdinak izatea. Gauza hauetaz hitz egin behar da, eta hezitzaileak bagara, klaustro moduan erabakiak hartu eta guraso bileretan azaldu. Sarritan guk baloratzen dugun baino askoz hobeto onartzen dituzte gure ikuspuntuak (azaltzen badizkiegu noski!).



Egon naizen ikastetxeetan inoiz ez dira jai egin maiatzaren 17a eta abenduaren lehena. Interesgarri deritzot sexu-generoaren inguruan errealitate ugari daudela bistaratzen hastea, baita ikasle horiekiko enpatia sortzen ere. Horretarako, sare sozialetan, internet-en orokorrean, oso bideo eta baliabide interesgarriak egoten dira, eta egun “seinalatu” horietan, beste edozein pelikula ikusi beharrean, aprobetxa daiteke ikasleengan pentsakera kritikoa, ikaskideekiko elkar ulertzea eta asertibitatea pizteko, emozioen adierazpenean hezitzeko. 


“Euskararen eguna”ren inguruan, nire ama izan zen familiarekin etorri zen horietariko bat eta, Mari Luz Estebanek azaltzen duenez, berak ere “hemengo” bihurtzeko ahalegin handiak egin ditu eta lortu egin du. Lagun horiek dakartzaten tradizioak aintzat hartuz, eta eraso egin gabe, haien seme-alabei trasmititzen dizkieten ereduak eta ohiturak ezagutzen saiatu eta landu beharko genituen (baita euskaldunak ere).

Egun honen inguruan ere, euskararen eta matxismoaren arteko harremana lan daiteke. Euskara matxista al da? 


Eta bukatzeko nire zonaldeko ikastetxe batzuetan, azaroak 25aren inguruan antolatu dituzten ekintzak:
Muskiz BHIn Berdintasunerako bufanda burutu dute ikasle, irakasle, guraso eta ikastetxeko beste langileen artean. Udalako balkoitik eskegiko dute eta geroxeago Gaztetxeen utziko dute. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina