2015/11/23

HEZKIDETZA SUSTATZEKO LEGEDIA


HEZKIDETZA SUSTATZEKO LEGEDIA

Nire Hezkuntza esparrua Bigarren Hezkuntzakoa izanik, nire lan jarduera Berritzegune batean kokatuta dago etapako aholkulari bezala.

Ikusi ditugun lege guzti horiek indar handia izan dute baina momentu honetan eraginkorrena HEZIBERRIrena dela iruditzen zait. Izan ere, berriena eta gure gaur egungo EAEko Hezkuntza Sistemari hezurdura ematen dion legedia da. Egungo erreferentea da Hezkuntzan eta horrek bihurtzen du lege hau ardatz. Jakin badakigu egun ditugun legeek aurretik eratorritako legeetatik edaten dutela eta hauei esker eremu honetan aurrerapausoak ematen ari gara etengabe.

Heziberriko lege marko berri hau ikastetxeetan zabaldua izango da eta irakasleriaren egitekoan egon beharko du nahitaez. Horregatik, hau abiapuntu ezin hobea dela deritzot hezkidetzak beharko lukeen tokia bereganatzeko. Honek bere baitan ekarri duen “Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plan”ak ere berebiziko garrantzia hartu du ikastetxeetan hezkidetza sustatzeko. Beraz, bi marko hauek guztiz osagarriak izanik ekarpen eta onurak ekartzen dizkio hezkidetzari.

Egun dauden legediak inoiz ez dira nahikoak izaten hezkidetzak Hezkuntza sisteman beharko lukeen tokia izateko baina hobe da lege sendo izatea ez edukitzea baino, jakina. Gainera, legea betearaztean dago gakoa ez lege mordo eta ugari egotean. Lege gutxi baina betetzen direnak horiek dira praktikan eraginkorrak bihurtzen direnak . Horretarako, hezkuntzako agente guztiekin kontatu behar dugu: izan ikuskaritza, lege horiek betetzen direla bermatzeko, izan irakasleak, gurasoak …

Ez dakit legedi hori aurrera eramateko asmorik dagoen. Ez dut uste guk hori dakigunik. Izan ere, politikarien kontua da hau eta jakina da hauteskunde bakoitzaren arabera gauzak zein aldakorrak izaten diren. Beraz, datorrena datorrela hezkidetzak duen garrantzia aldarrikatzeko beti izan beharko dugu kontutan.

Legedia betetzeko lorpen maila nahikorik ez dut uste dagoenik. Izan ere, arestian aipatutako plana duela hiru urte atera zen baina horren prezeptibitatea ez da aipatzen inon, ikuskaritzak ere ez dio horri behar bezala heldu eta beti bezala, denok indarrak batzen ez badira berrikuntza batean erortzeko arriskua egon liteke, non batzuk egin dezaketen eta beste batzuk, aldiz, ez.


Hezkuntza Hezkidetzailea epe laburrean indar handirekin ikusten dut. Nire BGan geroz eta ikastetxe eta koordinatzaile gehiago daude hezkidetzako proiektuetan sartuta. Duela hiru urte hezkidetzako proiektuak atera zirenetik hezkidetza ikastetxeetan era sistematiko batean lantzen duten ikastetxeak gehiago dira. Gainera, esan beharra dago mugimendu eraldatzailea bihurtzen ari dela eskoletan. Beldur naiz olatu hau pasatzen denean, honetaz ahaztea eta bazter batean gelditzea. Berez, proiektuen deialdiak bukatu dira eta daudenei gutxi falta zaie hiru urteko muga betetzeko. Horren ondoren, nahiz eta ikastetxeetan emandako urte hauetan gogoeta eta lan sakona egin beste pizgarririk ematen ez bada, zoko batean gelditzeko arriskua dago. Honi administraziotik bere unea eta gunea eskaini behar zaio hezkidetzak bere bidea egiten jarrai dezan.

http://hezkeh0506.blogspot.com/2015/11/hezkidetza-sustatzeko-legedia.html 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina