2015/11/28

LEGEDIAREKIN BATERA ERREALITATEA ERALDATZEN



Gure Euskal Hezkuntza Sisteman, Euskal Eskola Publikoaren legetik aurrera, azken 22 urte hauetan araudi batzuk garatu dira eta errealitatean hainbat aurrerapauso eman dira baina oso urruti gaude oraindik Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean agertzen den berdintasun helburu horretatik. 


 Nazio Batuen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean agertzen den helburu bat pertsona guztien legezko berdintasun soziala lortzea da, bere generoa zein den erreparatu gabe. Hots, genero berdintasunaren izenean gizonek zein emakumeek onura berak jaso behar dituztela ete errespetu berarekin tratatuak izan behar direla. Genero arrazoiagatik ez diskriminatua izatea nazioarteko zuzenbide orokorrak jasotzen duen beharra da, beraz, nazio guztiei eragiten dien legea, baina beste hainbat eskubide bezala, oraindik paperan gordeta gelditzen da, errealitatera hurbildu besterik egin ez dena.


 Hamar urte direla argitaratutako Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legeak zehatz azpimarratzen du material didaktikoak gorde behar duen begirada hezkidetzaileari jarraituz debekatuta gelditzen dela duintasun gehiago adieraztea sexu bateko pertsonei bestekoei baino, baita ere emakumeenganako indarkeria justifikatzea edo garrantzia kentzea. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortze aldeko begiradarekin jarraituz, Lege honetan aipatzen da baita ere aniztasun familiarra eta afektibo sexuala normaltasunez eta beste aukera bat bezala azaltzearen garrantzia.

Gaurkotuen legedian, Heziberri 2020 izenarekin ezagutzen duguna, hizkuntzari egiten zaio erreferentzia zuzena, ez dela modu sexistan erabili behar aipatuz, ezta estereotipatutako irudiak ere. Aldi berean, irakasleen prestakuntza beharra gelditzen da agerian, beraien eguneroko jardunean hezkidetza eta genero indarkeriaren prebentziorako lana egiteari begira, zein curriculumaren transformazioari dagozkion estrategiak garatzearen alde

 
Hau guztia errealitatea bihurtzeko nahian ildo estrategiko garrantzitsuena Hezkuntza eta Genero Indarkeriaren Prebentzioa Lantzeko Gida agertzen da, helburu honetan ederki laburbiltzen dena: “genero-indarkeria eta sexismoa sorburu duten indarkeria mota guztiak prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta horiei erantzun eraginkorra emateko mekanismoak abian jartzea”. 


 Paperan idatzita gelditzen dena, nahiz eta eragile politiko guztien adostasuna jaso, ez du ezertarako balio ez badira legeak bideratzeko neurriak hartzen, baliabideak ipintzen eta pertsonen konpromisoa lortzen. Eta ikastetxeetan zeregin handia dugula bide honetan iruditzen zait, alde batetik curriculum ofiziala aldatuz, bertan leku garrantzitsua emanez emakumeen izenei, baina hori bezain garrantzitsua curriculum ezkutuan hedatzen dena iruditzen zait, hau da, egunerokotasunean erakusten ditugun jarrerak, hizkerak, jokabideak zaintzean. Aspaldiko esaerak dion bezala, irakasleak gehiago erakusten duelako eredua izate horretatik esaten duen edo proposatzen dituen jarduera guztietatik baino.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina