... nahiz eta hitzetan ezetza jaso edo jendarteko legitimazioa krisian egon!
Ikusteko zailak direnak eta begi
bistan antzeman daitezkeenak, sotilak zein esplizituak, denak izeberg
androzentrista bereko osagaiak, denak indarkeria matxistak jasten dituen
mozorroak.
Izugarria da egunero baieztatzea
emakumeok, soilik emakume jaiotzeagatik, etengabeko indarkeria jasan behar
dugula, eremu guztietan pairatzen dugun indarkeria.
Kontziente izan edo ez izan,
inguratzen gaituen indarkeria, batzuetan irain itxura edo mikromatxismoarena
hartzen duena, bestetan erailketaraino irits daitekeena.
Zoritxarrez, egunero topa dezakegu
albisteren bat gai honekin erlazionatuta, eta askotan gertaera bezain izugarria
edo larriagoa izaten da hedabideetako eta alor publikoetako arduradunek ematen
dioten tratamendua.
Eta zer esan sare sozialetan
feminismoaren alde agertzen diren emakumeek jasan behar dituzten mehatxuen inguruan?

Genero estereotipoei eta maskulinitate
eredu hegemonikoari estu lotutako indarkeria denez, emakumeen ezaugarriak
agertzen dituen edota heterosexualitate
prototipotik zein genero dikotomiatik at bizi nahi duen beste edozeinei
egiten die eraso.

Botere harreman eta indarkeria
justifikatzen dituzten mezuak irensten ditugu jaio eta genero femeninoa
esleitzen diguten unetik, maitasun erromantikoa irudikatzea bultzatzen gaituen
bitartean. Amelia Barquinek proposatzen duen ildotik, hau da, “tratatu zure
umea intersexuala balitz bezala, berdin dio zein sexu egotzi dioten jaio
denean” topa dezakegula korapilo honetatik askatzen hasteko giltza iruditzen
zait.
Garrantzirik gabeko erasorik ez
dagoenez eta beldurrak generoa duenez, autodefentsa feminista izan daiteke
indarkeria matxista gainditzen ikasteko ekimen garrantzitsuenetariko bat.
- Izan beti presente hiztegi eta hizkuntza ez sexista erabiltzeko ahaleginak.
- Praktikan landu maitasun erromantikoaren mitoen eta printze urdina protagonista duten ipuinen ideologiaren deseraikitzea.
- Irakasleok indarkeriaren arazoak dituen dimentsioaz ohartzea eraginkortasunaz jarduteko egoera horiek gainditzearen alde, zeharka zein modu zuzenean landuz ikastetxean.

- Eskola eremuan, helduen zein gaztetxoen artean eman daitezkeen mikromatxismoen identifikazioa jorratu ikasleekin, ondorengo eskuhartzea ahalik eta zabalena izan dadin saiatuz.
- Ikasleei lagundu beraien buruaren ezagutza garatzen, autoestima, autokonfiantza eta segurtasuna eraikitzen joan daitezen, neskak bereziki.

- Mutilekin jorratu ingurunetik jasotzen duten heziketak daramatzan indarkeria matxistaren ezaugarriak, horren aurkako jarrera aktiboa sustatzen ikas dezaten.

- Neskei dagokienez, beldurrik gabe zein beldurretik aske heztea, nahi duten bizitza eraiki eta askatasunez bizi eta goza ahal izateko. Emakumeen arteko elkartasunaren garapena landu. (Gugandik hasi beharko dugu…)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina