2016/03/11

Tratu onak hezkuntza-komunitatean hausnartzen

Berdintasunaren arloan egindako aurrerapausoak gorabehera, estatistikek erakusten dute tratu txarrek gora egin dutela, neska-mutilen artean indarkeria-harremanak kontuan hartzeko modukoak, ugariak eta errepikakorrak direla, eta genero-indarkeria ez dela harreman egonkorretan soilik gertatzen, bai eta noizbehinkako harremanetan ere.
Azterlan eta ikerlan horiek erakusten dutenez, ikastetxeetako gatazken % 90aren oinarrian genero-indarkeria eta neska-mutilen sozializazio afektibo eta sexual sexista daude.

Hezkuntza-etapetan berdinen arteko harremanetan gertatzen den genero-indarkeria identifikatzea berariazko helburutzat duten azterlan askorik ez dago. Generoagatiko larderia-ekintzei, harreman intimoetako indarkeriari, sexu-jazarpenari kasu gutxiago eman zaie prebentzio-programetan, bai eta politikak eta ikerlanak egitean ere.  
  Dena den, sexu-aniztasunari lotutako indarkeria ikusarazteko azterlanek, bai eta jazarpenari buruzko ikerlanetan generoaren arabera egoten diren jokabide-ezberdintasunak ikertzeko azterlanek ere, adibide garbiak ematen dituzte, hezkuntza-etapa guztietan aztertutako gatazketako askoren oinarrian generoa dagoela frogatzen dutenak.
Egindako azterlanek hauxe frogatu dute: neska baino mutil gehiagok ematen dituztela tratu txarrak; beraietaz espero denaren arabera neska edo mutil gisa jokatzen ez dutenek maiz pairatzen dituztela erasoak eta Lehen Hezkuntzan etengabe iraintzen dituztela; nerabeek femeninotzat jo daitezkeen jokabideak saihesten dituztela; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hegemoniarekin bat ez datozen desirak adierazten dituztenek mota guztietako erasoak pairatzen dituztela, batez ere generoa adierazteko modua arauaz bestelakoa bada.

Ikusten dugun moduan ikastetxeek erronka garrantzitsuak dituzte:

-Berdintasunean, anistasun sexualean eta kulturalean eta sexu-identitate eta aukera guztiekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza-ereduak sustatzea.

-Elkarrizketa,  gatazkak  konpontzeko  komunitatearen  berdintasunezko  partaidetza  eta genero‐biolentziaren  prebentzioa  dira  eredu  horien  oinarriak.

-Maskulinitate  eta feminitate  berriak  eratzera  zuzendutako  jarduerak  hartzea.

-Genero‐ikuspegitik  aztertzea  gatazkak;  gatazka  eta  tratu  txarreko  egoera gehienek sexismotik abiatzen baitira.

-Bizikidetzarekin eta genero-biolentziarekin lotutako arazoak prebenitzea antzemateko eta erantzuteko protokoloak sartzea.


Beraz, hezkidetza-eskola lortu behar dugu:

-Hezkidetza-eskolak umeak txiki-txikiak direnetik lan egiten du, genero-biolentziaren edozein adierazpenari erakargarritasuna kentzeko elkarrekintzak sustatuz. Halaber, berdintasunezko harremanen erakargarritasuna sozializatzen duten elkarrekintzak bultzatzea proposatzen du. Nola? Honela:

-Adiskidetasun-sentimenduan heziz, adiskideak zaintzearen garrantzia baloratuz. "Maite nauenak ondo tratatzen nau".
Berdintasunezko izaerak, sentimendu eta adierazpen ez-hegemonikoak legitimizatuz eta positibizatuz.

-Arinkeriatan ez eroriz ikasleek laguntza eskatzen dutenean.

-Elkartasunean heziz, biktimei sozialki laguntzeko sareak sortuz.

-"Ez ezetz da" ideian heziz.

-Isiltasun-legea apurtuz, baita gizarte-sareetan ere.

-Elkarrekintza guztietan erakarpena eta tratu ona lotuz.

-Neskengan baieztapen positiboko prozesuak garatuz (ahaldunduz).

-Maskulinitate berri alternatiboak sustatuz: mutiko eta mutil gazte ez zapaltzaileak, ez zapalduak, seguruak, solidarioak, indartsuak eta ausartak jarrera sexistak eta arrazistak arbuiatzeko eta barregarri uzteko orduan, eta erantzukizuna partekatzen dutenak etxeko lanetan eta seme-alaben zainketan.

-Komunitate osoarekin berdintasunezko elkarrizketak sortuz gai horiei guztiei buruz.















iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina