2016/03/12

TRATU ONAK SUSTATZEA EZINBESTEKOA GURE ONGIZATERAKO!







Agerikoa da, itxuran berdintasunaren aldekoa den arrazoibidea erakusten badu ere, eskolak ez duela berdintasunean hezten. Kontzienteki hezkidetzailea den planteamendu batetik esku hartu ezean, eskolak gainerako botere sozialek erreproduzitzen dituzten genero-estereotipo sexista berak hedatuko ditu.










Hezkuntza-sistema hezkidetzailearen ardatz bat izango da ikasleek harremanak era parekidean eraikitzeko konpetentziak gara ditzaten laguntzea, honako hau sustatzeko:

● Indarkerian eta dominazio-mendetasun parametroetan oinarrituriko pertsona barruko zein pertsonen arteko harremanak bultzatzen dituzten ereduen analisi kritikoa.

● Elkarbizitza eta pertsona barruko zein pertsonen arteko harreman positiboen eraikuntza.


ELKARBIZITZA POSITIBOA ETA KALITATEZKOA HEZKUNTZA-KOMUNITATEETAN


Hezkuntza-eremuan elkarbizitza positiboaren bidez lortzen duena:

● Eskolako komunitate-kide bakoitza bere identitatearekin gustura egotea, beste batzuk gutxiesteko beharrik gabe, diren bezalakoak onartuak sentitzea, gainerakoak baloratzea, gaitasunak eta konpetentziak garatzea eta, bazterkeria mota oro gaindituz, harreman positibo eta autonomoak eskola barruan zein kanpoan eratzea.
● Neska zein mutil-ikasleen konpetentziak pertsona osoak bezala garatzea, eremu pribatu zein publikoan erraztasunez moldatzen direnak, hauen garapen pertsonal eta soziala paraleloan sustatuz, bizi-proiektu propiodun pertsonak izatea, hartuemanetan berdintasunez, elkartasunez eta askatasunez aritzen direnak, gure munduaren hobekuntzaren aldeko konpromisoa erakutsi eta esku hartzeko prest agertzen direnak.

      
         


Kalitatezko elkarbizitzak ondoko hau eraikitzea sustatzen du:

● Eskolakide guztien ongizatean oinarrituriko kultura.
● Maila guztietan (antolakuntzan, denboralizazioan, komunikazioan, curriculumari dagokionean …) dominazio-menekotasun paradigmaren erreprodukzioa gainditzen duen hezkuntza-zentroaren estruktura, honek estereotipoen etengabeko sustapena bultzatzen baitu (sexu-generoa, etnia, kultura, maila sozioekonomikoa, ezaugarri fisiko-psikikoak, aukera sexuala...)
● Nor bere buruarekin zein besteekin harreman positibo eta aberasgarriak.
● Elkarren arteko arduran eta inguruaren eraldatze zein hobekuntzan konpromiso pertsonal eta sozialean oinarrituriko harremanak.
● Bake eta indarkeria-eza kultura.



MAITASUNEZKO TRATU ONAK

Pepa Bojo psikologoak dioen bezala “berrikusi egin behar da maitasun erromantikoaren mitoa; bai hezkuntzan, bai emakume taldeetan, etab. … Orain maitemintzen diren gazteek zaharkituta dauden maitasunaren inguruko usteek eragiten dituzten jokabideak dituzte, duela mendeetako maitasunean sinesten dutelako. Horixe da jeloskorkeriaren kasua, maitasunarekin nahasten baita.

Mari Luz Estebanen hitzetan “gizakia ikusteko modu bat da, baina, horretaz gain, ordena ekonomiko, politiko eta sozial bat ere bada, gizartea antolatzeko modu bat: elkarbizitza, taldeak, gizon eta emakumeen arteko harremanak, helduen eta umeen arteko harremanak, hezkuntza, sozializazioa … Hau da, bizitzeko modu bat da, eta hor erdian daude emozioak eta maitasuna. Beraz, ez da bakarrik amodio erromantikoa eta bikotea, gehiago da.


ERANTZUNKIDETASUNA edo ELKAR ARDURA

Amaia Perez Orozkok dioen moduan kontua ez da indibidualismoaren ideala apurtzea interdependentzia eraikitzeko, baizik eta indibidualismoaren ideala apurtu behar dugu, hain zuzen, jarrera horrek ukatu egiten duelako interdependentzia daukagula.

Zaintzak kutsu negatiboa duela uste da, hitzak berak “zama” adierazten du, inork bere gain hartu nahi ez duen zerbait izatera bihurtu arte. Ideia honi buelta ematea ezinbestekoa da, balio positiboa eman, eta zaintzarik ezean guztiok hil egingo ginatekeela transmititu.

Hezkuntzaren erdigunean zaintza jartzea proposatzen dute, baina zer gertatuko litzateke kasu horretan? Baglietto eta Mendizabalen aburuz, gaur egungo hezkuntzak emaitzetan oinarritutako ikasteko modua lehenesten du eta badakite eurek bultzatu nahi duten ereduak –zaintza erdigunean jarriz– talka egingo lukeela sistema horrekin.

Zaintza hezkuntzaren erdigunean jartzeko formula magikorik ez dagoen arren, hasteko eta behin, pertsona bere osotasunean begiratu beharko litzateke, eta bigarrenik, norberak nahiz besteek izan ditzaketen aurreiritziak identifikatzen eta pertsonaren identitatearen inguruan sortzen diren estereotipoen inguruan kontzientzia hartzen saiatu, eta baita pertsonei arreta eskaintzen ere.


            


                      



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina