2016/03/12

KALITATEZKO ELKARBIZITZA TRATU ONAREN BIDETIK




Ez dirudi hain helburu zaila “elkarri ondo tratatzea”. Egunerokotasunean, berriz,  Arremanitz taldeko kideak Hik Hasiko elkarrizketan dion bezala, ia konturatu gabe aurkitzen dugu gure burua egoera mingarri eta kaltegarrietan erorita, estereotipoetan hezitako pentsaeraren ondoriozko jokaerak direlarik tratu onen etsairik nagusienak. 

 
Bizitzako beste hainbat arlotan gertatzen den moduan, hezkidetzaren ardatz den genero ikuspegiak aurreiritziak gainditzeko lagungarria izan daitekeen begirada zabala eskaintzen digu, estereotipoak gaindituz ongizate bidean: nor bere buruarekin gustura sentitzea, besteekin batera harreman positiboak eraikitzea, ezetz esaten ikastea ezetz esan nahi dugunean, elkarren arteko ardurekiko konpromisoa sustatzea, ongizatea bada guztien ongizatea izan beharko duela barneratzea, Mari Jose Urruzolak luzatzen dituen beste iradokizunekin batera:
Ze pertsona eredu, ze jendarte eredu nahi dugu garatu hezitzaile bezala?



Ikastaro honen zehar nahiko sarri ikusten ari garen bezala, emakumeok jasotzen dugun heziketa sentimentala etsai handi bat bihurtzen da estereotipoak gainditzeko ahaleginetan, maitasun erromantikoaren inguruan dauden mitoetan sostengatzen direlarik gizon eta emakumeen arteko harreman patriarkalak. 


Pentsatzen dut interes handiko lekukotasuna jasotzen dutela  trantsizio garaian Bartzelonan garatutako mugimendu feministaren barruan Nuria Pompeiak edo Montse ClavĆ©k, esaterako, komikietan edo kartel ilustratuetan aldarrikapen honen inguruan egindako lanek, subjektu femenino berriaren bila, emakumeek sufritutako zapalkuntza fisiko eta psikologikoa salatuz, ezarritako kanon patriarkalen suntsiketaren bila.


 
 Ondoren etorri dira maskulinitate berrien eraiketak, kalitatezko elkarbizitzari begira ezinbestekoan eman beharreko aurrerapausuak. 
Ildo beretik, oso interesantea iruditu zait, alderdi honetan, Boliviako UNFPA erakundeak egindako kanpaina, bereziki nola azpimarratzen duen norberak bere buruarekiko eta, aldi berean, besteekiko harremanak elkarrekiko errespetuan oinarritzeak duen garrantzia.

Tratu onak sustatzeko bidea eraikitzen joateko eskura izan beharko genukeen beste gida bat ELKAR ARDURAKO HEZKUNTZA lan proposamena dela uste dut, helburua ez delako izan behar erantzunkidetasuna modu puntualean gauzatzea, baizik eta iraupen luzeko ibilbidea garatzea, gero eta korrespontsabilitate handiagoa lortzearen alde etengabe jardutea.


Aurtengo martxoaren 8an, elkar ardura eta parekidetasunaren aldeko aldarrikapenetan murgilduta, gure erkidegoko hedabidetan entzun izan ahal ditugun datuak:  Denbora bikoitza etxeko lanetan… Soldata urriagoa kanpoko ogibideetan (bataz besteko 10.000 euro gutxiago)…  emakumea baldin bazara.

Aldatzen ari da jendartea, oso poliki baina aldaketa positiboak ere ikusten ditugu. 
 

Zer egin dezakegu eskolan prozesu hau sendotu eta areagotzen laguntzeko?

Proposamen egokia eta oso bideragarria iruditzen zait dokumentu honen zehar Marian Morenok proposatzen diguna: elkarbizitzarako hezkidetza





Irakasle bezala, presente izan beharko genituzkeenak, eredua garen heinean gure ikasleen aurrean bereziki erakutsi beharreko jokabideen artean, hauek dira, nire ustez oinarrizkoenak:

  • Hizkuntza eta hiztegi hezkidetzailea erabili
  • Identitate anitzak errespetatu eta errespetarazi, baita janzkera edo gorputz adierazpenak
  • Elkartasunezko jarrerak erakutsi
  • Asertibitatez jokatu
  • Entzun, ulertzen saiatu, komunikatu



Eta ikasleekin zeharka zein zuzenean lantzeko, adibidez:

  • Autoezagutza, bakoitza den bezalakoa onartzeko hezi

  • Estereotipoak antzematea landu eta horiekiko jarrera kritikoa jorratu

  • Ezetz esaten ikasi

  • Lankidetzarekin lotutako baloreak onetsi eta garatu

  • Epaiketarik gabeko onarpena erakutsi, berdin diola nolakoak diren besteak.

  • PAREKIDETASUNA eta TRATU ONAK PRAKTIKATU: ardurak banatzerakoan, ikaskideen arteko zaintza, birziklapena, objektuen iraupena luzatzearen eta berrerabiltzearen alde jokatu, arazoak daudenean guztientzako konponbiderik emankorrena bilatu eta martxan jarri, …

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina