Pertsonak izaki
sozialak gara, bizitzeko elkarren beharra dugu, harremantzeko beharra. Jaiotzen
garen momentutik hasten gara harremantzen: gurasoekin, neba-arrebekin, haur
eskolako umeekin, eskolako irakasleekin, lagunekin, lankideekin, bikoteekin,
auzoko dendariekin, seme-alabekin… Etengabe eta bizi osoan zehar harremantzen
gara eta harremantzeko beharra dugu. Harreman horiek era askotan egokitzen
ditugu gure plazera lortzeko edo gure behar afektibo, sexual eta emozionalak
asetzeko. Agerikoa da harremanetatik ikasi egiten dugula, hauekin aldatu egiten
garela eta heldutasunerako bide ditugula. Edonola ere, argi dagoena zera da:
harremandu egiten garela, harremanak egiten ditugula, harremanek egiten
gaituztela.
Ikastetxeetan harremanei duten garrantzia ematea
ezinbestekoa da, eguneroko praktika hezitzailean gertatzen diren hartu-emanei
arreta eskainiz, estereotipoak ezabatzen dituen giroa sortuz eta onespena eta
komunikazioan nagusitutako harremanak bultzatuz. Tratu txarren praktikak
(indarkeria, oldarkortasuna, diskriminazioa, bortizkeria…) tratu onen
praktikengatik (bizikidetza, elkarlana, lankidetza…) trukatzean datza gakoa.
Tratu onetan hezteko auto-estimua, berdintasuna eta
trataera egokiak bultzatzea ere ezinbestekoa da.
Gaztaroan harremanek esangura berezia
hartzen dute. Lagun arteko eta bikote harremanak izan ohi dira gazteon
bizitzetan eta poztasun eta kezka iturri garrantzitsuenak. Lagunen artean,
taldearen parte sentitzea, garen bezalakoak onartuak izatea, kontu
garrantzitsua da gazteontzako. Barren-barrenean sortzen zaigun beharra da eta
zenbait kasutan gure nortasuna, edo gutxienez kanpora begirako aurpegia,
eraldatu genezake taldearen onarpena lortzearren.
Tratu onak hezkuntzan lantzeko erronkak:
- Hezkuntzaren erdigunean zaintza jartzea.
- Pertsonaren garapen osoa aldarrikatzea.
- Zaintzari, harremanei, emozioei, alderdi sozialari… arreta jartzea.
- Pertsona erdigunean jartzea.
- Pertsona bere osotasunean begiratzea.
- Estereotipoen inguruko kontzientzia hartzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina