2016/03/08


Emakumeen aurkako indarkeria, indarkeria sexista edo indarkeria matxista? Zer terminoa erabiliko dugu? Badirudi indarkeria matxista dela egokiagoa dena.

Kontzeptu honen barnean indarkeriaren manifestazio guztiak daude:
  • sotilak direnak (hizkera sexista, mikromatxismoak, kontrola, umore eta txiste matxistak, publizitate sexista, inbisibilizatzea, baliogabetzea …) eta begi bistan errekonozitzen direnak
  • esplizituak direnak (mespretxuak, umilazioak, xantaia emozionala, errudun sentiaraztea, alde batera utzi, oihuak, irainak, mehatxuak, sexu-erasoak, eraso fisikoak, bortxaketak, eta erailketak); ikusteko zailak direnak.




Interesgarria iruditzen zait aurreko eskema aztertzen ari garen egoera bisualki jasotzeko eta ulertzeko.

Emakumeengan jarri ohi da ardura indarkeria matxista gainditzeko.

Mugimendu feminista izan da arazoa bistarazi eta salatu duena baina Indarkeria matxista arazo politikoa da; hortaz, guztion ardura da kolektibo zein pertsonal mailan. Ezinbestekoa da gizonek duten erantzukizuna onartzea, patriarkatuak emakumeen aurkako indarkeria erabiltzeko hezi baititu eta, ondorioz, haiek baitira erabiltzen dutenak.
Silvia Federici-ren hitzetan “beharrezkoa dugu emakumeen kontrako bortizkeriaren kontra, misoginiaren kontra, estatuek emakumeen gorputzei eragindako erasoen kontra… gizonezkoek ere borrokatzea. Gizonek zergatik ez dute emakumeen kontrako bortizkeriaren aurka fronte guztietan borrokatzen? Haiek dira beste gizon batzuk hezi behar dituztenak.”

Bi estrategia proposatzen dira testuan:
  •   gizonen inplikazioa maskulinitate heterosexual hegemonikoa interpelatuz eta berriak eraikiz eta
  •   emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa autodefentsa feministaren bidez.

Gogoratzen digu aurretik ikusitako indarkeria matxistaren desikasketarako ildoak:
1. Maitasun erromantikoaren mitoen eta ideologiaren deseraikuntza.
2. Mikromatxismoen identifikazioa eta salatu-gainditzeko esku hartzea.
3. LGTBQ+fobiak bistaratzea

Maitasunari buruzko kontzeptuaz hitz egiten du eta “maitasun pentsamenduaz” ere. Mari Luz Estebanek horrela definitzen du: “Maitasun pentsamendua gizakia ikusteko modu bat da, baina, horretaz gain, ordena ekonomiko, politiko eta sozial oso bat da, gizartea antolatzeko modu bat: familia eta elkarbizitza, gizon eta emakumeen arteko harremanak, heldu eta umeen arteko harremanak, hezkuntza, sozializazioa, lana …” Emakumeen identitatearen erdigunetik maitasuna kendu behar da “gauza inportanteenetako bat izango da, baina ez bakarra, ez nagusia.”



Mikromatxismoak, definizio batzuk:

  • June Fernández: “Egunero gertatzen diren jarrera matxistak, oharkabean pasatzen direnak, eta, gainera, guztiz normalizatuak daudenak. Eta hain oharkabean pasatzen dira, non jarrera matxista hori jasaten duenak askotan ez duen detektatzen, normaltzat hartzen duelako”.
  • Luis Bonino: mikromatxismoak gizonek egunerokotasunean erabiltzen dituzten indarkeria eta menderatze praktikak bezala definitzen ditu eta beren identifikazioa errazteko asmoz sailkapen zehatza egiten du; hertsatzaileak (zuzenak: mehatxuak, kolpeak, kontrola...), estaliak (ezkutatuak edo ez-zuzenak: engainuak, isiluneak...) eta krisizkoak (kritikari ihes egin, negoziaketa saihestu...). Deskribaturiko egoera gehienak eta neurri desberdinetan, bikotekideengan ez ezik, beste harreman anitzetan berdin gerta daitezke: lagunen artean, senideen artean, enplegu-esparruan, aldiuneko solas edo eztabaida taldeetan.

Mikromatxismoak era guztietakoak dira eta espazio guztietan gertatzen dira. Gizonek ere genero arauak betetzen ez badute mikromatxismoak jasango dituzte.




El machismo invisible y los micromachismos” bideo interesgarria da hau: https://youtu.be/-oLWb0021P8

Homofobia zer den jakiteko Audre Lordek 1984. Urtean eman zuen definizioa erabiltzen da testuan “sexu bereko pertsonenganako maitasuna sentitzeko beldurra eta, ondorioz, beste pertsona batzuengan agertzen diren halako sentimenduen aurkako gorrotoa”.

Berdin erabili dezakegu LGTBIQ+fobia guztiei aplikatzeko.

Mugimendu feministaren zein lesbiana eta gay taldeen eskutik hasieran eta geroago LGTBIQ+ talde anitzen eskutik iritsi da bisibilizazioa, legeen aldaketa, erakundeek diskurtso ofizialetan kolektibo hauen onarpena aldarrikatu eta berdintasunaren alde agertzea.
Dena den oraindik asko falta da aniztasuna onartua eta baloratua dagoela esateko.

Maskulinitate berriak ezagutzeko pertsona batzuren definizioak:
  • Josetxu Riviere: gizontasun hegemonikoa: “… balio, sinesmen, jarrera, mito eta jokabide jakin batzuetan oinarrituta, gizonek gizartean boterea eta agintea edukitzea ahalbidetzen duen gizontasun eredua da.
  • Kaufman:gizontasun hegemonikoak gizartearen antolamendu patriarkala funtsatu du, eta bertan emakumeek duten mendekotasuna zuritu.

Zer da Autodefentsa feminista? Emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa lortzeko estrategia feminista da. Autodefentsa fisiko soila baino zerbait gehiago da, bertan jarrerak, emozioak eta autoestimua lantzen baitira. Era berean, autodefentsa feministak beldurrari beldurra nola galdu, gorputzaz nola jabetu, botere pertsonalaz eta emakumeen arteko aliantzen botereaz jabetzeko bideak jorratzen ditu, baita erasoak, sotilenak ere, identifikatu eta bakarka zein kolektiboki aurre egiteko moduak ere.

Interesgarriak iruditu zaizkit testuan aipatzen diren hainbeste pertsonen aportazioak; Izaro Andres, Idoia Arraiza, Ohiana Etxebarrieta, Kattalin Miner, Maialen Lujanbio, Isa Bernal, Uxue Alberdi…

Hezkuntzaren erronkak:
  • Hezkuntza-sistemak espazio seguruak eskaini behar dizkie ikasle guztiei, baita langile eta familiei. Horregatik LGTBIQ+fobiei aurre egitearen bidean sakontzeko beharrean dago. Hezkidetzak indarkeria matxisten edozein espresioak bistaratu eta deslegitimatzeko apustu egiten du: patriarkatuak esleituriko sexu edo generoari ez erantzuteagatik edota orientazio sexualagatik jasotako espresio larriak zein txikiak.
  • Mikrolesbofobiaz, lesbofobia lausoaz edo mikrohomofobiaz (LGTBIQ+ kolektibo osoak jasaten duena) hitz egin dezakegu. Beraz, funtsezkoa izango da kontziente izatea, identifikatzea, behin eta berriro esku hartzea eta hierarkiarik gabeko eredu ez-normatibo anitzak erakustea (pertsonak, harremanak, elkarte familiarrak).
  • Maskulinitate berrien eraikitze-prozesuan baliotsuak dira emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde dauden gizon taldeetako kideak. Eskolan beren lana eta esperientzien berri ematea eraginkorra izango da mutilentzat eta baita gainontzekoentzat ere. Hezkidetzak mutilek bere izateko era aukeratzeko bidean benetako askatasunetik egitea sustatzen du. Horretarako bere esku jarriko ditu estereotipo maskulinoak mugatu egin dizkien hainbat garapen eremu eta konpetentzia:

o   Emozioen arloa: mutilek emozioekin kontaktuan jarri, onartu, bizi eta era positiboan kudeatzen ikastea funtsezkoa da. Sentimenduak eta emozioak adieraztea zilegi izango da; halaber, ahulak izateko eta ahul agertzeko eskubidea aintzatetsia. Horrekin batera, oinarrizkoa izango da maskulinitatea eta biolentziaren arteko elkarketa desegitea.
o   Zaintzaren esparrua: mutilek duten erantzukizuna -bere buruekiko, ume-, gaixo-, nagusi-, laguntza behar duen ororekiko zein inguruarekiko- onartzeko eta konpetenteak izateko erremintak haien eskuetan jartzea ezinbestekoa da, baita espazio pribatu-domestikorako autonomia garatzeko behar dituztenak ere.
o   Indarkeria matxistak: hauen aurkako jarrera aktiboa sustatzea nahitaezkoa izango da. Orokorrean mutilak indarkeria matxistaren desagerpenaren alde agertzen dira, baina beraiei ez dagokiela pentsatu ohi dute: bere adinetik urrun ikusten dutelako emakumeen arazoa dela uste dutelako edo ezin dutelako eraginik duen ezer egin.

Beldurrik gabe bizitzeko eskubidea dugu eta indarkeriarik gabeko jendartea sortzea da helmuga. Hezkidetzak sustatzen duena hauxe da:

Hezitzaileei begira: arazoaren dimentsioaz kontzientzia hartzea, esku-hartzearen eraginkortasunaz jabetzea, modu transbertsalean lantzea eta autodefentsa feminista tailerren eskaintza orokortzea.
Neskei begira: beldurrik gabe zein beldurretik aske heztea, nahi duten bizitza eraiki eta askatasunez bizi eta gozatzeko. Horretarako, autodefentsa feminista tailerren eskaintza orokortzea sustatuko du eta nesken esku jarriko ditu hainbat garapen eremu eta konpetentzia:
● Autoestimuaren esparrua: bere buruaren ezagutza garatu, dituen gaitasunez eta hobetu daitekeenaz kontziente izan eta baloratu. Bere paregabetasunaz harro sentitu, baita nahi duena espresatzeko eta egiteko gai izan ere. Autokonfiantza eta segurtasuna eraiki.
● Burujabetasuna:
Zenbait trebetasun eta eskubide landu: “Ez” irmotasunez esateko ahalmena, hitza hartzekoa, espazioa betetzekoa, gustuko duen eran janztekoa, nahi duen moduan ibiltzekoa, pribatutasuna izatekoa, sexu-harremanak izateko edo ez izatekoa, nahi duten eran eta nahi duenekin …
Emakumeen arteko elkartasunaren garapena landu: ahizpatasuna bultzatu, neska/emakumeen arteko desberdintasunak baloratuz, elkarri entzunez eta komuneko esparruak plazaratuz ahalduntze kolektiboa sustatu eta iruditeri berria indartzeko.
● Indarkeria matxista:
·Erasoen identifikazioa landu, emozio eta sentipenei garrantzia eman: erasoa deseroso sentitzen hastean hasten da.
· Erasoei aurre egiteko tresnak bereganatu eta martxan jarri: ez isildu, salatzeko eta defentsarako eskubideak aurrera eraman.
·Fisikoki defendatzeko erremintak eskuratu: bestelako estrategiak nahikoak ez direnean, defentsa fisikoa martxan jartzea beharrezkoa da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina