2016/03/13

TRATU ONAK

 Tratu onez aritzean ezinbestekoa da harremanetara jotzea. Harremanetan pertsonen arteko harreman dimentsioa bezain inportantea da pertsonaren barrukoa, izan ere, horiek pertsonen arteko eta inguruarekiko ditugun harremanen kalitatean eragin zuzena izango dute.

Hezkidetzaren ardatzetako bat ikasleek harremanak era parekidean eraikitzeko konpetentziak garatzea da:
  • Indarkerian oinarrituriko pertsona barruko zein pertsonen arteko harremanak bultzatzen dituzten ereduen analisi kritikoa.
  • Elkarbizitza eta pertsona barruko zein pertsonen arteko harreman positiboen eraikuntza.

Elkarbizitza positiboan ondoren aipatzen dena lortzen duena da:

  • Eskolako komunitate-kide bakoitza bere identitatearekin gustura egotea, beste batzuk gutxiesteko beharrik gabe, diren bezalakoak onartuak sentitzea... harreman positibo eta autonomoak eskola barruan zein kanpoan eratzea.
  • Neska zein mutil-ikasleen konpetentziak pertsona osoak bezala garatzea, garapen pertsonal eta soziala modu paraleloan garatuz.

Kalitatezko elkarbizitza ondokoa eraikitzea sustatzen du:

  • Eskolakide guztien ongizatean oinarrituriko kultura.
  • Maila guztietan dominazio-menekotasun paradigmaren erreprodukzioa gainditzen duen hezkuntza-zentroaren estruktura, honek estereotipoen etengabeko sustapena bultzatzen baitu
  • Nor bere buruarekin zein besteekin harreman positibo eta aberasgarriak.
  • Elkarren arteko arduran eta inguruaren eraldatze zein hobekuntzan konpromiso pertsonal eta sozialean oinarrituriko harremanak.
  • Bake eta indarkeria-eza kultura.
Beraz, esan genezake elkarbizitza positiborako eta guztion ongizaterako tratu onak ezinbestekoak direla. Zentzu horretan Mari Jose Urruzolak honako iradokizun hauek egin ditu:
  • Nor bere buruarekin harreman ona izateko: autoezagutza, autoestimua, zure gorputza maitatu, autodefentsa estrategiak...
  • Besteekin: hizkuntza hezkidetzailea, begikotasunez jokatu, elkartasunezko jarrerak...
  • Hurbilekoekin: laguntza, erasoei ezetz esan, entzun, komunikatu, besteak errespetatu...
  • bestelako bizidunekin, objetuekin, inguruarekin: zaindu eta arduraz jokatu, birziklatu...

Maitasunean tratu onak sustatu ahal izateko, maitasun erromantikoaren mitoak desikastea ezinbestekoa dela badakigu eta bide horretan maitasun eredu osasuntsuak eraiki behar ditugu. Honelako ezaugarrien bidez definitu genezake harreman osasuntsu bat: maite izateko proposamen ezberdinak,elkarri begirunea, askatasuna, independentzia, autonomia, erantzunkidetasuna, enpatia, berdintasuna, ekitatea eta asertzio komunikazioa.


Horietako batek berebiziko garrantzia dauka tratu onen gaian: ERANTZUNKIDETASUNAK edota ELKAR ARDURAK. Parekidetasuna lortu ahal izateko elkar ardurak banatzea ezinbestekoa da. Horretarako zaintza kontuen ardura guztiona izan behar da.

Nire ustez, zaintza lanak duten garrantzia aitortu beharra dago. Lan horiek ikusezin bihurtu dira eta ez dute prestigiorik. Emakumeok zaintza lanen zama daukagu gure gainean eta horrek berdintasuna oztopatzen du. Halaber, uste dut zaintzari ere ,norberaren zaintzari eta kideen zaintzari garrantzia gehiago eman beharko geniokela, horrek hezkuntzan isla izanik. Horrela bizitza eta pertsona erdigunean kokatuko genuke.

Proposamen edota ikerketa ezberdinak:

STEILASek tratu onak eskolan bermatzeko diseinatutako liburuxka:


GAUR 8ko erreportajea:”Etxeko lanak eta zaintza, parekidetasuna neurtzeko termometroa”


GAUR 8ko erreportajea: “Emakumeak gizonaren rola hartu du lan merkatuan, baina gizonak ez du bere egin emakumearena zaintza eta etxeko lanetan”



Zeintzuk dira eskolan ditugun erronkak?

  • Maitasun erromantikoaren mitoekin amaitu eta maitasun eredu berriak eta osasuntsuak eraikitzen lagundu
  • Zaintza hezkuntzaren erdigunean kokatu
  • Elkar ardurak modu orekatuan banatu
  • Hizkuntza hezkidetzailea sustatu
  • Norberaren autoezagutza eta autoestima sustatu
  • Bizikidetza planean harremanen eta tratu onen gaia hezkidetzaren ikuspuntuarekin txertatuta egotea
  • Indarkeriari aurre egiteko mekanismoak diseinatu eta behar izatekota martxan jartzea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina