Aste honetako gaiaren izenburua “Tratu
onak” izan bada ere, gai honetan, harremanei buruz, elkarbizitzari buruz,
ongizateari buruz, maitasunezko tratu onei buruz eta erantzunkidetasuna edo
elkar-ardurari buruz ere jardun dugu.
“Harreman”
kontzeptuari buruz hausnartzean, kanpoaldera begiratu ohi dugu eta gu partaide
gaituzten kanpo-interakziok hartu ohi ditugu kontuan, baina pertsonen arteko harreman-dimentsioa bezain
garrantzitsua da pertsona barrukoarena: norberak bere buruarekin bizitza
osoko une bakoitza biziko baitu. Elkarbizitza honen kalitate mailak erakutsiko
du bizipenen ondoriozko emozio, sentimendu eta ideiek osaturiko oinarria;
hauek, hain zuzen ere, pertsonen arteko eta inguruarekiko ditugun harremanen
kalitatean eragin zuzena izango dute, baita ikasketenean ere.
Hezkuntza-sistema hezkidetzailearen ardatz bat izango da ikasleek harremanak era parekidean eraikitzeko
konpetentziak gara ditzaten laguntzea, honako hau sustatzeko:
● Indarkerian eta dominazio-mendetasun parametroetan oinarrituriko pertsona
barruko zein pertsonen arteko harremanak bultzatzen dituzten ereduen analisi
kritikoa.
● Elkarbizitza eta
pertsona barruko zein pertsonen arteko harreman positiboen eraikuntza.
Hezkuntza-eremuan elkarbizitza
positiboa da:
● Eskolako
komunitate-kide bakoitza (ikasleak, irakasleak, familiak eta AZP) bere
identitatearekin gustura egotea, beste batzuk gutxiesteko beharrik gabe, diren bezalakoak
onartuak sentitzea, gainerakoak baloratzea, gaitasunak eta
konpetentziak garatzea eta, bazterkeria mota oro gaindituz, harreman
positibo eta autonomoak eskola barruan zein kanpoan eratzea lortzen badu.
● Neska zein
mutil-ikasleen konpetentziak pertsona osoak bezala garatzea, eremu pribatu zein
publikoan erraztasunez moldatzen direnak, hauen garapen pertsonal eta soziala
paraleloan sustatuz, bizi-proiektu propiodun pertsonak izatea, hartu-emanetan
berdintasunez, elkartasunez eta askatasunez aritzen direnak, gure munduaren
hobekuntzaren aldeko konpromisoa erakutsi eta esku hartzeko prest agertzen
direnak.
Hezkuntza-zentroetan kalitatezko
elkarbizitzak sustatzen du:
● Eskolakide guztien ongizatean oinarrituriko kultura.
● Maila guztietan (antolakuntzan, denboralizazioan, komunikazioan,
curriculumari dagokionean …) dominazio-menekotasun paradigmaren erreprodukzioa
gainditzen duen hezkuntza-zentroaren estruktura, honek estereotipoen etengabeko
sustapena bultzatzen baitu (sexu-generoa, etnia, kultura, maila
sozioekonomikoa, ezaugarri fisiko-psikikoak, aukera sexuala...)
● Nor bere buruarekin zein besteekin harreman positibo eta aberasgarriak.
● Elkarren arteko arduran eta inguruaren eraldatze zein hobekuntzan
konpromiso pertsonal eta sozialean oinarrituriko harremanak.
● Bake eta
indarkeria-eza kultura.
(Tratu onak sustatu eta denboran zehar
irauteko elkar ardura, korrespontsabilitate edo erantzunkidetasuna izan daiteke
oraindik benetan heldu beharreko gai potolo horietako bat.)
Baina oraintxe
aipaturiko erronka horiek guztiak ikastetxeetan lantzeko oztoporik nagusienak,
gure pentsaera estereotipatuen ondoriozko jokaerak dira; hauek baitira tratu
onen etsairik nagusienak afektibitatezko harremanak eratzeko: nork bere
buruarekin, besteekin, hurbilekoen artean, bestelako bizidunekin, gauzekin eta
inguruarekin.
Eta horregatik oso
aproposak izan daitezke gure ikastetxeetan Mari Jose Urruzolak iradokitzen
dituenak abiapuntutzat hartzea:
● Nor bere buruarekin harreman ona
izateko:
Autoezagutza landu
eta onartu zarena, badituzun alderdi on guztiak identifikatuz.
Zure gorputza
onartu eta maitatu, zure edertasun kontzeptu ez estereotipatu propioa sortuz.
Autoestimua garatu
besteenganako boterekeria edo harrokeriarekin nahasi gabe.
Konparaketak alde
batera utzi.
Jarrera kritikoa
erakutsi estereotipoen inposaketaren aurrean.
“Ez” esan, behar
duzun guztietan.
Autodefentsa
estrategia anitzak garatu.
● Besteekin (orokorrean)
Agurtu eta hitz
goxoak erabili.
Hizkuntza
hezkidetzailea erabili.
Janzkera, hizkera,
izaera errespetatu
Begikotasunez
jokatu.
Elkartasunezko
jarrerak erakutsi.
● Hurbilekoen artean (lagunak, senideak,
ikastetxean)
Elkarri lagundu.
Entzun, saiatu
ulertzen, komunikatu.
Zure ekarpenik
onenak eskaini taldeari.
Sexismorik gabeko
jarrerak erakutsi.
Besteak diren
bezalakoak onartu, epaiketarik egin gabe.
Besteen gorputza
errespetatu.
Manipulazioei eta
erasoei ezetz esan.
Zure betebeharrak
aurrera eraman eta besteei dagozkienak eskatu.
Arazoak daudenean
guztientzako konponbiderik emankorrena bilatu eta martxan jarri.
● Bestelako bizidunekin, objektuekin eta
inguruarekin
Zaindu, arduraz
jokatu.
Etxeko animalia eta
landareei behar dituzten ongizate baldintzak eskaini.
Erabilera ona eman
objektuei ahal duten iraupenik luzeena izan dezaten.
Birziklatu.
Diruarekiko jarrera
arduratsu eta solidarioa erakutsi.
Gaur egun deshazkundea deitzen denaren
aldeko jarrera erakutsi.
Honek guztiak ordea, Hezkuntzaren
erdigunean zaintza jartzea
proposatzen du, eta Zaintza hezkuntzaren erdigunean jartzeko formula magikorik
ez dagoenez, has gaitezke, pertsona
bere osotasunean begiratzen, eta norberak nahiz besteek izan ditzaketen aurreiritziak identifikatzen eta pertsonaren
identitatearen inguruan sortzen diren estereotipoen inguruan kontzientzia
hartzen, baita pertsonei arreta eskaintzen
ere, izan ere, harremanak zaintzea eta tratu onak sustatzea ezinbesteko
lehentasuna da gure ongizaterako!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina