2016/03/13

TRATU ONEI BURUZKO HAUSNARKETA

1. Balorazio pertsonala:
 
Olatz Beraztegiri jarraituz, tratu ona ondo sentiarazten gaituena dela defendatzen dugu. Gure lan esparrura eroanda, eskola komunitateko kide guztiak gustura sentitzea lortzen duena, bazterkeria mota guztiak ezabatuz eta harreman positiboak eta autonomoak gauzatuz.

Azkeneko ikerketetan oinarrituta, ez badago garun femeninorik, ezta garun maskulinorik, faktore soziokulturaletan jarri behar dugu arreta, ikas eta desikas daitezkeen horietan, hain zuzen.

Neurozientziak esaten digu nerbio-sistemaren eta pertsonen jokaeren arteko loturak badaudela, izaerak, bizipenek eta gure inguruak lotura handia dutela.

Beraz, norberaren emozioak, sentimenduak eta ideiak izango dira oinarria elkarbizitza kalitatezkoa izateko bai nork bere buruarekin, besteekiko harremanetan eta inguruarekikoan.

Helburu hori guztiok onartzeko modukoa izango litzateke. “Guztiok" esaten dugunean, sexu-genero, etnia, kultura, maila sozioekonomiko, ezaugarri fisiko-psikiko eta aukera sexual guztietako pertsonok.

Baina horrekin batera ezinbesteko beste helburu hau lortu behar dugu: indarkeria eta dominazio-mendekotasun ereduan oinarritutako harremanak desagertaraztea.

Tratu ona ondo sentiarazten gaituena bada, maitasunezko harremanetan tratu ona izango da harreman horietan inplikatuta gauden guztiok ondo sentiarazten gaituena. Eta uste dugu nork bere burua ezagutzearekin hasita, argiak izaten, elkarren arteko arduraz eta zaintzaz konprometitzen, bakoitzak bizi-proiektu propioa izanda eta Mari Luz Estebanek dioen bezala “maitasun pentsamendua amodio erromantikoa baino gehiago dela” ohartzen bagara, zoriontsuagoak izan gaitezkeela.

Hezkuntza esparruan, gazteei lagundu behar diegu “desikasten” antzinako erromantizismo patriarkal kaltegarria. Batez ere, horren ondorio gordinenak pairatzen dituztenei, neskei.

Bestaldetik, elkar arduran irtenbide bat dugu, emakumeok eta gizonek egiten ditugun denboraren erabilera ezberdinek sortzen dituzten gehiegikeriak ekiditzeko eta, bide batez, maskulinitate eredu berriak sortzen laguntzeko.


2. Baliabide, ikerketa edo proposamen baten aipamena:

Gure institutuko ikasleentzat, gazteak diren neurrian, aproposa iruditu zaigu Nafarroako Gazte Kontseiluak "Maitasun zintzoen gida"-n diseinatutako Amodio osasuntsurako proposamena, eta Nola dakit harreman osasuntsua bizi dudala?  behaketarako irizpide bilduma.

Proposatzen dituen baloreen inguruko hausnarketa egitea eta berrikustea, gazte erakunde batetik bideratuta, oso interesgarria deritzogu.
Aniztasuna onartzetik asertzio-komunikazio bultzatzera doan harreman positiborako zerrenda luzea da.

 

3. Gaiaren inguruan jasotako datuak eta ondorioak:
Badirudi tratu ona zer den errez identifikatzen dugula. Ez da berdin gertatzen ona ez den tratuarekin. Egunero-egunero egoera asko bizi egiten ditugu, non tratu txarra jasotzen ari garen, konturatu barik.


Zenbaitetan, gure esparruan, hezkuntzan, gu geu gara tratu txar horiek jasotzearen arrazoiaren parte bat, estereotipoak errepikatzean adibidez.

Beste batzuetan, tamalez, ikasle neskek pairatzen dituzte, beraien lehenengo bikote harremanetan, eta hemen maitalea galtzeko beldurra agertzen da behin baino gehiagotan tratu txarrei aurre egiteko oztopo nagusi gisa. Indarrak jarri behar ditugu maitasun erromantikoaren mitoa eta maitasuna gauza guztien gainetik dagoen balorearena apurtzeko.

Olatz Beraztegirekin ados gaude edozein harremanetan, gau batekoan zein hil artekoan, guztiok daukagula disfrutatzeko eskubidea, eta guztiok ikasi behar dugula argiak izaten.

Arreta jarri dugu Olatzek erabiltzen duen “energetizatu” terminoan, gorputzari entzun behar diogula aholkatzen digunean.

“El mundo al revés” dokumentuan inbertsioak enpatiaz jokatzea ahalbidetzen du, eta ikasleen artean hori emakumeei gertatzen zaiela baieztatzeko eta “Kanpo lotsa” sentitzeko oso onuragarria den ariketa izan da.

4. Hau guztia ikastetxean lantzeko erronkak:

Ikastetxean tratu onak lantzearen kultura nahiko hedatuta daukagula uste dugu. Tutoretza-programaziotik maila guztietan lantzen da dominazio-menekotasun paradigma arlo guztietan, aniztasunaren eta askatasunaren irizpideen defentsatik.

Hala ere, ez dugu lortzen ehuneko ehunean, komunitate-kide guztiak eskolan gustura sentitzea. Beti daude zirrikituak: espazio arriskutsuagoak eta “ikasle  toxikoak” tratu txarrak emateko prest.
  • Horregatik, oso garrantzitsua da tratu onak emateko prest dauden beste guztien artean konplizitate zero izateko tresnak eskaintzea. Hau esku hartze-proposamen bat izan liteke.
  •  Bestalde, gurean, Lanbide Heziketako Mendekotasun Arreta Heziketa Zikloa ematen denez, oso aproposa iruditzen zaigu Paca Roblesek “Mundua mugitzen duten langile ikusezinak” albistearen haritik, ziklo horretako irakasleekin esku hartze bat prestatzea eta beraien programazioan txeratzea, ekofeminismoaren ideiak bat datozelako ikasketa mota horren helburuarekin: erdian gizabizitza, eta produkzioa haren zerbitzura.

  • Amaitzeko, ikusita gure ikasle askoren harreman eskasa baino eskasagoa etxeko ardurak banatzerakoan, Marian Morenoren “Hamabostaldi bateko erronka” proposamena eramango dugu datorren urteko DBH 4.maila Curriculum Aniztasun taldera, ea horrela etxetik ere elkar zaintzan oinarrizko konpromisoak hartzen dituzten.
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina