2015/11/22

Jaiak eta ospakizunak, misil eta granadak

Jaiak eta ospakizunak, guda apal eta iraunkor batean botatzen diren granada eta misilak direla esango nuke. Patriarkatuak ikasi du modu sotil batean jokatzen, ikasi du askatasunaren eta demokraziaren izenean gure izatea eta askatasuna kateekin lotzen, irakatsi digu guda honetan bizitzen. Asimilazio lanetan asko trebatu dela esango nuke baina noiz edo noiz indar posizio hori erakutsi behar du eta horra hor misil eta granadak, jaiak eta ospakizunak. Gozamenerako, elkarrekintzarako, harremanetarako, identitate baten eta herri baten eraikuntzarako diren egun hauetan nork agintzen duen argi utzi behar du eta bonbardaketa bat ematen da gozamena eta tradizioaren izenean.

















Jaiez eta ospakizunez hitz egiten dugunean identitate eta sinbologiaz beteriko egunez ari gara, heteropatriarkatuak ezarritako sinbologiaz eta identiteez. Egun hauek gozamenarekin eta gizartean jasaten ditugun zapalkuntza ezkutu horien deskonekzioarekin lotzen ditugu. Horrek jai eta ospakizunen inguruko hausnarketa kritiko eta horien praktika kontzientea galarazten du, izan ere, asimilazio ikaragarria ematen baita eta aldi berean balore eta sinbologia horiek indarrean jartzen dira, bide emanez egunerokotasunean ematen diren zapalkuntzak modu legitimo batean gauzatuz. Adibide ezberdinetan ikusi dugun bezala indarkeria sinbolikoa gailentzen da egun hauetan eta hori da ematen diren eraso fisiko, psikologiko edota sexualaren berme.





Beraz, guda honetan misil eta granadei aurre egiteko arma horiek genero ikuspegi batetatik aztertu eta lantzea ezinbestekoa da, ospakizunen jatorria, ospakizuna beraren arrazoia eta baita horren gauzapen eta adierazpena. Sinbologia eta identitateaz ari bagara ezinbestean, sinbologia ezin da zapalkuntzan oinarritu eta identitatea ezin da botere harremanetan oinarritutako identitatea izan, egun hauek bide eman behar diete identitate anitzei, gozamena ez baita batzuen eskubidea.

Guzti honetan ikastetxeek lan handia eta erronka garrantzitsuak dituzte. Alde batetik, egun dauden jai eta ospakizunen azterketa:

         Zer da ospatzen ari garena? Zer suposatzen du hori ospatzeak?
         Zein da ospakizun honek atzean duen sinbologia eta edukia?
         Norainoko asimilazioa dago?

Bestetik, ospakizun horien isla nola ematen den aztertzea ere ezinbestekoa da, ospakizun hauen gauzapen praktikoaren inguruan hausnartu eta aztertu.

         Sexu- genero estereotipoen gauzapena ( iruditegia, letrak, jantziak etb.)
         Espazioen erabilpena eta antolaketa
         Parte hartzea, ematen diren botere harremanak identifikatuz.
         Gozatzeko ekinbideen azterketa

Eta, nola ez ,beste erronka garrantzitsua litzateke horri alternatibak bilatzea.

         Sexu-genero estereotipoetatik at dauden materialak eskeini.
         Espazioaren berrantolaketa bat eman, horren erabilpen parekidea bermatuz.
         Parte hartzerako aukerak eskaini, emakumeak parte hartze aktiborako subjektu bilakatuz eta horretarako beharrezko diren espazioak sortuz.
         Gozamenaren kontzeptuari ikuspegi zabala eman, gozatzeko bide osasuntsuak eskainiz.

Hezkuntza komunitate osoak egitearen garrantzia azpimarratuko nahi dut, identitate eta sinbologia berriak sortzera bagoaz, ezinbestean, gureak sentitu behar ditugu eta horretarako bai azterketan, diseinuan zein horren gauzapenean parte hartzea ezinbestekoa da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina