2016/10/22

Sare Sozialak

SARE SOZIALAK.

Sare sozialei buruzko hausnaketa  egitea proposatzen diguzue. Ni ez naiz batere  trebea sare sozialetan, eta gainera ez ditut oso gustoko. Etxean ikusten ditut erabiltzen, eta batzutan ni baino lehenago jakiten dituzte hainbat berri. Horrek ematen dit nolabiteko inbidia, eta momentu horietan …nik ere Facebook kontua egitea  burutik pasatzen zait.

Baina berehala atzera egiten dut. Egia esan, informazioa lortzeko edo informazioa iristeko bide azkarrak dira, eta erabilpen ona eman ezkero, zoragarriak izango direlakoan nago..
Ordenagailuan trebetasun piskat lortzea asko kostatu zitzaidan, eta horregatik  teknologiekiko beldur edo interesa eza izaten dut.

Mobilakin hasi ginenean, gure etapako irakasleen artean , watsapa izaten azkenekotakoa  izan nintzen.  Azkenean, erosi beharra izan nuen, inkomunikazio sentsazioa izan nuelako. Baina watsap talde bat edo sortu nahi badut….alabari , laguntza eskatzen diot edo berari ematen diot nire mobila zuzenean.

Sare sozialetan ibili ahal izateko , bai mobila , ordenagailua, tablet,,,tresna guzti horiek erabili behar dituzu, eta trebea izan. Nik tresna guzti horiekiko emozio negatiboak bizi izan ditut, (beldurra, baldarra, torpea..) eta horregatik ez dut ez facebook konturik, ez twiterrik….

Erabiltzen dituztenekin hitzegiten dut, eta informazioa bilatzeko, edo eta lagunen berri izateko ere oso  interesgarriak direla komentatzen didate, baina ere berean a rriskutsuak direla ere esaten dute, norberak informazio asko ematen duelako bere egoerataz.

Beraz, gauza guztiak bezala, zer erabilpen mota ematen diozun…oso onak izango dira edo ez hain onak.

2016/10/21

Horma irudia

Hezkidetza, berdintasunaz haratago

Nire inguru hurbilean hezkidetzari buruz galdetzean, ezjakintasuna nagusi zela ohartu nintzen; feminismoa, berdintasuna zein aniztasunarekin lotzen zuten. Egia da bai, ideiak ez doazela erabat oker, feminismoak azken finean, emakume eta gizonek eskubide eta aukera berdinak izatea defendatzen baitu. Hitz gutxitan, nolabaiteko, berdintasuna. Baina nire iritzi hezkidetzaren ideia haratago doa.

Hori dela eta, nire lagun baten erantzuna plazaratu nahi dizuet. Aitortu beharra daukat, erabat harritu ninduela erantzunak. Honela esan zidan: hezi,  hezteko modu bat, hezkuntza bide bat. Kide, parekotasuna, denok talde berdineko partaide.

Hor ohartu nintzen hitzaren indarraz, hein handi batean ederki definitu baitzuen esanahia. Hezkidetza, mundu ikuspegi berri bat da, hezkuntza ikuspegi berri bat; non pertsona guztien garapen integrala duen helburu. Norbanakoaren nortasun garapenari garrantzia ematen dio beraz, estereotipo kutsakorrak baztertuz. Beraz, berdintasunaz haratago doala esan daiteke, askatasunaz mintzo garela. Nor naizen eta zer izan nahi dudan erabakitzeko askatasunaz.


Aipaturikoa kontuan izanik, egia da bai hezkidetzarena ez dela nire inguruan erabat erroturik dagoen ideietariko bat. Hori dela eta, hurrengo lerroetan, berau lantzeko bost arrazoi nagusi azaleratuko ditut.  Lehena ezjakintasuna da; izan ere, behin hezkidetza munduan sarturik, gure aurreiritziak ezabatuko ditugu eta enpatiari ateak irekiko dizkiogu. Aniztasunaz gozatuz, indibidualtasunari garrantzia aitortuz. Bigarrena, hizkuntza da. Gure eguneroko diskurtsoetan  genero eta rolak oraindik oso erroturik daude, eta sarri oharkabean ateratzen zaizkigu, ez gara kontziente. Botere harremanak ere tamalez presente daude, eta horiek deuseztatzeko aukera eskaintzen du hezkidetzak. Askatasuna eza ere aipatu nahiko nuke; izan ere, sarri gainontzekoek esango dutenaren beldur gara,gainontzekoen feedbaken menpe bizi gara, gizarteak ezarritako eredua erreproduzitzen dugu itsu itsuan. Azkenik, nire inguruan hezkidetzaren presentzia nahiko nuke, gizarte hobe bat nahi dudalako.Pertsona moduan hasi eta haur askeak hezi nahi ditudalako. Bizitza oso laburra baita errepresio pean bizitzeko, goza dezagun elkarrekin.  

Sare sozialen inguruan hausnartzen

Sare sozialak beti erabili izan ditut, ez gehiegi, baina aritu naiz saltsan… Gazteagoa nintzela Fotolog-a, gero Tuenti-a… eta Facebook-era iritsi nintzenean bertan geratu nintzen. Hasiera batean oso gutxi erabilita, gaur egun berriak irakurtzeko erabiltzen dut gehienbat, noizbehinka interesgarria iruditzen zaidan artikulu, bideoren bat partekatuz… Baina ez naiz modernoegia!

Orain erronka… Twitter! Kosta zait kontua egiten asmatzea… gezurra badirudi ere. Baina hortxe nabil sarean dantzan.

Sare sozialei abantaila batzuk topatzen dizkiet: berriak ezagutzeko berehalakotasun handia dutela uste dut, lagunekin harremanetan jar zaitezke eta distantzia apurtzeko baliagarri da, urruti daudenekin gertutasuna lortuz. Hala ere, desabantaila batzuk ere badauzkatela uste dut; izan ere, zure datuak edonork ikus ditzake eta kontrol falta bat dago. Gainera, badirudi egiten duguna sare sozialetan partekatzeko egiten dugula, guztia publikatuz.

Desabantailak desabantaila, hezitzaileontzat sarean egingo dugun lanaren etekina handia izan daiteke. Azken batean, gaur egun sare sozialek gure egunerokotasunean duten garrantzia oso handia da eta oihartzun handia dute. Bertan azaldutako mezuak, adin ezberdinetako pertsona askorengana iritsi daitezke eta hortaz, baliatu behar den bide bat da.

Sareetan topatu daitezke orrialde erabilgarriak jada. Nik behintzat erabiltzen ditut, gehienbat hausnarketak irakurtzeko. Faktoria Lila, Proyecto Kahlo, Pikara Magazine… eta euskaraz Klitto ere, besteak beste, baditugu betaurreko moreak jantzita berriak aztertzeko gune.


Ziberaktibismo hezkidetzailea bultzatu beharko genukeela uste dut. Nire ustetan, gure ingurukoekin (kasu honetan, birtualki) hezkidetzaren inguruko artikulu, bideo, musika… azken finean, eduki baliagarri eta interesgarriak partekatzea litzateke. Horrela, hezkidetzaren mezua zabaldu eta transmititu genezake.


2016/10/20

SARE SOZIALEN INGURUAN

Ze interesgarria eta argigarria, niretzat, aurreko postaren Leireren hitz horiek "lare sozialak ez dira heltzen laztanak, begiradak, konpartitutako jolasak, solasaldiak, bazkariak, bilerak eta muxuak heltzen direna tokietara ailegatzen (...). Izan ere, sare sozialen indarraz, ahalmenaz, potentzialaz… ez daukat zalantzarik. Eta informazioa partekatzeko ematen duen aukera paregabeaz. Azken finean, izenak berak esaten du, sarea, soziala. Asuntoa da, noraino eta zer partekatu? 

Beti izan dut publikatzen denarekiko sekulako errespetua. Kazetari bezala ez dakit zenbat kronika idatziko nituen. Eta kronika bat idazteko iturrira jo edo gertakariak ondo ezagutu behar dira beharrezko zorroztasunez adierazteko. Eta horrek, bere denbora eskatzen du. Iritzi artikuluak ere idatzi izan ditut, tokiko komunikabide txiki batean, bai, baina irakurle bat izanda ere harenganako errespetua oso kontuan hartuta. Ez dakit guzti honegatik izango den, baina orain, ez dut nire burua gai ikusten etengabe sareratu eta konpartitzen aritzeko. Prest ordea bai, beti ere topatzen dudana interesgarria dela somatzen badut. Baina zer da interesgarria partekatzeko; hortxe ba koska.

Era berean, lehenik eta behin,sarean gauza interesagarriak topatzeko sarean ibili behar dela pentsatzen dut. Ikusi, irakurri, ikertu, topatu… eta aurkituz gero, noski, partekatu. Baina bizitza berean ere bai. Hasieran aipatzen diren elementu horiekin, alegia, aurrez-aurrea. 

Nire seme-alabarengan ikusten dut zein garrantzi ematen zaion sare sozialen bidezko komunikazio horri, eta nola zaintzen duten. Hezkidetzan ere, ezin, bada, horri, bizkarrik eman. 


2016/10/18

SARE SOZIALAK: ERAGINKORTASUN OSAGARRIA

Interes handiz ikusi dut EGELAPIn eskegi diguzuen ZIBERAKTIBISMOaren inguruko bideoa.
Telefonica fundazioak eta Juan Carlos IIIak babestua, Gobernuz Kanpoko Erakunde ezagunek (Unicef, Greenpeace...) eginiko agerraldi publikoa, gai honek euren eremuan duen eragina azalduz.

Egia da. Errealitatea da, aurkezleak dioen bezala. 1990etik aurrera jaiotakoek sare sozialen erabilpen oso handia, egunerekoa, egiten dutela! Eta horiek dira gure gaztedia osatzen dutenak, adituen iritziz patriarkatuaren itzalean kontzientzia gehiegirik gabe bizi direnak! Atzerapausuak nabarmentzen dira emakume eta gizonen berdintasunaren eremuan. Mikromatxismoen uholdea, sexu erasoen biderkatzea.

Sare sozialek sentsibilizatzeko balio dutela egiaztatzen da. Mezuak urrunago heltzen dira, eta abiadura handiz. Begira, bestela, whatsaparen eraginkortasuna!!! Eskaparateak dira, agendan jartzen dituzte gaiak, argazkiak, bideoak, deialdiak, ideiak...inkontziente kolektiboa mugiarazteko gai direla ematen du, bai. Twiter, Instragram, Facebook...sareak dira, finean. Milaka pertsona barnebiltzen dituzten armiarma sare sorta, hedapen handikoak.

Informazioa zabaltzen dute oso azkar, oso eraginkor. Mugimendua sor dezakete, bai; baina ez dute beti sortzen. Politikoki zuzena denari "atsegin dut" ematea ere badago. Eta Suediako bideoetan ageri den bezala, "atsegin dut" horietaz soilik ezin da sostengatu proiektu, egitasmo edo erronka hain nuklearra.

Hezkidetzak politika publiko indartsuen laguntza behar du. Baliabide sozialak eta ekonomikoak behar ditu. Energia, denbora, pertsonen arteko harreman zuzenak behar ditu. Espazioen kudeaketa berria, elkarrizketak, material didaktiko berria, berritzeguneak, kultura eskaintza berriztua...ERALDAKETA INTEGRALA behar du, pausoz pauso. Eta bide horretan TRESNA LAGUNGARRIA izan daiteke sare sozialena, ados. OSAGARRIA, hala ere, gure beste eguneroko eremuak ahaztu gabe. Oraindik edo jada sare sozialak erabiltzen ez dituztenak ahantzi gabe. Sare sozialak ez dira heltzen laztanak, begiradak, konpartitutako jolasak, solasaldiak, bazkariak, bilerak eta muxuak heltzen direna tokietara ailegatzen. Dena behar dugu. Den-dena. Eta norantza egokian erabilia. Hori bermatzen al dute sare sozialek?




ETIKETAK: #leitxu sare sozialak