2016/12/08

JAINKOAREN ANTZA IZAN NAHI EZ DUGUN EMAKUMEOK



Platonentzat, emakumeok gizakiaren endekapen fisiko baten emaitza gara. Aristoteles haratago joan zen, eta emakumeok ezgaituak bezala irudikatzen gintuen, baina gure hilerokoa semena produzitzeko huts egitea zela azalduz. Gaia kokatzen bukatzeko, hirugarren adibide kalifika ezina, San Pabloren gutunei erantzunez Ambrosiasterren epistolak emakumeok gure burua estali behar dugula jasotzen duena, jainkoaren irudia ez garelako, … eta errematatzeko galdetzen du nola esan dezakeen inork emakumea jainkoaren antza duela gizonaren domeinuan dagoenean, eta ez duenean inongo autoritaterik, ezin denean lekukoa izan epaiketa batean, ez hiritar bezala trebatzeko gai, hau da, benetan ezin duenean nagusitasunean jardun …  "El Círculo del Ágora"  izenpean argitaratzen den blog batean hitz egiten da luze eta sakon, emakumeei oparitu diguten lore sorta eder hauetaz, merezi du bertatik nabigatzea. 
  
Historian zehar aurreiritzi hauetan oinarritutako erreferenteak, hainbat errealitateen aurrean zalantzan jarri beharrean, berretsi egin dira behin eta berriro, ikuspuntu androzentrikoaren alde.



 

Garaikide modernista ondorengo gizartean ere, patriarkatutik at dauden ametsak betetzeko ahaleginetan, rol hierarkikoen banaketaren ondorio bortitzekin aurkitzen dugu gure burua. Libre bizi nahi duten bideoko lau neska hauei gertatzen zaien bezala.
Pornobrujas from smizandpixel on Vimeo.

Laburmetrai honen inguruan sortutako bi kritika uzten dizuet jarraian, mamitsuak direla uste dut, interesantea iruditu zait beraien azterketa emakumeak bizitzan presente egotearen moduei eta matxismoak bere barnean daraman menperatzeko beharrari buruz, beste gauza batzuen artean:

1.- Jardueraren ildoetan zentratuz, bi ideia garrantzitsu hauek aukeratzen ditut landutako gaiaren inguruan:

Lehen ideia, kontziente izan behar dugulako bortizkeria matxistak femeninotzat jotzen denarekiko mespretxuarekin hasten direla, objektuak eta ikusezinak bihurtuz emakumeak. Botere maskulinoa ez dela indar fisikoan oinarritzen, baizik eta nagusitasun sinbolikoan, feminitatearen eta maskulinitatearen inguruko mekanismo androzentrikoaren ardatzean. Hots, “modu asko daudela emakumeen presentzia gutxiesteko: rol hierarkikoen banaketa, hizkuntza sexista, androzentrismoa, … baina baita gizonen aldetik emakumeena denaz jabetzea ere”.


Eduardo Galeanok egiten duen gogoeta izan daiteke bidelagun:


Bigarren ideia, paradigma aldaketa inportantea dela pentsatzen dudalako, bigarren ondorioa azpimarratzea gustatuko litzaidake, hau da, “emakumea zein bestelako identitateak, ikerketetan objektu eta subjektu moduan egoteko beharra. Adibidez, ikertzaile moduan, ikuspegietan zein edukietan ekarpenak eginez; eta aztergai bezala, emakumeenak zein bestelako identitateak diren egoerak ikertuz eta emakumeak emaitzetan islatuz”.
Paradigmari buelta ematen hasteko, esaterako, denbora lerroa esplikatzeko erabili den adibidea, hau da, zein garrantzitsuak izan diren emakumeen ekarpenak informatika garapenerako:
https://timeline.knightlab.com/
Gaurko soziedaderako oso garrantzitsua bihurtu da Internet, baina, aurreko denbora lerroa osatuz, ze izango litzateke informatika mundua, adibidez, emakume hauen ekarpenik gabe?

2.- Iazko ikastarokideen posten artean, GURE ESKU DAGO PARADIGMA ALDAKETA POSIBLE EGITEA    aukeratu  dut, itxaropentsu ari delako egilea, garbi adierazten dituelako gaiaren zehar landutako ideiak eta utzi dizkigun bi bideoengatik  


3.-Atzera begirada botaz, euskal emakume aldarrikatzaileen artean, Jaizkibel konpainiaren historia aukeratu dut.. Nire ama eta izeba baten lagunen ahotik ezagutu nuen aldarrikapen honen historia eta ezin ulertu nabil oraindik zenbat gorroto pizten den parte hartzea eskatzeagatik soilik, festa bateko ospakizun “tradizionalaren” izenean, antropologo eta soziologoek hain garbi utzi dutenean behin eta berriro Alardeak irudikatzen duena ez zela inolaz ere gertatu Alarde tradizionalaren aldekoek irents arazi nahi diguten bezala. Eta plastiko beltza? Euskal Herrian XXI. mendean?


.
Bideo honek duen akats bakarra, nire ustez, Xabier Letek idatziriko abestiaren "hitz" bat. Musika eta edukia hain ederra izanez, eta Mikel Laboak hain sentsibilitate handiz eta ahotz gozoz kantatu, zergatik ez ordezkatu “gizona” hitza agertzen den bakoitzean “pertsona” hitzaz? Irabazi egingo zuen poesiak eta letraren esanahiaren indarrak. Ze pena!



4.- Eremu hezitzaileetan erronkak Curriculumean zentratuko nituzke. Historian zehar eta gaur egun emakumeek giza garapenari eginiko ekarpenak ikusaraziz, erreferente positiboak bihurtu gure ikasleentzat eta ekarpen horiek ezkutatzea lortzeko erabili diren estrategiak identifikatzeko eta desaktibatzeko bidea eginez.
Curriculum aipatzerakoan, curriculum erreala esan nahi dut, ematen dena, liburuetan agertzen dena, adibideak jartzeko ohi duguna, komunikatzeko erabiltzen dugun hizkuntza eta abar. Baina baita curriculum ezkutua ere, Hezkuntza Proiektuan edo Hezkidetza/Elkarbizitza Planean agertzen diren ildo estrategikoen kontra doana errealitatean, hainbat kasutan konturatu gabe hausnarketarik ez dagoelako, baina beste askotan paperan idazten direlako esaldi politak errealitatera eramateko benetako ahaleginik gabe.

.

Emakumeen presentzia eta ekarpenak




Euskal emakume aitzindarien artean June Fernandez aipatzea aukeratu dut. Sareetan Mari Kazetari gisa ere ezaguna da June. El País, eldiario.es eta Diagonal agerkari digitalean kolaboratu du urtetan zehar. Baina bere ekarpen nagusia Pikara Magazine sortu eta zuzentzea izan direla esango nuke.


Horretaz gain, 10 ingobernables: Historias de transgresión y rebeldía liburua publikatu berri du. Oso liburu interesgarria.


Aste honetan landutakoa eremu hezitzaileetan lantzeko erronkak ugari dira. Gutxi batzuk aipatzearren:
  • Emakumeen lorpenak aitortzea; egunerokotasunetik hasi eta historiari dagokionean. Ikastetxeetan, adibidez, curriculumean emakumeen ekarpenak txertatzea.
  • Emakumeak kudeaketan parte hartzera animatzea: ikastetxearen organoetan besteak beste (ikasle zein irakasleak).
  • Gizonek dituzten pribilegioen jatorriak biistan jartzea eta horien inguruan hitz egitea, uko egitearen beharraz kontzientzia har dezaten.
  • Patriarkatuak inposatzen dituen mekasnismoak identifikatzea, ondoren desegiten hasteko.
  • Ikastetxean eredugarriak diren emakumeen presentzia bermatzea.

Bukatzeko, iazko ikastarokide baten ekarpena gomendatzea: Haizea Careagaren Emakumeen presentzia eta ekarpenei buruzko hausnarketa. Asko gustatu zait EmaRock proiektua aipatu izana.



Jekyll Doktorea eta Hyde Andrea


Astean landutakoaren laburpen gisa, bi ideia:

1)    Emakumea, emakumearen bizipena, emakumearen ekarpena, emakumearen lana, emakumearen emozioa, emakumearen presentzia, alboratua izan da gizonek idatzi duten “historia ofizialean”.  Huts handi horrekin isiltasuna eta itsutasuna eraginez. Bazterkeria. Estereotipoen habitat naturala errotuz.  Naturak marraztutako ezberdintasunak bereizkeri bilakatuz. Eta, hortik, gizonarekiko mendekotasuna lortuz.

2)    Emakumeon mendekotasun hori sinetsi egin dugu denok, neurri batean. Horrela eratu dira gure barne eta kanpo egiturak. Autoritatea, boterea, instituzioak, izen bereziak. Elikatu dugu dikotomia hau. Konplexuekin bizi izan gara. “Gure tokian mantendu nahi izan gaituzte”. Mugatuak. Autoritate eta botererik gabe. Gure identitatea garatzeko aukerak bilatzeko indar gutxirekin. Beldurrez. Gure bigarren mailako posizioa onartuz. Egitura patriarkalak eta sexistak iraunaraziz, isilpean.





Erronka, hezkidetzan, kate hori haustea:

a)     Emakumearen presentzia areagotzea. Historian zehar izan duena ikusaraztea eta gaur egun duena mahai gainean jartzea. Estatistikak atera. Emakumezkoen zifrak ikasi, ogibide, lanbide ezberdinetan. Gizartearen sostengu diren funtzioak baloratu, zaintza esaterako. Emakumeak betetzen dituen lan guzti horiek azaleratu. Eragiten dituzten sufrimenduak, kalteak, gaixotasunak eta oztopoak nabarmendu. Berdintasunak ekarriko lituzkeen onurekin alderatu. Eredu osasuntsua behin eta berriz marraztu.

b)    Klaseetako ordezkariak hautatzeko orduan, neskak animatu. Bultzatu. Erabakiak hartzen diren guneetan sartzea ahalbidetu.

c)     Tradizionalki mutilentzat erreserbatu diren ikasketak eta ogibideak neskentzat badirela sinestarazi. Horiek ikastera animatu. Neskak ahaldundu, euren gaitasunak goraipatu, gizonenak baztertu gabe. Berdintasuna bilatuz, proaktiboak izanik.






Baina, beti ere, txanponaren bi aurpegiak uztartzean osasuna galdu gabe. Ez dugu orain arteko den dena egiten eta eremu publikoan %100 egoten aritu behar. Super womanak ez ditugu eraiki behar. Ez da osasuntsua. Rol zaharrak utzi egin behar ditugu. Gure burua maitatu eta exijentzia antzuetatik alde egin. Ez du ezertarako balio gizartean gure espazio publikoa lortzea etxean, gero, mari errauzkiñeren papera hartzen badugu!!!!!





Iazko edizioko ekarpen bat: #Aida eta Itsaso, Emakumeak protagonista

Emakume aitzindari bat: nire amama Pantxike. Bere neba arrebetatik neska bakarra. Oso azkarra, baina eskolara joateko eskubiderik gabe, aukerarik gabe. Familia aberats batean internatu eta umeak zaintzen, etxea garbitzen, bere herritik kanpo. Gabez, ikasi egin zuen, gau eskolan. Etxe hartatik atera eta kontrabandoan ibili zen dirua irabazi eta bere familia sortu ahal izateko. Langilea, indartsua, transgresorea.

2016/12/04

Legedia gugana hurbiltzen

Nire hezkuntza eremua:

Lan egiten dudan lan eremua kontuan hartuz, hezkuntza ez formalean aritzen naizela esango nuke. Harrera etxe batean egiten dut lan. Bertan, 15 eta 18 urte bitarteko 8 gazte bizi dira eta euren eguneroko bizitzaren parte gara han lan egiten dugun hezitzaileak. Euren familiekin, eskolekin, eskolaz kanpoko jarduerekin, osasun zentroekin… dugu harremana, beraz, erreferente bagarela esango nuke. Erreferente garen heinean, gazte hauen garapen pertsonalean eta bizi kalitatean eragiteko egiten dugu lan.

Ikusi dugun legedia kontuan harturik, zer da zure ustez hezkidetzaren inguruko hezitzaile lana justifikatzeko baliagarriena?

            Nire ustez, hezkidetzaren inguruko hausnarketa hezitzaile guztiok egin beharreko zerbait da, izan ere, estrategia hezkidetzaileak erabiltzea ezinbestekoa da. Eskola birpentsatu behar den moduan, hezkuntza ez formala ere baliatu behar dugu genero ikuspegia erabiliz, eta pertsonen aniztasuna aztertuz, gazte guztiek giza-kultura baldintzapenak gaindituz eta askatasunez bere osotasunean gara daitezen laguntzeko; bere buruarekiko, besteekiko, gizarte eta naturarekiko erlazio positibo eta eraikitzaileak izango dituzten pertsonak izateko.

Gaur egungo gizarte heteropatriarkala gure sistemaren oinarrian dago eta hau arlo guztietan ikusten da, hau dela eta,  hezkuntza eremuan aldaketa handiak eman behar dira; estereotipo sexistak ezabatu behar dira, emakumeen jakintzak eta emakume erreferenteak (ekarpen sozial zein historikoak egin dituztenak) ikaskuntzan integratu behar dira, gaitasun afektiboak landu behar dira harremantzeko moduetan, hizkuntzaren erabilera ez sexista ziurtatu behar da eta inposaturiko ereduak gainditu eta aniztasuna islatzen duen heziketa afektibo sexuala integratu behar da, besteak beste. Beraz, esango nuke baietz, beharrezkoa dela genero ikuspegia txertatzea eta berdintasunaren alde lan egitea, oraindik asko baitago egiteko.

Indarrean dagoen legedia nahikoa da? Badago aurrera eramateko asmorik? Badaude betetzeko eta lorpen mailak neurtzeko baliabide nahikorik?

70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadan, babes instituzionalik gabe eta gehienetan oztopoak gaindituz, zenbait ikastetxetan emakume feministen eskutik hasi ziren lehenengo esku hartzeak. 90eko hamarkadan hezkidetzak bultzada handia jasan zuen. Lehenengo Hezkidetzazko Gradu-ondoa 90-91 ikasturtean garatu zen, Bizkaian hasi eta beranduago Gipuzkoa eta Araban ere bai. 93-94tik 95-96ra hiru lurraldeetako 11 ikastetxek parte hartu zuten Emakunde-k proposatu, babestu eta Begoña Salasek zuzendu zuten ikerkuntza batean Ikastetxearen Hezkuntza- eta Curriculum- Proiektuak hezkidetza ikuspuntutik egiteko.

Hezkidetza- Aholkularitzak 2001ean desagertu zirenean, une itxaropentsuak apalduz joan ziren; zenbait mintegik lortu zuten bere lanarekin jarraitzea, ahal izan zuten moduan eta Hezkuntza Departamentuaren babesik gabe. 2013an idatzi zen “Hezkuntza-sisteman Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana”. Bertan gizarte eragile ezberdinen ekarpenak bildu ziren eta 2013-2016 epealdirako hainbat erronka definitu, helburuak eta ekintzak zehaztu eta bitartekoak jartzeko konpromisoak adierazi.

Egun, berriro areagotu dira hezkidetzarekiko espektatibak, Hezkuntza Saileko ordezkari politikoek helburua oraindik lortu ez dela onartzen dute eta horren aldeko plana ateratzeaz gain, Heziberri 2020ak hezkidetzaren beharra ere azaltzen du, emakume eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortzeko pausuak ematen jarraitu behar dela aitortuz.

Hau dena ikusita, nire ustetan indarrean dagoen legedia ez da nahikoa. Legeak hainbat gauza esaten ditu baina errealitatean asko falta da egiteko. Baliabideak, egon badaudela uste dut, baina ez behar bestekoak eta gainera, hauek agian ageriko curriculum-ean geratzen direla batik bat, izan ere, curriculum ezkutuan aldatu beharreko gauza asko geratzen direla esango nuke eta hauek eragin handia dutela.

Nola ikusten duzu hezkuntza hezkidetzailearen etorkizuna epe laburrean? Eta ertainean?

            Ezin da jakin zer gertatuko den hemendik denbora gutxira. Egia da legediak aldatzen doazela, eta bai, hezkidetzaren beharra aitortzen da, baina “beharraz” gaindiko faktore asko daude. Heziberri 2020ak hezkidetzaren beharra azaltzen du emakume eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortzeko pausuak ematen jarraitu behar dela aitortuz. Baina honetarako, aurrekontuak, baliabideak eta denbora aldiak beharko dira plana baldintza egokietan aurrera joan eta jarraipena izateko, epe laburrean ez baita benetako hezitzailea den eskola lortuko. Pertsona eta giza-agente guztiek nork bere ekarpena eginez, elkarlanean eta modu kritiko eta eraikitzailean, bakoitzak bere posiziotik, aldaketaren aldeko ekarpena egin dezake.


Beraz, uste dut hezitzaileok asko dugula egiteko, sortzen ditugun harreman motak, harremantzeko moduak, eredu eta rolak, etab. zaindu behar ditugula pixkanaka jarri diren/ditugun helburuak lortzen joateko. Legediak legedi, egunerokotasunean gu gaude gazteekin esku hartzen eta guk hezitzaile moduan izando ditugun jarrerak, kontziente edo inkontzienteki beti esango die zerbait. Hortaz, oso garrantzitsua eta zaindu beharrekoa iruditzen zait egiten dugun lana, etorkizunari begira aldaketa handiak sortu ditzakeelako.

LEGEDIA GUGANA HURBILTZEN