2016/12/08

Jekyll Doktorea eta Hyde Andrea


Astean landutakoaren laburpen gisa, bi ideia:

1)    Emakumea, emakumearen bizipena, emakumearen ekarpena, emakumearen lana, emakumearen emozioa, emakumearen presentzia, alboratua izan da gizonek idatzi duten “historia ofizialean”.  Huts handi horrekin isiltasuna eta itsutasuna eraginez. Bazterkeria. Estereotipoen habitat naturala errotuz.  Naturak marraztutako ezberdintasunak bereizkeri bilakatuz. Eta, hortik, gizonarekiko mendekotasuna lortuz.

2)    Emakumeon mendekotasun hori sinetsi egin dugu denok, neurri batean. Horrela eratu dira gure barne eta kanpo egiturak. Autoritatea, boterea, instituzioak, izen bereziak. Elikatu dugu dikotomia hau. Konplexuekin bizi izan gara. “Gure tokian mantendu nahi izan gaituzte”. Mugatuak. Autoritate eta botererik gabe. Gure identitatea garatzeko aukerak bilatzeko indar gutxirekin. Beldurrez. Gure bigarren mailako posizioa onartuz. Egitura patriarkalak eta sexistak iraunaraziz, isilpean.





Erronka, hezkidetzan, kate hori haustea:

a)     Emakumearen presentzia areagotzea. Historian zehar izan duena ikusaraztea eta gaur egun duena mahai gainean jartzea. Estatistikak atera. Emakumezkoen zifrak ikasi, ogibide, lanbide ezberdinetan. Gizartearen sostengu diren funtzioak baloratu, zaintza esaterako. Emakumeak betetzen dituen lan guzti horiek azaleratu. Eragiten dituzten sufrimenduak, kalteak, gaixotasunak eta oztopoak nabarmendu. Berdintasunak ekarriko lituzkeen onurekin alderatu. Eredu osasuntsua behin eta berriz marraztu.

b)    Klaseetako ordezkariak hautatzeko orduan, neskak animatu. Bultzatu. Erabakiak hartzen diren guneetan sartzea ahalbidetu.

c)     Tradizionalki mutilentzat erreserbatu diren ikasketak eta ogibideak neskentzat badirela sinestarazi. Horiek ikastera animatu. Neskak ahaldundu, euren gaitasunak goraipatu, gizonenak baztertu gabe. Berdintasuna bilatuz, proaktiboak izanik.






Baina, beti ere, txanponaren bi aurpegiak uztartzean osasuna galdu gabe. Ez dugu orain arteko den dena egiten eta eremu publikoan %100 egoten aritu behar. Super womanak ez ditugu eraiki behar. Ez da osasuntsua. Rol zaharrak utzi egin behar ditugu. Gure burua maitatu eta exijentzia antzuetatik alde egin. Ez du ezertarako balio gizartean gure espazio publikoa lortzea etxean, gero, mari errauzkiñeren papera hartzen badugu!!!!!





Iazko edizioko ekarpen bat: #Aida eta Itsaso, Emakumeak protagonista

Emakume aitzindari bat: nire amama Pantxike. Bere neba arrebetatik neska bakarra. Oso azkarra, baina eskolara joateko eskubiderik gabe, aukerarik gabe. Familia aberats batean internatu eta umeak zaintzen, etxea garbitzen, bere herritik kanpo. Gabez, ikasi egin zuen, gau eskolan. Etxe hartatik atera eta kontrabandoan ibili zen dirua irabazi eta bere familia sortu ahal izateko. Langilea, indartsua, transgresorea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina