2019/10/27

JO TA KE! SEXU-GENERO SISTEMA BINARIOA SUNTSITU ARTE!


Sexu-genero sistemari buruz aritu izan gara aste honetan. Hasieran uste nuen gaia nahiko konplexua izango zela, baina ez horrenbeste. Hori ezjakintasunaren ondorio izan da. Irakurgaia 3 aldiz irakurri ostean eta asteko jarduerak burutu ahala konturatu naiz lan handia dugula egiteko, ez baita konplexua , oso konplexua baizik. Horrek ez du esan nahi pesimista nagoenik honen guztiaren aurrean, ez, baina bai konturatu naiz gutxi batzuk ez dugula ezer lortuko eta erronka nagusia lehen urratsean dagoela, sentsibilizazio prozesuan, alegia. Hori lortu ostean, denbora izango da beste urrats guztien testigu.
Aurreko edizioak trasteatuz, hainbat ekarpen interesgarri irakurri ditut, baina ondorengoa aukeratu dut:
Zer da normala? Izenburua jarri zion Argiñek eta horrek eman dit atentzioa. Ondoren, irakurri eta nola egituratu zuen artikulua gustatu zait. Halaber, hainbat hiperresteka interesgarri eta bideo ere agertzen dira.
Bestalde, inguruko ume zein gazteekin gai hau lantzeko baliabide aproposen bat zein izan daitekeen jarriko dut. Guztiek ikusi eta ondoren egin beharreko hausnarketa eskatzen dute: Lehen hirurak DBH eta Btxilergorako lirateke aproposak eta azkena LHrako
    Azkenik, gai hau lantzeko, bai etxean, bai eskolan zein kalean, ondorengoak liratekeela esango nuke oztopoak:
  • Ez dugu zalantzan jartzen sistema bitarra edota gehienek ez dute zalantzan jartzen, behinik behin. Horregatik “normaltasuna” erreferentzia marko gisa agertzen da oraindik eta hori zeharo aladatu beharko litzateke.
  • Sexu-genero sistema binarioaren ondoriozko transfobia, lesbofobia, homofobia eta ezaugarri guztien aurka borrokatzeko aukera murritza da oraindik, ez baitugu lehen puntuan esan bezala sexu-genero sistema binarioa suntsitu.
  • Eta azkenik, genero ikuspegia integratzea hezkuntzan esku hartze eta eremu guztietan, baina baita familia eta kalean litzateke helburu nagusia. Baina horretarako, arestian esan bezala, sexu-genero sistema binarioa suntsitu beharko genuke, beste behin ere.

    Beraz...ez gara geldituko...  

KONTUZ! Ez zaitez erori sexu-genero sistemaren tranpan

Aste honetan, sexu-genero sistemari buruz aritu gara, inposatutako bizitzeko bi modu. Gure eguneroko bizitzan nonahi aurki dezakegun sistema da eta sozializazio prozesuarekin erlazio zuzena du. Hori horrela, eskola agente sozializatzaile inportantea izanik, aste honetako irakurgaiek, aurretik jakin arren, baieztatu didate sistema hori deseraikitzeko hezitzaileok dugun paper garrantzitsua.

Hezkuntzan oraindik sexu-diskriminazioa mantentzen da eta ezinbestekoa da irakasleok horren kontziente izatea. Neska eta mutilen inguruan ditugun sinesmenak, beraien gaitasun, jarrera eta jokabideei dagokionez, aurretik ditugun espektatiben ondorioz, betearazten direlako. Askotan neskei arduratsuak izatea eskatzen diegu (etxeko lanak egitea, ikaskideei laguntzea…) eta gehiegikeriak ez diegu inolaz ere onartzen. Horrek, haiengan eragin zuzena duelarik.

Askotan entzun izan dut neskak arduratsuagoak direla, baina aste honetako lanaren ostean, neskak arduratsuagoak egiten ditugula esan beharko genukeela uste dut. Horrez gain, normalean mutilengan arreta gehiago jartzen dugula konturatu naiz (ni neu behintzat bai), gainera, hauek neskek baino gehiago demandatzen dute arreta hori. Ohartu naiz, nire tutoretzan mutilek neskek baino gehiago hitz egiten dutela hitz egiteko txanda gehiago erabiliz. Beraz, hemendik aurrera, jarrera aldatu beharra dut.

Hori horrela, emakume eta gizonen arteko harremanak nola ulertzen eta interpretatzen ditugun ezagutzea eta analizatzea funtsezkoa da, gure ikasleak nondik hezitzen ditugun eta hauekiko zein jarrera ditugun jakiteko, mezu berbala bezain garrantzitsua baita dugun jarrera.


Aurreko edizioetako postak begiratuz, Patxi Iriondoren posta nabarmendu nahiko nuke, ikasleekin bertsolaritza erabiltzearen ideia oso interesgarria iruditu baitzait eta berak dion moduan, bertsolaritza gauzak aldarrikatzeko modu berri bat bihurtu delako. Gainera, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabalen bi bertso zoragarri horiek gaia lantzeko oso aproposak ditugu.


Bigarren Hezkuntzako ikasleekin gai hau lantzeko, hedabideetan estereotipo sexistak landuko nituzke, publizitate, film eta telesail ezberdinak aztertuz.

Adibidez, X Men, Los juegos del Hambre, Harry Potter, Tres metros sobre el cielo, 50 sombras de Grey… pelikulak; Gossip Girl, Sexo en Nueva York, La que ese avecina…  telesailak; edota horrelako iragarkiak aztertuz.





Eta horien inguruan hurrengo hausnarketa eginez:
  • Zer emakume-eredu uste duzu transmititzen dutela hedabideek (ezaugarri fisikoak, nortasuna, funtzioak eta abar)?
  • Zer gizon-eredu  uste duzu transmititzen dutela hedabideek (ezaugarri fisikoak, nortasuna, funtzioak eta abar)?
  • Uste duzu eredu eskuragarriak direla? Halako pertsonak ikusten dituzu zure inguruan (familia, lagunak, eskola)? Adibide errealistak dira? Pertsonen aniztasuna adierazten dute?


Sexu-genero sistemaren gaia konplexua da eta ondorioz, gai hau eremu hezitzailean lantzeko bidean hurrengo oztopoekin aurki gaitezke:
  1. Gaiaren inguruko ezjakintasuna eta kontzientzia eza.
  2. Pigmalion efektua, neska eta mutilen inguruan ditugun sinesmenak, beraien ahalmen, jarrera eta jokabideei dagokionez betearazten ditugulako.
  3. Eskolan landu arren, gizartea eta batez ere sistema eraldatu beharra, honek dakarren zailtasunarekin.

Hala ere, oztopoak oztopo, denok elkarrekin sistema dikotomiko hori deseraiki dezakegu.

Amaitzeko, neska eta mutilen sozializazio prozesu desberdinei buruzko adibideak ematen dituen abesti batekin uzten dizuet.



Zer pentsatu, hala hitz egin

Sexu-genero sistemari buruzko aste honetako lanketak buruan zurrunbilo gisa nituen hainbat ideia ordenatzen eta argitzen lagundu dit. Sistema honen ezaugarri den hierarkizazioak ezberdinkeriak eta boterekeriak baldintzatutako jendartea izaten jarraitzen laguntzen duela, sexu-genero sistemak indarkeria irautarazten laguntzen duela, eta dominazio-meneko harremanez ari garela berbalizatzea oso lagungarria egin zait.

Zentzu horretan, egunerokoan topatzen ditugun bidegabekerien oinarrian mundua ulertzeko ikuskera bat ezkutatzen da, eta ikuskera horrek hain errotuta dugun sistema honekin egiten du bat. Eta horrela, eta "Sexu-genero sistema suntsitzen" testuan irakur dezakegun bezala, "hausnarketa konplexu eta esku hartze diseinu sakon bat egin ezean, eremu hezitzaile oroko binarismoa eta esentzialismoa hedatzen jarraituko du". Horregatik, izan gaitezen ausart, murgildu ditzagun ikasleak konplexutasunean, hausnartu dezagun gure errealitateaz, eta saia gaitezen injustiziaren zergatiak topatzen, gure esku baitagu bide berriak sortzea.

Aurreko edizioetako postak arakatu eta "Sexu-genero sistema gure inguruan" jardueran egin dudan  hausnarketarekin lotura zuzena duen sarrera bat izan dut gustuko, hainbat erreferentzia interesgarri eta baliagarri eskaintzen dituena, gainera: 2018ko abenduaren 17an Argiñe Alacanok egindakoa: http://hezkeh0506.blogspot.com/2018/12/nolakoa-gizartea-halakoa-hizkuntza.html. Hizkuntzetako irakasle naizen heinean, bide berri hauetan pausuak eman ahal izateko bada aztertu, aldatu eta hausnartu behar dugun eremu bat: hizkuntzarena. Sexu-genero sistemak ezarritako mugei aurre egin ahal izateko, pentsamoldearen oinarriak ezagutu eta eraldatzeko eguneroko ahalegina egitea da nire proposamena, ahalegin hau ere gure eguneroko hizkuntzan islatu ahal izateko.



Sexu-genero sistema: Etiketak apurtuz, pertsonak askatuz


Gaia konplexua da, lehen pentsatzen nuen baino konplexuago. Horregatik nire lema da:

Etiketak apurtuz, pertsonak azkatuz

Jarduerak egiten nuen bitartean, konturatu naiz botere harreman guztiak eta matxismoa oinarri bera dutela.

Sistema bitar hierarkizatu bat sortzen da, eta giza talde bakoitzari rol eta ezaugarri batzuk esleitzen zaizkio, eta horietatik ezin da atera. Ez da kasualitatezko esleipena, baizik eta nagusi den taldea boterean iraunarazteko balio du. Hala da sexu-genero sistema, gizarte-klaseen sistema edo sistema arrazista.

Sistema horiek hausteko oso zailak dira, haien atzetik baitaude irabazi ekonomikoak,   botere ekonomiko eta sozialean sustatzen dira.

Emakumeen kasuan, pertsonen zaintza egiten den lana erabat doan dago. Bere denbora libre pertsona eta pertsona gisa garapenari denbora kenduz. Adibide argia abesti honetan ikusi dut:




Asun aurreko edizioko Post-a aukeratu dut, ikasleekin erabiltzeko materiala oso interesgarriak erabiltzen zituela iruditu zaidalako. Aniztasunen bideoa ezin hobea iruditu zait, oso erabilgarria ikasleekin erabiltzeko:

Hezitzaile bezala ikasleekin baliabide hauek Sexu- genero sistema hausnarketa egiteko, jostailuak aukeraketen hausnarketa lan egingo nuke.
Haurtzaroan jakintza, ezagutza eta adierazpena, jokoen eta jostailuen bitartez garatzen dituzte umeek. Jokoetan umeek gertuko bizipenak eta aukerak adierazten dituzte, portaerak, jokabideak eta trebetasunak ikasten dituzte eta etorkizunerako nortasuna eraikitzen dute.


 

Arazo izugarria dago sexu-genero sistema lantzeko orduan, eta kapitalismoa da nagusi. Sistema menderatze-sumisioa bereko bi zutabe dira, mendetasun horretatik irabazi ekonomiko handia ateratzen delako. Botere ekonomikoak egunero barre egiten digute aurpegira, eta nahi duen bezala erabiltzen gaitu, gure pentsamendu eta desioak moldatzen ditu  eta gureak direla uste dugu.  

Jendartea etengabean aztertuz lortuko dugu zerbait. Baina lortuko dugu egun batean sistema hierarkiko hau suntsitzea?

Ez dakit, oso zaila ikusten dut, egia esan.

Bitarra, dikotomikoa, baztertzailea eta suntsitu beharrekoa: sexu-genero sistema


“Hezkidetza, genero-sistema suntsitzen” izenburua du aste honetan ikastaroan jorratu dugun gaiko irakurgai nagusiak eta, ezbairik gabe, sexu-genero sistema suntsitu beharreko zerbait dela berresteko balio izan didate astean zehar irakurritako testuek eta eginiko jarduerek.

Hasteko, sexu eta genero kontzeptuen arteko ezberdintasuna ikusi genuen: ar-gizon/eme-emakume eta maskulino/femenino. Banaketa bitar hori multzo estankotan egiten da (multzo batean gizonak-maskulinoa, bestean emakumeak-femeninoa, bakoitzari gaitasun, rol eta egiteko zehatzak aurreikusten zaizkielarik), dikotomikoa da (gizona zara eta dagokizunarekin identifikatzen zara edo emakumea zara eta era berean identifikatzen zara femeninotzat hartutakoarekin, eta heterosexualitatea da pertsona guztiei suposatzen zaien sexu-orientazioa) eta sailkapen hierarkizatua da (gizona eta maskulinotzat hartutakoa bestearen gainetik).

Hala, inposatu zaigun sexu-genero sistemak zapalkuntza du oinarrian eta guztiontzat mugatzailea izateaz gain, pertsona askoren izatea bera ezkutatu eta ukatzen du. Izan ere, errealitateak gordetzen duen aniztasuna irudikatzeko, bi multzoren ordez abaniko zabal bat beharko litzateke.


Errealitatea ez da bat eta bakarra, askotarikoa eta higikorra da, eta ez da kabitzen kategoria higiezin eta itxietan: genero-identitate, genero-adierazpen, sexu biologiko eta sexu-orientazioari dagokionez, ia infinituraino luza daiteke errealitatean ematen den aukeren konbinaketa.



Aurrekoaz gain, hona asteko irakurgaietatik ateratako hainbat ideia laburbilduta:

·         Sexu-genero sistema kontzeptua Gayle S. Rubin antropologoak enuntziatu zuen 1975ean
·         Generoa ulertu eta kontzeptua erabiltzeko modu asko egon dira (Joan W Scott historialariak artikulu honetan azaltzen duenez)
·         Sistema bitarra eta sexuaren beraren izaera biologikoa zalantzan jarri dute hainbat teorialari kritikok (Judith Butlerrek Genero nahasmendua liburuan eta Monique Wittigek Pentsamendu heterozuzena obran, kasurako)
·         Mundua guk sortzen dugu eta guk eraldatu dezakegu, eraikitakoa deseraiki egin daiteke. Genero-ikuspegia behar-beharrezkoa da egunerokotasunari beste begirada batez aurre egiteko eta “normaltasun” ustezkoa desnaturalizatzeko.

Aurreko edizioetako ikaskideek gaiaren inguruan idatzitako hainbat ekarpen irakurri ostean, Argiñe Alacano Loitiren hau  aukeratuko nuke. Ipinitako hiperesteken eta txertatutako bideoen bitartez informazio zabala, mota eta iturri ezberdinetakoa emateaz gain (artikuluak, wikipedia, txosten eta gidak), izugarri gustatu zait darabilen irudi hau, genero estereotipoen dantza irudikatzen duena: 

Iturria:  ArgiñeAL-k 2018ko urriaren 29an talde-bloge honetan argitaratutako “Zer da normala?” posta


Gaia berez zabala da eta ikuspegi ezberdinetatik landu liteke, ume eta gazteekin gai hau lantzeko orohar komikiak/nobela grafikoak edota ikus-entzunezkoak erabiliko nituzke, eta iruditzen zait horietako asko helduekin lan egiteko erabilgarriak ere badirela. Oso gustuko dudan material bat dibuixant el gènere da (hori du katalanezko izenburua, “generoa marraztuz” esan nahi du, oraingoz gaztelaniaz eta ingelesez ere dago eskuragarri webgunean). Gerard Coll-Planas eta Maria Vidalek sortua, komiki eta bideo formatuetan eskuragarri dagoen materiala da. Bertan, irakaslea dirudien extralurtar batek beste batzuei azaltzen die, lurra planetari begira, giza espeziearen sexu-genero sistema bitxia: sexua, generoa, sexu-identitate eta -orientazioa, biologizismoa, estereotipoak, ezberdintasunak eta ezberdinkeria, sexismoa, homofobia, intersekzionalitatea... Kontzeptuak modu ulergarrian azaltzeaz gain, aipu eta adibide ugari tartekatzen ditu denbora-tarte laburrean. 

Beste aukera bat, argitaratu diren gida didaktiko ugarietako bat erabiltzea litzateke, horietako bat da  STEILASen Genero eta aniztasun sexualerako gida, ondoko podcastean azaltzen dutena:

Amaitzeko, nire ustez hau guztia eremu hezitzaileetan (formalean, ez formalean, etxean…) lantzeko oztopo nagusia bitartasuna oso errotua dagoela da, eta ez dela horrekiko ikuspegi kritikorik sumatzen gehiengoaren artean: edo ez gara kontziente bitartasun horrek pertsona guztiengan eragiten dituen mugetaz eta pertsona jakin batzuengan eragiten duen bortizkeriaz, edo guztiz eroso sentitzen gara sexu-genero sistemak egokitu digun tokian eta rolean (cis eta ar jaioak, batez ere) eta are, “genero ideologia”delakoarekin bazterrak nahastu nahian dabiltzanak ere badira.

Eragin beharra dagoen fronte asko ikusten ditut zabalik, aldatu beharreko gauza asko (norberarengadik hasita, politikaraino). Oraingoz zalantzak ditut buruan erantzun posibleak baino gehiago. Espero dut, ikastaroak aurrera egin ahala, zalantza horiek uxatzen eta egoerari buelta emateko behar diren estrategiak eta bideak irudikatzen joango garela.    


TRENA MARTXAN JARRI DUGU, 

LEHENDABIZI DENOK BARRURA, 

BIGARREN, ABIADURA





Aste honetan sexu-genero sistemari buruzko hausnarketa egiten saiatu naiz, niretzat gai oso sakona da eta denbora laburrean ez dut uste nire zalantzak guztiak argitu direla, ez guztiz. 

Sexu-genero sistemak izan duen kaltea argi daukat, baita generoaren kontzeptualizazioa ere, baina ez dut uste gehiegi sakondu denik sexu kontzeptuaren inguruan, bereziki arlo biologikoan. Bideoan entzun ditudan esaldi batzuk zalantzan jarri naute: sexu-genero kontzeptuak orain dela bi mende hasitako kontua dela? Nik ikasitakoaren arabera askoz arinagoko sistema da hori. Bat nator esaten denean gizon eta emakumean desberdintasunak genoroarekin bat egiteak era naturalean izango balitz bezala frogatu nahi izan dela, kategorizazio dikotomiko baztertzailea alegia. Hala baina, zer esan nahi da bideoan esaldi honekin: (…) horregatik bi sexuez haratago pertsona beste genero identitate egon daitezke deusezten eta berreraikitzen. Nire uste apalean, kontzeptu horiek kulturalak baldin badira eta sozialak pertsona indibidualitate gisa at dagoen eraikuntza da, beraz ez dut ulertzen nola egon daitezkeen pertsona beste genero. 
Baten batek esango dit, zergatik nahasten duzu arlo biologikoa arlo sozial batean? Niretzako biak behar direlako aurrez-aurre dugun gakoa ondo ulertzeko. 
Baten batek esango dit, zergatik nahasten duzu arlo biologikoa arlo sozial batean? Niretzako biak behar direlako aurrez-aurre dugun gakoa ondo ulertzeko. 

Sexu-genero, euskararen erabilera inklusiboa 


 -n hizkuntzaren inguruko gogoetak egiten ditu, eta munduan genero ikuspegia deusezteko dauden proposamen batzuk jasotzen ditu. Egia esan, ni oso urrun nago hor planteatzen diren batzuetatik, x formula erabiltzearena -alumnxs, amigxs…- edota genero neutroa -alumnes, amigues- gisa adieraztea. 
Baten batek esango dit, zergatik nahasten duzu arlo biologikoa arlo sozial batean? Niretzako biak behar direlako aurrez-aurre dugun gakoa ondo ulertzeko. 


Sexu-genero kontuetan sakontzeko hemen aurkitu dudan esteka: 

http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/el-concepto-de-genero/ar-152507/
  

Gure esparruan gaia bideratzeko 

Bestalde, hezitzaile gisa ikasleekin lantzeko eztabaida interesgarri bat jarri nahi dut. Programa honek audientzia handia izan dut. Gaiaren inguruan,  zenbait pentsaera daude. Oso interesgarria izan daiteke Bigarren Hezkuntzako ikasleekin lan egiteko, bereziki 4. DBHn eta batxilergoan. Gainera, ikasgai desberdinetako aportazioak entzun daitezke: sexua, generoa, identitate sexuala pertsonala eta gizarte mailan. https://www.youtube.com/watch?v=ut_f6rvYyIw

Sexu-genero sistema lantzeko dauden oztopoen artean lehendabizi norbera aipatuko nuke. Gaia ez da erreza bideratzeko, zalantza asko sortzen ditu, norberaren konbikzioak ere zalantzan jartzen ditu. Beste alde batetik, eskolako plangintzan sartu beharreko ikusten dut, familia batzuekin arazorik ez izateko.