2018/10/29

Zer da normala?


Argi dago sexu-genero sistema, alde batetik, ez dela naturala, ezarritakoa baizik eta, bestetik, sozializazio prozesuaren bitartez etengabe erreproduzitzen ari dela, komunikabide, instituzio eta abarren laguntzarekin. Jaio aurretik hasi eta edozein etapatan presente dugun zerbait da.

Jaio-aurretik, umearen sexu biologikoa zein den esaten digute (beti ere bi aukera soilik kontuan hartuz) eta honen arabera, bere generoa zein izango den ere jakintzat hartzen dugu. Ondoren, umearen garapena oztopatuko duten hainbat erabaki hartzen hasten gara, hala nola ze arropa erosi edo berrerabili daitekeen, gelaren apainketa nolakoa izango den edota ze izen jarriko diogun. Eta hemendik aurrera, umearen bizitza baldintzatuta egongo da… Neska bada, arrosa gustatuko zaio, panpinekin jolastuko da, ahula eta hauskorra izango da, mutilak gustatuko zaizkio, depilatu eta makillatu egin beharko da, bere bizitzako helburu nagusia ezkontzea eta ama izatea izango da, eta ingurukoen zaintzaz arduratuko da, beste hainbat gauzaren artean…


Eta sexu-genero sistema zapaltzaile hau zalantzan jartzen dugunok, ez dugu batere errez izango. Jostailuak, arropa, e.a. erostera goazenean, “neska ala mutila” dikotomiaren artean aukeratzera behartzen gaituzte. Hona hemen, gaiari lotutako Miren Amurizaren artikulu bikain bat.

Guzti honen harira, orain dela egun gutxiko artikulu batek honela zioen: “Generoa genitalek zehazten duten kondizio biologikotzat xedatzeko asmoa agertu du Trumpen Gobernuak”. Argi dago, okerrera goazela… Izan ere, askotan atzerapen hauek gure lurraldetik kanpo gertatzen direla pentsatzen dugu, baina artikuluan aipatzen den moduan, “itsasoz bestaldera salto egin beharrik barik, gurean ere baditugu genero arau bitarra indartzera datozen arauak. “Erregistro zibilari aholkuak” emateko helburua duen Euskaltzaindiaren izendegia kasu.”. Bai horixe, Gurasoennahia Euskaltzaindiaren menpeerreportaian azaltzen denez, Euskaltzaindiak 2001etik aurrera, sexuaren araberako bereizketa finkatu du izenetan, ordu arteko anbiguotasunak ezabatuz.

Beraz, sexuaren arabera umearen izena normala izango da edo ez da izango… Baina, zer da normala? Hori da azken urteotan nire buruari etengabe egin diodan galdera…


Egungo sexu-genero sisteman, heteroaraua da normalena, galdetu gabe jakintzat emango dena… Adibidez, norbait ezagutzen dugunean “bikotea” hitza erabili beharrean “mutila” edo “neska-laguna” duen galdetzen diogu bere sexuaren arabera. Zergatik? Ohituta gaudelako…  Baina ohiturak, beste gauza askoren artean, zalantzan jarri behar ditugu. Honen harira, Coral Herrerak dioen “mundua den bezalakoa da eta guk egokitu behar dugu bertara, ez alderantziz.” esaldiarekin ez nago oso ados. Izan ere, kultura EGITEN sortzen da… Ezin dugu bere horretan utzi… Guri dagokigu hurrengo belaunaldiek hezkuntza hezkidetzaile bat izatea, erreferente bihurtu behar gara, eredu izan behar gara. Eta, horretarako, genero ikuspegia gure bizitzan txertatu behar dugu. Etengabeko lana da.

Egia da ere, hau guztia eremu hezitzaileetan (formalean, ez formalean, etxean …) lantzeko oztopoak baditugula. Izan ere, jendartearen instituzio ezberdinek (komunikabideek, e.a.) eredu dikotomikoa erreproduzitzen dute. Eta askotan, ezjakintasuna eta honek sortzen duen beldurra dira oztoporik nagusiena.

Aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post bat aukeratzekotan, F!ONAK idatzitakoa aukeratuko nuke, ematen dituen adibide askoren artean, komunetan gertatzen dena aipatzen duelako eta, bereziki, bere hurbileko lagun batekin izandako esperientzia kontatzen duelako. Izan ere, nire inguruan sexu-genero sistema konbentzionaletik kanpo dauden ereduak faltan botatzen ditut.

Ikasleekin gai hau lantzeko erabili daitezkeen baliabideen artean, aniztasun ereduak ematen dituztenak aukeratzen saiatuko nintzateke, istorio ezberdinak biltzen dituzten ipuin, pelikula, liburu, e.a. Gainera, oso interesgarria ikusten dut egungo sexu-genero sistematik kanpo dauden pertsonekin elkarrizketak antolatzea. Hona hemen adibide batzuk:



  
Azkenik, kontatzeko daukagun guztia ezin dugulako blogeko sarrera batean sartu, gaiari lotuta eta interesgarriak iruditzen zaizkidan lotura edota gomendio batzuk uzten dizkizuet.
Ondo izan!


1 iruzkin:

  1. Interesgarria txertatu duzun materiala!! Mila esker

    ErantzunEzabatu