2017/10/30

SEXU-GENERO SISTEMARI BURUZ HAUSNARTZEN

Nire ingurua testuinguru bakoitzaren arabera asko aldatzen da. Familia, lagunarteak: koadrila, asanblada, udalekutako lagunak…, bikotekidea, dantza taldea, baleteko taldea… Inguru bakoitzeko errealitateak oso ezberdinak dira.
Familiako egoera bat aipatu nahiko nuke, nire aitona Donostiako alde zaharreko elkarteko bateko bazkidea zen. Hil zenean bazkidetzak bere semeren batena pasa behar zuen, baina nire aitonak ez dauka semerik, hiru alaba baizik. Nire osaba batek hartu zuen azkenean elkarteko bazkidetza eta bera da orain bazkide. Baina hori ez da okerrena, elkartean sukaldera sartzeko marra bat dago lurrean, emakumeok ezin dugu sukaldera sartu. Bai, gezurra badirudi ere halaxe da, XXI. mendean oraindik horrelako egoerak aurkitzen ditugu. Askotan kexatu gara honetaz, baina sentimendu kontrajarriak dituzte hiru ahizpek, batetik ez dute justua ikusten emakume izateagatik horrelako muga absurdoak izatea, eta bestetik beraien aitak hainbeste maite zuen lekua mantendu nahi dute. Beraz, familiako eztabaidak oraindik ere oso oinarrizko mailakoak dira.
Asanblada mistoetan adibidez, nahiz eta asanbladak bere burua feministatzat izan eta balore horietan eraikitzen saiatu, beti izaten ditugu egoera deseroso batzuk. Denontzat ez dira deserosoak izaten, baina askotan pertsona batzuen jarrerek besteak zapaltzen dituzte. Hitz egiteko modu agresiboa, bata bestearen gainetik hitz egitea, hika mutilena erabiltzea… asmo txarrik gabe eginiko ekintzak izaten dira baina ondokoa zapaldu eta deseroso sentiarazten dute, gehienetan emakumea izaten delarik zapaldua. Oso gertuko jendea izaten da eta askotan zaila izaten da horrelako egoerak kudeatzea.
Lagunartean berriz gauzak oso ezberdinak dira, badugu lagun bat Lore izatetik Lo izatera pasa dena. Ez du bere burua emakume bezala identifikatzen, ezta gizon bezala ere. Duela 4 bat urte hasi zitzaigun berari gertatzen zitzaiona kontatzen, eta hasieratik ulerkor jokatzen saiatu bagara ere asko ikasi behar izan dugu bidean. Ordu arte trans gaia gure artean nahiko ezezaguna zen, berak esan zigunean ez zela emakume sentitzen eta beste aldaketen artean beste izen bat izango zuela gehienon aurrenengo galdera edo ondorioa hauxe izan zen; a orduan mutila sentitzen zara. Kosta zaigu baino berarekin konturatu gara eta ikasi dugu sexua eta genero asko eta anitzak direla, oraindik ere asko kostatzen zait dikotomia horretatik atera eta mundua beste begi batzuekin ikustea baina pixkanaka bidea egiten ari naiz.
Ez nuke aipatu gabe utzi nahi komunen mundua, berarekin oso garbi ikusi ahal izan dut, baina askoz ere lehenagotik haserretzen ninduen gaia da komunena. Horrelako detaileak dira egunero ikusi eta barneratzen ditugunak. Komunera joatean nesken edo mutilen komuna aurkitzen ditugu, batera edo bestera sartu aukeratu behar da, zuri “ez dagokizunera” sartzen bazara gainera, edonork zerbait esateko eskumena duela ematen du. Zer esanik ez atean egoten diren irudiei buruz, galtza edo gonarekin dauden irudiak izaten dira ohikoenak, baina batzuetan askoz irudi estereotipatuagoak ikus daitezke; futboleko baloia eta ezpainetakoa, kiroleko zapatilak eta takoidun zapatak… lotsagarria benetan.
Horrelako milaka mezu jasotzen ditugu egunero eta momentu oro telebistan, iragarkietan, abestietan, ipuinetan, helduengatik jasotako mezuetan… haurrek pixkanaka hori guztia barneratzen dute eta kontzientzia hartzen hasten garenean zaila izaten da buelta ematea. Oso barneratuta ditugun ideiak dira eta lan handia egin behar dugu eta daukagu egiteko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina