2017/11/04

ELKAR DITZAGUN INDARRAK GENERO-INDARKERIAREN AURKA

Genero-indarkeria, zoritxarrez, gaur egungo gizartean pisu handia hartu duen gaia da. Telebistan behin eta berriz honen inguruko berriak ikustera ohitu gara, gizonezko batek emakume bati (emakume izate hutsagatik) nolabaiteko tratu txarrak eman dizkiola ikustera. Eta honelako berriak ikustean, zer pentsatzen du bat baino gehiagok? “Hara, beste bat”. Lotsarazia izan den beste emakume bat, jipoitua izan den beste emakume bat, eraila izan den beste emakume bat. Zerbait normala izango balitz bezala.

Egia da genero-indarkeria kontzeptua pixka bat nahasgarria suerta daitekeela. Hitz bera aztertuz, gizonak emakumeari eginiko kalteaz gain, emakumeak gizonari egin diezaiokena ere barne hartzen du; izan ere, bi “generoen” artean gertatzen den indarkeriari buruz ari gara hitz egiten. Baina, ez gaitezen engainatu. Antena 3 katean agertu diren berriei so egitea besterik ez dago kasu gehientsuenetan erasotzailea gizona dela ikusteko.


Horretaz gain, kontzeptu honek ez du bikote homosexualetan eman daitekeen indarkeria mota barne hartzen. Izan ere, “genero-indarkeria”, hitz berak adierazten duenez, bi generoen artean ematen dena da; baina aipaturiko bikote hauetan bi pertsonak genero berdinekoak izanik, ezin litezke definizion horren barnean sartu.

Honen inguruan gehiago jakiteko, sarean zehar informazio bila hasi naiz eta orrialde honetan irakurri ahal izan dudanez, Zapateroren garaian firma bilketa bat abian jarri zen “Por la inclusión de las parejas homosexuales en la Ley de Violencia de Género” izenpean. Bilketa honen helburua, bikote homosexualen artean ematen den indarkeriak, genero ezberdineko bikoteetan ematen denaren babes judizial eta asistentzial berdina izan dezan lortzea da.


Aurrez aipaturiko hau guztia gertatzearen arrazoia, nire aburuz, gizartean garaturik dauden rol ezberdinen errua da. Txikitatik haurrei indartsuak eta menperatzaileak izan behar direla irakasten zaie; ahulak edota otzanak izanez gero, sozialki barregarri geratuko direlarik. Miguel Bosék eginiko kantuan entzun daitekeen bezala, “los chicos no lloran, tienen que pelear”. 


Egia da bizitzako lehenengo urteak familia eta eskola testuinguruan pasatzen ditugula. Lehenengo estimuluak inguru hauetatik jasotzen ditugu eta lehenengo urte hauetan hasten da etorkizuneko ikaskuntzaren oinarria. Oinarri hori behar bezalakoa izan dadin, haurrei txikitatik balore egokiak transmititzea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Pertsona guztiek eskubide berdinak izan behar ditugula, eta inoren bizitzak ez duela besteenak baino gehiago balio. Guztiok izan ditzakegula egun goibelak, neketsuak, ahazteko modukoak… eta egoera horiek sorten dizkiguten sentimenduak mahaigaineratzea ondo dagoela. Arazoren bat izanez gero, indarkeria alde batera utzi eta hitzen bitartez konpondu daitekeela…

Hala ere, sarri pentsatu izan dut gai honi merezi duen garrantzia ez zaiola ematen. Haur baten heziketa ez da erreza, ez horixe, baina ahaleginak egitea ezinbestekoa da berdintasunezko gizarte justu bat sortzeko. Irakasle naizen aldetik, eskola testuinguruan genero-indarkeriaren inguruan gauza askorik lantzen ez dela iruditzen zait. Kide batek beste post batean idatzi duen bezala, oso ondo dago azaroaren 25ean emakumeenganako indarkeriaren nazioarteko eguna ospatzea; gaiak duen garrantzia azpimarratzearren. Baina, gainerako egunetan, zer?


Lehenengo pausua, aurreko astean aipatu genuenez, berdintasunean oinarritutako hezkuntza sistema bat ezartzea izango litzatekeela deritzot. Honi esker, etorkizuneko bidegabekeriarik gabeko gizartea sortzeko lehen zantzuak emango ditugu, pertsona guztien aukera berdintasuna bermatuz eta gaur egungo emakumeen gutxiespena deuseztatuz.

Horretaz gain, genero-indarkeria presente dagoela kontutan izanik, garrantzitsutzat joko nuke indarkeria mota hori identifikatzeko gaitasuna sustatzea ikasleen artean. Baita, behin indarkeria hori bistaratuta izanik, horri erantzuna emateko beharraz. Halere, nire aburuz, garrantzi gehiena ikasleei hezkidetzaren munduan murgiltzea izango lizateke; genero-indarkeria sortzen duten pentsamendu horiek sortzea ekidinez. 




Amaitzeko, aurreko edizioko post honekin uzten zaituztet. Idatziriko guztia modu koherente eta kohesionatuan aurkezteaz gain, aipatutako kanpo-baliabideak (argazki, bideo eta linkak) oso egokiak baitira gai honen inguruko ideia sakonago bat egiteko. Interesgarria irudituko zaizuelakoan...


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina