2016/11/28

Legedia, borondatea eta baliabideak


Gizarte antolatu batean gizarteak berak onartu dituen ohituren, jardunen eta jokaeraren arauak dira legeak. Aginpideak indarra du bere esku lege horiek betearazteko. Gizartea bizitzako araua denez gero, legeak guztien onerako izan behar du, eta ezaugarri hauek ditu: betebeharrekoa izatea, aginduak baitira legeak eta ez legegilearen aholkuak; orokorra izatea, balizko egoera guztietarako erabilgarria izateko egina baitago; eta behar bezala sortua izatea, legeak berak eskatzen duen eran eta eskatzen dituen baldintzak beteaz.




Legeak direla-eta, Werten lege-proposamena aipatu nahi dut, hain zuzen ere, genero ikuspegitik oso atzerakoia delako. Jakina da berdintasunaren aldetik urrats handia izan dela eskola mistoa eratzearena; Wertek, ordea, segregazionistak diren ikastetxei diru-laguntza mantenduko die. Erabakia oso polemikoa izan da, horrek bermatzen baitu ikastetxe horiek jarraitu eta zabaldu egingo direla. Aurrerantzean, gainera, errazagoa izango da curriculumak neskei eta mutilei “egokitzea”, eta arriskua dago neskak zenbait disziplinatik urruntzeko. Gainera, krisi-garaian gaude, eta badakigu nori eragiten dion gehien: langabezian gelditzen lehenengoak emakumeak izaten dira; azkenean, baten batek gelditu behar du etxean, eta emakumea gelditzea oso ohikoa da. Arrisku handia dago atzera egiteko. Halere, gaur egun berdintasunari dagokionez iritsi garen puntura iritsita, uste dut ez dugula utziko atzera egiten. Baina Espainiako gobernu eskuindarra erakusten ari den ideologiak beldurra ematen du.

Gainerako legeen inguruan (Generoaren Indarkeriaren Aurkakoa, eta Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunarena) iruditzen zait instituzioek ardura dutela berdintasuna sustatzeko eta matxismoarekin amaitzeko, eta ardura hori zehaztu beharra dagoela, eta baliabideekin lagundu. Feminismoak lortu du instituzioetan sartzea, eta borroka hori egin ez balitz, oraindik ere berdin jarraituko lukete erakundeek.

Bestalde, azaroaren 25eko aldarrikapenen arrimura, genero indarkeriari buruzko itun berri baten aldeko proposamena aurkeztu du PSOEk Espainiako Kongresuan, egun indarrean dagoen legea eguneratzeko. Zehazki egungo legeak aintzat hartzen ez dituen hainbat delitu genero indarkeria gisa sailkatzea izango da xede nagusietako bat: besteak beste, bortxaketak, sexu gehiegikeriak edota emakumeen salerosketa. Oro har, indarkeria matxistaren aurkako politika errotik aldatzeko, konpromiso politikoa eta baliabideak behar dira. Izan ere, halako legeak oso garestiak dira, eta baliabide asko behar dira neurri zehatzak indarrean jarri ahal izateko. Aurreko legealdian, esaterako, PPren gobernuak %30 murriztu zituen bortizkeria matxista prebenitzeko eta biktimei laguntza emateko diru partidak.

Berdintasun errealaren bidean dauden erronka nagusiak hauek dira:

-Gizarte komunikabideak eta publizitatea:

Gizarte-komunikabideek, beren programazioak egiteko orduan, ez dute hizkera sexistarik erabili behar, eta emakumeen parte-hartze aktiboa eta sexu bien presentzia orekatua eta irudi anitza bermatu behar dute, edertasun-kanonetatik eta sexu bakoitzak bizitzako arloetan betetzen dituen eginkizunei buruzko estereotipo sexistetatik aparte, eta bereziki zaindu behar dituzte ume zein gazteentzako edukiak.

-Unibertsitatez kanpoko hezkuntza:

Hezkuntza-politika publikoek bultzatu beharreko hezkuntza-ereduek, betiere, helburu hauek izan behar dituzte: sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaintzea, bereizkeria-mota oro baztertzea, eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzea. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan eta abarrean.

-Curriculuma:

Hezkuntza Administrazioak hezkidetzako proiektuak sustatuko ditu, eta jarraian aipatzen diren hezkidetza-helburuak integratuko ditu hezkuntzako maila ezberdinetako jakintza-arloetako eta diziplinetako curriculumaren diseinuan eta garapenean.

-Irakaskuntzako materiala:

Debeku da pertsonek, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago edo gehiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duen testu-liburu edo irakaskuntzako material oro zabaldu eta erabiltzea Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, eta baita emakumeen aurkako indarkeria justifikatu, horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen duen oro ere.

-Prestakuntza:

Hezkuntza Administrazioak hezkidetzari buruzko prestakuntza-planak jarriko ditu abian; plan horiek irakaskuntzako profesionalei zuzenduta egongo dira, eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxe guztiak hartuko dituzte beren baitan. 


HEZKIDETZA ETA LEGEDIA, AURRERAPAUSO ETA ETENAK

Atal honetako irakurgaia Maria José Urruzolaren Orientaciones para la coeducación testuarekin bukatzen da. Ez dut topatu testu hori noizkoa den, baina askotan ikusi dudala eta Maria José Urruzola hil zenetik urte batzu pasa direla kontuan hartuta, ez da gaur-gaurkoa. Aditu honek, testu horretan, diagnosi eta plan baten beharra adierazten du eta hain zuzen ere “Hezkuntza-sisteman Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida plana” 2013koa da, 2016rainoko indarrarekin. Zertara noan honekin? Ba beharra aspalditik definituta zegoela, erronka eta formula edo metodologiaren bat ere bai, eta marko legala oraindik ere definitu gabe dagoela, izan ere, dagoena gida-plan bat delako.


Legeak bai, bermatu, bultzatu, helburuak lortzeko modu aktiboaz eta beste hainbat moduetaz hitzegiten dute. Baina beharra ez da legalki zehazten eta borondatezkoa da gehiegitan. Argi daude Berdintasun Legearen printzipio orokorrak herri-aginteen jarduerari dagokionez; testuan bertan agertzen dira:  tratu berdina; aukera-berdintasuna; dibertsitatea eta ezberdintasuna errespetatzea; genero-ikuspegiaren integrazioa; ekintza positiboa; sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea, eta koordinazioa eta lankidetza. Atal esanguratsu azpimarratzekotan, hori aukeratuko nuke, biltzen duen guztiagatik. Horiek lortzeko bidean gertuago gaudenik ezingo nuke ukatu. Izan ere hainbat egitura garatu dira, berdintasun politikek aurrekontuetan eragina dute eta agenda politikoan beti dago gai hauen presentzia. Orain, horrelako egitura legala izanda, zein puntutaraino iritsi gara eta noiz egin beharko genuke beste aurrerapauso bat.

Bestaldetik, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI planak, berdintasun politikak garatzeko lan ildoak markatzen ditu  http://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/politicas_vi_plan/eu_emakunde/adjuntos/VIPlan_final_eu.pdf, baina hezkuntzan hutsunea nabari dut. Dena den, VI planaren ebaluazioa eta VII.-ren diseinua hortxe, gertu egongo da hemen eta hainbeste aipatzen den Hezkuntza Legearen legegiltzaldia “izan behar lukeen honetan”, hezkidetzak gero eta toki gehiago izango duela pentsatzen dut.




Ez naiz zuzenbidean aditua baina nire jardunean Berdintasun Legea eta Lan Arriskuen Prebentziorako Legea aurrez aurre eduki behar izan ditut zenbaitetan. Aditua ez izateagatik ezin dut konparazio orokorrik egin, eta gainera ez dira konparagarriak baina  kasu batean legez bete beharreko baldintza batzu agertzen dira eta hala betetzen dira. Esate baterako pertsona bakar bat kontratupean izateak Prebentzio Plana izatera behartzen du enpresariak. Espainiako Berdintasun Legeak 250 pertsonetan ezartzen du Berdintasun Plana izateko beharra enpresatan. Ez noa hemen konparazio gehiago egitera baina zuzenbidean aditu batekin partekatuko nuke eztabaida haren iritzia jakiteko.

Egiturak ere sortu dira, baina zein puntutaraino dira eraginkorrak egitura horiek beti ere persona eta aurrekontu eskasa badute bere baitan? Beti ere baliabide gutxirekin lan egin behar badute? Argi dago borondatearekin orma ugari hausten dela baina ez da nahikoa.  Zalantzarik gabe bidean gauden arren.






Hezkidetzaren marko legala

HEZKIDETZAREN MARKO LEGALA

Aste honetako irakurgaian ikusi dugun bezala baditugu gure inguruan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko eta bermatzeko hainbat lege eta hezkuntza prozesuari arretaz begiratzen diotenak, hezkuntza eremua oso garrantzitsua bait da pertsonen bizitzarako prestakuntzan; hezkuntza eremuan eragile hezitzaile guztiak inplikaturik  daude.

 Symbaloo batean jasota daude kronologikoki euskal hezkuntza sistemako legeria eta bertan agertzen den oinarrizko lege bat Euskal Eskola Publikoaren Legea da: “Irakasten denaren hezkidetzazko izaera bermatu behar da”.



Historian zehar berdintasunaren inguruko Legediak onurak ekarri dituela garbi dago eta  lege hauei esker aurrerapen asko eman badira ere, oraindik parekotasun erreala lortzeko bide luzea dago. Legeak hainbat teoria indartzeko argumentu bilakatzen dira, lagungarri dira, baina ez nahikoak. Nire ustez oraindik berdintasun errealaren bidean dagoen erronka nagusia  gizartearen formakuntza eta kontzientziazioa da, emakumeen eta gizonen berdintasuna ia-ia lortuta dagoenaren ustea oso zabalduta bait dago eta  ez dago estatistiketara jo besterik hori horrela ez dela ikusteko (lan merkatuari buruzkoak, partaidetza soziopolitikoa, emakumeen aurkako indarkeria, …). Oraindik gizarte patriarkatu baten bizi gara eta androzentrismoak eta sexismoak pil-pilean jarraitzen dute. Mendebaldeko herrialdeetan nabariagoak dira legedi hauek, izan ere, garatu gabeko herrialdeetan gu baino egoera larriagoan daude.

 Honez gain legeak paperan idatzita gelditzen dira eta nahiz eta eragile politiko guztien adostasuna jaso, ez du ezertarako balio ez badira legeak bideratzeko neurriak hartzen , baliabideak ipintzen eta pertsonen konpromisoa lortzen.


Hezkuntzaren alorrera joanda, esan behar dut eskola eremuan muturreko kasuak aztertzera behartuta daudela, baina bestelako genero indarkeria sinbolikoetan, curriculumaren eraldaketa, ezkutuko curriculumaren hausnarketan, material didaktikoaren azterketan eta irakasleon formazio progresiboan, adibidez, desoreka handiak daude. Legeak berdintasuna aldarrian jartzen duen arren, genero berdintasuna balore gisa ez dugu barneraturik eskola komunitatean eta erresistentziak handiagoak dira jarrera hezkidetzaileak baino. Beraz, eskola eremuan ere lan taldearen sentsibilizazioa landu beharra dagoela uste dut (sentsibilizazio guneak indartuz eta formazio saioak eskainiz), begirada hezkidetzailearen garrantziaren kontzientzia esnatzeko.


            Aztertu ditugun lege guztietatik honako hau aukeratu dut esanguratsua egin zaidalako: Emakumeen eta Gizonen Berdintasun eraginkorra lortzeko Lege Organikoak (2007ko martxoaren 2a) 24. artikulua.





Legediari buruz hausnartzen

Aste honetan Hezkidetzaren marko legalean sakondu dugu; legeak irakurri, aztertu eta haien inguruko hausnarketarekin ari gara.

Azken urteotan arau ugarik aipatutako marko legala osatu duten arren, ezin dugu ahaztu hamarkada gutxi batzuk arte emakumeok ez genuela aukerarik legeak sortu eta haien inguruko eztabaidak eremu politikoan aurrera eramateko. Gaur egun ere, naiz eta aukera hori badagoen, politikan diharduten emakumeen kopurua ez da gizonezko kopuruaren berbera. Eta beraz, onartu beharra ddaukagu esku artean darabilgun marko politikoa (edo haren zatirik handiena behintzat) gizonezkoek sortu dutela.
Hezkidetzak gaur egun marko legal bat duela esan badezakegu, urteetako borroka feministak garaipen hori lortu duelako da. Baina arau horiek abiapuntu gisa onak diren arren, ez dira nahikoa eralaketa soziala lortzeko.



Legedia hurbilagotik ezagututa, berdintasun errealaren bidean dauden erronka nagusiak honako hauek dira nire ustez:

  1. Hezitzaile komunitate osoaren kontzientziazioa. Beharrezkoa da marko legalak babesten duen hori sinetsi eta zertan datzan jakitea. Heziketa eremuetan ari garen guztiok eraldaketa beharrezkoa eta posible dela sinesten ez badugu, eraldaketa ez da posible izango.
  2. Behin kontzientzia hartuta, eraldaketa prozesuan parte hartzea edo konpromisoa. Denon indar eta sormena lagun ditugula norabide berean egin behar dugu bultza, egiazko aldaketarik gertatzea nahi badugu.
Erronka horiek aurrera ateratzeko proposamen gutxi batzuk honakoak izan daitezke: 
Kontzientzia lantzeko, Hezkidetza Mintegietan arlo gutzietako hezkitzaileek parte hartzea, familiak eta hezkuntza komunitate osoko ordezkariak egotea eta irakasle bakoitzak erabiltzen duen material didaktikoaren berrikuspena egiteko konpromisoa hartzea, besteak beste.
Hezkidetzaren inguruko legediak lorpen asko izan dituen arren, nire iritziz lorpen aipagarriena hezkidetza bera hezkuntza komunitatearen agendan agertu eta leku garrantzitsua hartzea izan da. Izan ere, orain dela gutxira arte hezkuntza arloan zebiltzan askok eta askok hezkidetzaz hitz bakar bat ere entzun ez zuela esan zitekeen. Gaur egun aldiz, hezkuntza esparruarekin eta legediarekin besterik ez bada ere hezitzaile gehien gehienok ezagutzen dugu hitza, horietatik gehienek kontzeptua ulertzen dugu, eta asko bat gatoz hezkidetzaren helburuekin. Kontzientziazio prozesuan lagungarria izatea da beraz nire ustez lorpenik handiena; baina ezin gara erlaxatu, oraindik lan handia dugu egiteko eta!

Aztertu ditugun lege guztien artean esagunratsua den bat aukeratzekotan (esanguratsuak asko eta asko badira ere), Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen 28. artikulua aukeratu dut:


sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaini, bereizkeria-mota oro baztertu eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzen dituena izango da. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan eta abarrean





Arlo horretan lan handia ddugula iruditzen zait nire ingurura begiratzen dudanean. Eta bereziki gustatzen zait benetako berdintasuna aipatzen denean "antolakuntza" bera ere aipatzea.





Legeen hausnarketa


Hemen uzten dizuet legediaren inguruan egindako aurkezpena:

https://docs.google.com/presentation/d/15aesI1Xunbu7meRuhPD-l8FZNqVKZgDU8fvh4Ogq4j8/edit?usp=sharing


Legeak lege: Ausardia eta baliabideak behar dira

Legeak diseinatzen dira eta arauak ezartzen dira zerbait betearazteko edota erregulatzeko. Politika publikoen kasuan intentzio edo asmoak adierazteko.

Legeak edo arauak ezarri ondoren, horiek betetzeko neurriak ezarri behar dira. Berdintasun erreala lortzeko ezinbestekoa da borondatea dagoela adierazteaz gain, hori betetzeko baliabideak bideratzea. Baliabide ekonomikoak ezinbestekoak dira horretarako. Aurrekontuetan islada izan behar du eta diseinatzen diren berdintasun politikak eraldaketa estrukturala izan behar du helburu. Hortxe dago, nire ustez gakoa: Berdintsun erreala lortzeko ezartzen diren politikek ez dute bultzatzen emakumeen ahalduntzea eta balore aldaketa. Politika guztien erdigunean kokatu behar dira berdintasun politikak

Gero eta lege gehiago egoteak esan nah du konpromisoa gero eta handiagoa dela. Beraz, dugun erronkari aurre egiteko, planteamendu eta plan integralak eta koordinatuak egitea da gakoa. Arlo ezberdinetan modu koordinatuan eragiteko.

Horretara dator hezkidetzaren inguruko legeria. Gakoa hezkuntzan dagoela diogu behin eta berriz. Baina horretarako hezkuntza munduak bere kurrikulumean txertatu behar du hezkidetza lantzea. Horrela ezean, udaleko berdintasun zerbitzuetatik bideratzen da horren lanketa, eta, beraz, lanketa isolatu gisa ikusten da. Hezkidetzaren legeriak ekarriko duena da (edo ekarri beharko lukeena), ikastetxeetako plangintzetan eta lanketetan zeharkako moduan lantzea hezkidetza, eta horretarako ezinbestekoa den formakuntza eskaintzea bertako langileei. Horretarako ezinbestekoa da asmoen berri emateaz gain, hori txertatzeko baliabideak bideratzea. Konpromisoa kasu honetan horrela neurtzen baita.

Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Planak bere baitan txertatzen ditu EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako VI. planak adierazten duena: indarkeriaren prebentziorako eta emakumen ahalduntzerako ezinbestekoa da kurrikulumean txertatzea.

Beraz, legeak ekintzetan gauzatu daitezen, ezinbestekoa da baliabideak bideratzea eta erabaki ausartak hartzea



Feminismoa ardatz

FEMINISMOA ARDATZ

1.-Zertan hobetu du feminismoak nire bizitza?

1.-Emakumeenganako diskriminazioaren arrazoiak ulertzeko gakoak eman dizkit feminismoak. Noiztik eta zergatik gailentzen da egun sistema patriarkatua? Zer dela-eta gizonezkoek hainbeste pribilegio? Zergatik Emakumeen Nazioarteko Eguna?... Nire baitan sortutako galdereei erantzuten jakin du feminismoak. Beraz, ideologia aldetik osatuago nago eta aberatsagoa naiz.

2.-Dimentsio handiko arazoa den genero-indarkeriaren inguruan, nire jarrera aktiboagoa izaten lagundu dit feminismoak.

3.-Irakaskuntza dut zaletasun eta ogibide. Eta kezkatzen nau ikastetxetan genero kontzientziari behar adinako garrantzirik ez ematea, ikaskuntza-prozesuan ikaslea eragile nagusia ez izatea, hezkidetzan prestatu beharra ez ikustea, espazioak berrantolatzeari garrantzirik ez ematea, estereotipoen transmizioen inguruko hausnarketei lehentasunik ez ematea...
Hezkidetzan trebatzearen premiaz kontziente izateak eta prestakuntza aldetik urratsak emateak irakasle hobea izaten lagundu nau.


2.-Iazko post-en artean, Haizea Egigurenena aipatuko nuke. Batetik, Euskal herriko mugimendu feministaren kronika jasotzen duen lehen euskarazko liburuaren berri ematen duelako; eta, bestetik,
emakumearen aldeko borroka abertzaletasunetik egin behar denaren garrantzia azpimarratzen duelako.


3.-Hurrengo bi urteei begira, hezitzaile bezala bi gai “feminista” hauek jorratuko nituzke:
  • Mikromatxismoak: egunero gertatzen diren jarrera matxistak direlako.
  • Maskulinitate hegemoniko eta feminitate subordinatuen ereduak kolokan jarri, eta beste eredu positiboak erakutsi.


4.-Emakume feminista baten ekarpena:

JULE GOIKOETXEA MENTXAKA ( Donostia, Gipuzkoa, 1981 )


Estatu formala lortzearen aldekoa da; izan ere, estatua ahalmen handiena duen instituzio multzoa da, eta bere egitekoa da “birsortzea”. Julerentzat estatua berez ez da ez ona ez txarra, gakoa da zer ideologiak duen hegemonia estatu horren barruan. Horregatik egin behar den lehen gauza da, bere hitzetan, hegemonia feminista bat sortzen joatea, ahalik eta eremu gehienetan, estatu formala lortzen denean askoz indar handiagoa izango duelako ideologia feministak. Zeren nagusi den ideologiaren arabera, estatu horrek birsortuko du ongizate gehiago guztiontzat edo gizon zuri aberatsentzat. Horrenbestez, feminismotik egin behar da euskal estatugintza. Feminismoa delako egun dagoen ideologia iraultzaileena, kritikoena eremu guztietan (soziala, kulturala, ekonomikoa, politikoa...), eta feminismoa delako egungo mugimendu integratzaileena.
Gure sistemak publiko eta pribatuaren araberako sistemak dira. Irauli behar dena publiko eta pribatuaren arteko diferentzia hori da, eta eraldatzeko proposamen hori feminismotik dator; beste ezein ideologiak ez duelako proposatzen hori deseuztatzea, ezta sozialismoak ere. Aldatzen bada egitura hori, zeinaren bidez gauza batzuek pribatuak diren eta besteak publikoak, orduan apurtuko da patriarkatuaren egitura, Eta ez patriarkatua bakarrik, gehiago sakonduta baita sistema liberalen egitura ere.