2018/04/17

Baietz ausartu zurea marraztera?


Ikastaroa hasi aurretik entzuna nuen bidea ez zela erraz eta laua. Eta hala izan dela konprobatu dut. Asteroko erritmoan irakurgaiak landu, ingurua behatu, arakatu eta hausnartzea, ariketak banan banan egitea... ez da lan makala izan. Denbora eta dedikazio handia eskatzen duen ikastaroa izan bada ere, aitortu beharra dut gai askotan sakondu eta ikasteko aukera eman didala. Pertsonalki eta profesionalki lanean jarraitu eta feminismoaren bidez gure eremuan eragiteko gogoak eta ezagutzak handitu dizkidala esango nuke.

Foroak, partekatutako bideoak zein materialak... oso interesgarriak eta anitzak izan dira. Askotan, denak nahi beste sakontzeko aukerarik izan gabe, egunerokoaren errutina bizian murgilduta egin dugu aurrera. Sentsazioa dut, ordea, ikusteke eta deskubritzeke ditudan beste hainbeste aurpegi eta lehio ireki zaizkidala parez pare. Bai irakasle taldeak emandako erreferentziei esker, eta baita elkartu garen ikasle-talde mamitsu honen ekarpenekin ere. Plazer handia izan da halako talde batean parte hartu, ideiak elkar trukatu eta ikusmolde zein gogoeta freskoak jasotzeko aukera izatea. Benetan.

Esperientzia nolakoa izan den hitz gutxitan?
Mamitsua, indarberritzailea, gogorra, intentsoa, erakargarria, berritzailea, aberasgarria, malkartsua, iraultzailea, aurrerakoia, kritikoa, autoezagutzarako aproposa, parte hartzailea, gogorra, goxoa, hezkidetzailea...


Abesti bat prozesua deskribatzeko:
Izaro artista zornotzarraren kantu berria hartu dut energia pilo ematen didalako baina galderaz betetako prozesua izan delako: kuriositatea, bilaketa prozesua, kanpora zein barrura begiratzeko unea... betiere energia positiboarekin. La felicidad.


Ikastaroari lotuko zenizkiokeen
3 adjektibo: malkartsua, esanguratsua, gozagarria
3 izen: feminismoa, osasuna, etorkizuna
3 sentimendu: gogorra, ilusionantea, indarberritzea



Hezkidetza hezkuntzan ari garen eragile guztiok lan egiteko modu kontziente eta konprometitu bat dela esango nuke. Feminismoa deskubritzen duzunean bezala, gero eta hurbilago eta ezagunago izan, zenbat eta denbora gehiago konpartitu betaurreko moreak aldean dituzula, orduan eta indartsuago eta ahaldunago sentitzen hasten zara. Ordura arte kimu txiki bat izan zena -zu zeu- loratzen egongo balitz bezala.

Hezkidetza zein feminismoa bizitza ulertzeko eta eraikitzeko modu bat da. Desira bat, etorkizun hobe bat, iraultza handi bat. Pertsonala eta kolektiboa. Zuretzat eta besteentzat deseraiki eta eraikitzen ari zaren bidezidor bat.

Ondoko irudian bezala, aurrera begira espazio aske bat nahieran marrazteko aukera izatea. Hezkidetzak eta feminismoak bidea gure beharren arabera modu horizontalean -bakarka zein elkar lagunduta- eraikitzeko tresnak ematen dizkigu. Posible dela erakutsi. Deuseztea eta beste modu batean eraikitzea gauzagarria dela erakusten digun prozesua da. Esperientzia liluragarria. Behin eskutik helduta askatu nahi izango ez duzun hori...

Zoriontasuna norbere bizi-bidean eraikitzen dugula irakasten dizun eguneroko hauspoa da. Eguneroko izerdia. Eguneroko buruhaustea. Eguneroko emozioa. Gorputz eta ideien dantza.  Baietz ausartu zurea marraztera?






Hala bazan eta ez bazan….

Jadanik iritsi gara Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroaren helmugara. Ikaragarria izan da 22 asteetan hezkidetzari lotuta bizi izan dugun esperientzia, bertan jasotako informazioak pertsona modura hezteko asko balio izan didalakoan nago.

Asko ikasi dut bertan burututako jardueren bidez. Hasiera batean, gaiaren inguruko ideia orokorra nuen arren, gai bakoitzean sakondu ostean, hauen inguruko kontzeptu eta ideia ugari barneratu ahal izan ditut. Horri esker, esan dezaket, gaur egun nire inguruari beste modu batera begiratzen diodala. Egindakoak benetan zentzua duela konturatu naiz, balio izan didala sentitzen dut. Hala ere, guzti hau, hasiera bat izan da, etorkizunean gai hauek lantzen jarraitzeko ateak ireki dizkidana eta aurrera egiteko bultzada eman didana.
Kosta egiten zait, bertan bizitakoa hiru hitzekin deskribatzea, asko izan dira 22 aste hauetan gai bakoitza lantzean izandako sentimenduak eta barneratutako kontzeptuak. Hala ere, behin une honetara iritsita, honako hauek dira gai hauekiko gaur egun ikastaroak eragin dizkidan hiru sentimenduak: ilusioa, itxaropena eta gogoa. Gizartea sentsibilizatzea lortzen badugu eta denon indarrak errespetuan oinarritutako gizartearen alde egiteko batzen baditugu, gauzak alda ditzakegu. Beraz, jarrai diezaiogun lanari!

Esan bezala, aste bakoitzeko irakurgai eta informazio iturri ezberdinetatik ideia ugari barneratzeko aukera izan dut, baina, esan beharra daukat, ikastaro-kideen ekarpenek ere asko lagundu didatela; elkarren iritziak partekatzeak, norberaren ideia eta pentsamenduak zabaltzeko aukera ematen du. Benetan, esperientzia aberasgarria izan da foroetako parte hartzea eta baita, blogeko ikastaroen hausnarketak irakurtzea ere.

Neure buruari so eginez, hezkidetzaren inguruko gaiei buruz ezagutza ugari bereganatu ahal izan ditut, baina, batik bat, hauen alde lan egiteko grina piztu zait. Horregatik, jendeari bertan parte hartzera animatu nahi diet.


Denok honen alde lan eginez, pixkanaka gizartea aldatuko dugunaren itxaropena daukat. Pauso txikien bidez, pauso handietara heldu dezakegu, guztion berdintasunean oinarritutako mundu bat eraikiz. Lan handia dago egiteko, baina ezin dugu amore eman. Sentsibilizazioaren bidez, sistema patriarkala deuseztatzea lortu behar dugu, guztion errespetuaren alde borrokatuz.

Eskerrik asko, 22 aste hauetan ikastaro honetan parte hartu duzuen denoi, batez ere, nire ezagutzak aberasten lagundun diezadazuen guztioi! Laster arte!

Lagun birtualok, laster arte! Plazera neurea!


Udazkeneko hostoen erortzean, ihes egiten utzi genien gure barnean genituen hainbat ideia kutsakorrei. Neguan, aldiz, kanpoko ekaitzarekin batera, ikaragarrizko ideia-ekaitza jasan beharra izan dugu; hau, hori hura, hamaika ideia josi eta hausnarketarako denbora eman digu neguak, luze joan baita. Baina udaberriaren iritsierarekin batera, gu ere loratu gara. Gure lanketak eman du bere fruitua, udazken eta negu gogorren ondoren,  gure buruak, gorputzak eta azalak ez dute  kolore bera, ez dute janzkera bera.  Betaurreko moreak janzteak, konbinaketa ezberdinaren beharra ekarri baitzigun.

Azken hilabeteetan ikaskuntza esanguratsua jaso dut, banituen hezkidetzaren inguruan hainbat ideia barneratuta, baina askoz gehiago ikasteko eta argitzeko baliagarria izan zait. Nire inguruan eragiteko ausardia ere irabazi dut, eta hori izan da garrantzitsuena.  Hori horrela, ingurukoek ere izan dute ikastaroaren berri, nire ideien berri, eta hamaika eratako erantzunak jaso behar izan ditut: nirekin bat egiten zuten pertsonak aurkitu ditut (emakume zein gizonak), betaurreko moreak jantzi nahi ez dituztenak ere aurkitu ditut (emakume zein gizonak), beraz, elkarbizitza aberasgarria bizitzeko aukera eman dit ikastaroak.
Hilabete guzti hauetako ibilbidearen ondoren kanta hauxe aukeratuko nuke: KOLORE KOLORE (Mixel Ducau eta Zaldibobo)

“Kolore kolore ta gustu guztiak,
Denontzat denontzat ez dira berdinak.
Urdina, zuk nahi duzu urdina,
Nik maiteago horia,
Bien artean berdea sortuko da.
Ezkerra eskuina, gibel edo aitzina
Bakoitzak bere bidea, berarentzat onena!
Kolore kolore ta gustu guztiak
Denontzat denontzat ez dira berdinak
….mundua gaizki egina da!”

Guztiok ezberdinak garela dio kantak, bakoitza den bezalakoa dela eta nork bere gustuak dituela. Eta nahasketetatik aukera berriak sortzen direla, elkarbizitzarekin bezala. Bikain borobiltzen du nork bere bidea egin behar duela esatean, nork bere buruarentzako egokiena dena!

Horrez gain bigarren kanta hau ere aukeratu dut, NIRE GORPUTZA DA_Kantu kolore:


Ea gustuko duzuen, entzun eta gozatu!

Ikastaro-kideak izan dira gure eguneroko bidaide, baina jakin badakigu aisialdian gur jarraitzaile izan zaretenok ere asko zaretela. Asko zarete hezkidetzaren munduan ikertzen zabiltzatenak, hamaika zarete hezkidetza helburu gizartean eragin nahi duzuenak, beraz aurrera,  zenbat eta gehiago izan orduan eta errazagoa egingo zaigu bide, elkartuta beti ere indartuta!

Plazera izan da elkarbizitza birtuala! Ongi segi kuadrilla!

2018/04/15

Etorkizuna eskuratzen!






Udaberrira heldu gara dagoeneko eguraldiak muzin egiten badigu ere. Zaparradetan, elurretan eta eguzki izpien berotasunarekin batera, astero idatzi dugu blog honetan. Gogoan dut lehen post-ean hitzak ongi neurtzen ahalegindu nintzela, nire hutsuneak horren agerian ez usteko. Baina denborak lezio ederra eman dit: aniztasuna aberastasuna da. Parte hartzaile bakoitzak bere ikuspegia, hausnarketa, ekarpenak, gustuak eta azaltzeko era izan du, eta hori izan da era berean talde bakar bat sortzea ekarri duena.


Lehenengo eguneko lotsa eta urduritasunak, gehiago ikasteko eta parte hartzeko gogoetan bilakatu dira orain. Ikastaroan landutako gaiak, irakurritako irakurgaiak, entzundako abestiak, egindako gogoetak eta eginiko ekarpenei esker, hezkidetzak orain nire etorkizun profesionalean lehentasuna izatea espero dut. Behin hezkidetzan sartuz gero, ez dago atzera bueltarik.



Wo! I feel good, I knew that I wouldn't of
I feel good, I knew that I wouldn't of
So good, so good, I got you
Wo! I feel nice, like sugar and spice
I feel nice, like sugar and spice
So nice, so nice, I got you”

Hiru hitz: Aberastasuna, griƱa/gogoak, etorkizuna

Helmuga, hezkidetza ikastetxe guztietan landu behar den ikasgaia izatea nahiko nuke. Matematika ikasten dugun legez, astean hiru lau ordu igaroko bagenitu betaurreko moreak jantzi eta askatasunaren aldeko apustu egiten, beste errealitate batean biziko ginateke. Baina gutxika etorkizun utopiko hori gero eta hurbilago dagoelakoan nago.
Hori dela eta, hezitzaile eta interesa daukaten pertsona oro animatzen dut ikastaro honetan parte hartzera. Esan bezala, hezkidetzan lehenengo urratsa eman ostean, ez dago atzera bueltarik.



Besterik gabe, eskerrik asko.

2018/04/06

Pertsona ardatz

Harreman kontzeptuari buruz hausnartzean kanpora begira ohi dugu, baina pertsonen arteko harreman-dimentsioa bezain garrantzitsua da pertsona barrukoarena. Gainera, bizipenen ondoriozko emozio, sentimendu eta ideiek osaturiko oinarriak, hain zuzen ere, pertsonen arteko eta inguruarekiko ditugun harremanen kalitatean eragin zuzena dute. Horregatik bata zein bestearen kalitateak pertsona ororen ongizate emozionalaren mailan zein  bere elkarbizitza kalitatean eragina izango du.
Neurozientziaren ikerketek gainera frogatu dute ez dagoela sexuak baldintzatutako patroirik gizonen eta emakumeen arteko garunetan bi kategorietan sailkatzeko eta hortaz ezaugarri pertsonalek zein norberaren izaera, bizipen eta ingurunearekin duen loturaz osatutako puzzlea da. Hortaz, emozioek berebiziko garrantzia hartzen dute.

 

 
Hezkuntza hezkidetzailearen ardatza ikasle guztiek harremanak era parekidean eraikitzeko konpetentziak gara ditzaten bermatu behar du, indarkeria zein dominazio-mendetasun harremanekin kritiko agertu eta elkarbizitza eta pertsona barruko zein pertsonen arteko harreman positiboak eraikitzeko.
Tratu onak garatzea beraz ezinbestekoa da elkarbizitza positiboa eta kalitatezkoa bermatzeko. Teoria ondo dakigun arren egunerokoan sarritan ez da horren erreza aurrera eramatea, izan ere, Arremanitz-eko kideek esaten duten bezala "gure pentsaera estereotipatuen ondoriozko jokaerak dira tratu onen etsairik nagusienak afektibitatezko harremanak eratzeko, nork bere buruarekin, besteekin, hurbilekoen artean, bestelako bizidunekin, gauzekin eta inguruarekin". Hortaz, hezkidetzak genero-ikuspegia erabiliz, ezinbesteko izango du maskulino eta femeninotik hasi eta gainerako estereotipo guztiei uko egitea.
 
Tratu onez ari garen honetan, ezinbestekoa da maitasuna aipatzea, izan ere, maitasuna gure jendarteak ulertzen duen bezala, alegia, maitasun erromantikoa kaltegarria da. Coral Herrera-ren hitzak berrreskuratuz "maitasuna oso fenomeno konplexua da eta asko aldatzen da leku geografikoaren eta garaiaren arabera. Gainera faktore sozial, kultural, ekonomiko, erlijioso, sexual eta emozionalak ere kontutan hartu behar dira. Maitasun erromantikoa ideologia jakin batek eraiki du, patriarkala eta kapitalista denak". Mari Luz Estebanek esaten duenez ere "gizakia ikusteko modu bat da, baina horretaz gain, ordena ekonomiko, politiko eta sozial bat ere bada, gizartea antolatzeko modu bat: elkarbizitza, taldeak, gizon eta emakumeen arteko harremanak, helduen eta umeen arteko harremanak, hezkuntza, sozializazioa... hau da, bizitzeko modu bat da, eta hor erdian daude emozioak eta maitasuna. Beraz, ez da bakarrik amodio erromantikoa eta bikotea, gehiago da". Horregatik, ezinbestekoa deritzot maitasun eredu osasuntsuen bila bide berriak zabaltzea. Marcela Lgarde-k ere maitasun erromantikoa deseraikitzeko apustua egiten du jarraian agertzen den bideoan.

 

Hortaz, tratu onak sustatu eta irauteko erantzunkidetasuna edo ardura litzateke lortu beharreko aspektu garrantzitsuenetarikoa. Ikerketek erakusten dutenez aldiz, zaintzaren ezaugarria emakumeari soilik egotzi zaio. Horregatik, mugimendu feministak, pertsona eta zaintza erdigunean jartzea aldarrikatzen du. Gainera, jendartean zaintzak kutsu negatiboa  duela iruditzen zait. "Zama" gisa ulertua da eta gainera ikusezinak eta prestigiorik gabekoak dira. Baina lan horiek beharrezkoak dira egunerokoan eta garrantzitsua da hezkuntzaren erdigunean ere jartzea, izan ere, pertsona bere osotasunean begiratzen dute eta gainera aurreiritziak identifikatzen eta pertsonaren identiatearen inguruan sortzen diren estereotipoen inguruan kontzientzia hartzen saiatzen dira, baita pertsoeni arreta eskaintzen ere.
Egungo sistemarekin talka egiten du gainera, izan ere hezkuntza sistemak emaitzetan oinarritutako ikasteko modua lehenesten du eta exijentziek eta kontrolak pertsonaren dimentsio osoa galtzea dakar. Pertsona erdigunean jarriz gero, berarengan konfidantza izan eta laguntzen ikas diezaiokegu, bere bidea egiteko gai izanik, ikas-prozesuaren ardura bereganatuz, hobeto sentituz eta bere gaitasunetan konfiatuz.

 

Ikasleekin lantzeko aproposak izan daitezkeen baliabideen artean, Nafarroako Gazte Kontseiluak argitaratutako "Amodio zintzoen gida" zein "Sin mediaas naranjas" izeneko laburmetraia ere aukeratu ditut.

Hezkuntza komunitateak hortaz, erronka ugari ditu gai hau lantzeko. Besteak beste, honakoak aipatuko nituzke:
- Pertsona eta horrekin batera zaintza erdigunean kokatzea.
- Norkbere buruarekiko zein kolektiboarekiko harremanak zaintzeko konpetentziak garatzea.
- Maitasun osasuntsuago baten ereduak aurkeztea eta lantzea.
- Eguneroko harremanetan ematen dien tratu txarrak identifikatzea, hausnartzea, kritika gauzatzea eta tratu onengatik ordezkatzea.
- Erantzunidetasuna eta zaintzaren garrantziaz jabetzea.
- Sitemak inposatzen digun indibidualtasunari kritika egin eta kolektibo osasuntsuaren garrantzian lanean jardutea.


Iazko ikastarokideen post-en artean Leire Garro-ren "Tratu onak elkarbizitzaren oinarria" izenekoa gogora ekarri nahiko nuke, izan ere hausnarketa interesgarria burutzeaz gain bertan agertzen den Coral Herreraren bideoa oso aproposa iruditu zait.

2018/04/04

Tratu onak


Astean zehar jorraturiko ideia garrantzitsuenekin gurutzegrama hau egin dut:










Eta hona hemen badaezpada ere soluzioa:



Iazko ikastarokidek eginiko posten artean hau hautatu dut, Usoarena. Berak eginiko akrostikoa asko gustatu zait eta erronkak ere nirearen antzekoak dira.



Ikasleekin lantzeko aproposak izan daitezken baliabide ugari daude.


Resultado de imagen de naranja erdia



Berri Txarrak taldearen abesti hau:






Jendartean eta hezkuntzan lantzeko erronkak:

  • Bakoitzak bere burua maitatu
  • Maitasun erromantikoa gainditu
  • Feminismoa bultzatu: emakumeak ahaldundu eta mutilei maskulinitate berriak bistarazi.
  • Zaintzaren garrantzia azpimarratu eta  partekatu
  • Tratu onak bermatu

2018/03/26

Bizitzea merezi duen bizia

 

Aste honetan jorraturiko ideien artean maitasun osasuntsua sustatzen duten harremanen alde egitea ikusi dugu, eta hori lortzeko beharrezkoak diren ezaugarriak hizki-salda honetan jartzea pentsatu dut. Uste dut ezaugarri hauek gure artean dauzkagun harreman guztietara hedatu behar ditugula, tratu onak eman eta jaso nahi baditugu.

 

 


Iazko posta Leire Garro  ikastarokideak idatzitako TRATU ONAK ELKARBIZITZAREN OINARRIA hautatu dut, irakurtzerakoan post hau egiteko pentsatzen ari nintzela nik neuk nituen ideiak islatuta ikusi ditudalako.

Aste honetako irakurgaian irakurri dut nik hobeto adierazi ezin dudan azalpena tratu onak nola aurrera eramatearen inguruan: "Tratu onetan murgildu nahi dugu, teoria badakigu, baina egunerokotasunean sarritan egoera mingarri eta kaltegarrietan erortzen gara. Orduan? Hik Hasi aldizkariko elkarrizketa batean Arremanitz taldeko kideek gomendio interesgarri hau luzatzen digute: “begira diezaiegun benetan ditugun aurreiritziei, nola tratatzen ditugun mutilak eta nola neskak, zein estereotipo ditugun guk geuk gizon edo emakume garen heinean, bertako edo kanpoko, heldu edo gazte… Horretaz jabetzeak aukera ematen digu gure harremanetan eragiten duten aurreiritzi horiei guztiei aurre egiteko eta tratu onak bideratzeko.” Izan ere, gure pentsaera estereotipatuen ondoriozko jokaerak dira tratu onen etsairik nagusienak afektibitatezko harremanak eratzeko: nork bere buruarekin, besteekin, hurbilekoen artean, bestelako bizidunekin, gauzekin eta inguruarekin.


Hezkidetzak genero-ikuspegia erabiliz gai hauetan zenbait ekarpen egiten ditu ongizateko ezinbestekoa izango baita maskulino eta femeninotik hasi eta gainerako estereotipo guztiei uko egitea."

 

Ikasleekin lantzeko aproposa iruditzen zait Nafarroako Gazte Kontseiluak egindako gida hau , eta baita Leitzaldeko ikasle hauek topikoen inguruan egindako hausnarketak biltzen dituen bideo hau ikustea. Gazteek hurbilago sentitzen dituzte beste gazte batzuek esandakoak helduek botatakoak baino, beraz oso baliagarriak direla deritzot. 

 

 

Amaitzeko, hau guztia lantzeko erronkak anitzak direla ezin dezakegu uka. Garai honetan nire pertzepzio soil bat ez dena gure bizitzaren esparru guztietan pairatzen dugula konturatu naiz gai honetan sakontzean; zera da, tratu onak ematen dituzten pertsonak baloratu beharrean errazagoa dela besteak eta gure burua gaizki tratatzea. Hau aldatze aldera, hezkuntzaren erdigunean zaintza jartzea proposatzen dute Baglietto eta Mendizabalek: gaur egungo hezkuntzak emaitzetan oinarritutako ikasteko modua lehenesten du eta badakite eurek bultzatu nahi duten ereduak –zaintza erdigunean jarriz– talka egingo lukeela sistema horrekin, pertsonaren garapen osoa aldarrikatzen baitute, eta arreta pertsonak dituen behar guztietan (zaintza, harremanak, emozioak, alderdi soziala…) jartzea: “Pertsona erdigunean jartzen badugu, berarengan konfiantza baldin badugu eta ikasten laguntzen badiogu, pertsona hori bere bidea egiteko gai izango da. Kasu horretan emaitzak ere hobeak izango dira, hobeto sentitzen delako, konfiantza daukagulako bere gaitasunetan, eta ikas-prozesuaren ardura ere berea izango delako. Egungo exijentziak eta kontrolak zenbaitetan pertsonaren dimentsio osoa galtzea dakar, eta egoera horretan pertsona ondo sentitzen ez bada, emaitzak ere okerragoak izango dira”.