Anitza da emakume eta gizonen arteko tratu berdina lortzeko Euskal Hezkuntza Sistemak duen legeria. Euskal Eskola Publikoaren Legea, Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Neurrien Legea, Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea, Heziberri 2020, Emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko Aldundi Legea... Tamalez, legeak paperean idatzita geratzen dira. Lege bat(zu)ek soilik ez du(te) berdintasuna ekarriko, ezta jazarpena errotik erauziko ere. Urrats garrantzitsuak dira baina lege horiek betearazteko borondate politikoa beharrezkoa da.
Marian Moreno-k "Berdintasuna gerrilla lana da, instituzionala beharko lukeenean" adierazten du. Bat nator berarekin eguneroko jardunean lege horiek ez direla betetzen aipatzen duenean. Legeak modu sistematiko eta globalean ez dira betetzen, izan ere, aurpegi zuriketa bat besterik ez dira, ispilatze hutsa nire aburuz. Hezkidetzan hezitzera behartzen gaitu legeak, baina akaso hezkuntzan dihardugun profesionalok kontzientziaturik gaude hezkidetzak duen garrantziaz? formakuntza jaso al dugu horretarako? Erantzuna ezezkoa da. Eta formakuntza hori ez dugu izaten ez delako, ez unibertsitateetan, ez ikastetxeetan, ez etxean ezta are gutxiago kalean ere ikasten. Hezkuntza Sisteman Berdintasunean araudi bat ezartzea irakaslegoa hezkidetzan formatu gabe, hutsaren hurrena da. Eskolak zein institutoak ez dira berdintasunerako arnasgune bat, patriarkatua oso errotuta dagoen beste eremu bat gehiago baizik. Klaustroak ere, sinesmen matxistez osaturik daude eta tamalez, hori guztia ikasgeletara higitu egiten da.
Honekin guztiarekin ez nuke nahiko irakasleok dugun prestigio sozial eskasa elikatu, izan ere irakasle oso fin, baliagarri, konprometitu eta feminismoan fomatuak ere egon badaudelako. Egunerokoan gogor lan egiten dutenak sinesten duten lanbide baten alde, begirada more batez ingurua blaitzen saiatzen direnak, ikaslegoarengan zein lankideengan eta hortaz, jendartearengan ere eraginez. Zoritxarrez, borondatezko lan batetik dator hau guztia. Ezer ez da derrigorrezkoa hezkuntzan berdintasunaz mintzo garenean eta formakuntza faltak horretan ere zerikusi handia du, izan ere, berdintasuna barrenean ez daramazunean ezinezkoa da berau transmititzea.
Betetzen ez diren legeak izanik, hezkidetza borondatezko lan batera zokoratuz, testu liburuetan emakumearen presentzia eza izanik eta irakaslegoaren formakuntzaren derrigortasun gabeziaz, intituzioek errepikatzen jarraitzen dute hezkuntza berdintasunerako oinarria dela. Baina aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Delegatuak, adierazten du "sexuagatik segregatutako hezkuntzak ez duela diskriminatzen". Nola da posible EAE-ko hezkuntza ordezkari nagusienak horrelako adierazpenak egitea? zertararako orduan horrenbeste lege?
Ezaguna da ere, azkenengo egunetan Espainiako osasun, gizarte zerbitzu eta berdintasun Ministerioak adingabekoen alkohol kontsumoaren prebentziorako kanpainean erabilitako kartelak sortutako polemika, non alkohola eta emakumeen kontrako indarkeria sexuala harremantzen ziren. Akats bat izan zela argudiatuz, berehala kartela kendu zuten. Neska gazteen bortxaketak eta alkoholaren kontsumoa uztartzeak, bortxaketaren kultura sustatzen zuela salatu da sare sozialen bidez. Izan ere, beste behin fokoa bortxatuan eta ez aldiz bortxatzailean jarri izan delako "babesik gabeko sexu harremanak edota borondatez kontrako harremanetaz" hitzegiten baitzen. Harrigarria eta aldi berean onartezina iruditzen zait instituzio publikoek horrelako "akatsak" suertatzen direla baimentzea. Legeri oso bat sortzen duten berdinek, berdintasuna aldarrikatzen dutenek benetan borondatea agertzen al dute egunerokoan horiek bete daitezen? egia esan, kezka eta zalantza handiak sortzen zaizkit horrelako adibideak ikusterakoan.
Egia da legeak beharrezkoak direla eta hasierako urratsak emateko ezinbestekoak eta guztiz premiazkoak dira. Marko legal batek hezkidetzaren inguruko garrantzia jasotzea derrigorrezko abiapuntua da, oso onuragarria eta hezkidetzari zilegitasuna ematen diotela uste dut. Horregatik, hezkidetzaren legediari esker, hori guztia bistaratzea lortu dela iruditzen zait.
Hala ere, berdintasun errealaren bidean, alde batetik legeak betearazteko benetazko borondate politikoa eta bestetik irakaslegoaren formakuntza zehatza. erronka nagusienetako bi direla iruditzen zait. Lehenegoari dagokionez, beharrezkoak diren baliabideetan inbertsioa gauzatu eta Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida plan-ean agertzen diren helburu estrategikoen betearaztea. Beharrezkoak diren ikuskaritzak bermatuz eta aplikatu egiten dela exijituz. Bigarrenari erreferentzia eginez, hezkidetza ikasketa zein formakuntza zehatzak hezkuntzako profesional orori eskaini eta eskatzean datza. Izan ere, hori guztia aldatu ezean, ikuspegi feminista hezkuntzan txertatu gabe eta hezkidetzan beharrezko formakuntza nahikoa izan gabe berdintasunerako urratsak nahikoak izango ez direla uste dut.
Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana-z hitzegin nahiko nuke jarraian. 2013.urtean Hezkuntza Sailak eskola mistotik, eskola hezkidetzailera joateko bidean aurrera egiteko eta indarkeria sexistaren prebentzioa sustatzeko asmoz aurkeztua izan zen. Pertsonen garapen integrala bilatuz, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak alde batera utziz, genero diskriminazioa eta indarkeria mota guztiak gaindituz eta sexistak ez diren ibilbide akademiko eta profesionalak bideratzea izan du helburu. Horrela ere jasotzen du Heziberri 2020-k, non hezkidetzan aurrerapasausuak ematen jarraitu behar dela errekonozitzen den, esaterako Ikastetxearen Hezkuntza eta Curriculumari dagokionez, 15.artikuluan Hezkuntza Proiektua Hezkidetza eta genero Indarkeria Planean garatu eta zehaztea jasotzen duen. Hortaz, dirudienez Heziberri 2020k planaren urratsak mantentzeko asmoa duela ematen du eta erabat esanguratsu eta pozgarriak dira horrelakoetan aurrerapausuak gauzatzen direla ikusteak.
Aurreko edizioetako Maite-ren post-a gogora ekarri nahiko nuke, izan ere, hezkidetzaren inguruan Maria Jose Urruzola-ren bideo hau interesgarria iruditu baitzait.
Aurreko edizioetako Maite-ren post-a gogora ekarri nahiko nuke, izan ere, hezkidetzaren inguruan Maria Jose Urruzola-ren bideo hau interesgarria iruditu baitzait.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina