2017/11/26

LEGEAK... BETEKO BALIRA?


Historian zehar, gure sisteman murgildu eta arau zein legeen barnean aritzeko marko legalak sekulako garrantzia duela ezin ukatu. Horren baitan hartzen baitira erabakirik potoloenak, eta finean, justiziak erabakitzen du askotan jendartean sortzen diren arazo eta gatazken konponketak nolakoa izan behar duen. Baina ez hori bakarrik, legeei esker, gizarteko politiken nolakotasuna definitzen da, alderdi gehienen adostasuna eta elkar ekintzak bilatzen eta sustatzen dituztelarik. Nolabait, jendartean ematen ari den ikuspegi orokorraren aldaketa gisa ulertu nahiko nuke.

Honenbestez, irakurgaian ere arakatzeko aukera izan dugunez, Euskal Eskola Publikoaren legea onartu zen 1995ean, eta bertan, irakasten zenaren izaera hezkidetzailea aipatu zen erreferentzia garrantzitsu legez. Milurteko Aitorpenean ere, hezkuntza unibertsalaren aitortza egin zen emakume zein gizonezkoen berdintasuna aipatuz eta emakumeen autonomia lortzeko apustua eta ardura Nazio Batuetako erronken artean kokatuz. Ondoren etorriko dira Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Neurrien Legeak 2004an eta Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak ere, 2005ean.

Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Planaren ondorioz, 2013an idatzia, orain arte ikastetxeetan egiten ari zen hezkidetza lana errekonozitu da eta ikastetxeen arteko sare lana berrartu da Berritzeguneetako mintegietan egindako lana baliatuz. Zentroen arteko saretzea ekartzeaz gain, mahai gainea jarri du lege honek, eskola mistoak izate hutsak ez gaituela eskola hezkidetzaile batera eramango. Eta klabe aldaketa garrantzitsua da legeen moldaketa eta eraginkortasunean eman den hori. Kontzientziazio eta jabetze honek bultzatuko baitu benetako eta ardura betezko ekintza planak diseinatzeko beharrezko bultzada ematea.

Heziberri 2020ak emakume eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortzeko pausuak ematen jarraitu behar dela errekonozitzen du. Hezkidetza eta Genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida-planak helburu eta lan ildo zehatzak markatu dituzte etorkizunean aplikatzeko. Idatzita eta jasota dagoen horrek, gerora, aplikatu eta egin egiteko aukerak eta exijentzia mailak biderkatzen dituela uste dut, eta hargatik, aurrerapauso gisa ikus ditzakegu azken legedien ekarpen hauek ere.

Nahikoa al dira, ordea? Lege eta neurri politikoez ari garenean, babes ofizial hori izateaz gain inbertsio esanguratsuak egitea dakar berarekin, ezinbestean. Baina nola kudeatzen dira aurrekontu publiko horiek. Benetan beharrezkoak diren hutsune eta gabeziak identifikatu eta erroetara jotzen al dute? Nahikoa al da ikastetxeetan 8 orduko tailer hezkidetzaileak egitearekin? Esku hartze puntualak egiteak ikasle zein irakasleengan ikuspegia aldatzen hasteko zertzeladak ekar ditzake... baina, nola baliatu gako aldaketa horiek, etorkizunean ere eraginkortasunez eta modu aktiboan joka dezaten... konpartitutako hausnarketa eta ariketa kolektibo zein indibidualak ezerezean gera ez daitezen?

Argi dago nonbaitetik hasi beharra dagoela, baina legeek euren helburuak betearazteko nahia badute, eskubideak ez ezik, betebeharrak ere oso aintzakotzat hartu beharko lituzketela pentsatzen dut. Alegia, ez da nahikoa Berritzeguneko formazio labur bat irakasleekin, ez bada eskola komunitate osora zabaldutako zerbait, eta ez bazaio jarraipen iraunkorrik emango ibilbide honi. Legeek, markoek... aukerak zabaldu eta zilegitasuna eman diezaioketa HEZKIDETZAren aldeko apustu politikoari. Baina, oso kontziente izan behar dugu, hankak lurreratzean eta errutinan eguneroko esku hartzera jotzen dugunean, benetan landu beharreko eta mimatu, elikatu, zaindu, formatu...beharreko pertsonak, eskola komunitatea osatzen duten horiek direla. Ikastetxeetan atezainetik hasi eta sukaldari zein begiraleetatik pasata, irakasle zein zuzendaritza karguek eta, nola ez, famili anitzek... horiek denek behar dutela HEZKIDETZAren parte aktibo izan. Eurak dira protagonista gure etorkizuneko erronkan. Eta gurekin batera lanean jarri ez ezik, ez dugu belaunaldi berrien hezkuntza eta hazkuntza prozesuan begirada feministarekin aurrera egiterik izango.

Berdintasun errealaren bidean dauden bi zeregin aipatzearren EAEko hauek berreskuratu ditut posterako:

- “Sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaini, bereizkeria mota oro baztertu eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzen dituena izango da. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan...” Zeregin honetarako ezinbestekoa izango da nire ustez esparru guztietan esku hartze eta erabakimena duten eragile eta pertsonen FORMAKUNTZA espezifikoa eta oinarrizko ezagutza feministen lanketa.

- “Ebaluazio, ikerkuntza, berrikuntza eta irakasleen laguntzarako zerbitzuetan hezkidetzan trebakuntza zehatza duen pertsonala izatearen beharra adierazten du legeak, baita emakume eta gizonen presentzia orekatua hezkuntza maila guztietan”. Hezkuntza komunitateko profesionalen artean hautaketa prozesuan diskriminazio positiboa egin beharko genukeela uste dut. Hizkuntzaren normalizazioarekin gertatu bezala, bide beretik, hezkidetzan trebatuta eta ekintzaile aritzen diren kideak saretu behar ditu ESKOLA PUBLIKOAk. Eta horretarako, baliabideak behar izateaz gain, hautaketa prozesuetan puntu gehigarriak emango dizkien xehetasunak finkatzea izan zitekeen aukeretako bat. Baina zoritxarrez, egungo sistemak oraindik ere, Fratoren biñeta honen antza gehiago duela iruditzen zait...



Iazko postak gainbegiratuta Maite A.S.rena gogora ekartzea interesgarria iruditu zait. Aurkezpen honetan partekatze dituen hausnarketekin bat egiteaz gainera, Lekeitioko Eskola Publikoan egiten ari diren lanaren bideo bat ere eskura jarri zuen, eta niri behintzat, adibide praktikoetara jo eta hauen zabalpen zuzena egitea, arma inportantea iruditzen zait hezkidetzan aurrerapausoak emate aldera.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina