2016/12/08

Emakumeen presentzia eta ekarpenak




Euskal emakume aitzindarien artean June Fernandez aipatzea aukeratu dut. Sareetan Mari Kazetari gisa ere ezaguna da June. El País, eldiario.es eta Diagonal agerkari digitalean kolaboratu du urtetan zehar. Baina bere ekarpen nagusia Pikara Magazine sortu eta zuzentzea izan direla esango nuke.


Horretaz gain, 10 ingobernables: Historias de transgresión y rebeldía liburua publikatu berri du. Oso liburu interesgarria.


Aste honetan landutakoa eremu hezitzaileetan lantzeko erronkak ugari dira. Gutxi batzuk aipatzearren:
  • Emakumeen lorpenak aitortzea; egunerokotasunetik hasi eta historiari dagokionean. Ikastetxeetan, adibidez, curriculumean emakumeen ekarpenak txertatzea.
  • Emakumeak kudeaketan parte hartzera animatzea: ikastetxearen organoetan besteak beste (ikasle zein irakasleak).
  • Gizonek dituzten pribilegioen jatorriak biistan jartzea eta horien inguruan hitz egitea, uko egitearen beharraz kontzientzia har dezaten.
  • Patriarkatuak inposatzen dituen mekasnismoak identifikatzea, ondoren desegiten hasteko.
  • Ikastetxean eredugarriak diren emakumeen presentzia bermatzea.

Bukatzeko, iazko ikastarokide baten ekarpena gomendatzea: Haizea Careagaren Emakumeen presentzia eta ekarpenei buruzko hausnarketa. Asko gustatu zait EmaRock proiektua aipatu izana.



Jekyll Doktorea eta Hyde Andrea


Astean landutakoaren laburpen gisa, bi ideia:

1)    Emakumea, emakumearen bizipena, emakumearen ekarpena, emakumearen lana, emakumearen emozioa, emakumearen presentzia, alboratua izan da gizonek idatzi duten “historia ofizialean”.  Huts handi horrekin isiltasuna eta itsutasuna eraginez. Bazterkeria. Estereotipoen habitat naturala errotuz.  Naturak marraztutako ezberdintasunak bereizkeri bilakatuz. Eta, hortik, gizonarekiko mendekotasuna lortuz.

2)    Emakumeon mendekotasun hori sinetsi egin dugu denok, neurri batean. Horrela eratu dira gure barne eta kanpo egiturak. Autoritatea, boterea, instituzioak, izen bereziak. Elikatu dugu dikotomia hau. Konplexuekin bizi izan gara. “Gure tokian mantendu nahi izan gaituzte”. Mugatuak. Autoritate eta botererik gabe. Gure identitatea garatzeko aukerak bilatzeko indar gutxirekin. Beldurrez. Gure bigarren mailako posizioa onartuz. Egitura patriarkalak eta sexistak iraunaraziz, isilpean.





Erronka, hezkidetzan, kate hori haustea:

a)     Emakumearen presentzia areagotzea. Historian zehar izan duena ikusaraztea eta gaur egun duena mahai gainean jartzea. Estatistikak atera. Emakumezkoen zifrak ikasi, ogibide, lanbide ezberdinetan. Gizartearen sostengu diren funtzioak baloratu, zaintza esaterako. Emakumeak betetzen dituen lan guzti horiek azaleratu. Eragiten dituzten sufrimenduak, kalteak, gaixotasunak eta oztopoak nabarmendu. Berdintasunak ekarriko lituzkeen onurekin alderatu. Eredu osasuntsua behin eta berriz marraztu.

b)    Klaseetako ordezkariak hautatzeko orduan, neskak animatu. Bultzatu. Erabakiak hartzen diren guneetan sartzea ahalbidetu.

c)     Tradizionalki mutilentzat erreserbatu diren ikasketak eta ogibideak neskentzat badirela sinestarazi. Horiek ikastera animatu. Neskak ahaldundu, euren gaitasunak goraipatu, gizonenak baztertu gabe. Berdintasuna bilatuz, proaktiboak izanik.






Baina, beti ere, txanponaren bi aurpegiak uztartzean osasuna galdu gabe. Ez dugu orain arteko den dena egiten eta eremu publikoan %100 egoten aritu behar. Super womanak ez ditugu eraiki behar. Ez da osasuntsua. Rol zaharrak utzi egin behar ditugu. Gure burua maitatu eta exijentzia antzuetatik alde egin. Ez du ezertarako balio gizartean gure espazio publikoa lortzea etxean, gero, mari errauzkiñeren papera hartzen badugu!!!!!





Iazko edizioko ekarpen bat: #Aida eta Itsaso, Emakumeak protagonista

Emakume aitzindari bat: nire amama Pantxike. Bere neba arrebetatik neska bakarra. Oso azkarra, baina eskolara joateko eskubiderik gabe, aukerarik gabe. Familia aberats batean internatu eta umeak zaintzen, etxea garbitzen, bere herritik kanpo. Gabez, ikasi egin zuen, gau eskolan. Etxe hartatik atera eta kontrabandoan ibili zen dirua irabazi eta bere familia sortu ahal izateko. Langilea, indartsua, transgresorea.

2016/12/04

Legedia gugana hurbiltzen

Nire hezkuntza eremua:

Lan egiten dudan lan eremua kontuan hartuz, hezkuntza ez formalean aritzen naizela esango nuke. Harrera etxe batean egiten dut lan. Bertan, 15 eta 18 urte bitarteko 8 gazte bizi dira eta euren eguneroko bizitzaren parte gara han lan egiten dugun hezitzaileak. Euren familiekin, eskolekin, eskolaz kanpoko jarduerekin, osasun zentroekin… dugu harremana, beraz, erreferente bagarela esango nuke. Erreferente garen heinean, gazte hauen garapen pertsonalean eta bizi kalitatean eragiteko egiten dugu lan.

Ikusi dugun legedia kontuan harturik, zer da zure ustez hezkidetzaren inguruko hezitzaile lana justifikatzeko baliagarriena?

            Nire ustez, hezkidetzaren inguruko hausnarketa hezitzaile guztiok egin beharreko zerbait da, izan ere, estrategia hezkidetzaileak erabiltzea ezinbestekoa da. Eskola birpentsatu behar den moduan, hezkuntza ez formala ere baliatu behar dugu genero ikuspegia erabiliz, eta pertsonen aniztasuna aztertuz, gazte guztiek giza-kultura baldintzapenak gaindituz eta askatasunez bere osotasunean gara daitezen laguntzeko; bere buruarekiko, besteekiko, gizarte eta naturarekiko erlazio positibo eta eraikitzaileak izango dituzten pertsonak izateko.

Gaur egungo gizarte heteropatriarkala gure sistemaren oinarrian dago eta hau arlo guztietan ikusten da, hau dela eta,  hezkuntza eremuan aldaketa handiak eman behar dira; estereotipo sexistak ezabatu behar dira, emakumeen jakintzak eta emakume erreferenteak (ekarpen sozial zein historikoak egin dituztenak) ikaskuntzan integratu behar dira, gaitasun afektiboak landu behar dira harremantzeko moduetan, hizkuntzaren erabilera ez sexista ziurtatu behar da eta inposaturiko ereduak gainditu eta aniztasuna islatzen duen heziketa afektibo sexuala integratu behar da, besteak beste. Beraz, esango nuke baietz, beharrezkoa dela genero ikuspegia txertatzea eta berdintasunaren alde lan egitea, oraindik asko baitago egiteko.

Indarrean dagoen legedia nahikoa da? Badago aurrera eramateko asmorik? Badaude betetzeko eta lorpen mailak neurtzeko baliabide nahikorik?

70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadan, babes instituzionalik gabe eta gehienetan oztopoak gaindituz, zenbait ikastetxetan emakume feministen eskutik hasi ziren lehenengo esku hartzeak. 90eko hamarkadan hezkidetzak bultzada handia jasan zuen. Lehenengo Hezkidetzazko Gradu-ondoa 90-91 ikasturtean garatu zen, Bizkaian hasi eta beranduago Gipuzkoa eta Araban ere bai. 93-94tik 95-96ra hiru lurraldeetako 11 ikastetxek parte hartu zuten Emakunde-k proposatu, babestu eta Begoña Salasek zuzendu zuten ikerkuntza batean Ikastetxearen Hezkuntza- eta Curriculum- Proiektuak hezkidetza ikuspuntutik egiteko.

Hezkidetza- Aholkularitzak 2001ean desagertu zirenean, une itxaropentsuak apalduz joan ziren; zenbait mintegik lortu zuten bere lanarekin jarraitzea, ahal izan zuten moduan eta Hezkuntza Departamentuaren babesik gabe. 2013an idatzi zen “Hezkuntza-sisteman Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana”. Bertan gizarte eragile ezberdinen ekarpenak bildu ziren eta 2013-2016 epealdirako hainbat erronka definitu, helburuak eta ekintzak zehaztu eta bitartekoak jartzeko konpromisoak adierazi.

Egun, berriro areagotu dira hezkidetzarekiko espektatibak, Hezkuntza Saileko ordezkari politikoek helburua oraindik lortu ez dela onartzen dute eta horren aldeko plana ateratzeaz gain, Heziberri 2020ak hezkidetzaren beharra ere azaltzen du, emakume eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortzeko pausuak ematen jarraitu behar dela aitortuz.

Hau dena ikusita, nire ustetan indarrean dagoen legedia ez da nahikoa. Legeak hainbat gauza esaten ditu baina errealitatean asko falta da egiteko. Baliabideak, egon badaudela uste dut, baina ez behar bestekoak eta gainera, hauek agian ageriko curriculum-ean geratzen direla batik bat, izan ere, curriculum ezkutuan aldatu beharreko gauza asko geratzen direla esango nuke eta hauek eragin handia dutela.

Nola ikusten duzu hezkuntza hezkidetzailearen etorkizuna epe laburrean? Eta ertainean?

            Ezin da jakin zer gertatuko den hemendik denbora gutxira. Egia da legediak aldatzen doazela, eta bai, hezkidetzaren beharra aitortzen da, baina “beharraz” gaindiko faktore asko daude. Heziberri 2020ak hezkidetzaren beharra azaltzen du emakume eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortzeko pausuak ematen jarraitu behar dela aitortuz. Baina honetarako, aurrekontuak, baliabideak eta denbora aldiak beharko dira plana baldintza egokietan aurrera joan eta jarraipena izateko, epe laburrean ez baita benetako hezitzailea den eskola lortuko. Pertsona eta giza-agente guztiek nork bere ekarpena eginez, elkarlanean eta modu kritiko eta eraikitzailean, bakoitzak bere posiziotik, aldaketaren aldeko ekarpena egin dezake.


Beraz, uste dut hezitzaileok asko dugula egiteko, sortzen ditugun harreman motak, harremantzeko moduak, eredu eta rolak, etab. zaindu behar ditugula pixkanaka jarri diren/ditugun helburuak lortzen joateko. Legediak legedi, egunerokotasunean gu gaude gazteekin esku hartzen eta guk hezitzaile moduan izando ditugun jarrerak, kontziente edo inkontzienteki beti esango die zerbait. Hortaz, oso garrantzitsua eta zaindu beharrekoa iruditzen zait egiten dugun lana, etorkizunari begira aldaketa handiak sortu ditzakeelako.

LEGEDIA GUGANA HURBILTZEN

2016/11/29

Legediaz hausnartzen, hezkidetzan sustatzen




Legediaz hausnartzen hezkidetza sustatzen

Nire hezkuntza eremuari erreparatuz, hezkuntza ez-formalean jarduten dut asteburuetan, herriko 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoekin. Taldearen helburu nagusia, herrian dauden eskoletako haurren arteko harreman informalak euskaraz bermatzea da, egunerokotasunean euskara erabiltzea eta nola ez ongi pasatzea.
Aipaturiko hezkuntza ikuspegia oinarri izanik, aste honetan jorratu dugun legediaz hausnartzeko une iritsi da; Marko legalak EAEko hezkidetza prozesuan eta bereziki nire ingurune hurbilean duen eraginaz gogoeta egitekoa.

 Ikusi dugun legedia kontuan harturik, zer da zure ustez baliagarriena hezkidetzaren inguruko hezitzaile-lana justifikatzeko?

Nire iritziz, gaur egungo gizartean hezkidetzaren inguruko hezitzaile lanak behar beharrezkoak dira; izan ere, gizarte patriarkatu bat da gure sistemaren oinarri, horren isla dira: ikasketa arloan dagoen genero segregazioa, emakume erreferente ezak, indarkeria sexista, harreman afektibo sexualak ez dira libreki gozatzen, nortasuna askatasunean garatzeko …  hezkuntza sozializaziorako, garapenerako, eraikuntzarako eremu oso garrantzitsua da; beraz,  ezinbestekoa da eskola komunitatea osatzen duten eremu eta pertsona guztiek genero ikuspegia txertatzea eta berdintasunaren alde lan egitea eta prestakuntza izatea.

Ana Agirre Emakundeko prestakuntza arduraduna: "eskolak bizitzarako baliagarri diren balio guztiak integratu behar lituzke, bai emakumezko bai gizonezko generoari atxikitakoak. Eta denei eskaini behar zaizkie, neskei eta mutilei. Hori litzateke benetan aukera berdintasunerako heziketa eskaintzea".

Indarrean dagoen legedia nahikoa da? Badago aurrera eramateko asmorik? Badaude betetzeko eta lorpen mailak neurtzeko baliabide nahikorik?


Hezkidetza zehar lerro bihurtu zen 90ko hamarkadan eta, berez, lorpen handia zena (ikasgai guztiak genero ikuspegitik birplanteatzea eskatzen baitzuen), praktikan "inoren ardura ez izatea" bihurtu da. Denek onartzen dugu baina praktikan inork ez dio heltzen.

Beraz ez da nahikoa. Legeak diona eta errealitatean geratzen dena ez datoz bat. Hezitzaileen inplikazioa, aldatzeko nahia, beharrezkoak ikusten ditut bide honetan; egia da bai, tokian tokiko erakunde batzuk ahaleginak egiten ari direla, baina nire sentsazioa da, soilik ageriko curriculumari jartzen diogula arreta. Eta curriculum ezkutuak ahalegin berezia merezi du, eragin handia duelako, jarrera ez kontzienteak direlako azken finena, ikusten zailak. Eta sarri, gogorra egiten zaigu gure buruaz hausnartu eta kritika egitea.

Nire iritziz zenbait baliabide badaude baina ez dira nahikoak, eta aldaketa handienak esan bezala ageriko curriculumean gertatu dira. Sentsibilizazio kanpaina zein komunitate osoaren formakuntza behar beharrezkoak direla uste dut. Norbanakoan hasten delako aldaketa. Horrez gain esan beharra dago, funtsezkoa ikusten dudala baliabideak tokian toki testuinguruetara egokitzea, ezagutza komunitate hurbiletik plazaratzea. Gertukoa beti baita esanguratsuagoa.

Irakasle izateko formazio akademikoa eskatzen da, baina hezitzaile izateko bestelako formazioa ere behar da.


Nola ikusten duzu hezkuntza hezkidetzailearen etorkizuna epe laburrean? Eta ertainean?

Ezin nezake ezer iragarri ez epe labur zein ertainean. Izan ere, gure esku dagoen errealitate bat da,  tokian tokiko hezitzaileon esku. Horretarako, beharrezkoa izanik hezitzaileen prestakuntza. Azken finean, begiraleok eredu gara haurrentzat, helduen errepresentazioa gara. Horregatik, zer harreman eredu ari garen transmititzen aztertu behar dugu: begiraleen artean nola hitz egiten dugun, nola banatzen ditugun rolak eta ardurak … 

"Irakasleak, gelara sartzen denean, ez ditu liburuak edo kontzeptuak soilik eramaten. Kontzienteki aukeratu edo ez, irakaslea jarrera konkretu batzuekin doa gelara, balio jakin batzuk ditu, lehentasun batzuk, eta hori da transmititzen duena". Bea Ugarte Gasteizko Berritzeguneko aholkularia

Hala ere, esan beharra daukat, iraultza txikiak gertatzen ari direla eta hezkidetza jendartean gero eta ezagunago bilakatzen ari dela. Poliki-poliki bagoaz begiak irekitzen eta duen garrantziaz jabetzen. Berri oso ona da hori, batez ere, haurren ongizate eta gizarteko egoerari begira. 







HEZKIDETZAREN MARKO LEGALA, ZERTARAKO?



Legeak han eta hemen ditugu. Hezkuntza sistema, legez josita dago, baita hezkidetzari dagokionean ere.



 Eskoletan, ordea, lege hauen berririk badugu? Lege hauek aztertu ditugu? Zergatik ez da lege mailan onartutako berdintasuna errealitatean aplikatzen? Zergatik pentsatzen dugu hezkidetzari dagokionez gehiena lortuta dagoela, hezkidetza plana eta arduraduna izan arren eskola mistoan bizi bagara?

Are gehiago, nola liteke hezkidetza plana duen eskola batean transexuala den haur bat izatea arazo lez ulertzea? Nola liteke identitate sexuala eta genero identitatea aniztasunean ez lantzea justifikatzea, eskolan transexualalitatearen “ARAZOA” ez dutela esanez? Hezkuntza sisteman aniztasuna arazo lez ulertzen dugu?

Beraz, zenbait eskolatan oraindik hezkidetza plana egon arren eskola mistoan aurkitzen badira eta beraien ustez berdintasuna ia lortuta badago beraien eskolan, zer lortu da hezkidetzaren inguruko legediari esker?

Oraindik parekotasun erreala lortzeko bide luzea badago ere eta legeak hainbat teoria indartzeko lagungarriak izan arren nahikoa ez badira ere, 2013an idatzi zen “Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana”ren ondorioz, orain arte ikastetxeetan egiten ari zen hezkidetza-lana aintzat hartu da eta berriro ere hezkuntza zentroen arteko sare-lana berpiztu da Berritzeguneetako mintegien bitartez.

Hezkuntza zentroen arteko saretzea ekarri duelako eta eskola mistotik hezkidetza eskolara salto egiteko garaia dela gogorarazi duelako, Hezkidetza eta Genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida plana niretzat esanguratsua da. Honez gain, Heziberri 2020 ere niretzat esanguratsua da. Izan ere, emakume eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortzeko pausuak ematen jarraitu behar dela errekonozitzen du. Gainera, bai Hezkidetza eta Genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida-planak bai heziberri 2020k eskola mistotik eskola hezkidetzailera joateko bidean aurrera egiteko eta indarkeria sexistaren prebentzioa sustatzeko asmoz, helburu eta lan ildo zehatzak zehazten dituzte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, eskolan parekidetasun errealaren bidean, hau da, eskola hezkidetzaile errealaren erronka nagusiak ondorengo hauek dira:

  • Hezkuntza komunitatearen formakuntza, sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta konpromisoa.
  • Hezkidetzan trebakuntza espezifikoa duen pertsona, hezkidetza plana eta proiektuak aurrera eramateko. Baita, hezkidetza sustatzeko eskola barnean eta kanpoan sortzen diren sareak dinamizatzeko eta parte hartzeko ere.
  • Proiektu hezkidetzaileen bultzapena konpromisotik.
  • Eskolaren egituran eta zerbitzu estrategikoetan hezkidetza plana sustatzeko arduradunen izendatzea eta hezkidetza batzordearen sorrera. Arduradunak hezkuntza komunitateko errealitatearen ordezkaritza izango dira: bai irakaslea, bai langilea ez irakasleak, bai gurasoak, bai ikasleak. Honez gain, eskola kontseiluan berdintasun ordezkari bat egongo da. Era honetan, hezkuntza zentroaren barnean sarea sortuko da. Sare hau inguruko hezkuntza zentroekin handitu egingo da, berritzeguneen bitartez. Honez gain, udalerriko parekidetasun batzordearen bidez, feminismoa lantzen duten udalerriko elkarte eta erakundeekin ere sarea sortuko da.
  • Baliabide eta materialak izatea, hezkidetza plana, proiektuak, hezkidetza sarea… aurrera eramateko.
  • Hezkidetza plana ebaluatu, egoerak aztertu, aldaketak neurtu, eta hobetzen jarraitzeko proposamenak egin.
  • Curriculumean hezkidetza helburuak txertatu eta beste estereotipo sexistak eta bereizkeriazkoak ezabatu.
  • Material ez sexistak sustatzea. Honetarako, materiala aztertuko da eta aldaketak burutuko dira behar izanez gero.
  • Genero-indarkeriaren prebentzioa sustatu eta egoeren aurrean esku hartu.
 
 Eskola hezkidetzailea lortzeko bidean eta erronka hauetara gutxika helduz Lekeitioko Eskola Publikoa ari da. Hona hemen honen adierazle den bideoa:
 
 

2016/11/28

HEZKIDETZAREN MARKO LEGALA



Historian zehar hezkuntza sistema garatzen joan da eta momentu ezberdinetan eskola eredu ezberdinak  egon dira. Lege testuetan formalki onartzen bada ere hezkuntza hezkidetzailea izan behar dela, aitzitik, praktikan eta eraginkortasunean, ikusiko dugun bezala, gaur egun eskola mistoa dirau, praktikan eskola ez baita oraindik hezkidetzailea.
Euskal-Herriari dagokionez, ezin dugu ahaztu estatu frantseseko eta estatu espainoleko legediak aplikatzen zaizkigula, nahiz eta askotan EAEn estatuko beste erkidego autonomikoekin hainbat aspektuetan edo elementuetan ñabardurak izan. Momentu honetan EAEn emakume eta gizonen aukera eta tratu berdina arautzeko lege ugari ditugu. 

Baina hezkuntza sisteman noiz eta nola parte hartzen dute neske?
Historikoko XVIII.garren mendearen erdialdean, gaur egungo hezkuntza sistemaren oinarriak Europan eraikitzen hasten da. XX.garren mendeko lehen erdialdean, Estatu Espainolean emakumezkoak Lehen Hezkuntza eta Hezkuntza Ertainean txertatzen joaten dira hezkuntza sisteman, neska eta mutilei curriculum ezberdinak eskainiz. 1970.garren urtean, Villar Palasi legearen ondorioz, eskola mixto publikoak sortzen dira, baina ez da derrigorrezkoa bilakatzen diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan hezkuntza mixtoa 1985 arte. Beraz, orain dela 30 urte arte eskola mixtoa ez da derrigorrezkoa izango hezkuntza sistema publikoan.
Legediari dagokinez, argi dagoena, legeek bakarrik ezin dutela jendartea eraldatu, bitarteakoak dira eta hauek aurrera eramateko borondate politikoa ezezik baliabideak, aurrekontuak eta plangintza orokor batean integratuak egon behar dira. Eta elementu hauetaz gain, ezinbestekoa da jendartean mugimendu feminista indartsu bat izatea jendartearen aldarrikapenak etengabe bisualizatzeko
Gaur egun, EAEn legeren bat aipatu behar badut 2013ko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hezkuntza sisteman hezkidetza eta genero indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida aipatuko nuke. Bi arrazoi hauengatik:
  • Planaren helburua gure hezkuntza sisteman transformazio‐prozesua sustatzea delako,eskola mistoko eredutik hezkidetzan oinarritutako eskolaren eredura aurrera egitea, genero‐indarkeriari aurrea hartzea eta, sexismoak eragiten duen edozein indarkeriari aurre egiten lagunduko duelako.
  •  Eskola komunitatearen (familia, ikasle, administrazio..) parte hartzea sustatzen duelako.


Azkenik  amaitzeko nire ustez gure hezkuntza sisteman eskola hezkidetzailea lortzeko oraindik urratsak eman behar ditugu eta  hauek izango lirateke erronka nagusiak:


  •  Inbertsioa ekonomikoak zein giza baliabidetan inbertitzea.Gaur egun plan ugari adosten dira baina horiek aurrera eramateko bitartekoak ez ditugu ipintzen eta horiek gabe planak ezin dute aurrera egin, azken finean plan horiek soilik tresnak edo bitartekoak dira.
  •  Curriculuma eta material didaktikoa.  Curriculumean emakumeen jakintzak eta gizadiaren garapenari egindako ekarpen sozial eta historikoak jaso behar ditu, eta baita zaintzaren ezagutzak barnebildu behar ditu. Gaur egungo eskolan gatazkak modu baketsu batean konpontzeko aukera eskaini behar digu, pertsona guztien eskubideak bermatuz eta aniztasuna balore positibotzat hartuz.Estereotipo sexistak ezabatu eta baita hizkuntza sexista ere.
  • Ikastetxe bakoitzeak hezkidetza batzordea sortzea, irakasleak ezezik eskola komunitateko beste kideekin osatuz eta auzo/herrietako talde feministekin elkarlanean.
  • Ikastetxean hezkidetzan formatutako pertsona batek eskola mistotik eskola hezkidetzailea sortzeko eman beharreko urratsak plangintzatu, jarraipena egin eta gai horretaz arduratuko dena.
  • Formakuntza espezifikoa eta etengabekoa  irakasle zein familientzat.
  • Gertuko ikastetxeekin esperientziak  elkarren artean partekatzeko eta elkarlana  sustatu  auzo/herrietako talde feministekin.