2021/01/25

EMAKUMEOK PARTE IZATEKO PARTE HARTU!!

Ezinbestekoa da emakumeek parte-hartze aktiboa izatea erabakiak hartzeko prozesuetan, maila politikoan, sozialean eta ekonomikoan. Emakumeak ahalduntzeko, herritar aktiboak sentitu behar gara, eta eskubidea izan behar dugu  zer eratan bizi nahi dugun  eta zer aukera ditugun aukeratzeko.


Horretarako, ekitate-giroa sortu behar da bi generoen artean. Parte-hartzearen kultura indartzeko helburua, non identitatea eta autoestimua, lan kolektiboaren balioarekin batera, premisa bihurtu behar  diren.

Parte-hartzea modu askotakoa bada ere, eta espazio bakoitzaren arabera aldatzen den arren, generoak parte-hartzean eragin zuzena du. Hortaz, emakume izateak, hainbat arrazoiengatik, parte-hartzea baldintzatzen du.

Emakumeen parte hartzea bultzatzeko nire ustez emakumeen ahalduntzea oso garrantzitsua da. Izan ere, emakumeen ahalduntzearekin parte-hartzearen eraldaketa eta eraikitze feminista etorriko direla uste dut.                           

     Bide honetan oso interesgarria iruditu zait  ERAGIN PLAZANDRE jardunaldietan egiten ari den lana.

Beste alde batetik, emakumeen parte hartzea ziurtatzeko emakumeok gure espazioak ere behar ditugu eta hauek eskuragarri izateko ERANTZUNKIDETASUNA beharrezkoa da.

Emakundek ERANTZUNKIDETASUNA BALIOA ETA GENEROA azterketan, argi gelditzen da eremu publikoan aritua ahal izateko eremu pribatuan ardurak utzi behar ditugula, eta horretarako gizonezkoen, eremu pribatuan lan banaketa eta parte hartze parekidea beharrezko dela.

Izatez, partaidetzak baduelako  generoa, bai eremu publikoan zein pribatuan, horixe da sortutako hizki-zoparen izenburua:
 
Beste edizioetako post bat aukeratzerako orduan,  Oihana Sanchez ena aukeratu dut. HERRITARTASUN AKTIBOA SUSTATU, BESTELAKO PARTAIDETZA BAT ERAIKITZEKO izenburua duena. Oso ondo azaltzen duelako parte hartzeko dimentsioak eta ze zailtasun edo oztopo izan ahal dituen emakumeen parte hartzeak.

Nire inguruan zinegotzia izanda,  parte hartzeari dagokionez, politikan emakumeon parte hartzea nahiko zaila egiten dela ikusten dut. Goiko  karguetan oraindik ere, gizonak daudela.  

Partidu politikoen zerrendak legez  emakumeon eta gizonezkoen kopurua markatuta badago ere, gero praktikan goi karguetan gizonezkoak dira gehienak. 


Bideoan aipatzen den moduan, orain dela gutxi arte, politika gizonen mundua izan da eta aldaketak oso astiro doaz.

 

 VIRGINIA WOOLF BASQUESKOLAK egindako DATU JASOTZE arabera,  2019ko hauteskundeetan hautetsien  %46,13 emakumeak izan  badira ere , aurreko legegintzaldian baino %4,63 gehiago, eta  legeak eskatzen duen gutxienekoa gainditu bada ere,  oraindik goi karguetan gizonezkoak dira nagusi.

 

Inguru hezitzaileetan partaidetza sustatzeko erabilgarria izan daitekeen baliabide bat  HAURREN HIRIAREN PROIEKTUA da.
Izatez umeekin lan egiteko proiektu bat da, herri eta hiriarekin lotura duena eta umeen partaidetza sustatzen duena. 

Proiektu hau eskolekin batera eramaten da aurrera, baina udaletan eragina du izatez.

Ekimen honen helburua da,  8 eta 12 urte bitarteko haurrei entzutea eta protagonismoa ematea da.

Horretarako, haurren hiriaren proiektuak haurrei beren kezkak adierazteko aukera eskaini nahi die. Hau da, hiria beren bizi-ikuspegitik nola hautematen duten jakitea. Eguneroko bizipenetatik abiatuta eta espazio publikoa ere erabiltzen dutela kontuan hartuta, asko dute esateko eta ekarpenak egiteko.

Francesco Tonucci pedagogo ospetsuaren esperientzian oinarritua dago, "La Cittá de i Bambini" proiektuaren bultzatzailea. Proiektuaren ardatz nagusia haurren parte-hartze aktiboa da, espazio publiko hezitzaile, inklusibo eta malguak sortzeko.

# ALAITZ #PARTAIDETZA PAREKIDEA

 






ENTZUTEA PARTE HARTZEA AL DA?

 

Parte hartzea hitza hartzea da; iritzia plazaratzea eta espazio publikoa okupatzea. Aniztasuna errespetatzen ikastea da eta izaera ezberdinak kontuan hartzea. Publikoki eragitea da parte hartzea eta ikasgela batean hausnarketa propioak partekatzea. Eta, entzuten jakitea eta dagokigunean isiltzea zer da? Hori parte hartzea da?

Ingurura begiratu eta emakume askorekin partekatzen dudan errealitate batekin aurkitu naiz. Zenbat aldiz aurkitu zarete ponentzia baten amaieran “galdera bat dut” esan eta euren ibilbide akademikoa azaltzen duten pertsonekin? Zenbatetan partekatu duzue fokua bereganatzen duen pertsona batekin espazio publikoa? Zenbat aldiz aspertu zarete zuen kideen istorio amaiezinez?

Aipaturiko egoera horietan gehienetan gizonezkoak izaten dira protagonista eta jada bada blog honetan entzuna izan den hitza “mansplaning”.



Testuan ikusi dugunez, Equipo Claves (1994) taldearen proposamena arabera, parte hartzeari buruz hitz egitean hiru ildo lantzen dira: Parte hartzen jakitea, parte hartu ahal izatea eta parte hartu nahi izatea. Nik planteatu nahiko nukeen galdera honakoa da: isiltzen jakitea eta bestea entzutea parte hartzen jakitea da?

Nire irakasle batek zioen, emakumez beteriko ikasgela batean, gizonen ahotsak zirela entzuten zirenak beti (60 emakume eta 10 mutil) eta horren aurrean neurriren bat hartu beharra zegoela. Berak, ez zien gizonezkoei hitz egiten uzten, hiru emakumek hitza hartu arte. Emakume bakar batek ere hitza hartu ezean, ez zuen inork hitza hartzen.

Ez dakit metodologia hau egokiena den edo fruituak izango dituen, baina tresna hezkidetzaile bezala, oso interesgarritzat jotzen dut. Uste baitut, emakumeek hitza hartzeko ahalduntzea izateaz gain, gizonek ere isiltzen eta entzuten ikasi behar dutela.

Gai honi tiraka, aurreko urteetako kideek utziriko materialen bila aritu naiz. Hala, Ainok utziriko material bat partekatu nahiko nuk: Entzute aktiboko teknikak.

Amaitzeko, orain arte bilduriko ideien letra-zopa:




 

 




DENOK IZAN BEHAR DUGU HITZA

 

Aste honetan, partaidetzaren inguruan hausnartzea tokatu zaigu. Hona hemen gaian agertutako hainbat kontzeptuz osatu dudan letra-zopa.


 

Gaian bertan, parte hartzeko hiru baldintzak aipatzen dira, baina nik honako hau gehituko nuke: zerbaiten partaide sentitzen bazara, parte hartzen duzu; eta parte hartzen baduzu, partaide sentitzen zara. Horra hor gurpil-zoroa! Kontua da partaide izateko gogoa sentitzea. Eta horretarako, oso presente izan behar dugu partaidetzak errealitatea aldatzeko bidea ematen duela.

Aurreko edizioetako post honetan, gainera, eskolan partaidetza sustatzeko gako batzuk ematen ditu Yomara Fanok.

Horrekin lotuta, nik neuk honako baliabide hauek aipatuko ditut partaidetza sustatzeko:

                *Haurren eremuari dagokionez:

                            -Haurren partaidetza ikuspegi feministatik sustatzeko gida.  

                            -Horrekin lotuta Urtxintxakoek dituzten materialak. Esate baterako.

                    *Emakumeon partaidetzari dagokionez:

                               -Arabako Kontzejuetan emakumeek duten parte-hartzea

                               -Gipuzkoako enpresetan emakumeek duten partaidetzaren azterketa

Azkenik, nire inguruan behatu dudan partaidetzari buruzko datu esanguratsua emateko lankideei eskatu behar izan diet laguntza. Haien arabera, formazioak ematen joan direnetan oso esanguratsua da gizonak eta emakumeak nola kokatzen diren. Kontuan hartuta Hezkuntzan (eta batez ere LH eta HHn) oraintsura arte gizon gutxi egon direla, lankideek esan didate askotan denak batera eta atzeko partean eseri izan direla, emakumeek jakinminez askoz gehiago hartzen dutela parte eta gizonek hitz egiten dutenean beste kategorizazio batekin hitz egiten dutela (pisu handiagoa eman nahian haien hitzei? baliteke).