2017/12/18

SEXISMOARI AHOA ITXI!

    Zenbat eztabaida sortu ote dizkigu gai honek? Euskara sexista ote? Sexista bihurtu ote dugu? Batzuen ustez, gaztelaniaz hitz egiten dutenen arazoa baino ez da. Guk euskaraz genero markarik ez dugunez ez dugu sexismoaren arrastorik ere. Hauei erantzuteko, Agurtzane Juanenaren hitzak ekarriko ditut: “Kultura sexistatik mintzaira sexista dator, eta mintzaira sexistak iraunarazi egiten du sexismoa kulturan”. Beraz, agian arazoa euskarak ez baina euskaraz mintzatzen garenok badugula onartzen hasteko unea da. 
    Azken finean, hizkuntza bat bizirik badago errealitatea deskribatu, iraunarazi, sortu edo eraldatzeko tresna indartsua da. Gure esku dago egin nahi dugun bidea eta aldaketarako giltza. Gure pentsaera islatzen da hizkuntzan, gure asmoak, gure beldurrak, gure izaerak.. horrela sexista eta patriarkatuak gidatua izan den gizarte baten hizkuntza sexista bilakatu dugu, erabilera sexista eman baitiogu. Gai honetan aditua den Amelia Barquinek argi esaten du, “Erabileran dago gakoa, erabilerak izan daitezkeelako sexistak, edo arrazistak”

    Esaten duguna edo esan gabe uzten dugunak egiten du hizkuntza sexista. Guk aipatzen, idazten, adierazten dugun hori existitzen da baina aipatzen ez duguna ez. Horren harira, bertsolaritzaren munduan adibide ugari aurki ditzakegu. Orain dela urte gutxi arte, gizonezkoena soilik zen mundu bat zen eta abesten zutenean erabiltzen zituzten adibideak, kontakizunak, ereduak, metaforak… gizontasun hegemonikoen baloreen gainean eraikiak ziren. Uxue Alberdik adierazten duen moduan, burusoiltasunaz edo gidatzeaz abesten zuten baina, depilazioaz edo brodatzeaz ez zen abesten. Zergatik ote?




    Neutraltasunaren inguruan aipatzen duen ideia azpimarratuko nuke “Bat batean ohartu ziren ez zirela neutroak” Hau da, inork ez die mugarik jarri futbolean aritzeko edo bertsotan hasteko, baina emakume bertsolari guztiek aipatzen eta jasaten zituzten eraikuntza sozialaren ondorioz sortutako muga horiek. Hizkuntzarekin ere gauza bera gertatzen dela esango nuke, neutroa ote? ez oraingoz behintzat ez.

    Gainbegiratutako giden artean 2008. urtean argitaratu zen Amelia Barquinek idatzitako Euskararen erabilera ez sexista.Emakunde. gida gomendatuko nizueke. Askotan aipatzen baita, bereziki ikasleen artean, euskara ez dela sexista ez duelako genero markarik. Gai honen inguruan, sakontzeko hausnarketarako bide ederra zabaltzen digu gidaren sarrerak eta jarraian, adibide argiak eta ongi azalduak datoz, aldaketarako giltza erabileran dagoela konturatzeko. Aurkibidean, atal desberdinak ikusi eta behar dugun horretara zuzenean iristeko bidea ematen digunez gida osatua eta erabilgarria iruditu zait. Edonork erabiltzeko modukoa. 

    Iazko posten artean, Amaia Chuecarena hau hautatu dut, batetik oraintxe aipatu dizuedan bertsolaritzari buruzko bideoa berak ere hautatu izanak arreta deitu dit eta honen gainean egiten duen hausnarketa eta azpimarratzen dituen ideiekin bat nator. Bestetik, zintzilikatu zituen memeak deigarriak eta esanguratsuak iruditu zaizkit eta horregatik hautatu dut. 

    Eta zein dira Ikastetxeetan guzti hau lantzeko erronkak?

    Lehenik eta behin, errealitatean erabiltzen dugun hizkuntza aztertzeko tresnak eman behar dizkiegu. Jarrera kritikoz aztertzen irakatsi behar genieke. Honen baitan hainbat alderdi erreparatu beharko genituzke, esaterako:

  • “Maskulino orokortzaile” deritzona. Gizon eta emakumeen taldea izendatzeko maskulino plurala erabiltzea esan nahi du. Honek emakumeak baztertzen dituela ikusarazten lagundu behar diegu. 
  • Erabiltzen ditugun baliabideetan, guztion interes kezka nahiak, jarduera, ideia edo ekarpenak adierazten diren ala ez behatu. Hizkuntza, emakumeen presentzia agertzeko ere erabiltzen da? eta protagonismoa gizonen parekoa ote da? 
  • “Genero kutsadura” izeneko identifikatzen ikasi. Askotan, genero bakarrarekin identifikatzen ditu hainbat izen neutro (lanbideak esaterako) gizon zein emakumeen aritu gaitezkeela ikasi behar dute. 
  • Umorea egiteko erabiltzen ditugun espresioak aztertu. Umore sexista gazteen artean oso hedatua baitago. 
  • Inguruan ditugun irudi, kartelak.. aztertu. guztiok agertzen ote gara? ala gizonezkoen mundua soilik islatzen da? 

Ondoren, honen inguruan idatzi diren lan eta baliabideak ezagutu eta aurkeztea garrantzitsua erabiltzen zait. Esaterako, lehen aurkeztu zaizkigun gida-liburuen berri izatea garrantzitsua iruditzen zait. Honez gain, feminismoak gai honen inguruan egin duen ibilbidea ezagutzera ematea ere pausu garrantzitsua da. 

Azkenik, hizkuntzaren erabilera ez sexista egiteko ematen diren adibide eta gomendioen inguruko lanketa egin eta praktikara eramatea litzateke erronka nagusia.
  • Eredu berriak aurkitu, ezagutu. 
  • Zaharkituta dauden ereduak eraberritu. Irtenbide berriak pentsatu, sortu… 
  • Baliabide berriak sortzea interesgarri izan liteke, emakume zein gizonen kultura parekidea deskribatu, eraldatu, sortu eta zabaltzeko hizkuntza erabilera eginez. 

Beraz, itxi ahoa sexismoari eta eman ahotsa feminismoari!










iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina