2018/11/15

Ondo pasatzeko JAIAK?


Jaiak eta ospakizunak...gizartean ditugun jokaera matxisten isla dira, alaitasun egoera batean, geure barnean ondo erroturik dauzkagun ekiteko moduak martxan jartzeko momentua. Inongo erreparurik gabe, irrifarra ahoan, denak balio duen momentua balitz bezala...

Lehengo urteko publikazioa bat aukeratzekotan, Irati Mendigurenena aukertazen dut. Asko gustatu zait Otseme herriko talde feministak Amurrion egindako ekintza: sorgina herriko plazan erretzen jarraitzen baduzue, bahitu egingo dugu. Azken finean, entzunak izateko erradikalak izatera derrigortuak gaudela gogorarazten digun ekintza bat iruditzen zait. Askotan, emakumeak garenez, ekintzak modu lasai eta kooperatiboan egitera derrigortuak gaudela dirudi, zer esango du bestela jendeak? Berdintasun bai, baina biolentzia ez da bidea....
Oso garrantzitsua iruditzen zait biolentzia eta autodefentsa bereiztea. Gauza bat da ekite biolentoa, eta bestea bat erantzuna. Noski, lehenengo bideak erradikala izan beharrean, kooperatiboagoa izan ahal du, baina kasurik egiten ez dizutenean...erradikalak ere izan gaitezkeela gogoratzea ezinbestekoa iruditzen zait. Askotan instituzioen zai bagaude loak hartuko baikaitu!

Ikastetxeetan jai parekideen inguruan hausnartzeko, Arantxa Urretabiskaiaren "Bidean ikasia" liburua oso gomendagarria iruditzen zait. DBH eta Batxilergoko ikasleek irakurtzeko oso liburu erraza eta interesgarria da. Eta hausnarketarako baliabide bikaina iruditzen zait, Ondarribiko egoera habiapuntu moduan hartu eta goazen geure herrietan gertatzen dena behatzera.
https://www.youtube.com/watch?v=j-SsF3MtgWI 

Bestalde, haur txikiagoekin lantzeko, mozorroen gaia hartuko nuke baliabide moduan. Mozorroak, batetik genero-estereotipoez hitz egiteko aukera ematen digute, baina baita antzeztu eta beste pertsonaia batzuetan bihurtzekoa ere. Ihauteri edo herriko jaiak datozela baliatuz, mozorroa prestatzerakoan ohikoak ez diren adibideak emango nizkieke haurrei, aukerak zabaltzeko eta zerbaitek deseroso sentiarazten badie zergatia hausnartuz.

Erronka hauek ikusten ditut eremu hezitzailean jorratzeko:
-Ikastetxeetan egiten ditugun ospakizunak birpentsatzea.
-Sortzen zaizkigun beldurrei aurre egitea.
-Iritzi kolektiboak sortzea eraldaketa posible baterako.
-Sortzeko prest egotea aurrekoarekin guztiz apurtuz.
-Segurtasunez jokatu, ingurukoak benetako lanean ari garen ziurtasuna jasotzeko.
-Kanpo zalantzei erantzun ahal izateko diskurtso sendoak eta kolektiboak sortu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina