2022/03/12

Guztion ardura

Aste honetan indarkeria matxistaren gaian sakondu dugu. Kolektibitate kontzeptuaren garrantziarekin geratzen naiz, gizon-emakumeok pertsona arduratsu eta askez osatutako jendartea eraikitzeko dugun erantzukizunarekin. Politika hitzak, egun hauetan hain erakargarria ez denak, bere zentzu osoa hartzen du niretzat.

Aurreko urtetako sarreraren bat aipatzekotan Amaiak egindako sarrera aukeratuko nuke: Erantzunkizuna 'bandoz' aldatzeko garaia da. Aukeratu dut bere post-ak nire leloan azpimarratu dudan ideian sakontzen duelako eta, horrez gain, bere hausnarketari baliabide asko gehitzen dizkiolako. Proposatutako materiala oso baliagarria iruditzen zait hezkuntza-testuinguruetan nahiz gure lagun-inguruneetan erabiltzeko.

Ikasleekin indarkeria matxistaren gaia lantzeko Urtxintxa eskolaren “Egun on printzesa” bideoa gomendatzen dizuet. Laburmetrai honek, neska gazte batek, bere egunerokotasunean eta eszena desberdinetan, bikotearengandik pairatzen dituen kontrol egoerak isladatzen dira. Oso tresna egokia eta eraginkorra DBHko ikasleekin tutoretzan lan egiteko. Bideoak maitasun erromantikoaren mitoari buruzko elkarrizketa eta eztabaida sustatzeko aukera ezin hobea ematen digu.




Azkenik, gai honetan, beste askotan bezala, asko dago egiteko. Uste dut ez dela justifikazio handirik behar, beharra urtero hildako emakumeen zerrendan ikusten delako. Hezkuntza- eta jendarte-arloan lantzen jarraitu beharreko helburu gisa, honako hauek aipatuko nituzke:

  • Edozein motako indarkeria matxista identifikatzea eta salatzea.
  • Gure buruak maitatzea eta errespetatzea, besteak maite ahal izateko.
  • Maitasun eromantikoaren mito desikastea.
  • Maskulinitate berriak sustatzea.
  • Interes kolektiboen aldeko apustua egitea. Arazo politikoa da eta.
  • Beldurrari aurre egiteko estrategiak ezagutzea eta martxan jartzea
  • Aspektu guzti hauek gure curriculum-ean txertatzea sistematikoki lantzeko.

Ezin dut sarrera hau amaitu gizonei aldaketan aktiboki parte hartzeko deia egin gabe. Norberaren kontraesanak aztertzea eta horretaz jabetzea urrats ona izan daiteke. "Pertsonala politikoa delako".

 


Irakurketa gida: Maskulinitate berriak. Euskadi.eus



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina