2016/04/11

Agurra

Konturatzerako 22 aste pasa eta agurra idazteko momentua iritsi da...

Ikastaroarekiko egin dudan balorazioa erabat positiboa da dudarik gabe, bai maila pertsonal eta baita maila profesionalean ere. Hezkidetzaren inguruan lortutako ezagutzak barneratzeak egunerokotasuneko egoera batzuetan (sexismoa batik bat) jarrera aldatzea eragin dit.
Horrez gain, emakumeok emakume izateagatik jasan behar ditugun neurrigabekeria gehiago ikasi ditut, orain inguruan hauek identifikatu eta aldatzen saiatzen naizelarik ahal dudan neurrian.




Hezkidetzan esku hartzen horrela laburbilduko nuke:

ABERASGARRIA
 
                                 ATSEGINA

                                                      ARGIGARRIA

Ikastarokideei eta ikastaro hau egin dutenei MILA ESKER esatea besterik ez zait geratzen!

Aukeratu dudan abestiaren letrari esanahi bat baino gehiago bilatu dizkiot, bizitakoaren prozesuaz gain, hezkidetzak izango duen bidea adibidez!




Ondo izan!



2016/04/10

AGURRA

Agur esateko momentua iritsi da. Aste hauetan zehar gai ezberdinetan sakontzeko aukera izan dugu. Jardueren bidez gure ezagupenak praktikara eraman ahal izan ditugu eta foroaren bidez gure arteko iritzi eta hausnarketak konpartitu. Prozesua aberasgarria izan da oso baina agur esateko momentua iritsia da. Horrek ez du esan nahi aste hauetan zehar landutakoa lantzen jarraituko ez dudanik. Eraldaketarako bidean urratsak ematen ari gara feminismoak lorpen handiak izan ditu eta baditu baina oraindik ere gure helburua lortzeko urrats gehiago eman beharko ditugu. 
Hona hemen atzoko Gasteizko manifestazioa. Itzela izan zen!!! 11 eraso 12 erantzun FEMINISTOK PREST!



Hona hemen agur esateko prestatu dudan horma irudia. Bertan ikastaro guztian zehar gure ahoetan egon diren hitzak daude islatuta.



Bukaera eta Hasiera



Bukaera eta hasiera hitzak  etortzen zaizkit burura bloggean idazterakoan.Ikastaroaren amaiera delako batetik, eta prestakuntza jaso ondoren lan egiteko beste garai bat hasten delako  bestetik. Hori bai, datorrena kontzienteago eta formatuago seguru.Ikastaroarekin nere hasierako helburua bete dut : gure zonaldeko hezkidetza mintegiari baliabideak  eta informazioa eskaintzea .Ikasteko era, niretzat guztiz berria izan da  eta, egia aitortuz,  ohiko gela , sarri,  faltan bota izan  dut. Akabo azkenengo lerroan jartzeari, akabo txutxu-mutxuka ibiltzeari eta akabo "pirek" ematen zuten bizipozari...Ondo asmatu duzue irakasleok oraingoan kar, kar, hilabete hauetan  iltzatuta egon bait gara gure dispositiboetara. Hala eta guztiz ere, esan behar dut, hezkidetzaren inguruan lanean ari den komunitate handi, aberats eta inplikatua bat  aurkitu dudala  sarean eta horrekin gelditzen naiz, zuekin partekatu  izan ditudan iritzi, informazio  eta baliabideekin.

Idaztea nire gustoko lana ez denez,  egindako ibilbidea irudiekin laburtu dut:
Eta sare eta konekzioekin bukatu dugun honetan abesti hau bururatu zait zuei eskaintzea: 



"CIRCUITAL"





FEMINISTOK PREST








Iritsi da agur esteko garaia.
Atzo Gasteizko manifan egon nintzen eta oso pozik gelditu nintzen. Gazte asko, aniztasuna ,ilusioa eta indarra ikusten ziren.
Feminismoak lorpen handiak egin ditu urte hauetan baina zoritxarrez, oraindik bide luzea eta oztopoz beteta gelditzen zaigu.
 Handia da hezitzaileok dugun ardura . Paregabea  geletan hezkidetzaz oinarritutako hezkuntza sartzeko aukera.
Ikataro honek baliabide pila jarri dizkit eskura egunerokotasunean nere ikastetxean erabiltzeko. Informazio zabala eta nere ezagutza gaiarekiko asko aberastu dit.








Online izanik gertutasuna sentitu dut irakasle eta baita ikaskideekiko. Beraz, mila esker eta besarkada bana.



Bukatzeko Mercedes Sosaren " Todo Cambia" abestia dedikatzen dizuet, gauzak pixkanaka eta jende askoren lanari esker  aldatzen direlako.



https://www.youtube.com/watch?v=g8VqIFSrFUU

ON gaude!!

Agur esateko unea. Agur digitala.
Asko ikasi dut zuen lanaren bitartez. Hilabete hauek lodiak izan dira, esanguratsuak, begirada aldaketa handia errotu dut. Berezko nituen hainbat ezaugarri ulertu ditut. Sentitzen nituen hainbat sentsaziorekin bat egin dut.

Eta nire bizitzari errepaso txiki bat egiten diodanean, ikastaroa nire identitatea berregin eta sendotzeko baliagarria izan zaidala aitortu behar dut.

Eguneroko nire ekintzetan banituen hainbat jarrera sexista aldatzean askeago sentitzen naiz. Nire buruarekin harroago. Alai. Zaintza partekatua etxean behingoz era orekatuan lortzetik, inguruko hainbat botere harremanei aurre egiteko ausardia hartzeraino.

Gu baikara geure buruen jabe. Guk eraikitzen baitugu geure bidea. Geure izatea, nortasuna, identitatea. Eta kanpo eragile orotatik ihes egin daitekela eta norbaren alde zintzoenarekin konektatu daitekela ulertu dut. Aldaketa esanguratsua nire bizitzan. Esparru guztietan eragingo duena.

Hemendik eman eskerrik beroenak ATZEKO LAN TALDE handiari!! Zorionak!
Lan bikaina egin duzue-eta!

Agur bat ikaskide guztiei hemen edo han elkartuko garelakoan...
mila esker zuen aportazioekin nire ezagutzak indartu eta aberasteagatik.

kanta eta bideoa bateratuko ditut nik; hiru hitzez lagundurik; ez ar ez eme, naizena izateko aske!





Indarkeria matxistaren aurka hezkuntzan zeregin handia dugu!

Eguneroko gure ekintzetan begirada feminista txertatzen ikastea lanketa handia den arren, eta barne gatazkak ugarirekin borrokatu behar duzun arren...norberaren askatasuna eta jabekuntzarako merezi du!

Bidea hasi besterik ez da egin!!


ADIORIK EZ!


Hezkidetza Esku Hartzen ikastaro honen balorazioa positiboa da, Berdintasunean orokorrean eta  Hezkidetzan konkretuki aukera interesgarria izan baita errealitatean gehiago sakontzeko, hausnartzeko eta lantzeko.

Pertsonalki aspalditik edo betidanik izan dudan kezka, ardura eta inplikazioa handitu da zenbait gaietan sakondu eta gero.

Asko izan dira landutako gaiak eta ezagutzak, denak interesgarriak. Beti izan dugu aukera sakontzeko, materiala eskuratzeko gero erabil ahal izateko. Egia esan nire eremu profesionalean nituen ezagutzak eta errekurtsoak aberastu egin ditut; Informazioa eta baliabideak lortu, gure eta besteen errealitatean adierazleak detektatzen ikasi, interes berdinak duen taldearen parte sentitu eta elkarbizitza eta hezkidetza gaia lantzearen beharra sentitu.

Asko gustatzen zaidan abesti hau aukeratu dut:
“María Se Bebe Las Calles”. Pasion Vega

Ikastaroarekin lotu nahi ditut hitzak aukeratzerakoan konturatzen naiz zaila dela hilabete hauetan bizi eta sentitu dudana laburtzeko. Dena den izen batzuk aukeratu ditut: jakingura, hasieran batez ere ezintasuna, itxaropenak.

Adjetiboak aukeran: aberatsa, interesgarria eta anitza.

Bukatzeko izan dudan sentimendu nagusiena estutasuna izan da. Askotan ez naiz iritsi nahi nituen ekintza guztiak egitera, beste batzuetan nahi nuen konkrezio mailara azaltzera …

Talde-blogean ikastarokideen ikuspuntuak eta materialak egokiak izan direla esango nuke eta zenbait gorde eta erabili egin dut.

“Violencia en el ascensor” bideoa aukeratu dut nolabait nire itxaropena azaltzeko, etorkizunean emakumeen kontrako biolentzia desagertzeko itxaropena alegia.

Eman behar diren aldaketak ez dira egingo gure lana ez badugu ondo egiten; legedian, gizartean, komunikabideetan …. eta Hezkuntzan. Gure eskoletan orduak, egunak, urteak … egoten dira pertsona guztiak, horregatik Hezkuntzako profesional guztiak, batez ere irakasleok lan handia egin behar dugu BERDINTASUNAREN alde. Honetarako formakuntza-prestakuntza beharrezkoa dela uste dut eta ikastaro honek ondo betetzen du helburu hau.

Hezkidetzaren inguruan etorkizunean orain arte egin duguna jarraituko dugu egiten: ikastetxeetan sentsibilizazio saioak, gai hauek lan egitearen beharra sentiarazi, curriculuma erabili hau lantzeko medioa delako, errekurtsoak aukeratu eta lagundu geletan lantzen




Eskerrik asko! Denen lana eta ekarpenengatik eta irakasleen pazientziagatik ;-)

Agurrak beti penaz...



Zuetako batzuk bezala, daramat denbora bat pentsatzen zer jarriko nuke azken ekarpen honetan... eta azkenean hasten naiz idazten gehiago pentsatu gabe.

Lehenek eta behin ESKERRAK eman nahi ditut. Uste dut lan erraldoia egin dugula, partaideok, noski, astero, astero lanean aritu garelako, zuek irakasleak jarri zenituzten jarduerak bete nahian. Baina irakasleei ere, badakidalako guzti honen atzean zenbat lan eta zenbat ordu dauden.

Partaideen ekarpenak oso interesgarriak izan dira: norberaren ideiak, pentsamenduak, proposamenak eta ekarpenak lagundu didate bidai honetan eta asko baloratzen dut eta esan behar dut asko ikasi dudala ere.

Irakasleen lana asko baloratzen dut ere. Aurretik dena pentsatu eta prestatu behar, bitartean ekarpen guztiak irakurri, aztertu, beraz lan handia benetan.

Nire azken ekarpen bat egiteko momentu honetan aipatu nahi dut atzo Gasteizen izandako kontzentrazioa edo manifestazioa. Iruditu zait, neurri baten, izan dela gure ikastaroaren bukaera sinboliko bat, hau da bukatzen ari gara eta horrelako ekimen bat antolatzen da. Nik ezin izan nuen parte hartu, baina argazkiak ikusten aritu naiz eta oso esanguratsuak iruditu zaizkit.

Argazkian ikusten den bezala FEMINISTOK PREST gaude. Eta ni ere horrela sentitzen naiz.

Orain pixka bat gehiago dakit, orain prestatuago sentitzen naiz, ilusio, energia eta indar gehiagorekin, horregatik prest nagoela sentitzen naiz:


·         Prest bidea egiteko
·         Prest aurrera egiteko.
·         Prest lanean jarraitzeko.
·       Prest erresistentziak gainditzeko...

Dudarik gabe lanean jarraitu beharko dut eta dugu, ikasten jarraitu beharko dut eta dugu, pentsatzen jarraitu beharko dut eta dugu, baina bidean nago eta gaude.

Azpimarratu nahi dut bide honetan sarea eta taldea ezin bestekoak direla eta sarea eta taldea izan dugu egin eta bukatzear dagoen ikastaro honetan.

Bukatzeko aipamen bat egin nahi dut. Duela gutxi ikastetxe bateko irakasle batek esan zidan:
Marivi, bada gauza bat gertatzen ari zaidana, gai honetan hasi naizenetik konturatu naiz ez dagoela atzeraka egiteko aukera. Betaurreko moreak jartzen hazten zerenetik ez dago modurik kentzeko.
 
Ba... ni berdin sentitzen naiz eta pozik nago horregatik.

Beraz, hemendik aurrera hau izango da mundua ikusteko modua: