2017/11/26

Lege bat(zu)ek soilik ez du(te) berdintasuna ekarriko

Anitza da emakume eta gizonen arteko tratu berdina lortzeko Euskal Hezkuntza Sistemak duen legeria. Euskal Eskola Publikoaren Legea, Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Neurrien Legea, Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea, Heziberri 2020, Emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko Aldundi Legea... Tamalez, legeak paperean idatzita geratzen dira. Lege bat(zu)ek soilik ez du(te) berdintasuna ekarriko, ezta jazarpena errotik erauziko ere. Urrats garrantzitsuak dira baina lege horiek betearazteko borondate politikoa beharrezkoa da. 


Marian Moreno-k "Berdintasuna gerrilla lana da, instituzionala beharko lukeenean" adierazten du. Bat nator berarekin eguneroko jardunean lege horiek ez direla betetzen aipatzen duenean. Legeak modu sistematiko eta globalean ez dira betetzen, izan ere, aurpegi zuriketa bat besterik ez dira, ispilatze hutsa nire aburuz. Hezkidetzan hezitzera behartzen gaitu legeak, baina akaso hezkuntzan dihardugun profesionalok kontzientziaturik  gaude hezkidetzak duen garrantziaz?  formakuntza jaso al dugu horretarako? Erantzuna ezezkoa da. Eta formakuntza hori ez dugu izaten ez delako, ez unibertsitateetan, ez ikastetxeetan, ez  etxean ezta are gutxiago kalean ere ikasten. Hezkuntza Sisteman Berdintasunean araudi bat ezartzea irakaslegoa hezkidetzan formatu gabe, hutsaren hurrena da. Eskolak zein institutoak ez dira berdintasunerako arnasgune bat, patriarkatua oso errotuta dagoen beste eremu bat gehiago baizik. Klaustroak ere, sinesmen matxistez osaturik daude eta tamalez, hori guztia ikasgeletara higitu egiten da.

Honekin guztiarekin ez nuke nahiko irakasleok dugun prestigio sozial eskasa elikatu, izan ere irakasle oso fin, baliagarri, konprometitu eta feminismoan fomatuak ere egon badaudelako. Egunerokoan gogor lan egiten dutenak sinesten duten lanbide baten alde, begirada more batez ingurua blaitzen saiatzen direnak, ikaslegoarengan zein lankideengan eta hortaz, jendartearengan ere eraginez. Zoritxarrez, borondatezko lan batetik dator hau guztia. Ezer ez da derrigorrezkoa hezkuntzan berdintasunaz mintzo garenean eta formakuntza faltak horretan ere zerikusi handia du, izan ere, berdintasuna barrenean ez daramazunean ezinezkoa da berau transmititzea.

Betetzen ez diren legeak izanik, hezkidetza borondatezko lan batera zokoratuz, testu liburuetan emakumearen presentzia eza izanik eta irakaslegoaren formakuntzaren derrigortasun gabeziaz,  intituzioek errepikatzen jarraitzen dute hezkuntza berdintasunerako oinarria dela. Baina aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Delegatuak, adierazten du "sexuagatik segregatutako hezkuntzak ez duela diskriminatzen". Nola da posible EAE-ko hezkuntza ordezkari nagusienak horrelako adierazpenak egitea? zertararako orduan horrenbeste lege?


Ezaguna da ere, azkenengo egunetan Espainiako osasun, gizarte zerbitzu eta berdintasun Ministerioak adingabekoen alkohol kontsumoaren prebentziorako kanpainean erabilitako kartelak sortutako polemika, non alkohola eta emakumeen kontrako indarkeria sexuala harremantzen ziren. Akats bat izan zela argudiatuz, berehala kartela kendu zuten. Neska gazteen bortxaketak eta alkoholaren kontsumoa uztartzeak,  bortxaketaren kultura sustatzen zuela salatu da sare sozialen bidez. Izan ere, beste behin fokoa bortxatuan eta ez aldiz bortxatzailean jarri izan delako "babesik gabeko sexu harremanak edota borondatez kontrako harremanetaz" hitzegiten baitzen. Harrigarria eta aldi berean onartezina iruditzen zait instituzio publikoek horrelako "akatsak" suertatzen direla baimentzea. Legeri oso bat sortzen duten berdinek, berdintasuna aldarrikatzen dutenek benetan borondatea agertzen al dute egunerokoan horiek bete daitezen? egia esan, kezka eta zalantza handiak sortzen zaizkit horrelako adibideak ikusterakoan.
 

Egia da legeak beharrezkoak direla eta hasierako urratsak emateko ezinbestekoak eta guztiz premiazkoak dira. Marko legal batek hezkidetzaren inguruko garrantzia jasotzea derrigorrezko abiapuntua da, oso onuragarria eta hezkidetzari zilegitasuna ematen diotela uste dut. Horregatik, hezkidetzaren legediari esker, hori guztia bistaratzea lortu dela iruditzen zait.

Hala ere, berdintasun errealaren bidean, alde batetik legeak betearazteko benetazko borondate politikoa eta bestetik irakaslegoaren formakuntza zehatza. erronka nagusienetako bi direla iruditzen zait. Lehenegoari dagokionez, beharrezkoak diren baliabideetan inbertsioa gauzatu eta  Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida plan-ean agertzen diren helburu estrategikoen betearaztea. Beharrezkoak diren ikuskaritzak bermatuz eta aplikatu egiten dela exijituz. Bigarrenari erreferentzia eginez, hezkidetza ikasketa zein formakuntza zehatzak hezkuntzako profesional orori eskaini eta eskatzean datza. Izan ere, hori guztia aldatu ezean, ikuspegi feminista hezkuntzan txertatu gabe eta hezkidetzan beharrezko formakuntza nahikoa izan gabe berdintasunerako urratsak nahikoak izango ez direla uste dut.
 
Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana-z hitzegin nahiko nuke jarraian. 2013.urtean Hezkuntza Sailak eskola mistotik, eskola hezkidetzailera joateko bidean aurrera egiteko eta indarkeria sexistaren prebentzioa sustatzeko asmoz aurkeztua izan zen. Pertsonen garapen integrala bilatuz, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak alde batera utziz, genero diskriminazioa eta indarkeria mota guztiak gaindituz eta sexistak ez diren ibilbide akademiko eta profesionalak bideratzea izan du helburu. Horrela ere jasotzen du Heziberri 2020-k, non hezkidetzan aurrerapasausuak ematen jarraitu behar dela errekonozitzen den, esaterako Ikastetxearen Hezkuntza eta Curriculumari dagokionez, 15.artikuluan Hezkuntza Proiektua Hezkidetza eta genero Indarkeria Planean garatu eta zehaztea jasotzen duen. Hortaz, dirudienez Heziberri 2020k planaren urratsak mantentzeko asmoa duela ematen du eta erabat esanguratsu eta pozgarriak dira horrelakoetan aurrerapausuak gauzatzen direla ikusteak.

Aurreko edizioetako Maite-ren post-a gogora ekarri nahiko nuke, izan ere, hezkidetzaren inguruan Maria Jose Urruzola-ren bideo hau interesgarria iruditu baitzait.


 

 

 


LEGEAK... BETEKO BALIRA?


Historian zehar, gure sisteman murgildu eta arau zein legeen barnean aritzeko marko legalak sekulako garrantzia duela ezin ukatu. Horren baitan hartzen baitira erabakirik potoloenak, eta finean, justiziak erabakitzen du askotan jendartean sortzen diren arazo eta gatazken konponketak nolakoa izan behar duen. Baina ez hori bakarrik, legeei esker, gizarteko politiken nolakotasuna definitzen da, alderdi gehienen adostasuna eta elkar ekintzak bilatzen eta sustatzen dituztelarik. Nolabait, jendartean ematen ari den ikuspegi orokorraren aldaketa gisa ulertu nahiko nuke.

Honenbestez, irakurgaian ere arakatzeko aukera izan dugunez, Euskal Eskola Publikoaren legea onartu zen 1995ean, eta bertan, irakasten zenaren izaera hezkidetzailea aipatu zen erreferentzia garrantzitsu legez. Milurteko Aitorpenean ere, hezkuntza unibertsalaren aitortza egin zen emakume zein gizonezkoen berdintasuna aipatuz eta emakumeen autonomia lortzeko apustua eta ardura Nazio Batuetako erronken artean kokatuz. Ondoren etorriko dira Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Neurrien Legeak 2004an eta Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak ere, 2005ean.

Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Planaren ondorioz, 2013an idatzia, orain arte ikastetxeetan egiten ari zen hezkidetza lana errekonozitu da eta ikastetxeen arteko sare lana berrartu da Berritzeguneetako mintegietan egindako lana baliatuz. Zentroen arteko saretzea ekartzeaz gain, mahai gainea jarri du lege honek, eskola mistoak izate hutsak ez gaituela eskola hezkidetzaile batera eramango. Eta klabe aldaketa garrantzitsua da legeen moldaketa eta eraginkortasunean eman den hori. Kontzientziazio eta jabetze honek bultzatuko baitu benetako eta ardura betezko ekintza planak diseinatzeko beharrezko bultzada ematea.

Heziberri 2020ak emakume eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortzeko pausuak ematen jarraitu behar dela errekonozitzen du. Hezkidetza eta Genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida-planak helburu eta lan ildo zehatzak markatu dituzte etorkizunean aplikatzeko. Idatzita eta jasota dagoen horrek, gerora, aplikatu eta egin egiteko aukerak eta exijentzia mailak biderkatzen dituela uste dut, eta hargatik, aurrerapauso gisa ikus ditzakegu azken legedien ekarpen hauek ere.

Nahikoa al dira, ordea? Lege eta neurri politikoez ari garenean, babes ofizial hori izateaz gain inbertsio esanguratsuak egitea dakar berarekin, ezinbestean. Baina nola kudeatzen dira aurrekontu publiko horiek. Benetan beharrezkoak diren hutsune eta gabeziak identifikatu eta erroetara jotzen al dute? Nahikoa al da ikastetxeetan 8 orduko tailer hezkidetzaileak egitearekin? Esku hartze puntualak egiteak ikasle zein irakasleengan ikuspegia aldatzen hasteko zertzeladak ekar ditzake... baina, nola baliatu gako aldaketa horiek, etorkizunean ere eraginkortasunez eta modu aktiboan joka dezaten... konpartitutako hausnarketa eta ariketa kolektibo zein indibidualak ezerezean gera ez daitezen?

Argi dago nonbaitetik hasi beharra dagoela, baina legeek euren helburuak betearazteko nahia badute, eskubideak ez ezik, betebeharrak ere oso aintzakotzat hartu beharko lituzketela pentsatzen dut. Alegia, ez da nahikoa Berritzeguneko formazio labur bat irakasleekin, ez bada eskola komunitate osora zabaldutako zerbait, eta ez bazaio jarraipen iraunkorrik emango ibilbide honi. Legeek, markoek... aukerak zabaldu eta zilegitasuna eman diezaioketa HEZKIDETZAren aldeko apustu politikoari. Baina, oso kontziente izan behar dugu, hankak lurreratzean eta errutinan eguneroko esku hartzera jotzen dugunean, benetan landu beharreko eta mimatu, elikatu, zaindu, formatu...beharreko pertsonak, eskola komunitatea osatzen duten horiek direla. Ikastetxeetan atezainetik hasi eta sukaldari zein begiraleetatik pasata, irakasle zein zuzendaritza karguek eta, nola ez, famili anitzek... horiek denek behar dutela HEZKIDETZAren parte aktibo izan. Eurak dira protagonista gure etorkizuneko erronkan. Eta gurekin batera lanean jarri ez ezik, ez dugu belaunaldi berrien hezkuntza eta hazkuntza prozesuan begirada feministarekin aurrera egiterik izango.

Berdintasun errealaren bidean dauden bi zeregin aipatzearren EAEko hauek berreskuratu ditut posterako:

- “Sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaini, bereizkeria mota oro baztertu eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzen dituena izango da. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan...” Zeregin honetarako ezinbestekoa izango da nire ustez esparru guztietan esku hartze eta erabakimena duten eragile eta pertsonen FORMAKUNTZA espezifikoa eta oinarrizko ezagutza feministen lanketa.

- “Ebaluazio, ikerkuntza, berrikuntza eta irakasleen laguntzarako zerbitzuetan hezkidetzan trebakuntza zehatza duen pertsonala izatearen beharra adierazten du legeak, baita emakume eta gizonen presentzia orekatua hezkuntza maila guztietan”. Hezkuntza komunitateko profesionalen artean hautaketa prozesuan diskriminazio positiboa egin beharko genukeela uste dut. Hizkuntzaren normalizazioarekin gertatu bezala, bide beretik, hezkidetzan trebatuta eta ekintzaile aritzen diren kideak saretu behar ditu ESKOLA PUBLIKOAk. Eta horretarako, baliabideak behar izateaz gain, hautaketa prozesuetan puntu gehigarriak emango dizkien xehetasunak finkatzea izan zitekeen aukeretako bat. Baina zoritxarrez, egungo sistemak oraindik ere, Fratoren biñeta honen antza gehiago duela iruditzen zait...



Iazko postak gainbegiratuta Maite A.S.rena gogora ekartzea interesgarria iruditu zait. Aurkezpen honetan partekatze dituen hausnarketekin bat egiteaz gainera, Lekeitioko Eskola Publikoan egiten ari diren lanaren bideo bat ere eskura jarri zuen, eta niri behintzat, adibide praktikoetara jo eta hauen zabalpen zuzena egitea, arma inportantea iruditzen zait hezkidetzan aurrerapausoak emate aldera.




LEGEDIARI BURUZ HAUSNARTZEN


Legeen mundu honetan orain gutxi arte emakumeak bigarren plano batean gelditu garela ezin ahaztu liteke, eta ondorioz,  gaur egun ere pgutxi dira politikan diharduten emakumeak. Izan ere, ezin dugu ahaztu hamarkada gutxi batzuk arte emakumeok ez genuela aukerarik legeak sortu eta haien inguruko eztabaidak eremu politikoan aurrera eramateko.

Hala, onartu beharra daukagu esku artean darabilgun marko politikoa gizonezkoek sortu dutela eta hein handi batean marko politiko maskulinoa dela.

Beraz, hezkidetzak gaur egun marko legal bat duela esan badezakegu, urteetako borroka feministak garaipen hori lortu duelako da; dena den, aintzat izan behar dugu arau horiek abiapuntu gisa onak diren arren, ez direla nahikoa eraldaketa soziala lortzeko.



Hau esanda, zein izango lirateke berdintasun errealaren bidean dauden erronka nagusiak? Hona hemen nik proposatutakoak:
  1. KONPROMISOA: Eraldaketa prozesuarekiko konpromiso eta hartu eman bat izatea. Denon indar eta sormena lagun ditugula norabide berean egin behar dugu bultza, egiazko aldaketarik gertatzea nahi badugu. 
  2. KONTZIENTZIAZIOA:  Beharrezkoa da marko legalak babesten duen hori sinetsi eta zertan datzan jakitea. Heziketa eremuetan ari garen guztiok eraldaketa beharrezkoa eta posible dela sinesten ez badugu, eraldaketa ez da posible izango.Hezitzaile komunitate osoaren kontzientziazioa beharrezkoa da. Hau lantzeko, interesgarria litzateke Hezkidetza Mintegietan arlo gutzietako hezitzaileak parte hartzea. Hau da, familiak eta hezkuntza komunitate osoko ordezkariak egotea eta irakasle bakoitzak erabiltzen duen material didaktikoaren berrikuspena egiteko konpromisoa hartzea, besteak beste.
Legediari dagokionez urrats asko lortu diren arren, lorpen aipagarrienetako bat hezkidetza bera hezkuntza komunitatearen agendan txertatu eta leku garrantzitsua hartzea izan da. Izan ere, orain dela gutxira arte hezkuntza arloan zebiltzan askok eta askok hezkidetzaz hitz bakar bat ere entzun ez zuela esan zitekeen. Gaur egun aldiz, hezkuntza esparruarekin eta legediarekin besterik ez bada ere hezitzaile gehien gehienok ezagutzen dugu hitza, horietatik gehienek kontzeptua ulertzen dugu, eta asko bat gatoz hezkidetzaren helburuekin.
Aztertu ditugun lege guztien artean esanguratsua den bat aukeratzekotan Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen 28. artikulua aukeratuko nuke:
“Sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaini, bereizkeria-mota oro baztertu eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzen dituena izango da. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan eta abarrean”
Bukatzeko aurreko urtean Ainhoak eginiko sarrera hau aipatuko nuke.


UR AZALERA GAITEZEN ETA ITO DEZAGUN PATRIARKATUA!
 

LEGEETATIK PRAKTIKARA….



LEGEETATIK PRAKTIKARA….

Argi dago, legeak baditugula: Heziberri, Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Neurrien Legea, Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea…
Legea, marko legala badugu. Eta zer gertatzen da praktikan??? Zertarako hainbeste aldaketa Heziberrirekin gero praktikan, eguneroko erronkei aurre egiteko baliabiderik ez baditugu. Ezin badugu denari aurre egin baliabide pedagogikoa eta pertsonalak ez badaude?
Zertarako egiten dira aldaketak hauek? Zerk bultzatuta? Betikoak egin behar ditugu aldaketak, nola eta baliabide eta murrizketak pairatzen baditugu.
Idatzi duenak badaki zer nolako egoeretan bizi garen hezkuntza munduan dihardugunak. Entzun ahal gaituzte? Gure beharrei erantzun digute? BAI!! MURRIZKETAK aplikatzen.
Egoera honek ekarritako aldaketei aurre egiten diogunak benetan legea gara. Guk egiten dugu praktika, gu gara aldaketa.
Gure artean hezkidetzak duen garrantziaz ohartu gara eta ideia hori zabaltzen ari da. Kritika egin behar da, Legeak irakurri, aztertu eta kritikatu.
Heziberri 2020n eskola inklusiboaren kontzeptua azaldu egiten da. Nola aipatu eta erabili dezakete kontzeptua beraiek segregazio eta ghettoen bultzatzaileak badira. 


Plazerraren kontzeptua ere azaldu egiten da. Nola posible da gorputzaren plazerra aipatzea eskoletan dagoen taburik handienetarikoa SEXUALITATEA denean?
Formatzeko inplkikazioa behar da. Inbertsioa, dirua alegia. Hezkuntza komunitatean lanean gaudenok formatu nahi dugu, jakin nahi dugu nola txertatu, aldatu gauzak. Baliabideak behar ditugu. Legeak soberan daude aurrera joateko eta gauzak aldatzeko baliabide materialik zein fisikorik ez dugunean.
Iazko postak irakurtzen Maite A. Sk egiten dituen galderekin bat nator.  Eta adibide gisa jarri duen bideoarekin geratzen naiz. Itzela da!! Zoriontzekoa!!

2017/11/23

LEGEAK EZ DIRA SOILIK TEORIA!

     Gaur egunean, hezkidetza geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari den arren, kontzeptua bera ez da oso ezaguna. Jendeak gai honi buruz duen ezjakintasunari aurre egiteko, oso garrantzitsua iruditzen zait haurrak txikitatik hezkuntza hezkidetzaile batean heztea; etorkizunean, emakume eta gizonen arteko berdintasun hori zerbait naturala izan dadin lortu ahal izateko.


     Hori dela eta, hezkuntza testuinguru hezkidetzaile gisa hartzea ezinbestekoa dela deritzot, testuinguru horretan inplikatuta dauden gizabanako guztiek gai honen inguruko formakuntzak jaso ditzaten garrantzitsutzat hartuz.


    Hezkuntza hezkidetzaile bat bermatu ahal izateko, hainbat lege sortuak izan dira. Hala ere, lege horiek teorian oso ondo daude ezarrita, baina, bertan idatzita dagoena eta errealitatean gertatzen dena zeharo ezberdina izaten da sarri. 

       Aste honetako irakurgaian aztertutako legeei dagokienez, Euskal AutonomiaErkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide etabetebeharren Dekretua (201/2008,abenduak 2) aipatzeko modukoa iruditzen zait. Bertan ikastetxeko bizikidetzari kalte larria eragiten dioten jokabideak definitzen ditu: diskriminazio baten ondorioz adierazten diren irainak eta beste pertsona baten duintasuna kaltetzen duten giroak. 

Hauek zeintzuk diren jakitea eta berauek saihestu ahal izateko ahaleginak egitea ezinbestekoa dela deritzot, pertsona bakoitzaren ongizatea bermatzeko eta inoren duintasuna kaltetua izan ez dadin ziurtatzeko. Baita, gatazkei aurre egiteko mekanismo ezberdinak izatea; jokaera desegokiak ematen direnean aplikatu ahal izateko.


     Lege hauei guztiei esker hezkidetzak presentzia handiagoa hartu duenaren sentsazioa dut; geroz eta garrantzia gehiago ematen zaiola. Duela urte batzuk hezkidetzak ez zuen inongo tokirik ez hezkuntzan, ezta gainerako testuinguruetan ere.

 Hala ere, gaur egunean kontutan hartzen den zerbait izan arren, legeetan idatzita dagoen zerbait, oraindik ere lan asko egin beharko dugu berdintasun erreala lortu ahal izateko. Honen inguruko bi erronka aipatzearren:
·        
          - Hezkidetzaren kontzeptua gizarteko  pertsona guztiei helarazi, bere beharraz jabetu ahal izateko, testuinguru guztietan berau zabaltzeko bultzadak emanez. Hezitzaileei, bere aldetik, formazioak eman honen inguruan.

       - Aipatu diren legeetan idatzita datorren hori modu teorikoan jakiteaz gain, martxan jartzen direla ziurtatzea.



       Amaitzeko, aurreko urteetako edizioetako sarreren artean, Edurnek eginiko hau gomendatuko nizueke. Guztiaz ados nago berak esandako honekin: “hezkuntza eremuan legediarekin eta, batez ere, eragile guztiak inplikatuta egonda, konpromisoa harturik izanda, eskola hezkidetzaileak berdintasuna sustatu eta bermatuko duela ziurra da.”

2017/11/22

HEZKIDETZAREN MARKO LEGALA:
MARKO TEORIKOTIK ALDE PRAKTIKORA
                
Era teorikoan esan genezake, EAEn dagoeneko badaudela lege markoari begira behar beste tresna hezkuntza hezkidetzaile bat aurrera eramateko. Nafarroan, azken urte parean gobernua berriak aurrera eramandako lege berrien onarpenari esker, badago hezkuntza hezkidetzaile bat aurrera eramateko oinarrizko lege marko bat. Hala ere, legedia sorta hau izan arren, alde praktikoan muga eta oztopo ugari egon daitezke, ezta zenbait kasutan, kontraesanez beteriko egoerak ere ager daitezke.

                Heziberri 2020ko txostenean adibidez, eskola inklusibo baterantz joateko nahia adierazten da. Nola da posible eskola inklusibo baterantz joatea sare publikoan jada ikasleen segregaketa gero eta nabarmenagoa baldin bada?

“eskola inklusiboaren planteamenduan sartzen da aniztasun horren errekonozimendu-faltaz kontzientzia hartzea, genero-arrazoiengatiko gizarte-presioez eta bazterketez jabetzea, eta diskriminazio-egoerak erregulatzea”


                Aldi berean, gorputzaren zentzumenen bitartez esperimentatutako plazerra aipatu egiten da. Plazerraren lanketa hori sexologian egiten diren tailerrekin lotuko nuke. Hezkuntza zentro erlijioso batean, benetan bateragarria al da sexu askapenarekin loturiko lanketa bat zentroaren berezko filosofiarekin?

“…nork bere burua zaintzea kalte fisikotik babesteko, gorputzaren zentzumen guztien bitartez esperimentatzeko plazera bilatzea, gorputzaren mugak eta ahalmenak ezagutzea eta onartzea, eta norberaren gorputzaren irudiarekin eta sexu-nortasunarekin pozik egotea”

                Legedia aproposa iruditu arren, inpresioa daukat badirela hainbat zalantzazko elementu, horien inguruan azterketa sakona egin beharko genukeena. Hezkidetzari begirako legedia agian osatua dago, baina horrek agian ez du zertan era praktikoan hezkuntza hezkidetzaile bat ekarri behar. Hezkuntzatik kanpoko sektoretan bere aplikagarritasuna ikusteke dago, eta arlo pribatuan , nola ez, ez luke eraginik izango.

Hezkuntza hezkidetzailea lortzeko asmoz egon daiteken beste erronka bat, irakasleen eta bestelako langileen jardunean egon daiteke. Maite Elorzak aipatutako esaldi honekin geratuko naiz, esaten nabilena ulertzeko estrategikoa izan daitekeelakoan:

Irakasle izateko formazio akademikoa eskatzen da, baina hezitzaile izateko bestelako formazioa ere behar da.

Hezitzaile izateko beraz, hezkidetza inguruko prestakuntza beharrezkoa da, duda barik. Baina formazioa izateaz gain, INPLIKAZIO bat egon behar da derrigorrez.