2015/10/07

NAHI DUZUENERAKO,.. AGURTZANE

Mundua kolorez jantzi....BESARKATU!

Apur bat triste nagoenean honelako abestiak berehala animatzen naute hurbil dauden pertsonekin dantzatzera, besarkatzera ta ondo pasatzera. Egin froga benetan!

Beno, ba hasiko naiz. Agurtzane naiz, laguntzeko, entzuteko, ikasteko eta esperientziak eta ezagutzak zuekin partekatzeko prest dagoen neska.

Musika eta pedagogia ikasten egon nintzen eta urte batzuk eskoletan irakasle egon ostean orain Berritzegunean nago "ikasten". Bi urte daramatzat Hezkidetza Mintegian eta egia esan orokorrean urte aberasgarrienak izan dira. Denbora gutxitan alor guztietan asko ikasi dut, mundu berriak zabaldu egin zaizkit pertsonalki nahiz profesionalki.

Horretako mundu bat HEZKIDETZA izan da. Betaurreko moreak, egia esan, orain dela gutxi jarri nituen eta orain mundua beste modu batez ikusten dut. Nire bizitza pertsonalean eragina izan du eta aktiboki nire inguru hurbilena poliki aldatzen hasi naiz.

Nire mintegikideekin elkarlanean pilo ikasi dut eta espero dut ikastaro honetan nire ikasketa prozesu hau borobiltzea. Ideiak eta kontzeptuak ondo argituz, hausnarketak eginez eta proposamen aktiboak martxan jarriz.

Badakit hezkuntza eremu garrantzitsua dela horretan guregana jotzen dutenei laguntza eta orientabide eraginkorrak eman behar dizkiegulako gauzak poliki poliki aldatzen joateko. Baina benetan eragina duena gure eguneroko bizitzan aktiboak izatea da, familian, lagunekin, auzoan,.. ta hori espero dut benetan Hezkidetzaktibo neska bihurtzea.

Aldatu behar dudana: Arduratsua eta langilegia naiz. Zergatik aldatu behar dut hori? Gehiegi eskatzen diodalako nire buruari. Bizitzako alderdi txikietatik gehiago disfrutatu behar dudala ikasten ari naiz, besarkatzea adibidez!!!!

Kolore bat: GUZTIAK. Aniztasuna islatzen dutelako.

Animalia: Felinoak, dotoreak eta lasaiak ikusten ditut

Hemen prest nauzue zuen iritzi eta esperientzien zain...

NIRE AURKEZPENA ... OLARIZU



Aupa Ekipo, 

Olarizu Etxarte nauzue, 22 urteko bizkaitarra. Durangokoa izan arren, Haur Hezkuntzako gradua Donostian ikasi nuen eta, aurten, Donostian bertan eskola batetan lanean ari naiz.

Izeko batek ikastaro honen berri eman zidan, eta interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan. Beraz animatu eta hemen nago!

Ane

Ane naiz. Haur Hezkuntza ikasi nuen eta orain psikopedadogiako ikasketak bukatzen ari naiz. Bidelagun proiektuan egiten dut lan astean zehar, lehen hezkuntzako ikasleekin eta hezkuntza formalean aritu izan naiz. Asteburuetan taberna batean egiten dut lan. Hezkuntza gure ingurua aldatzeko aukera gisa ulertu izan dut ikasle zein hezitzaile moduan eta feminismoa aldaketarako ardatz! Eta ikastaroa horrerrran jarraitzeko formakuntzarako aukera paregaea iruditu zait! 

MAITANE... NI NEU

Kaixo!! Maitane naiz. Magisteritzako ikasketak egin ditut bai Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzakoak ere. Azken 3 urtetan hezitzaile egon naiz Bidelagun proiektuan Gasteizko eskola ezberdinetan. Baina urteak daramatzat hezkuntza ez formaleko espazio ezberdinetan lanean. 
Hezkuntza bizi dugun gizartearen eraldaketarako tresnatzat jotzen dut eta horregatik betidanik izan dut hezkuntzarekiko interesa bai ikasle moduan eta baita hezitzaile moduan ere. Eta nola ez!! Feminismoa nire bizitzaren eta nire jardunaren oinarri izaten saiatzen naiz baina argi dago bidea oraindik luzea dela eta patriarkatua oraindik gure gorputzetan haragiztatuta dagoela. Horregatik animatu nintzen Hezkidetza eskuhartzen ikastaroa egitera, nire eguneroko praktikak, gure eguneroko praktikak ahalik eta hezkidetzaileagoak izan daitezen. Elkarrekin egingo dugu bidea, elkarrekin ikasiko eta desikasiko dugu eta elkarrekin deseraikiko eta eraikiko dugu. 

Beraz, jantzi ditzagun BETAURREKO MOREAK!!!Eta ekin dizaiogun lanari!!!



Hementxe gustoko dudan Anariren Aingura Hegodunak abestiko zatitxo bat:

                                     "... erortzen bagara ere, amets berriei helduz gorantz
                                           erortzen gara. gorantz jaitsiko gaituen aingura
                                           hegodunari... arrain hilak bagina, hondoratu ordez
                                           urazaleratzen gara."


Nire aurkezpena

Kaixo!
Marijose izena dut. Bigarren Hezkuntzako irakaslea naiz baina duela bost ikasturte aholkulari bezala egiten dut lan berritzegune batean, Sestaoko berritzegunean eta Leioakoan, hain zuzen ere. 
Urte hauetan gauza asko ikasteko aukera izan dut, baina garrantzitsuenetariko bat hezkidetzaren aldekoa naizela. Izan ere, azken bolada honetan, berritzeguneko hezkidetza arduradun gisa, hezkidetza mintegia kudeatu izan dut.
Oso esperientzia aberasgarria, benetan. Baina, konturatu naiz, gure gizartean oraindik oso bide luzea daukagula benetako BERDINTASUNA lortzeko. Hainbat gauza "desikasi" behar ditugun! Lan sakona, erronka polita.
Ikastaro honen berri eman zigutenean, berehala iruditu zitzaidan nire eguneroko lana hobetzeko aukera paregabekoa izango zela. Horregatik, eta lan asko eduki dudan arren, esfortzua egitea erabaki nuen. 
argazki300.jpg

AURKEZPENA...KUKU!


Ni Haizea Careaga naiz, gaur egun Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailean egiten dut lan emakumeen eta gizonen berdintasun teknikari. Ni hizkuntza politika eta kultura esku-hartze arloetan berdintasun politikak sustatu, koordinatu eta horien inguruan lankideak aholkatzen ditut, besteak beste. Hilabete batzuk daramat lanpostu honetan, aurretik 6 urte eta erdian zehar Emakunden egin dut lan. Ikusten duzuen moduan, berdintasunak eta feminismoak nire bizitzan garrantzi handia du! Lanorduz kanpo ere saiatzen naiz berdintasuna sustatzen…  eta feminismoaz ikasten!

Zergaitik animatu naiz ikastaro hau egiten? Hezkuntza mundua beti iruditu zait interesgarria… nahiz eta horretan ez jardun. Duela urte asko auzoan Astialdi talde bat sortu genuen (jada desagertu da taldea) gazte batzuen artean, eta hor hasi ginen berdintasunaren gaiaren inguruan hausnartzen eta praktikara eramaten, edo saiatzen gitxienez! Hortik aurrera, hezkidetza buruan izan dut! Azken urteetan gai honen inguruko ikastaroak bilatu ditut, eta hau topatzean segituan animatu nintzen! hiru faktore erakargarri topatu nizkion lehenengo momentutik: hezkidetza lantzea, euskaraz eta teknologia berrien erabilpena!

Talde- lan birtualean aritzeko nire ezaugarri onei dagokionez (ze zaila!)… besteengatik ikastea gogoko dut, interneten saltseatzea, berdintasunaren inguruko zenbait informazio iturri ezagutzen ditut…

Ikastaroa hasteko gogoz nago, hezkidetza gaian sakontzeko eta egunerakotasunean, eta ez hainbeste ikasgelan, hezkidetza aplikatzeko tresnak eskuratzeko! Eta nola ez, Hezkuntza eremuko jendeak gaiaren inguruan dituen esperientzietatik, materialetatik, ezagutzetatik… eta abar ikasteko eta aberasteko…

Abestia amaierarako utzi dut… abesti eta talde zein bakarlari asko gustatzen zaizkit… azkenaldian lagun baten proiektuaren harira, emakumeek egiten duten musika entzuten hari naiz… proiektua Emarock da eta, horretan ezagututako Perlak taldeak Uxue Alberdiren hitzekin egindako kantua duzue hemen, Emakumeen Mundu Martxako karabana feministarako egindako abestia! Gozatu!





AURKEZPENA, MIRARI NAIZ.    

 

   Kaixo! Mirari naiz, emakumea, euskalduna, irakaslea…Lehen hezkuntzako 5. eta 6.mailatan aritzen naiz orain dela…urte pila bat!

     Bedinanik ikusi ditut berdintasunaren aurka dauden jarrerak eta egoerak, eta uste dut derrigorrezkoa dela, hezitzen aritzen garenontzat, gure eta gure ikasleen  jarreraz eta jokaeraz konsziente egitea eta aurrerapausoak ematea berdintasunaren alde.

     Azken (10?) urteetan jabetza eskolek eta emakumeen etxeek antolatutako emakumeen literatura-tailerretan ari naiz eta horrek ikuspegia zabaldu didala eta gai hau lantzearen beharra areagotu didala uste dut. Horretaz gai, nire ikastolan gai hau (bizikidetza eta baloreekin nahastuta, oraingoz) lantzeko (astero ordu pare batez) eskatu didate eta horretan hasi berri-berria naiz.

    Uste dut talde-lan birtuala egiten, lehen ere formakuntza bat era honetan oso gustura egin izanak lagunduko didala (Familia eta bikote-terapia horrela egin bainituen). Horretaz gain, ikasteko gogo handiak ere laguntzea espero dut. Disziplinatua izaten naiz eta gai hau asko interesatzen zait.

  Besteengan, apaltasuna (askotan iruditzen zait oso gutxi dakidala) eta laguntzeko prest egotea asko eskertzen ditut; baita, ahal bada, umore piskat jartzea ere (niri kostatzen zaidalako, agian).

   Kolore bat aukeratzekotan…urdina aukeratuko nuke, itsasoa, zerua… ekartzen dizkidalako gogora, eta kolore horren barruan intentsitate eta tono desberdin asko daudelako.

Animalien artean, zaldia aukeratuko nuke, energiaz eta soseguz Beteta ikusten dudalako. Baita edertasuna eta dignitateaz ere.

    Musika eta abesti desberdin asko gustatzen zaizkit, umorea eta momentuaren arabera. Oraintxe “A galopar, a galopar…” Paco IbaƱezek abestua dakorkit burura.
 Ikastaro honetan ilusioa eta ikasteko gogoa mantentzea gustatuko litzaidake; baita ikastolan (bai ikasleekin eta baita lankideekin ere) martxan jartzeko gauza asko ikastea ere.