2018/01/11

ERABILERAREN ARAZOAK

Euskara sexista ez delaren mitoa zakarrontzira bota eta gero, eta Emakunderen gida begiratu eta gero ERABILERAren arazoaz ohartu naiz. Amelia Barquinen blogetik pasa eta gero eta nire errealitateaz jabetu ostean hainbat gauzaz konturatzen naiz.
Patriarkatuaren izenean matxismoa ze punturaino hedatua, txertatua eta onartua dagoen ikusteak kolpe ederra ematen du. Testu hau bera idazterakoan ideia, hitzak eta esanak kontrolatzea oso zaila egiten ari zait. Apurka joan behar naiz aldaketak egiten, eta bidean akatsak izan arren kontzientziaren mundura noa.
Ditudan tresnak, ez zaizkit balio. Hizkuntzaren erabilera arazoa da. Horrela ikasi, entzun, kopiatu eta bizi izan naiz. Hizkuntzak dinamikoak direnez, aldatu egiten dira, kontzeptu berriak azaldu… irainetan fijatzea errazena izan daiteke. Betiko dikotomian sartzea suposatzen du emakumezkoa VS gizonezkoa. Argi dago orain arte zeinek irabazi duen eta zein zapaldua, infrabaloratua….
Egia da hizkuntzarekin komunikatzen garela eta bakoitzak nahi duen moduan erabil dezakela. Erabilera horretan datza gakoa. Hizkuntza sexista dela esatea bakoitzak bere ardurari ez begiratzearen sintoma da. Baina egoera aztertu behar delakoan nago; kokatu behar dugu gure burua sistema heteropatriakatu batean. Erabilera sexista da, horretara bultzatzen gaituela ere esan beharra dago, baina gure baitan dago behin horretaz jabetzean gauzak aldatzen joatea.

Ados nago blogean aipatzen diren ideia eta testu askorekin eta landu beharreko gauzen artean Loinazek apitazen du hizkuntza erabilera ez sexistarako gomendioak komentatu eta praktikan jarri beharko zela. Ados nago, gure artean gomendioak ematen adibideak jartzen erabilgarriagoa izan daitekela.
Emakumeon presentzia bermatu eta azpimarratu. Baita bilerak prestatzerako orduan hizkuntzari erreparatzea ere.



GOAZEN GEURE PLAZAREN BILA!

Egunak joan eta etorri hausnartzen eta egoera kritikatzen jarraitzen dugu, ez gaude ados bizi garen errealitatearekin eta etengabe akatsak edo eta aldaketarako bideei buruz ari gara berriketan. Gaurkoan ordea, eman ditugun hainbat aurrerapausa aipatzera nator, jarrera positiboz. Nire herrian emakumeek duten presentzia edo eta hauei begira buruturiko hainbat aldaketa azalduko ditut. 
Emakumeoi irakatsi digute kontuz ibili behar garela gauean, bidezidor ilun eta itxietatik bakarrik ez igarotzeko esan digute, etab. Zergatik irakasten zaigu emakumeoi  geure burua babesten, eta zergatik ez zaie gizonezkoei erakusten emakumeak ere errespetatzen? Balore kontua da. Jakitun nahiz dena den, gaur egun gizonezkoei ere ematen zaizkiela irakaspen bereziak gai honen inguruan, baina oraindik ere zer egin asko dago. Emakumeok gauez bakarrik etxeratzean ez dugu ausart garela sentitu nahi, lasai etxeratu nahi dugu. Hori horrela, hainbat egokitzapen egin dira nire herrian.
Ondorengo argazkietan ikus ditzakezue hainbat adibide. Txoko ilunetan pintadak egin dira. Hala nola, pasabide bateko hormetan  marrazki more-arrosak daude “Osa dezagun beldurrik gabeko marea” mezuarekin. “Aske garelako” mezua ere ikus daiteke pasabidean. Mezu eta marrazki koloretsuez gain ispiluak jarri dituzte pasabideen sarreretan, pasabidera sartu arretik barruan norbait dagoen ikusi dezakezu, edo eta pasabidetik irtetean kanpoan norbait ba ote den beha dezakezu.  Badira bizpahiru urte aldaketa hau egin zela, eta orduz geroztik askoz erosoagoa da pasabidea. Dena den, gauez etxera bidean pasabidetik ez igarotzen ahalegintzen naiz, ordezko bidetzat errepidea erabiltzen dut. Beldur eta arriskuak saihesteko, beste mota bateko arriskuak hartzen ditudala jakin arren.




Horrez gain, emakumeei omenaldia egiteko asmoarekin, bada “amatasunaren irudia” izeneko eskultura bat Azpeitian. Harrizko irudia da eta ama bat umeari bularra ematen ageri da aulki batean eserita.  Emakumeon egunaren arira, egin izan dira irudiaren bueltan bilkurak, eta bertan ama-umeak bildu ohi dira bularra emanez.


Gainera, nire herrian “Balentina Agirre” izeneko plaza dugula esan behar dut. Pasa berri den urte honetan ezarri zioten izena plazari. 1918an jaio zen Balentina Agirre Elorza Izarraitz auzoko Egurtza baserrian. Herriko emagina zen eta aldi hartarako pentsaera aurreratuko emakumea zela diote. Azpeitian “herri hezitzailea” ekimena dago martxan, eta hortik abiatuta gisa honetako hamaika proiektu abiatu dira.


Hemen dago eskuragai Balentira Agirreren bizitzaren irakurgaia 
Beti esaten dudan bezala, apurka apurka, baina ari gara emakumeon presentzia ikuserrazagoa egiten. Eta hori da gakoa. Izan zirelako baikara gaur.

Gaian ikusitakoa gogoan hartuz, honakoa da laburbilduz egin dudan kontzeptu mapa.


Horren harira, emakumeok dugun errepresentazio urria dela eta honako ihazko post hau aukeratu dut. Bertan emakumeak eta alkatetza gaia jorratzen du, interesgarria benetan.  

   Gaiarekiko sentsibilizazioa lantzeko eta espazioaren erabileraren garrantziaz jabetzeko, aldiz, hiria kolektiboaren KALEARTEAK dokumentala uzten dut zuen eskura. 
  Jarraian duzuen bideoan HIria Kolektiboak espazioaren garrantziaz hitz egiten du:



       Ikusiak ikusi, hainbat erronka ditugu aurretik. Hona hemen horietako esanguratsuenak.

-Berdintasuneko espazioak sortzea (eta ez berdinkide itsura ematen diguten eremuak)
-Kale izendegieten emakume izenak ugariagotzea.
-Literaturan eta ikus-entzunezkoetan emakumeen presentzia ugaritzea.
-Eskola patioetan konfigurazio tradizionala haustea.

-Eta aurreko guztiak lortu ahal izateko, HERRITARROK KONTZIENTZIATZEA.

ESPAZIO PUBLIKOA BERRESKURATUZ

Errepresentazioa eta denboraren erabilera hizpide, hainbat eremutan duen garrantziaz ohartzeko parada izan dugu. Besteak beste, espazio fisikoa (hirigintza), espazio birtuala eta ikusentzunezkoa zein espazio literarioak aztertzeko aukera izanik denboraren erabileraren kudeaketa berdinkideaz ohartuz.

Espazioaren diseinuan eta erabileran zentratuko naiz hurrengo lerroetan. Jakina da espazioak orokorrean, bere erabileragatik definituak izaten direla eta hauen antolakuntzak boterearekin zuzenki erlazionatuta daude. Hirigintza, espazio publikoa antolatzeko modua bezala definitzen bada, jendartearen bizitzarekin lotura zuzena du. erabilera maskulino batetik pentsatua izan da, lan produktiboak gauzatzeko definitua eta ez horrenbeste lan erreproduktiboak kontutan hartzeko. Hortaz patriarkatua berproduzitzera bideratua dago eta beraz sexista eta diskriminatzailea dela ondoriozta daiteke. Hamaika Telebistako Idemtitateak saioko Hirigintza eta generoa-an azaltzen da ideia hau.

Lan erreproduktiboak (lan merkatutik kanpo geratu diren lan guztiak, adibidez zaintza lanak) deitutako horiek, ez dira aintzat hartu eta merezi duten lekua ez zaie eskaini ikusezin bilakatuz. Enplegua duen gizona izan da hirigintzaren abiapuntu eta eredu horretatik at geratzen diren gainontzeko guztiak ez dira kontutan hartu. Adibide gisa, kaleen %80a errepideek hartzen duten bitartean %20a oinezkoentzako bideratua da, beste behin ere, kapitalismoa eta patriarkatuaren arteko binomioa berproduzituz. Baina ez hori bakarrik, izan ere, historikoki emakumeek egin izan dituzten lan erreproduktiboak espazioaren hierarkizazioan galtzaile ateratzen dira, hala nola arropak kalean eskegitzearen debekuarekin zein sukaldeak etxebizitzetako espazio geroz eta txikiagoak bihurtuz, edota haurrak espazio publikoan mugatuz, eurentzako diseinatutako jolas parkeetara bideratuz eta ez herriko plazetan dagokien protagonismoa erakutsiz.

Kaleen edota espazio publikoaren erabilpen anitza ematen ez bada, kaleen erabilpena eta bizitza amaitzen da eta beraz, bizitza bera ere akabatu egiten da. Kaleak eta espazio publikoa bigarren mailako espazioak bilakatuz gero, espazio pribatuetan bizitza egitera bideratzen gaituzte, bakartasunera eta indibidualismora kondenatuz eta komunitatearen kalterako kapitalismoaren mesederako den bitartean.

Kale izendegiei dagokienez, emakumeen errepresentazioa ere eskasa dela ikus dezakegu %10-15 bitartean kokatzen direlarik eta gehinetan ama birjina baten izena hartzen dutelarik, horrek duen inpakto sinbolikoarekin, berriro ere historiatik ezabatuak direlako ikusezin bihurtuz, belaunaldi berriak kasu honetan ere erreferente diren emakumeak desagerrarariz.

Hirigintzakemakumeen beharrak kontutan hartzen ez dituelaren beste adibide bat hiri zein herrietako gune ilunak dira. Bideo honetan, mintzatzen dira, Aitziber Ibaibarriaga eta Aitziber Virgel arkitektoek.



Jakina da, emakumeok kalean eraso sexistak pairatzeko arriskuan gaudela. Baina hiriaren egiturak eraso horiek erraztu edo oztopatzen ditu. Kale bat iluna bada, zoko eta bazter ugari baditu, emakumeok segurtasun falta handiagoa sentituko dugu. Gainera, emakumeok zaintza lanen ardura gehiena oraindik ere gure gain hartzen dugunez, oztopo arkitektonikoak gure kalterako ere badira. (Aldapa baten kale batetan eskailerak jartzen dituztenean, gurpildun aulkiak, erosketak egiteko orgak, edo haurren aulkiak etab. eramatea zailago egiten dute). Emakumeek irisgarritasun eta segurtasun eskasa duten gune beltz hauek identifikatzea, aztertzea eta hobekuntza proposamenak martxan jartzea beharrezkoa da eta horren adibide dugu Basauriko hiri debekatuaren mapa.

 
Hezitzaileak garen aldetik eta gure inguru hurbileko espazioei dagokienez, espazioaren beraren erabileran gakoa dagoela iruditzen zait. Eskola kultura, maskulinitate hegemonikora bideratzeko pentsatua dagoela uste dut izan ere, batzuk (mutilek) espazioaren zati handiena okupatzen duten bitartean, beste batzuek (neskak) albo perfieriara bideratuak izaten dira sarritan, patioen antolakuntza (futbol zelaiak espazioaren gehiengoa okupatzen baitu) dugu adibide argia.

Espazioa eraldatu beharrean aurkitzen garela iruditzen zait, espazio horren erabilera baldintzatzeko intentzioz. Espazioaren diseinu eta erabilera bateratu beharreko faktoreak direla iruditzen zait, mutil edo neska gehienak ikusten ditugunean espazio batean edo bestean kokatuta, genero espazio baten moduan kontzeptualizatzen da bai espazioa bera, baita ikaslegoa ere. Espazioak berak, harremanak baldintzatzen ditu eta sexuaren araberako botere harremanak zein pribilegioak finkatzen ditu, baita adin zein aniztasun funtzionalaren araberakoak ere. Haunarketa hau egin ezean, eskoletako espazioek, jendarte patriarkalaren desberdinkeriak bistaratu eta erreproduzituko ditu. Patioaren berrantolaketa hori gauzatzeko, Marina Subirats eta Amparo Tomé-ren "Balones fuera. Reconstruir los espacios desde la coeducación" liburua partekatu nahiko nuke, izan ere gai honen inguruan hausnarketa eta eraldaketa gauzatzeko baliabide aproposa dela iruditzen zait. Gainera patioaren beraren diseinuan eta dekorazioan ere eraginez aldaketak bideratu daitezke, artikulo honetan azaltzen denez. Bestalde, komunen erabileraren inguruan (mutilek zutik pixa egiten dute eta neskek aldiz eserita, zein sexuaren arabera bereiztearen derrigorrezkotasuna) hausnarketa burutzeko "Inexperadxs" proiektua ere. Aurretik aipatutako hiru baliabide hauek, espazioen inguruan sentsibilizazioa burutzeko baliabide aproposak direla iruditzen zait.
 
 
 
Gauzak honela, eremu hezitzailean aurretik aipatutakoa lantzeko erronkak honakoak direla iruditzen zait:
- Espazioek eta denborak, zein errepresentazioak duen garrantziaz ohartu eta sentsibilizatu.
- Berdintasunezko espazioak ikastetxeetan disenaitu, berrantolatu eta sustatu.(generoa eta ikaslegoaren aniztasuna kontutan hartuz)
- Genero rolei atxikitxen ez zaizkien jolasak eta jolas ez-sexistak sustatu.
- Emakumeak ahaldundu espazio publikoa bereganatzeko.
- Espazio publikoan (hiri zein herrietan) emakumeen izenak erreferente bilakatu (emakumezkoen kale izendegia handitu).
- Gune ilunak identifikatu eta hobekuntzak proosatu eta gauza daitezen bultzatu.
 
 
 

Aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post-en artean Maite-rena aukeratu dut, izan ere, hirigintza feminismoaren ikuspegitik lantzeko aurkezten duen artikuloa oso interesgarria iruditzeaz ezezik, aproposak ere iruditu zaizkit patioen inguruan partekatu dituen irudiak. 
 


 





2018/01/10

ESPAZIO GUZTIETAN GIZONAK NAGUSI? EZ HORIXE!

Aurreko asteetan behin eta berriz aipatu dugu HISTORIAREN BERRIDAZKETA bat egitea beharrezkoa dela, historian zehar emakumeek izan duten garrantzia argitara atera eta gizonezkoen gehiegizko pribilegio hori alde batera utzi ahal izateko. 



Aipatu berri dudan berridazketa honen beharra agerian geratzen da geure hirietako kaleetan barrena murgiltzen garenean. Karriketako izenei so egitea besterik ez dago, emakumeek hirian duten presentzia sinboliko eskasaz jabetzeko. Diario Vascok argitaraturiko berri honetan irakurri daitekeenez, gaur egunean, Donostiko 852 kaleetatik 55ek (%6,4) bakarrik daramate emakumeen izena eta 279k (%32,74) gizonezkoenak.

Honen harira, irakurgaian ageri den Zaida Fernandez soziologoaren esana aipatzeko modukoa iruditzen zait: “Urbanismoa historiaren materialtasuna da”. Honek zerikusi handia du post honen hasieran aipatutakoarekin, izan ere, urbanismo horrekin historian zehar garrantzitsutzat jotzen duguna gogorarazi nahi zaio jendeari. Hori dela eta, kaleetako gizon eta emakumeen izen kopuruaren ezberdintasun horrek argi eta garbi uzten digu, beste behin, gizonezkoek duten eta betidanik izan duten gehiegizko pribilegioa. 


Kaleen gaia alde batera utziz eta eskoletako egoeran zentratuz, bertan ere generoen arteko ezberdintasunak ematen direla ikus dezakegu. Eskola askotan antzeko errealitatearekin topo egin dugu, izan ere, patioak mutilentzat diseinaturik daude; "mutilenak diren kiroletan" jokatzeko sortuak. Ikastetxe askotan futboleko eta saskibaloiko zelaiekin aurkitzen gara, hauek, gehienetan, mutilek okupatzen dituztelarik. Hona hemen lan egiten dudan eskolako patioa:


Col.lectiu Punt6 taldeak dioenez, “patioak jendarteratzeko espazio publiko bat da, gizarte patriarkalaren desberdinkeriak bistaratu eta erreproduzitu egiten dituena”. Honi aurre egiteko asmoz, hainbat ikastetxeetan jolastordu hezkidetzaileak sortzeko ahaleginak egiten ari dira.

Honen inguruan gehiago jakin ahal izateko, aurreko edizioetako ikastarokide izan zen Arantza Leiza Bakaikoaren post hau gomendatuko nizueke. Bertan, Eibarko Amaña Herri Ikastetxean eginiko patioaren antolaketa hezkidetzailearen eraldaketa azaltzen du eta egia esan, oso interesgarria iruditu zait.

Ildo honetan, hementxe uzten dizuet El País egunkarian argitaratutako “Patios coeducativos: abrir la escuela para transformar la ciudad” artikulua, interesgarria egingo zaizuelakoan.

Komunei dagokionez, ikastetxeak sortu zirenetik orain arte, toki gehienetan bezala, komunak generoaren arabera ezberdinduta egon ohi dira; mutilak komun batera joan beharra izanik eta neskak, berriz, bestera. Gaur egunean, ordea, honako ezberdinketa honen logika ezaz konturatuta, geroz eta toki gehiagotan ikus ditzakegu komun mixtoak.


Aldaketa hau, gainera, generoen arteko diferentzia hori laburtzeko baliagarria izateaz gain, dibertsitate sexual ezberdineko pertsonentzat ere onuragarria suerta daiteke. Artikulu honetan azter ditzakezue pertsona transexual baten honi guztiari buruzko ideiak azaltzen dituen artikulua eta bideoa.
Amaitzeko, aipaturiko gai hau guztia eremu hezitzailean edota jendartean lantzeko erronketako batzuk honako hauek direla esango nuke:

     - Berdintasunezko espazioak definitzea (haur bakoitza protagonista sentituz hazi eta hezteko aukerak izateko)
    - Hezkidetzaren ikuspegia erabiliz, ikasleen garapen berdinkiderako elkarbizitza-espazio eta denborak aztertzea, eta sexismoa eta androzentrismoa antzematen denean, birdefinitzea.
     - Espazioetako neskengan dagoen zapalkuntza deuseztatzea.
    - Aukera desberdintasunaren inguruko kontzientzia izan eta gainerakoei transmititzea.

Errepresentazioa





Aurreko edizioetako posten artean, Alasnerena hautatu dut, berak ipinitako irudia
oso esanguratsua iruditu baitzait kaleak emakumeenak ere badirela defenditzeko,
eta hona hemen berak ipinitako argazkia:




Eremu hezitzailean, ezinbesteko da ikasle guztientzat berdintasunezko espazioak egotea,
bakoitza protagonista sentituta. Eta hori lortze alde hurrengo hiru erronkak proposatzen ditut:


1. HHn ume guztiei irakatsi behar zaie eserita pixa egiten, nahiz eta familia batzuk etxean
hori ez bete edo horren aurka azaldu.
2. Umeek ez du bere burua sailkatu behar komuna erabiltzerakoan. Beraz, komun
berdinak guztientzat
Resultado de imagen de baños mixtos
3. Patioen banaketa berformulatu.


Eta behin 3 erronka horiek aipatuta, hona hemen lehenegoaren sentsibilizaziorako bideo bat



“Txukun, txukun
erabilita
garbitzeko lanik ez
neska nahiz mutil
andre nahiz gizon
eserita, mesedez!”


Gainontzeko bi erronkak betetzea irakasleeon esku dago. Bigarren errronka betetzeko
aski da komunean dauden kartelak aldatu eta goian itsatsitako ipintzea. Hirugarren
erronkarako ere irakasle taldearen lanketa ezinbesteko da.

2018/01/09

ERREPRESENTAZIOA: 

EZBERDINTASUNEN ISLA


  Errepresentazioa, hein handi batean, existitzen den errealitatea ikuskor egitea suposatzen du. Ikuskor egiten den hori, gure errealitatearen parte dela jabetzeaz gain, balioa emateko aukera izaten du. Errepresentazioa beraz, emakumeen papera balioan jartzeko elementu estrategikotzat har genezake. Edurneren “Errepresentazioa eta denboraren erabilera” postak errepresentazioaren gako aipagarrieneak azaltzen ditu. Horien artean, badira zenbait datu azpimarragarri. Gure herri eta hirietan adibidez, emakume-izena duten kaleak %10 baino gutxiago dira. Horietako gehienak, santa edo ama birjina baten izena hartzen dute. Beraz, emakumeen izenak oso urriak izateaz gain, erlijioa kristauaren dogmara egokitutako “purutasunaren” edota “zintzotasunaren” balioekin lotua izaten da. 

Eskoletako patio askotan gertatzen dena gure jendartearen eskema paradoxikoa da. Zentro-periferia logikari jarraituz, gizonezkoak arreta gune zentralak bihurtzen dira, eta emakumeak ikusle pasiboak. Zentroan, ematen diren ekintzak jendarteak balioesten dituztenak izaten dira (ausardia, talde lana…). Periferian kokatutako pertsonak, ez dute zentro gune horretan espazioa lortzeko aukerarik izaten, ez baitira balio eskema horretan sartzen (gizontasunarekin lotuak diren elementuekin hain zuzen); eta beraz, begira egiten dira espazio horiek noiz okupatu dezaketen zain. Eta periferiaren periferian, hau da, patioaren muturretako iskina bakartuetan, euren egoera edota ezaugarriak direla eta (bulling-a jasaten duten ikasleak, gainontzeko ikasleen iritziz ezaugarri etniko-kultural bereiztuak dituzten pertsonak edota bestelako behar bereziak dituzten pertsonak) gainontzeko taldeetatik erabat aldenduta egoten direnak.


Zentrogune espaziala boterearekin lotua
Periferia, marginalizazioaren erakuslehio

Eremu hezitzaileetan/jendartean errepresentazioaren gaia lantzeko erronkak ugariak dira:
  • Hezkuntza zentroetako ikasleen ezaugarriak (generoa, ezaugarri etniko-kulturalak, izaera edota egoera pertsonala) beren osotasunean  kontuan hartzea, espazioan egon daitezkeen okupazio ezberdinen fenomenoari aurre egiteko.
  • Erabilera anitzeko espazioak sortzea.
  • Ume zein nerabeen beharretara egokituriko espazioak eraikitzea.
  • Berezko rolak eta estereotipoak apurtzen dituen bestelako joera eta portaera berriak sustatzea.
  • Genero rolei atxikitzen ez diren jolasak sustatzea.




EAE mailako 2013ko datuen bilketa, emakume eta gizon landunen arteko etxeko lanen banaketa desorekatua usten du agerian. Gizonezkoen eta emakumezkoen bataz besteko lan orduak kontuan harturik, horietako bakoitzak etxeko beharrak egiten jarduten duten denbora kopurua esaten da. Enpleguan ematen diren lan orduak eta etxeko beharrak egiten ematen dituzten bataz besteko orduak baturik, emakumeek oro har, lan gehiago egiten dute gizonezkoak baino. Datuak asaldagarriak diren arren, EAEko adibidea ez da inondik inora txarrena, mundu mailan desoreka horiek askoz handiagoak baitira, eta herrialdeen artean ere ezberdintasun handiak ikus genitzake.






Hona hemen, “La representació de les dones a la televisió” (Emakumeen errepresentazioa telebistan) Kataluniako kontseilu audiobisualak 2013an argitaratutako txosten interesgarria, non ikus-entzunezko komunikazioan genero aldagaian ematen diren aldeak erakusten diren. Azterlanean, komunikabideetan agertutako pertsonen jardun-eremuak sailkatzen dituzte (kultura arloko pertsona, politikariak, irakasleak eta abar), eta generoaren aldagaia oinarri hartuta, horietako bakoitzaren presentzia maila erakusten digute. Jardun eremuaren edo profesioaren araberako azterketa horretan, oso ere nabarmenean ikusten dira sexuen arteko bereizketak, kasu gehienetan, emakumeen errepresentazioa txikiagoa delarik. Genero rol tradizionalen eraginagatik jardun eremuen artean egon daitezkeen sexuen arteko aldea ere oso era argian ikusten da.


GUZTIONTZAKO ESPAZIOAK?


Izenburuari erantzunez, izatez guk egunerokotasunean erabili ohi ditugun espazio gehienak guztiontzat diren arren, hauen antolamenduak kontrakoa pentsatzera eramaten gaitu. Izan ere, gaur egun oraindik, eremu ezberdinetan genero estereotipo ugari aurki ditzakegu, gizartearen banaketa bultzatzen dutenak.

Aste honetan hainbat eremu aztertu ditugu (espazio publikoa, birtuala, ikus-entzunezkoa eta literarioa, denboraren kudeaketa) eta guztietan hainbat gabezi behatu ahal izan ditugu. Hona hemen gai honi lotuta sortu dudan kontzeptu mapa.

Beraz, argi dago, gure inguruko espazio ezberdinei erreparatuz gero, genero estereotipo ugari antzeman ditzakegula. Aipatzekoak dira esaterako, gure herri eta hirietako kaleak izendatzeko erabiltzen diren izenak edota eskoletako jolas lekuen antolamendua.

Kaleen izenei dagokionez, datuak ikaragarriak direla uste dut. Izan ere, badirudi kaleen %10ak soilik duela emakumeen izena, horietako gehienak santa edo ama birjina baten izena dutelarik. Gainera, ikustekoak dira, emakumeen izena hartzen duten kaleen kokapena; hauek askotan emakumeen historia bezala, ezkutuan gelditzen baitira.

Bestetik, eskoletako jolas lekuei erreparatuz, ia gehienetan futbol zelaiak hartzen du zatirik handiena, modu horretara mutilek erdiko espazioa hartzen dutelarik, neskak soberan gelditzen den espaziora bultzatuz.

Hori honela izanik, jolas leku hezkidetzaileagoen alde egiteko asmoz, zenbait eskola honen inguruko erabakiak hartzen hasi dira. Nire herriko (Azkoitia) ikastetxeetan esaterako, orain dela urte batzuk, proiektu bat jarri zuten abian. Hona hemen proiektuaren aurkezpen bideo laburra.


Bertan dioten bezala, beraien helburua ikasleak jolas kooperatiboetara bultzatzeaz gain, espazio eta hauen erabilerak transformatzea da. Uste dut, honelako proiektuak ikastetxe guztietan eraman beharko liratekeela aurrera; espazioen erabilera parekidea bultzatu ahal izateko eta hauetan betetzen diren genero estereotipoekin amaitu ahal izateko.

Patioen antolamenduarekin batera, komunek ere zer esan handia sortzen dute gai hon inguruan. Horregatik, honi lotuta ere ondorengo irudia partekatzea gustatuko litzaidake. Izan ere, bertan azaltzen den moduan, askok komunen bereizketa ematea normaltzat jotzen duten arren, ez dira ohartzen banaketa horrek askori deseroso sentiarazten dietela. Beraz, alda ditzagun ikurrak, guztiontzako komunak sortuz.

Aurreko edizioetako sarrerak irakurri ostean, Maiteren posta gomendatzea gustatuko litzaidake, aste honetan hizpide dugun gaiarekin lotuta, hainbat ideia partekatzen dituela ikusi baitut. Interesgarria iruditu zait bertan “Repensar la ciudad desde la perspectiva feminista” izenpean jasotako artikulua. Pertsona guztiontzako hiri bat sortzea garrantzitsua dela uste baitut, patriarkatuaren eragina alde batera utziz. Izan ere, gurekin zerikusirik ez duten espazioak ditugun neurrian, ez dugu leku atseginik izango eguneroko bizitzan behar sozialak garatzeko, sozializaziorako eta elkarbizitzarako.


Azkenik gaiarekin amaitzeko, guzti hau eremu hezitzailean naiz jendartean lantzeko erronkak honako hauek dira:
  • Inguruko espazioen (jolas lekuak, komunak, ikasgelako txokoak) egitura eta antolamendua genero ikuspegiaz aztertzea eta horiek hobetzeko erabakiak hartzea.
  • Neskei zein mutilei espazio berrietan parte hartzera bultzatzea, espazio guztiei garrantzia bera emanez.
  • Herri eta hirietako gune ilun edota beldur espazioak identifikatzea, aztertzea eta hobekuntzak proposatzea.
  • Herri eta hirietako kale eta eraikinei erreparatzea eta hauetan emakumeen presentzia areagotzea.
  • Ikasleek erabiltzen dituzten sare sozialei, naiz entretenimendu bisualei erreparatzea, hauetan ageri diren sexu-genero estereotipoak zalantzan jarriz.
  • Eredu berdinkideagoak, anitzagoak erakusten dituzten ikus-entzunezko ekoizpenak eta literarioak bistaratzea.