2018/01/09

GUZTIONTZAKO ESPAZIOAK?


Izenburuari erantzunez, izatez guk egunerokotasunean erabili ohi ditugun espazio gehienak guztiontzat diren arren, hauen antolamenduak kontrakoa pentsatzera eramaten gaitu. Izan ere, gaur egun oraindik, eremu ezberdinetan genero estereotipo ugari aurki ditzakegu, gizartearen banaketa bultzatzen dutenak.

Aste honetan hainbat eremu aztertu ditugu (espazio publikoa, birtuala, ikus-entzunezkoa eta literarioa, denboraren kudeaketa) eta guztietan hainbat gabezi behatu ahal izan ditugu. Hona hemen gai honi lotuta sortu dudan kontzeptu mapa.

Beraz, argi dago, gure inguruko espazio ezberdinei erreparatuz gero, genero estereotipo ugari antzeman ditzakegula. Aipatzekoak dira esaterako, gure herri eta hirietako kaleak izendatzeko erabiltzen diren izenak edota eskoletako jolas lekuen antolamendua.

Kaleen izenei dagokionez, datuak ikaragarriak direla uste dut. Izan ere, badirudi kaleen %10ak soilik duela emakumeen izena, horietako gehienak santa edo ama birjina baten izena dutelarik. Gainera, ikustekoak dira, emakumeen izena hartzen duten kaleen kokapena; hauek askotan emakumeen historia bezala, ezkutuan gelditzen baitira.

Bestetik, eskoletako jolas lekuei erreparatuz, ia gehienetan futbol zelaiak hartzen du zatirik handiena, modu horretara mutilek erdiko espazioa hartzen dutelarik, neskak soberan gelditzen den espaziora bultzatuz.

Hori honela izanik, jolas leku hezkidetzaileagoen alde egiteko asmoz, zenbait eskola honen inguruko erabakiak hartzen hasi dira. Nire herriko (Azkoitia) ikastetxeetan esaterako, orain dela urte batzuk, proiektu bat jarri zuten abian. Hona hemen proiektuaren aurkezpen bideo laburra.


Bertan dioten bezala, beraien helburua ikasleak jolas kooperatiboetara bultzatzeaz gain, espazio eta hauen erabilerak transformatzea da. Uste dut, honelako proiektuak ikastetxe guztietan eraman beharko liratekeela aurrera; espazioen erabilera parekidea bultzatu ahal izateko eta hauetan betetzen diren genero estereotipoekin amaitu ahal izateko.

Patioen antolamenduarekin batera, komunek ere zer esan handia sortzen dute gai hon inguruan. Horregatik, honi lotuta ere ondorengo irudia partekatzea gustatuko litzaidake. Izan ere, bertan azaltzen den moduan, askok komunen bereizketa ematea normaltzat jotzen duten arren, ez dira ohartzen banaketa horrek askori deseroso sentiarazten dietela. Beraz, alda ditzagun ikurrak, guztiontzako komunak sortuz.

Aurreko edizioetako sarrerak irakurri ostean, Maiteren posta gomendatzea gustatuko litzaidake, aste honetan hizpide dugun gaiarekin lotuta, hainbat ideia partekatzen dituela ikusi baitut. Interesgarria iruditu zait bertan “Repensar la ciudad desde la perspectiva feminista” izenpean jasotako artikulua. Pertsona guztiontzako hiri bat sortzea garrantzitsua dela uste baitut, patriarkatuaren eragina alde batera utziz. Izan ere, gurekin zerikusirik ez duten espazioak ditugun neurrian, ez dugu leku atseginik izango eguneroko bizitzan behar sozialak garatzeko, sozializaziorako eta elkarbizitzarako.


Azkenik gaiarekin amaitzeko, guzti hau eremu hezitzailean naiz jendartean lantzeko erronkak honako hauek dira:
  • Inguruko espazioen (jolas lekuak, komunak, ikasgelako txokoak) egitura eta antolamendua genero ikuspegiaz aztertzea eta horiek hobetzeko erabakiak hartzea.
  • Neskei zein mutilei espazio berrietan parte hartzera bultzatzea, espazio guztiei garrantzia bera emanez.
  • Herri eta hirietako gune ilun edota beldur espazioak identifikatzea, aztertzea eta hobekuntzak proposatzea.
  • Herri eta hirietako kale eta eraikinei erreparatzea eta hauetan emakumeen presentzia areagotzea.
  • Ikasleek erabiltzen dituzten sare sozialei, naiz entretenimendu bisualei erreparatzea, hauetan ageri diren sexu-genero estereotipoak zalantzan jarriz.
  • Eredu berdinkideagoak, anitzagoak erakusten dituzten ikus-entzunezko ekoizpenak eta literarioak bistaratzea. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat