2017/10/05

NIRE AURKEZPENA

Kaixo… Eider Oleaga naiz, 28 urteko gamiztarra. Ni ere tranpan jausi eta bankuarekin ezkondu berria naiz, Mungiako pisutxo batera bizitzera joan naizelarik. Bigarren Hezkuntzan aritu naiz lanean azken bost urteotan, eta jada boligrafo gorria oso zorrotz duen Ekonomia eta Matematikako irakasle sorginaren fama hartua daukat (eta harro nago!).

Irakasle izatearen ametsa txikitatik datorrela dio amak, urtero arbel txiki bat baitzen Olentzero eta Mari Domingiri egiten nien eskaria. Eta bizitzak opari bikainak egiten dituenez, ametsa egia bihurtzea lortu dut. Hala ere, errealitatea ez da beti hain ederra izaten eta bizitako esperientzia labur honetan berdintasunaren gizartetik urrun gaudela ikusi dut. Dena dela, amets bat bete bada, zergatik ez da mundu justu eta ideal horren ametsa ere egia bihurtuko?

Duela urte batzuk, ikastolan M8 egunero da! (Twitter: @M8_egunero_da, bloga: M8 egunero da!) izeneko talde bat sortu zuten lankide fin eta ekintzaile batzuek. Itzelezko ideiak izaten dituzte eta ikasleek osatutako talde ekintzailearen bidez, berdintasunaren aldeko borrokan dihardute. Nik ere nire hazia erein behar dudala uste dudalako ikastaro hau egitera nator, tresna bila.

Hori hala dela, ikastaroa egiteko irrikaz nago, lan berrien aurrean beti ito egiten banaiz ere. Ez naiz kapaza izango, ez dut egiten jakingo, ez dut denborarik edukiko, (oh my god!)… esaten diot nire buruari, baina beldurrak baztertu eta inuzentekeriak alde batera uzten ditudanean, lan pila erronka interesgarri bihurtzea lortzen dut, gogotsu jardunez. Beraz, ekin diezaiogun lanari!

Nire kolorea zein den ikasleei esker topatu nuen, jarraian kontatuko dizuedan gertaeraren bidez: ikastolako jai egun batean ikasleek jolas bat sortu zuten. Jolasa galdetegi luze bat zen eta nola ez, galdera gehienak irakasleei buruzkoak ziren. Halako batean hurrengoa galdetu zuten: zein da beti morez jantzita doan irakaslea? Eta bat-batean ikasle guztiek batera nire izena oihukatu zuten. Beti izan dut gustuko kolore hori, baina ordura arte ez nintzen ohartu arbela parean jartzen garenean jasotzen ditugun ITV azterketak guk jartzen ditugunak baino zorrotzagoak direla.

Momentu honetan milaka abesti polit datozkit burura, baina bat aukeratzekotan asteazkenero arratsaldeetan gure ikastolan entzuten dugun kanta jarriko dizuet.



Bestalde, aurtengo bertso txapelketa nagusiari keinu eginez, bertso txiki batekin agurtuko zaituztet:

Ikastaro berri honek
argituko ditu ilunak
elkarlana landuz eta
eraikiz etorkizuna.

Denon parte hartzea da
aste guztiko jarduna
gauza berriak ikasi
lanean jarriaz burua.


Irakasleon lanari
emon daiogun zentzua
eskolako Hezkidetzan
hartuaz gure eskua.


Emakumeon borroka
zabaldu daigun mundura
denon indarraren bidez
bultzatuz berdintasuna.


(Doinua: habanera)

1 iruzkin:

  1. Kaixo Eider,
    Asko gustatu zait zure aurkezpena, eta hainbat gauzatan identifikatua sentitu naiz. Bakoitzak bere azitxoa hereinez egingo dugu aurrera, bai. Eta "lan pila erronka interesgarri bihurtzea lortzen dut" esaldia irakurtzean nire burua ikusi dut.
    Bestalde, Garazi Goienetxeren abestiak oso gogoko ditut. Egia esan, ez nuen ezagutzen kanta hau, baina bikain aukeratu duzu!

    Ongi segi!

    ErantzunEzabatu