2017/10/05

NIRE AURKEZPENA


Arratsalde on: 
Garazi naiz, azken bi urte hauetan Donostian bizi den Lizartzarra. Begiak itxita edo zabalik, amestea maite dut eta amets horietan, motxila jantzi eta bidaiatzea etenik gabe.

Nire motxilan zer dagoen? gauza ugari eta ez oso ordenatuta, baina, baditu bi poltsiko handi: musika eta hezkuntza izenekoak. 

Hezkuntzakoa arakatuz, Lehen Hezkuntzako Gradua Hezkuntza Bereziko aipamenarekin, bukatu ostean,  ikerkuntzarako bideari ekin nion, hezkuntza berrikuntzaren inguruan ditudan egonezinak asebetetzeko asmoz. Hezkidetzaren gaiarekin loturik, Nerabeak eta sexting gaia aztertzen ari zen ikerketa lan talde batean parte hartu nuen. Hemen hasi nintzen, hezkidetzaren, feminismoaren inguruan, sakontzen, irakurtzen, interesa pizten… 

Azken bi urteetan berriz, irakasle bezela egin dut lan, buruan bueltaka nituen proiektu utopiko haiek errealitatera eramateko ahaleginak eginez. Bai ikasleekin bai irakasleekin gai honen inguruko lanketa sakonaren beharra sumatu nuen. Hona hemen ikastaro honetan izena eman izanaren bigarren arrazoia. 

Musikaren poltsikoan, hainbat proiektutan aritu naiz teklatua jotzen eta askotan emakume bakarra izan naizela konturatu naiz. Aldatzen badoa ere, eszenatokira igotzen garen emakume musikariok gutxiengoa izaten jarraitzen dugu. Irakurri dudanak eta inguruko emakume musikariekin egindako hausnarketek, argi uzten didate hemen ere badudala hezkidetzarako beste erronka eder bat. 

Animalia izateko aukera banu zein izango nintzatekeen? “ Lo zaudela imajinatzen dut, ze animalia ginatekeen gu… zuk jango nindukezun edo nik jango zituzkedan zu, zu noren harrapari nor noren zelatan…” Anariren kantu honek dion moduan nik ere ez dut argi zein izango nintzatekeen, noren harrapari edo noren zelatan ibiliko nintzen. Ez dut uste egunero animalia bera izango nintzatekeenik. Ziurrenik geldirik egoten ez dakien eta behatzea gustuko duenen bat izango nintzateke, taldean hegan dantzatuz aske sentituko dena, baina baita, bakarrik egoteko gogoa duenean itsas hondoan galtzeko gai dena. 

Eta kolorea? Izaro bakarlariari lapurtuko dizkiot hitzak: “A ti con tu escala de grises, entre el color de mis matices. Más me gusta tu escala de grises que cualquier otro jardín.” Ez zaizkit asko gustatzen kolore deigarriak eta beltz grisen arteko eskala horretan eroso sentitzen naiz, grisen eskalak ere bai baititu nahikoa ñabardura ondo errearatzen badiogu.

Bidaia honetan bakarrik ez naizenez ibiliko, talde lan birtualetan aritzeko ditudan bi gauza on aipatu nahi nizkizueke. Batetik, parte hartzeko gogoa. Nire esperientziak besteei kontatu eta besteen bizipenak ezagutzeko gogoz etorri naiz, ezberdina den hori ezagutzeko jakin mina izaten baitut beti. Bestetik, irudimenarekin jolastea gustuko dut eta testu formalez gain beste baliabideen bitartez nire ideiak adierazteko aukera polita iruditzen zait. 

Dudan onena ematen saiatuko naizenez, gustuko dut besteak ere horrela aritzea eta nire lanen gaineko  iritzia ematerakoan, benetan pentsatzen duzuena adieraztea eskertuko dizuet, aberasgarria iruditzen zait feedback hori. 

Hezkidetza gaian sakonduz nire lanean, zein egunerokoa hobetzeko baliabideak eskuratu nahi nituzke ikastaro honetan. Orain artean, hauturik gabe ikasarazi dizkiguten eta barneratuak ditugun ohitura, pentsaerak... birplanteatu eta behar ez ditudanak desikasteko ere aprobetxatu nahi nuke. Amaitzeko,  KOBANeko lagunek gazte akelarrerako egin zuten kantuaren erritmoan,  nire buruari erronka eta amets berriak sortzeko itxaropenez ekingo diot ikastaroari. Bidaia ona izan




Sarean ere zabaldu dezagun hezkidetza danborren lurrikara! 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina