"Festak gure errealitatetik ihes egiteko saldu dizkiguten arren, festak ez dira jendartetik at dauden bake eta poz gune isolatuak. Festak politikoak dira, guztiontzat. Eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira, errealitatearen adierazle kondentsatuak. Jaietan norbanakoa kolektibora hurbiltzen duten prozesu subjektibo eta objektiboak ematen dira. Beraz, festak bizitzaren erdigunean kokatzen ditugu, jendartearen balioak, nortasunak, ideologiak eta egiturak birsortzen dituztelako. Jaiek jendartean dauden gatazkak, zapalkuntzak eta diskriminazioak adierazten dituzte, hegemonikoak diren genero eredu eta heteroaraua indartuz."
Euskal Herriko Bilgune Feministak jaien inguruan egindako irakurketako hitzak dira aurretik azaldu direnak. Azken urteotan, jai parekideen aldeko kanpainek geroz eta presentzia handiagoa dute, alde batetik eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatuz eta bestetik parte hartze parekidea eskatuz.
Kontutan hartu beharko genuke ere, gure ospakizunetan tradizioaren ideiak duen pisu garrantzitsua. Tradizioa hitzaren definizoak adierazten duenez, ahoz nahiz idtziz, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den eta denboraren poderioan finkatzen den kultur ondarea eta portaera-ereduen multzoa dira. Historia eta festaren arteko loturak beraz, baldintzatu du eta baldintzatzen jarraitzen du emakumearen parte hartzea, rol jakin batzuetara bideratuz. Hamaika Telebistaren Idemtitateak saio honetan adierazten den bezala.
Hortaz, Farapi taldeak dioenez, jaiak zein ospakizunak, kultur adierazpen sendoak dira, bizitzaren erdigunean kokatuta daude, ideien eta baloreen munduarekin lotuta daudelako, herriaren nortasunarekin, jendarte egiturekin eta genero sistemekin, alegia, gizonen eta emakumeen arteko harremanekin. Gainera afektibitate eta emozio karga handia mugitzen dute eta horregatik berauek aztertzea derrigorrezkoa da.
Hortaz, jai eta tradizioek, jendarte ordena erreproduzitzen dute, egungo hierarkiak, botere harremanak, rol banaketak... errepikatuz. Baina ez hori bakarrik, izan ere, inoiz jarri al gara pentsatzen guk jaietaz gozatu ahal izateko nork egiten dituen etxeko lanak esaterako? Honako bideoan argi isaladatzen da ideia hori.
Jendartean nahi ditugun aldaketek ere gure inguruko jai eta ospakizunetan isla izan behar dute, jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako. Tradizio eta ohiturek ezin dute hertsiak diren eta geldirik dauden zerbait izan, jendartearen eraldaketarekin batera eta norabide berdinean joan behar dute. Tradizioaren ideia hau, patriarkatutik irudikatzen den asmatutako tradizioa da eta egitura mantentzeko erabiltzen dela azaltzen du Leire Imaz Zubiaur-ek iazko post honetan. Gogora ekarri nahi izan dut egiten duen hausnarketa oso interesgarria iruditu zaidalako.
Hortaz, norberak bere eremutik jarrera horiek sahiesteko neurriak hartzea ezinbestekoa da. Horren adibide argia euskal kulturaren eta tradizioaren parte den euskal dantzetan gutxinaka hasi den iraultza dugu, izan ere, gero eta herri gehiagotan ari dira emakumeak orain arte gizonezkoak bakarrik aritzen ziren dantzetan parte hartzen. Hona hemen Zumarragako ezpata-dantzaren adibidea. Ez neska, ez mutil, dantzariak dira Zumarragako ezpata dantzariak. Mutilen artean hautatzen ziren 2015. urterarte eta dantzarien artean hautatzen dituzte geroztik eta aurrerantzean ere.
- Jaiek bete dezaketen funtzio sozialez jabetzea. Jaien eremua oso emankorra izan daitekeelako, gauzak beste modu batera egiteko aukera eskeintzen dutelako eta horrek bestelako balio erantsia ematen die. Jaiak gizartearen parte dira eta ondorioz hauetan eraginez, jendartean eragiteko aukera ere badago.
- Eskoletan burutzen ditugun ospakizunen diagnostiko bat egin.
- Tradizioz ospatzen diren jaiak aztertzea: sexu-genero sistema erreproduzitzen duten ospakizunak aztertu behar ditugu lehenik eta kritika gauzatu ondoren (santa ageda, olentzero, inauteriak, herri kirolak, euskal dantzak...)
- Sexu-genero sistematik haratago dauden egoera berriak aurkeztu eta tradizioa irauli.
- Parte hartze berdinkidea sustatu.
- Ospakizunetan erabiltzen diren baliabideak aztertu (pertsonaiak, janzkerak, musika, kantak, umorea...).
- Eraso sexistarik gabeko ospakizun eta jaiak aldarrikatu, autodefentsa feminista landuz zein protokolo ezberdinak aurrera eramanez.
- Egun moreak ospatu, emakumeok jasaten dugun zapalkuntza bistaratuz eta dagokigun presentzia aldarrikatuz.
Bukatzeko, Veronica Gisbert Garcia-ren "En nombre de la tradición: conflictos socio-festivos por razones de género" izeneko artikulo hau zuekin partekatu nahiko nuke, izan ere, ospakizunak hezkidetzaren ikuspuntutik lantzeko baliabide aproposa iruditzen zaidalako eta irakaslegoaren artean jai eta ospakizunen inguruan hausnarketarako baliagarria izan daitekeela iruditzen baitzait.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina