tratu onak kontsultarekin bat datozen mezuak dataren arabera daude ikusgai. Ordenatu egokitasunaren arabera Erakutsi mezu guztiak
tratu onak kontsultarekin bat datozen mezuak dataren arabera daude ikusgai. Ordenatu egokitasunaren arabera Erakutsi mezu guztiak

2023/03/20

TRATATU DEZAGUN, TRATATUAK IZATEA NAHI DUGUN BEZELA

    Aste honetan, tratu onak izan dugu gaia eta tratu onak, hezkuntza komunitatean harremanetarako ardatz izan beharko liratekela ere hausnartu dugu.

    Nire ustez, norbera bere buruarekin eta gorputzarekin ondo sentitzen bada, elkarbizitza erreztu egiten da. Horretarako, norbere burua ondo ezagutu behar dugu eta armonian hazi behar gara. Horregaitik eskoletan ere, oso garrantzitsua ikusten dut emozio, sentimenduak,…lantzea eta norbanakoen ezaugarrien onarpena baita ere; ikasleak lagundu behar ditugu autoestimu positiboa izan dezaten, beraien buruetaz harro egoten, seguru sentitzen eta nahi dutena edo behar dutena beldur gabe adieraztea. Honek kalitatezko elkarbizitza ahalbideratu dezake eta baita ere ikasketak hobetu eta erreztu. Horrela, inguruko pertsonekin sortzen ditugun harremanak ere ardurazkoak eta errespetuzkoak izatea ahalbideratu ditzakegu.

    Bestalde, komunitate osoarekin eta konkretuki familiekin eraikitzen ditugun harremanak aipatu nahi ditut. Askotan, irakasleagoa familiak gutxiesten dituzte eta alderantziz ere, familiak irakaslegoa gutxiesten du. Niretzat asko zaindu beharreko harremanak dira familia-eskolaren artekoa; alde batetik eredu izan behar garelako eta bestetik, ikaslearen ongizatea nahi dugulako eta eskola-familiaren arteko harremanak funtsezkoak dira horretarako. Beraz, elkar bizitza osasuntsu baten alde esfortsu guztiak ipini beharko genituzke, denon onurarako.

    Laburbilduz, hezkuntzan lantzeko erronkak, nire ustez, hauek lirateke:

- Elkarbizitza eta pertsonen arteko harreman positiboak eraikitzeko ekintzak antolatu.

- Ikasleen eta familien parte hartzea bultzatzen dituzten ekintzak antolatzea; onartuak, baloratuak eta errespetatuak sentitu daitezen.

- Aurreiritziak sahiestu.

-          - Era kontzientean ekin behar dugu eta kritikoak izan gure jarrerekin: zelako hitzak erabiltzen ditugun, gertukoak agertzen garen,… enpatiaz jokatu.

-         - Geletan elkar entzutea, errespetua, onarpena, elkar laguntza,…landu.

-         - Ingurunearekiko harremanak zaindu behar ditugu: Ingurua zaindu, birziklatu,…

-         - Maitasun erromantikoaren mitoarekin apurtu, gizabanakoaren askatasuna errespetatuz.

-         - Erantzukidetasuna haur hezkuntzatik landu.

    Aurreko guztia eskoletan, familia zein ikasle eta irakasleekin lantzeko aproposa izan daitezkeen baliabide hauek proposatzen ditut:

 * Gure eskolan, haur hezkuntzan, erantzukidetasunaren inguruan egiten ditugun ekintzak: gela barruan, erratza eta palak dauzkagu, area, hamaiketakoko apurrak,…batzeko. Trapuak mahaiak garbitzeko. Edalontziak ere astean behin ikasleek garbitzen dituzte; eta baita tenpera poteak ere. Hamaiketakoa ere ikasleek prestatzen dute. Denek hartzen dute parte.

*Zaintzari buruzko Naizenek egindako bideoa; zaren bezelakoa maitatua eta onartua izatearen garrantziaz.  


* https://bertsoikasgela.eus/baliabideak/19/ ( Bertsoak)

·    * https://bizikasi.euskadi.eus/eu/tratu-txarrak-tratu-onak (Bizikasi)

·    * Topikoen inguruan, DBH rako.

·    * Laguntasunari buruz:

·    * https://www.educaciontrespuntocero.com/recursos/cortometrajes-fomentar-la-amistad/ (laguntasunari buruzko hainbat bideo)

·    * Bukatzeko, ingurumenari lotutako bideo hau patekatu nahi dut. Bideo honetan ekofeminismoaren inguruan hitz egiten dute Yayo Herrerok eta orduñako Ekoizpen proiektuko kidea den Marijo.

    Aurreko edizioetako post hau aukeratu dut,baliabide interesgarriak eskeintzen dituelako; gehienak ikasle nagusiekin erabiltzeko badira ere (ni HHkoa naiz), azkenengo bideoa oso polita iruditu zait eta gure jarrera egunerokotasunean hausnartzeko ere bikaina!

-

2023/03/19

kONTRATU

 

Ontasunak ez du izen onik, denok entzun izan dugu inoiz “Hain da ona, tontoa ere badela”. Eskola giroan, bestalde, ohikoak dira nerabe batzuen artean elkarri zuzentzeko modu bortitzak eta adierazpen iraingarriak, nork bere tokia aurkitu nahiak edo boterea erakutsi beharrak zuzendutakoak.

Harreman onak identifikatzeko eta sustatzeko baliabide ugari eskaintzen ditu aurreko urteetako Harremanak zainduz tratu onak, nerabeekin lantzeko oso aproposak.

Tratu txarren desagerpenera baino urrutiago iritsi nahi dugu; afektibitateari eta adeitasunari ongi etorria emateko premia dugu bigarren hezkuntzako ikastetxeetan. Guztion ongizatea bermatuko duen tratu onen kultura sustatzeko ezinbestekoa ikusten dut gure eskoletan honako arlo hauek modu sistematikoan lantzea:

-      Indarkeria eta dominazioa ardatz duten gure harremanen azterketa sakona.

-      Komunikazio ez bortitza

-      Autoezagutza eta asertibitatea

-      Norberaren eta ingurukoen zaintza, ikaslearen garapen osoa bideratuko duena.

Azken erronkari lotuta dago asteko irakurgaian Mª Angeles Durán soziologoaren behaketa: adineko emakumeen gainean jausten da zaintzak dakarren lan karga guztia. Izan ere gero eta ohikoagoak dira umeak izan eta biak etxetik kanpo lan eginez “guk heziko ditugu bakarrik, inoren laguntzarik gabe” esan eta egundoko lana amona-aitonen lepoan jartzen duten bikote gazteak. Hori ere, maitasunaren izenean.

Baliabideei erreparatu eta Emakundek sortutako Nahiko programa aurkitu dut lehen Hezkuntzarako.  Gazte eta nerabeentzat, berriz, Ibai Fresnedo sexu-hezitzailearen Maskulinitatearen tranpak bideoa.

Berea da baita irakasleen formakuntzan lagungarri izan daitekeen "Ikasle mutil berdinzaleak hezteko erronka" bideoa

 


Aspaldikoa izanagatik Mari Luz Estebanek Maitasun pentsamenduaren kritika liburua mugarri izan da emozioen analisitik askotariko harremanen azterketa sakona bideratu duelako. Arriskutsua da maitasuna izatea gure baliabide bakarra elkarrizketan maitasun pentsamenduaren sustrai sakonak aletzen ditu.

Bukatzeko, interdependentziaz eta elkar laguntzeaz hitz egiten du  Josep Maria Esquirol filosofoak "El movimiento más humano es cuidarnos" bideoan. 



 

AMODIO OSASUNTSUA


 AMODIO OSASUNTSUA, bi hitz horiek aukeratu ditut izenburu bezala eta aste honetako lana hasteko. 

Nafarroako Gazte Kontseiluak amodio osasuntsuari buruz hitz egiten duenean maitasun erromantikoaren aurka erabiltzen du, baina nik kontzeptu hori aukeratu dut ez erabiltzeko bakarrik bikotearekin, pertsona guztiekin baizik. Horrela bada,  Nafarroako Gazte Kontseiluak jasotzen dituen lantzeko alderdiak edozein pertsonarekin aplikatu beharko lirateke, hau da, bikotearekin zein lagunekin eta inguruko pertsonekin. Eta horrela balitz TRATU ONAK sustatzen egongo ginateke. Alderdi horiek hauexek dira: 

  • elkarri begirunea
  • askatasuna
  • independentzia
  • autonomia
  • erantzukidetasuna
  • enpatia
  • berdintasuna
  • asertzio-komunikazioa.
Horretarako, patriarkatuaren defentzaileei oso argi utzi behar diegu, Amaia Portugalek esaten duen bezala, garunek ez daukatela generorik: “Ezaugarri batzuk arruntagoak dira emakumeen artean gizonen artean baino, beste batzuk arruntagoak gizonen artean emakumeen artean baino, eta beste batzuk ohikoak dira emakume zein gizonen artean. Baina giza garunak ezin dira bi kategoriatan sailkatu. Ez dago garun maskulino edo femeninorik”, beraz, patriarkatua asmakizun sozio-kulturala baino ez da, oinarri zientifikorik gabe.

Baina patriarkatuak min handia egin (eta egiten) du, eta, orokorrean, emakumeok barne borroka mantentzen dugu egunero: alde batetik txikitatik ikasi dugun guztia barneratuta daukagu, eta beste alde batetik feminismoarekin batera pentsatzen duguna daukagu. Gauza asko desikasi behar ditugu beste berri batzuk eta berdintasunaren aldekoak finkatzeko. 

Horrekin lotuta beste urtetako ikastarokideek egindako post-en artean Leirerena aukeratu dut berak esaten duenean "aurreiritziak tratu onen etsai" arrazoi osoa daukala pentsatzen dudalako. Horrez gain, Leirek nola tratatu duen gaia gustatu zait, eta berak esaten duen bezala, TRATU ONAK sustatzeko erdigunean ELKAR-ARDURA jarri behar dugu, elkar-ardura etxeko lanetan, zaintzan eta ekofeminismoan horiek guztiak orain arte emakumeen ardurak eta ezkutatuko lanak baitira. Eta ekofeminismoari buruz hona hemen Yayo Herreroren hitzaldia "escuelas feministas para desarrollar la coeducación" izenekoa, eta hitzaldiaren PDF-a. Interesgarria iruditzen zait.

Puntu honetara iritsita, Hezkuntzaren garrantziaz ohartuko gara, eta hori adierazteko bi akrostiko egin ditut:


Bi esaldiak errealitate berdina adierazteko: HEZKUNTZAREN GARRANTZIA TRATU ONAK SUSTATZEKO. Horrela bada, Hezkuntzan, Hezkidetza eta Elkarbizitzaren eskutik, TRATU ONAK sustatzeko eta lortzeko hauexek izan behar dira planteatu behar ditugun erronkak eta landu behar ditugun aspektuak:
  • Autoestimua eta autokontzeptua
  • Berdintasuna
  • Komunikazioa
  • Enpatia
  • Ondo tratatzen ikastea
  • Norberaren eta besteen balorazioa
  • Tratu onak eta txarrak identifikatzea
  • Harremanak lantzea: norberarekin eta besteekin
  • Genero-desberdintasunak identifikatzea eta lantzea
  • Emakume eta gizonen arteko desberdintasunak identifikatzea eta lantzea
  • Sentimenduak eta emozioak ezagutzea eta identifikatzea
  • Lankidetza
  • Desberdintasunak errespetatzea
Amaitzeko, hemen uzten dizkizuet "85 cortometrajes para educar en valores". Laburrak dira, baina edukiz beteta daude eta uste dut oso baliogarriak izan daitezkeela balioetan eta tratu onetan hezteko. 


2023/03/17

TRATU ONA EZINBESTEKOA GURE BITZITZARAKO

 

Aste honetan hausnarketa gaia Tratu onak izan dira, ikasturtea amaitzeko era polita nire ustez. Hona hemen burura etorri zaizkidan hitzekin osatutako akrostikoa:


Aurreko edizioetako TRATU ONETIK ELKARBIZITZA POSITIBORANTZ posta gomendatu nahiko nuke. Benetako elkarbizitza positibora iristeko gakoak aipatzeaz gain, baliabide ugari gomendatzen dituelako.

Nire aburuz, tratu onen oinarrian autoestimua dago, ikastetxeetan lantzeaz gain, etxean ere landu beharko litzatekeena. Norberak bere burua maitatzen ez badu, nola maitatuko du ondokoa eta hortaz era egokian tratatu?

Alde batetik, gaia ikasleekin (eta familiekin) lantzeko zenbait baliabide partekatu nahiko nituzke:

1) Errioxako gobernuak prestaturiko jokoa. Lehen hezkuntzako umeekin tratu onak lantzeko egokia dela uste dut.



2) Txertaturiko web gunean, jokoez gain ekintza ezberdinak egiteko gidak daude, bai irakasleek zein familiek tratu onak gaia lantzeko. Adibidez Buenos Tratos gida:


3) Tratu onak erdigunean: programazio didaktikoa gida:


Bestetik interesgarriak egin zaizkidan zenbait artikuluren estekak txertatzen dizkizuet:

4) Familientzako baliagarria izan daitekeen Jorge Barudyren hitzaldia: Los buenos tratos en la infancia modelan la forma de ser.



5) Olatz Berastegiri sexologoari eginiko elkarrizketa non tratu onak, genero estereotipoak, biktima eta erasotzaile etiketak, kalearekiko beldurrak eta bikote harremanetako kontrol arriskutsuak gaiak jorratzen dituen.

6) Arremanitz kooperatibaren sortzailea den Edurne Mendizabali eginiko elkarrizketa.

Amaitzeko, hezkuntzan/jendartean lantzeko erronkei dagokionez, honakoak dira niretzako garrantzitsuenak:

  • Hasieran idatzitako eran, autoestimuaren lanketa.
  • Hezitzaileen formakuntza (behin eta berriz errepikatzen duguna).
  • Hezkuntza komunitatearen inplikazioa. Ikastetxeetan irakasten dugunaren aurka ez joateko.
  • Zaintzaren eredu heteropatriarkala apurtu.
  • Gizonezkoen benetako inplikazioa lan banaketan (umeen zaintza, etxeko lanak, umeen hezkuntza…). Bizitzan parekidetasun erreala lortu.
  • Enpatia eta entzumena landu.
  • Maitasun erromantikoaren mitoa aztertu.

Harremanetan tratulari

 


Asko poztu nau aste honetako irakurgaia Amaia Lasaren aipu batekin hasteak, uste baitut euskal literaturan ahaztutako edo baztertutako egilea dela. Amaia Lasa lehenengoa ez bada, lehenengo euskal poeta feministen artean dago. Eta sekulako ekarpena egin badu ere, ez du mereziko lukeen adina itzalik eta horrek, nire ustez, misoginia eta matxismoa du erroan. Berrian Iñigo Astizek egin zion elkarrizketan horri buruz hitz egiten du eta titularretik da lapidarioa: "Idazten utzi ez, eta gure literatura intimista dela esan dute gero".

Eremu hezitzailean lantzeko erronken artean irakasleon ongizate emozionala nabarmendu nahiko nuke, baina ahalik eta gehien ekarrita lurrera, egunerokora. Adibidez, irakurgaian proposatu diguten bibliografian Hikhasiko elkarrizketa bat dago eta horrela hasten da: “ZEINTZUK DIRA HEZITZAILEON BEHARRAK? POZIK AL GOAZ LANERA?”

Irakasleon ongizate emozionalaren hariari tiraka, aipatu nahiko nuke Marisa Barrena Larruzeak motibazioa aztertu zuela, irakasleon motibazioa alegia, eta Argian argitaratuako elkarrizketa interesgarri batean hau adierazi zuen: “Nik motibazioan sinesten dut. Igual erratuta egon naiteke, baina nik hor ikusten dut gakoa, eta lan egin dudan urteetan askotan aipatu didate ikasleen motibazioa, baina nik beti heldu nahi nion beste muturrari: irakasleok zer motibazio daukagu? Gu motibatuta ez bagaude, nola motibatuko dugu parekoa? Lau euskaltegitako ikasleekin bildu nintzen, eta ondorioztatu nuen irakasleen motibazioak eragin handi-handia duela, zalantza barik. Lan egin dudan urteetan ikusi ditut lankide batzuk oso motibatuta, eta beste batzuk, ordea, beste edozein lanetan ari balira bezala, bulegariak balira bezala. Nire ustez, ez da gauza bera”. Ados nago Marisarekin, ez da gauza bera.

Nire ustez, eremu hezitzailean landu beharreko beste ertzetako bat denboraren kudeaketa da. “Ordu asko eta denbora gutxi” deitzen zen 2010. urtean Emakundek martxoaren 8rako prestatu zuen kanpaina eta, hain zuzen ere, denboraren erabileraren inguruko hausnarketa bultzatu nahi zuen, irakurgaian jaso bezala. Hori irakurrita, burura etorri zait duela urte batzuk egin genuen dinamika bat. Aukera izan nuen hainbat emakumerekin tailer bat egiteko eta, aldi berean, gizonak beste gela batean ari ziren tailerra egiten. Ariketetako batean bina erloju borobil handi eman zizkiguten eta eskatu ziguten gure egunerokoa, alegia egun arrunt bateko 24 orduak, deskribatzeko. Zehazki, eskatu ziguten erlojuan tarteak marraztu eta orduak zertan pasatzen genituen adierazteko. Adibidez: 8:30-17:30 lana, 17:30-18:00 etxera buelta, 18:30-19:30 erosketak egin…Gure artean alde handiak zeuden eta horren inguruko hausnarketa egin genuen. Gero, gizonezko taldearekin bat egin eta beraien erlojuak eta hausnarketak ikustean aldea ez, sekulako arrakala zegoela ikusi genuen. Luze joko luke azalpenak, baina orokorrean esan daiteke gizonek lanean ez bazen “beraientzat” ziren ekintzetan pasatzen zutela denbora gehien eta emakumeek, aldiz, “besteentzat” ziren gauzetan.

Denboraren erabilerari buruz EUSTATeko datuak agertzen ziren irakurgaian, baina horrek EAEra mugatzen du gure begirada eta Nafarroako zein Ipar Euksal Herriko errealitatea kanpo uzten dugu. Hortaz, Euskal Herriko ikuspegia izateko, interesgarria iruditu zait Gaindegia behatokiko datuak ekartzea. Batetik, Gaindegiak “Egitura heteropatriarkala: lan formalaren eta informalaren gaineko dualtasuna” artikulua argitaratu zuen eta ondorio argia dakar: “Euskal Herrian egitura heteropatriarkalak sorrarazitako desorekak modu askotan neur daitezke. Lan esparru formalaren eta informalaren gaineko dualtasuna, aipaturiko genero desorekak sortzeaz gain, emakumeentzat pobrezia iturburua ere bada zahartzaroan: alarguntasun pentsioa jasotzen duten euskal herritarren %96,6a emakumeak dira eta alarguntasun pentsioen %82a ez da hilean mila eurora iristen. Etorkizunean familiako zaintza ardurak medio lan profesionala utzi behar izan duten emakumeek ere pairatuko dute pentsio apalegien arazoa, behar baino goizago kotizatzeari utzi izanaren eraginez.”

Bestetik, “Bizikidetza eredu berrien gorakadan familia-politikak egokitzeko premia” artikuluak tratu onak gizarte politiken bidez sustatzeko proposamena (eta, hein batean, ereduak Ipar Euskal Herrian edo Europa iparraldean) dakar: “Bizikidetza eredu berriak eta biztanleriaren zahartze maila handia komunitate zaurgarrien profilak eta beharrak eraldatzen ari dira Euskal Herrian, eta norabide horretan, familia-politiken berregokitzapena premien atzetik doa. Guraso bakarreko familien, bakardade egoeran diren adinekoen, adinekoen zaintzarako zailtasunak izan ditzaketen familien, edo etorkin berrien (etxeguneetan masifikatzeko joera nabarmen batekin) ahuldade eta beharrei so egitea datozen hamarkadetako erronka da euskal gizartearentzat. Berrikuntza teknologikoa eta soziala bidelagun, Europa iparraldean badago non begiratu”.

Ikasleekin lantzeko bideo proposamena Bob Marley abeslariaren "I wanna love you" abestiaren bertsioa egitea litzateke. Musika eta ingelesa oinarri hartu eta letrak dioena landu ondoren bideoa egiteari ekitea litzateke proposamena, labur-labur. Hementxe eredu posible bat:

Bukatzeko, joan den urteko argitalpenen artean Amaiaren "HARREMANAK ZAINDUZ, TRATU ONAK BETI" aukeratu dut jaso duen materiala asko gustatu zaidalako. Gainera, ekofeminismoa eta zaintzaren etika uztartzen dituen Alicia H.Puleoren hitzaldia oso interesgarria iruditu zait.

2023/01/28

Handira jokatu!


 


Denetik aurkitu dut asteko irakurketetan, gazitik eta gozotik. Oso interesgarriak iruditu zaizkit PISA frogen emaitzen analisitik egindako hainbat zehaztapen: pozik hartu dut zientzietan eta matematiketan genero arrakala gutxitzen doala jakiteak eta zer pentsatua eman dit berresteak batetik, neskek porrotari dioten beldurra eta bestetik, mutilek eskolan okerrago ibilita ere ausartago jokatzen dutela ondorengo ikasketak aukeratzean. Okerrena da batxilerreko gazteek ez direla diferentzia horren jakitun eta gustu kontua besterik ez dela defendatzen dutela (Emakunderen ikerketa, 2016).  Ustez libre egiten dituzten hautuek etorkizuneko lan eta bizi baldintzetan izango duen eraginetik hain dira urruti! 

Etsigarria da jakitea zein goiz otzantzen gaituzten, 4 urterekin genero estereotipoak barneratuta omen ditugu eta 6 urteren bueltan neska askok eta askok bere abildade eta ahalmenen gaineko duda egiten dute. Kantuz hausnartu dute guztiaren inguruan bertso saioan lau emakumek.




  

Gaitasun handiko nesken eta mutilen jarrerak ere zeharo desberdinak dira Pikara aldizkarian argitaratutako  “Quería saber más y resultaba odiosa” artikuluan esaten denez.  Mutilengan anbizioa ondo ikusia dagoen bitartean neskak ez dute lizentzia hori eta ez nabarmentzeko ahaleginak egingo dituzte besteok jarritako ikasle finaren etiketapean.


Eskerrak azterketa horietan guztietan baden argi-izpirik. Egoeraren analisian sakondu eta gero badakigu eskola dela, familiarekin batera, funtsezko eragilea. Horregatik orientazio akademiko-profesional ez-sexista ezartzeko autoritatea aitortu zaio eta tresna bat eskaini:  II. Hezkidetza Plana, Berdintasunaren eta Tratu Onaren Bidean.  Tratu onak dira:

·        Hezkuntza afektiboa lantzea eta orain arte oso onartuak izan ez diren neska kontu eta moduak balioan jartzea eta mutilek gonbidatu praktika ditzaten.

·         Etxeko lan eta zaintza eremuei denbora bat eskaintzea eskolan. 

·         Irakasle bakoitzaren egin beharra espektatiben teoriak gidatzea. Teoria horren arabera haurrek heziketan aurrera egiteko gakoa autoestimua da, eta espektatiben teoriak argi dio: irakasleak ikaslearenganako espektatiba onak baldin baditu, bete egingo dira, eta berdin espektatiba txarrekin.  “Coach” izan gabe aurkituko ditugu ikasle bakoitzean hainbat indargune, eskainiko dizkiogu gaizki egin eta zuzentzeko abaguneak eta lagunduko dugu bere burua ezagutu eta maita dezan.

Ez ditut neuk Marian Morenok baino hobeto zerrendatuko orientazio ez-sexistarako gakoak; samurrak izan gabe batzuk errazago eramango ditugu aurrera. Gure eskolan gaur egun erronka nagusiena mutila izateko modu hegemonikoa ezbaian jarri eta mutilen konplizitatea lortzea dela esango nuke.  Hezkidetza usaina duen edozein jardueraren aurrean badira hainbat mutil atezuan, deseroso sentitzen direnak. Ikastaroak aurrera darrai eta galderak ez du erantzun errazik, Eta mutilekin zer?  

 

Bitartean gero eta gehiago dira eskoletan zuzendaritza karguak hartzen dituzten emakumeak, indarrez beterik daude beraien ekintzak atzetik datozen neska ikasleengan duen eragina ezagututa. Bejondeiela! 

 Aske erabaki, aske bizitzeko postako izenburuak harrapatu nau, postak labur eta argi azaltzen ditu aste honetakoak.


2022/11/19

Legea eskuan, justizia buruan

Izugarria da hezkidetzaren defentsari zuzendutako lege-erreferentzien kopurua, legedi gaztea dudarik gabe beste esparru batzuetakoekin alderatuz gero. Lege horietako askotan egindako zuzenketek agerian uzten dute bidea egin egin dela baina urruti dugula helmuga. Justiziazko ispirituak zeharkatzen ditu guztiak, ezin bestela izan bizikidetza bermatzea helburu duten legezko testuetan.

Urte luzez entzun eta irakurri ditugu Hezkidetzari lotutako legeek jomuga duten helburuez. Horiek lortzeko moduetatik eta ekintzetatik irakurgaian berritzaile egin zaizkidanak erreskatatuko ditut.

 

Eskoletan epikoa, handia  izan da narratiben epizentroa. Nola eta nondik eraiki ditzakegu bestelako epikak? tankerako galderen inguruan hitz egiten digute Lokatza, pentsamendu feminista narrasean podcastean. Eskoletan epikoa ahaztu gabe jendartearen alde anonimoa, bizitza aurrera daramatenena gehitzeko gonbita luzatzen du Marian Moreno Llanezak bloke honen irakurgaiaren hasieran. Iritsi da, antza, kontakizun berriei, intimoagoei lekua egiteko ordua. Horren lekuko, aurretik laidoztatua izan zen, Annie Eurnaux-ek irabazitako azken Literatura Nobel saria. 

Legea ere bide beretik doa balioak eta emozioak lantzeko guztiok ezinbesteko dugun hezkuntza afektibo-sexualaren beharra azpimarratzen duenean. Mutilak beraien burua zaurgarri agertu eta sentimenduez umetan bezala hitz egitera ausartuko diren unearekin egiten dut amets.

Esperantzara kondenatuak gaudela eta, DBHko mutil gehienen arduren aurreko jarrera buruan, poza eragin dit norberaren eta hurkoaren zaintzari eskainitako atalak, Curriculumari dagokion 17. artikuluko c) atalean dionak:

“Beharrezko jakintzak gehitzea, etxeko lanak eta pertsona zaintza dela eta, neskek nahiz mutilek gaur egun dauzkaten eta etorkizunean izan ditzaketen beharrizanen eta erantzukizunen ardura har dezaten”

Curriculumarekin jarraituta emakumeek gizadiaren garapenari egindako ekarpenak txertatu behar dira jakintza arlo guztietan. Banakakoen ekarpenez gain egin diezaiogun justizia edozein mugimenduk baino iraultza gehiago ekarri duen feminismoari bere historia ezagutzera emanda!


Nagore Iturriotzek pedagogia bera ezbaian jarri eta transgresiorako gonbita egiten du https://www.pikaramagazine.com/2019/03/hezkidetzatik-pedagogia-feministarantz/ Pikaran idatzitako artikuluan.


Inor gutxik izango du, modu irekian behintzat, elkarbizitza helburu duen testuon edukiaren kontra azaltzeko ausardiarik.  Youtuber eta influencer batzuk baina sare sozialen bozgorailuaz baliatzen ari dira “genero desinformazioa” deritzona egiten eta zabaltzen, mito matxistak betikotzen. Politiko batzuek eta aipatutako pertsonaia ospetsu horiek esandako mantrak tokia hartzen ari dira hezkuntza esparruetan ere. 2021eko Gazteria eta Genero Barometroak dionaren arabera negazionismoa gero eta gehiago zabaltzen ari da nerabeen artean, indarkeria matxista gai ideologikoa dela esaten baitute horietako batzuk.

Gauzak horrela, ezin egokiagoa curriculum-aren atalean aipatutako esku-hartze hau: Informazio eta komunikazioa teknologien erabilera kritiko eta segurua lantzea.


Batzuen ohoreak eta izen onak, botereak azken finean, besteen sufrimenduak baino pisu handiagoa izateagatik ez-ikusiarena egietari uzteko garaia iritsi da, bestalde.Tratu onen aldeko apustuari lotuta eta pertsonala politikoa ere badela ideiarekin bat eginez ospatzen dut lege berriak edozein susmoren aurrean horren jakinarazpena egitera derrigortzeak. 


Bistan da balioen aldaketa sustatuko duen Curriculumaren aldaketa dela legeek agindutakotik errealitatera jauzi egiteko tresna.  

Oraintsu arte aldaketa aurrera eramango dugunon formakuntza Zuzendaritza taldeen borondatearen eta sentsibilitatearen araberako izan da. Ongi-etorriak legearen 32. artikuluak aipatzen dituen prestakuntza-planak!. 


Hezkuntza eredu eta proiektu berriak ez dute lur hartuko baliabiderik gabe. Ulertezina da alde horretatik Hezkidetza plana hainbat urtez izandako ikastetxeek hori galtzea, hezkidetza berez dabilen jostailua balitz!


Argigarri egin zait aurretik idatzitako Legea, gizarte aldaketarako tresna legeen elementuez gain horiek aurrera eramateko lidergoez eta baliabideez hitz egiten duelako eta, lurra hartuta, legeen eraginkortasuna ezagutzeko baliabideak eskaintzen dituelako. 


Lehen hezkuntzako neska-mutilen mintzo argiak mahai gainean uzten du egiteko dugunaren itzela!









2022/11/06

            

                               HEZKIDETZAREN NOSTALGIA

 

Artmajeur     África Gil NOSTALGIA (2020)

 

 

Oso zabalduta dago hezkidetza definizioa ematerakoan  berdintasuna eta feminismoaren  kontzeptuarekin  identifikatuta agertzea. Askotan, sinonimo hutsa bezala.

v    Hezkidetza= berdintasuna

v   Hezkidetza = feminismo

v   Hezkidetza= gizonezko eta emakumeen arteko desberdintasunak hausteko

v  Hezkidetzari buruz nire inguruan modu xumean galdetzerakoan, sarritan entzuten ditudan erantzunak honakoak izaten dira:

Pertsona guztiak berdinak garela eta hezkidetzak aukera berdinak izateko   kontzeptua dela baita, emakumeak eta gizonezkoak berdin tratatzeko eta gizartean aukera berdinak ditugula defendatzeko den “zerbait” dela.  

Gutxienetan, aniztasunaren ideia eta  elkarbizitzako errespeto eta enpatiaren jarrerarekin lotuta azaltzen da.

 

v  Hezkidetza................aniztasuna.................elkarbizitzarako errespetua

Hezkidetza gaia, soilik gizonezko eta emakumeen arteko dikotomian mugitzen dela ondorioztatzera eramaten nau. Honela gehiengoaren adierazpenetan, entzun dezaket, Hezkidetza gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak hausteko “ateratako” lanketa bat dela eta gure  gizartean, ideia, pentsaera eta jarreren eraldaketan asko lagundu duen kontzeptua dela ere.  Beste batzuen iritzietan , oraindik, badagoela zer egin esaten da baina  aurrerapauso nabarmenak eman direla gehitzen dute  batez ere atzera begiratuz.

 

Faltan botatzen dut bakoitzaren indibidualismoaren ikuspegitik ateratzea eta begirada zabaltzea ideia honi. Aniztasunak zerikusirik ba al du hezkidetzaren ulermenean? Aniztasunaren ikuspegia errealitatera kontutan eramaterakoan zer suposatzen du: errespetoa, enpatia, inguruarekiko dugun harremana? Pertsonok gure artean, dugun begirunea eta tratu ona lortzeko jarrerak?

BA DAGO ZER EGIN!!

·      Aurreko edizioetan argitaratutako sarrera hau hautatu dut:

https://hezkeh0506.blogspot.com/search?updated-max=2021-03-29T23:19:00%2B02:00&max-results=7&start=302&by-date=false

#ainhoa zumeta mendizabal

Bertan,  Alicia H.Puleori egindako elkarrizketa atxikituta dago.

Enborrean, Naturarekiko enpatia eta tratu onak ikuspuntu feministatik erakusten ditu eta oso interesantea deritzot honek duen lotura aniztasuna, errespetoa eta azken finean hezkidetzaren bidearekin.

 

              

 

 

Nire inguruan, hezkidetza lantzeko 5 arrazoi emateko:

1.   1. Hezkidetzak  pertsonen arteko errespetua eta tratu ona erakusten duelako.

2.   2. Pertsona bakoitzak   bere identitatea garatzeko genero-estereotipo

 s       sexisten  mugetatik at  ematen duen aukera  bultzatzen duelako.

3.   3. Aniztasunaren kultura zabaltzeko eta horretaz aberasteko.

4.   4. Gizartean pertsona guztiak baliozko hartzen  dituelako

5.   5. Gizartean, pertsona guztien partaidetza bultzatzen duelako.